Ikastolako oroitzapenak

2006-05-01
 
 

Nire bizitzako “lehenengo aldietan” pentsatzerakoan, askotan eskola garaiak etortzen zaizkit burura... Nire lehenengo eguna, nire lehenengo musua, gutxiegi atera nuen lehenengo aldia, nire lehenengo lagun mina, lehenengo hilekoa, lehenengo botazioak, lehenengo dantzaldia, lehenengo antzerki emanaldia, lehenengo iraultza...

Hain sustraituta dago eskola nire bizi-bihotzetan, non pentsatze hutsak barrea eta poza ekartzen dizkidan.
Hainbeste ikasten da eskoletan, bai liburuetatik..., eta are gehiago esango nuke nik, bizitakotik!
Liburuetan gauza eder asko ikasi genituen, eta zalantzarik gabe, esango nuke asko ikasten genuela irakaslea gustukoa genuenean. Hau marka, ezta?
Baina egia biribila da; irakasleak eskola onak eta atseginak ematen zituenean, eskolatik kanpo ere liburu eta apunte haiek errazago zabaltzen ziren… Zorionez, denok ez gara eta ez ginen berdinak, eta nik Literaturakoa edota Etikakoa nituen maite; eta beste hark, Fisikakoa edota Matematikakoa.
Baina ikastoletako irakaskuntza ez da liburuetara edota programen edukietara mugatzen, eta hor hasten dira osatzen nire oroitzapenak.
Izan ziren, nola ez, une latzak, norbaiten lagun onena izatetik taldeko ahate itsusi bihurtzen zinen aste gogorrak. Inork ere ulertzen ez zintuen eta norekin hitz egin ere ez zenekien garaiak. Gurasoei kontatzeko modukoak ere ez zirenak, eta irakasleak beste gauzez kezkatzen ziren uneak, edo hori zen gure ustea (usteak beti ustel, ez da hala?). Zorionez, nire kasuan, zenbait alditan mototsetik tiraka ibili baninduten ere eta lasterketa batzuk egin behar izan banituen ere, modaz pasa nintzen eta beste bati egokitu zitzaion. Hain arin pasatako hura (ez pentsa, ez, orduan hain laburra egin zitzaidanik...) ez dut ez hain arin ahaztuko.
Eta gaur egun, guraso moduan, adi nago, oso adi, nire maiteñoek jakin dezaten egun beltz horiek niretzat goi mailako interesa dutela, eta irakasleak ere horretaz kezkatzen direla. Eta ez dezaten ahantz lagunen jarrera aldakor horiek txotxolokeria garrantzitsuak baino ez direla eta beste lagun batzuk hortxe daudela zain, ezker-eskuin.
Baina, bizitza bera gutxienez erdi beteta dagoela ikusten duten horietakoa naizenez, ez dut ikastolako oroitzapena memento blues batekin lotu nahi, eta horra ikastolarekiko nire eskerrik beroena: orain 20 urte pasa, antzerkia ikasteko aukera eman zidan.
Horri esker, nire buruari “nik handitan aktorea izan nahi dut” esan ahal izan nion, eta buru-belarri bete ahal izan dut desio hori. Horrela, eskola haiek gauzatu zuten nire ofizioa eta bizimodua. •