Ez da aski euskaraz irakastea, euskaraz aritzeko bideak jarri behar dira

2006-05-01
 
 

Erabilera ez dabil ezagutzaren parean. Horrela bada, eskolaren lehen egitekoa euskararen ezagutza osoa bermatzea bada, bigarrena euskarazko harreman sareak sortzea izan behar du. Horretarako, eskola bakoitza mikroespaziotzat jo eta gizartean orokorrean hizkuntzaren erabilera baldintzatzen duten faktoreak (sozioestrukturala, psikolinguistikoa, hizkuntzarekiko jarrera eta motibazioa) aintzat hartu behar dira. Horrela baino ez dugu lortuko eskola ikasleen komunikazio behar guztiak aseko dituen gune izatea. Bere esparruan euskaldunen dentsitatea areagotzea izan behar du beraz, eskola ororen helburua.

Horretarako, norbanakoaren (hezkuntza komunitateko kide bakoitzaren) jarrera, interesa eta gaitasuna garatuz iritsi behar dugu harremanetako hizkuntza euskara izatera. Eta eragin beharreko guneak izango ditugu gela barruko espazioa ez ezik, atsedenaldiak eta eskolaz kanpoko jardunak ere, azken bi horietan gauzatzen baitira gazteen arteko harreman libreak.
Azterketa soziolinguistikoek diotenez, kideen artean harreman hizkuntza automatikoki hautatzen bada, garbi dago esparru honi eskaini behar zaion arreta zenbaterainokoa izan behar duen. Ohitura aldatzea da kontua edo ohitura sortzea. Gure lan estrategiak helburu horren zerbitzura jarri behar ditugu hezkuntza sistemaren lehen urteetatik. HH-LHtik euskara ikasteko ez ezik lagunekin jolasteko balio duen hizkuntza izan behar du, denbora pasakoa, kiroletakoa...
Hezkutza sisteman aurrera goazen heinean, zailtasun edo eragozpen handi bat badugu: adina. Gazteekin lan egiten dugunok (DBH-DBHO) badakigu hori.
Horregatik saiatu behar dugu bereziki. Ahalbidetu behar dugu gazteok bizitza esperientzia zirraragarrienak eta gogozkoenak euskaraz izan ditzaten. Bistan da, eskolako lagun taldean euskararen hautu automatikoa egiteko ohitura sortu egin behar dugula. Eta nola ez, arrakastaren eta modernitatearen balioak erantsi behar dizkiogula euskarari.
Egiteko funtsezko horretan lagungarri izango zaizkio eskolari tokian tokiko Biziberritze Planak eta horien babesean garatutako bideak.

ZER EGIN

Nola jorratu harreman sareak eta nola sortu ohiturak

- Egiteko pedagogikoaren baitan kokatu behar ditu eskolak honako esparruak: errekreo garaiak, eskola orduz kanpoko kirol eta kultur jarduerak, bazkal garaiak, garraio zerbitzuak, haurtzaindegi eta zaintza zerbitzuak, udaleku irekiak, aisialdi taldeak...
- Jarduera horietako begirale eta arduradunen hizkuntz gaitasun egokia eta erabilera bermatu behar ditu.
- Ahalik eta eskaintza zabalena bideratu behar du familien beharrei eta ikasleen gustuei erreparatuta.
- Edozein delarik ere ekintza, hizkuntz helburu zehatzak erantsi behar dizkio. Eta helburu horren zerbitzura estrategia jakinak jarriko ditu abian: paisaia euskalduntzea, euskal musika entzutea, euskal irratia entzutea, kirol hiztegi teknikoa euskaraz erabiltzea, hiketa erabiltzea, halako esamolde zabaltzea, halako akats bideratzea... edo harremana euskara hutsean izatea.
- Hiztun neurketak burutuko ditu (urria-maiatza) eta hiruhilekoaren amaieran balorazioak egingo.