107:Kataluniako Hezkuntza Itun Nazionala: eskola guztientzako onura

2006-05-01

Hezkuntzari garrantzia ematea ez da nahikoa; inbertitzea eskatzen du.

Katalunian hori egitera doaz: denen arteko
hezkuntza zerbitzua hobetzeko, denen artean eta denentzat, neurriak hartu, bitartekoak jarri eta egindakoa ebaluatzera doaz.

 
 

Hezkuntza eragileen eta administrazioaren artean sinatu berri dute Kataluniako Hezkuntza Itun Nazionala.

Helburu nagusia aurreikusi dituzten oinarrizko hiru beharrei erantzun egokia ematea da:
- Kohesio soziala eta aukera berdintasuna.
- Heziketa etikoa eta hiritarra.
- Kultura eta jakintza zientifikoa transmititzea, gaitasunak lantzea eta pertsona autonomoak izaten laguntzea, lanaren bidez, jendartean modu inklusiboan eskubide osoz parte hartuz.
Oinarri sendoak, ezta? Hori guztia adostuta, nola bidera daiteke hiru oinarriak gauzatzera iristeko?
Egin duten hausnarketetatik zera ondorioztatu dute:
- Orain arteko hezkuntza ahalegina ez dela nahikoa izan.
- Jendarte berriak beste behar batzuk dituela eta horiei erantzun egin behar zaiela.
- Etorkin berri ugariren eskolatzeak egokitzea eskatzen duela.
- Jendartearen eta hezkuntza sistemaren artean bipolarizazio arriskua dagoela.
Horri guztiari irteera bilatzeko, honako neurriak hartzea adostu dute:
- Bi sare egoteak (publikoa, pribatu-kontzertatua) sortzen dituen disfuntzioak gainditzea.
- Ikastetxe publikoetan antolaketa berriak sustatzea.
- Irakasleentzako estimulu berriak bilatzea.
- Familiekin elkarlana bideratzea.
- Udalekin elkarlana eta erantzukizun partekatua indartzea.
Eta hori guztia aurrera eramateko oinarrizko hiru neurri hartu dituzte:
- Hezkuntza aurrekontua dezente igotzen joatea, urtez urte.
- Generalitateak hezkuntza lege proiektua egitea.
- Administrazioaren eta eragile izenpetzaileen artean, horretarako guztirako jarraipen batzordea osatzea.
Itunarekin, gure ustez, hezkuntzaren kalitatea eta ekitatea bilatzen da guztientzat. Eta, zentzu horretan, hartu diren neurriak ongi bideratuta daude. Denen arteko hezkuntza zerbitzua hobetzea, neurriak hartzea, bitartekoak jartzea eta guztia ebaluatzea.
Neurri deigarrien artean, ikastetxe publikoetan seigarren ordu lektiboa gehitzea dago. Horren ezarpenak, Haur eta Lehen Hezkuntzarako 4.600 irakasle gehiago kontratatzea ekarriko du.
Beste neurri deigarri bat: datorren ikasturtean hasita, dirulaguntzak igotzen joatea 6 urteko epean ikastetxe kontzertatuek zerbitzua doan eskaintzeko asmoz.
Itunarekin, etorkinak eta behar bereziak dituzten ikasleak hobeto jaso eta jendarte inklusibo eta kohesionatuagoa egin nahi da .