Kronika

2006-05-01
 
 

Europako Ikasleen Foroaren azken elkarreratzea Bakaikun egin zen.

Europako hainbat herrialdetatik etorritako ikasleak eta hemengoak bildu ziren Bolognako Adierazpenari ezezkoa emateko. Bakoitzak bere errealitatea bizi arren, denek dituzte aipatu adierazpenari ezezkoa emateko arrazoiak: pribatizazioa, homogeneizazioa, ikasleek erabakitzeko eskubiderik eza, merkatu kutsua, enpresen nagusitasuna, prezio altuak, demokraziarik eza... Horregatik elkartu dira, denen artean beste hezkuntza eredu bat proposatzeko eta aldarrikatzeko: herritarren eskura, herritarren zerbitzura eta herritarren eskuetan dagoen hezkuntza.

Euskal curriculumaren ikuspegia eta prozesua errespetatzeko eta laguntzeko eskatu dute

EAEko eskola publikoetako hainbat zuzendari, guraso, irakasle eta ikaslek Hezkuntza Sailaren eta EHIGE, Sarean eta BiHeren jarrera salatu dute euskal curriculuma eztabaidatzeko jarri dituzten oztopoak direla-eta. Aipatu eragileen presioaren ondorioz, Hezkuntza Sailak aurreko hiruhilekoan prozesua izoztu zuela adierazi dute, eta berriki beste bi erabaki hartu dituela: batetik bere berezko tresnen bidez (bereziki Berritzeguneak) eskolaz eskolako eztabaida bultzatzeari uko egin diola eta batzorde tekniko batzuetara murriztu duela ekarpenak egitea; eta bestetik euskal curriculumaz hitz egin beharrean EAEko curriculumari buruz ari dela. Horrez gain, eskola publikoetara bidali duen eskutitza negargarria dela eman dute aditzera: “Gaia orri bakar batean jorratzen du eta ez du prozesuan orain arte egin diren urratsen berri ematen, ez eta urrats honetarako aurreikusita zegoen plangintzan ere. Ez du eremu publikoan lanean ari den Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen aipamenik egiten. EHIGE, Sarean eta BiHerekin adostutako proposamena soilik hartzen du aintzat, eremu publiko osoaren ordezkari bailiran. Eta materiala web gune batean zintzilik dagoela esatera mugatzen da”.
Eskola publikoetako partaide hauek ezinbestekotzat jotzen dute euskal curriculuma sortzea eta aplikatzea Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua eraikitzeko. Eta lan horretan eremu publikoak funtsezko zeresana izan behar duela azpimarratzen dute.
Hezkuntza Sailari bere jarrera norabide egokian jar dezan eskatzen diote, hau da, herri ikuspegiaz eta euskal curriculumaren egitasmoaren oinarriak zainduz. EHIGE, Sarean eta BiHeri eskola publiko osoaren ordezkari gisa ez agertzeko eskatzen diete, eta euskal curriculuma eztabaida korporatiboetatik nahiz partidistetatik salbu uzteko.
Azkenik, eskola publikoei euskal curriculumaren inguruko eztabaidan murgil daitezen eskatzen diete.

D ereduak gora egin du Nafarroan

Datorren ikasturterako aurrematrikulazio epea bukatu da Haur eta Lehen Hezkuntzan Nafarroan eta D ereduak gora egin duela eman du aditzera Sortzen-Ikasbatuazek. 3 urteko haurren datuak eman ditu: G ereduan 933 (iaz, 909), A ereduan 1.013 (933), I ereduan 110 (86) eta D ereduan 1.234 (1.224).

Edonola ere, Kalen Astiz Sortzen-Ikasbatuazeko kidearen ustez, kopuru horiek handiagoak izango lirateke Nafarroako Gobernuaren jarrera bestelakoa balitz. “Beste behin ere, D ereduan izena eman nahi zutenei bidea oztopatzen aritu baita Nafarroako Gobernua”. Ikastetxe batzuetan irregulartasun administratiboak gertatu direla salatu Sortzen-Ikasbatuazek. Ondorioz, Iruñeko zenbait auzotan gurasoek ezin izan dute D eredua hautatu. Kasurik adierazgarriena Arrotxapeako Cardenal Ilundarin ikastetxearena da. “Nafarroako ikastetxe guztietara aurrematrikulazio inprimaki berbera bidali zuten bitartean, ikastetxe horretara inprimaki berezia igorri zuten. Inprimaki horretan ezin zen D eredua hautatu, ordenagailuak ez zuen onartzen aukera hori”. Legez kanpo dagoen I ereduaren kasuan, berriz, beste jarrera bat du Gobernuak. Gaztelania eta ingelesa dituen eredu hori bultzatzen du. “Edozen motuan, I eredua ere ezin zen aukeratu inprimaki horretan, baina G ereduaren bitartez bideratu dituzte aukera hori egin dutenak”.
Horrelako trikimailuez baliatuz, gurasoak desanimatzea eta D ereduan matrikulatzeko dauden arazoen aurrean beste aukera bat egitea nahi du Gobernuak. Hori da bere estrategia eta horretara bideratzen ditu bere ahaleginak.
Ildo horretan, beste oztopo bat ere jartzen du: leku falta. Patxi Larrainzar ikastetxean prefabrikatutako eraikinean daude, eta datorren urtarrilera arte horrela jarraitu beharko dute, egoitza berria ordura arte ez dela bukatuko aurreikusten baita. Ikastetxe horretan bi urteotan lau gela betetzeko adina haurrek eman dute izena D ereduan. Burlatan, Atarrabian eta Huarten ere eskaera igo egin da aurrematrikulazioan eta ikusi egin beharko da nola bideratzen den leku faltaren arazoa.

Apirilaren hasieran greba egin zuten Nafarroako Bigarren Hezkuntzako irakasleek lan baldintza hobeak eskatzeko.

Eskaera nagusiak hauek izan ziren: Bigarren Hezkuntzako lanpostuak lizentziatuentzat izatea, soldatari dagokion osagarri berezia DBHko irakasle guztiek jasotzea eta lan baldintzak negoziaziorik gabe ez aldatzea. Horrekin batera, beste zenbait aldarrikapen ere egin zituzten: antzinatasuna, familia laguntza, bost hilabete eta erdi baino gehiagoko kontratuetan udako oporrak kobratzea eta plaza erdia hartzera ez derrigortzea.

LOGSE indarrean jarri ondoren, maisu-maistren eta lizentziatuen arteko lan eremuaren banaketa arautu zen. Bigarren Hezkuntzako irakasle horien iritziz, lan hobekuntzak jaso dituzten bakarrak maisu-maistrak izan dira, eta horregatik, sindikatuei berdintasunez jokatzeko eskatzen diete.