Kanpoko indarkeria irakasleengan
Azkenaldian gero eta sarriago entzuten dira irakasle erasotuen kasuak, hau da, ikasleen edo gurasoen erasoak jasaten dituztenenak. Ez da kontu berria, lehen ere gertatzen ziren horrelakoak, baina areagotu egin dira eta ezagutzera ematen hasi ere bai.
Kanpoko indarkeria deitzen zaio horri. Irakasle asko beldurtuta daude eta babesik gabe sentitzen dira. Soluzio errazik ez badago ere, esku hartu daiteke: prebentzioa, babesa eta arreta dira, besteak beste, eskura dauden erremintak.IRAKASLEAK BABESIK GABE SENTITZEN DIRA
DBH 4. mailako gela batean andereñoak MP3a kendu zion ikasleari, arauak hala zioelako. Ikasleak, haserretu eta irakaslea jo zuen. Beste ikastetxe batean irakasleak gelatik kanpora bidali zuen ikaslea, eta irten baino lehen irakaslea hormaren kontra bultza zuen. Beste batean irakasleak besotik helduta sarrarazi zuen ikaslea jolastokitik eskola barrura, eta aita etorri eta irakaslea jo zuen. Irakasle batek baino gehiagok topatu ditu autoko gurpilak zulatuta. Eta zentroko hormetan irakasleen aurkako pintadak agertu zirenekoa ezin ahazturik dabiltza oraindik batzuk.
Uste baino ugariagoak dira horrelako kasuak. Asko eta asko isilpean pasa dira, baina azkenaldian komunikabideetan oihartzuna izan dute beste zenbaitek. Irainetatik eraso fisikoetara iritsi gara, eta horrek egoera larriagotu egin du. Ikaslearen aitak jo zuen irakasle hark argi zuen ez zela isilik geldituko. Aurrera egitea erabaki zuen: salaketa jarri, epaiketara joan... Hori bai, aitortzen du erabat bakarrik eta babesik gabe sentitu zela prozesu osoan eta emaitza ez dela inoren gustukoa izan. Lankideen babesa jaso zuen, baina administrazioaren aldetik ez zuen ezer jaso komunikabideetan agertu zen arte. Horregatik ulertzen du isilik gelditzen direnen erabakia. Bakardadea sentitzen duten askok isiltzea eta, ahal badute, ahaztea hautatzen dute. Isilik gelditzeko beste arrazoi bat norberaren prestigioa da. “Irakasle txartxat hartuko naute”, “lankideek gaizki begiratuko didate”, “20 urte daramatzat irakaskuntzan eta inoiz ez zitzaidan horrelakorik gertatu; beti besteei gertatzen zitzaiela pentsatzen nuen eta orain niri gertatu zait”... Erasoak jasaten dituzten irakasleek lekukoak bilatu behar izaten dituzte, eta noski, ez da erraza. Gelako gazteak ez dira lekuko gisa aterako. Zailtasun horien aurrean, isiltasuna da nagusi.Gurasoen jokaerak badu eragina
Bitartean, elkarbizitzak okerrera egiten du. Irakasleen autoritatea gutxitu egiten da, eta horretan gurasoen jarrerak eragin handia du. Seme-alabak hainbeste maite dira, non gauza guztien gainetik defendatzen diren; gehiegi. Ez zaie inolako mugarik jartzen, erabat babestuak eta indartsu sentitzen dira, eta nahi dutena nahi dutenean lortzen ohituta daude. Edozer gauza egin dezakete, badakitelako gurasoek babestu egingo dituztela. Gero eta gehiago entzuten dira horrelakoak: “neronek esan diot alabari egin nahi ez badu ez egiteko”, “irakasleak zerbait esaten badizu, deitu mugikorretik berehala eta ni joango naiz hitz egitera”, “eskua gainean jartzen badizu, salatu egingo dugu”. Bide horretatik ez goaz inora. Haurrak eta gazteak elkarrekin hezitzen ari garen helduak gara denok, baina badirudi aurkariak garela. Kanpoko indarkeriaren arazoa ez da irakasle eta hezitzaileena soilik; guztion arteko harremanak gaiztotzen dituen heinean, denoi dagokigu. Oro har, gizarte osoan landu behar dira prebentzioa, babesa eta arreta neurriak, eta are gehiago heziketa guneetan. Zeren... zer ikusi, hura ikasi.DEFINIZIOAK
Laneko indarkeriaren barruan jatorri desberdineko hiru kasu hartzen dira aintzat: jazarpen morala, jazarpen sexuala eta kanpo erasoak edo indarkeria. Hirugarren horren definizioak dira honako hauek.
Bi pertsona edo gehiagoren arteko ekintza edo portaera negatiboa, zeinean batzuetan errepikatua eta besteetan noizbehinkakoa den agresibitatea agertzen den, eta horrek eragin negatiboak ditu lanlekuan langileen segurtasunerako, osasunerako eta ongizaterako.
Europako Batasuna, 1997. La violence sur le lieu du travail, BTS Newsletter 2002, 19-20.Lantokiko lankide batek edo kanpoko batek, erabiltzaileak eta bezeroak barne, langile baten aurka egindako irainak, mehatxuak edo eraso fisiko eta psikologikoak, zeinak arriskuan jartzen duten biktimaren ongizatea, osasuna edo segurtasuna.
LANE Lanaren Nazioarteko Erakundea (2002) eta Segurtasunaren eta Osasunaren Europako Agentzia (2002). Violence at work. European Agency for Safety and Health at Work. Facts 2002; 24.Laneko indarkeriaz hitz egin daiteke pertsona bati tratu txarra ematen bazaio lanlekuan, edo mehatxatua, beldurtua edo erasotua baldin bada. Besteak beste, honako kasu hauek hartzen dira laneko indarkeriatzat:
- Errespeturik gabeko tratua. - Ahozko gehiegikeriak: irainak, hitz itsusiak… - Ahozko nahiz idatzizko mehatxuak: kalte egiteko intentzioarekin egindako adierazpenak. - Mehatxuzko portaerak: keinuak, objektuak puskatzea, objektuak jaurtitzea… - Eraso fisikoak: kolpeak, bultzadak, ostikoak…Irakasleek jasaten dituzten erasoak irakaskuntza etaparen arabera
Diziplina arazoak, gustu txarreko bromak eta ikasleen arteko borrokak Lanbide Heziketakoak % 90 Soin Heziketakoak % 49,5 DBHko irakasleak % 33,5Ahozko erasoak
Irakasle guztiak % 42 Haur Hezkuntzakoak % 28,8 Lehen Hezkuntzakoak % 26,9 Heziketa Bereziko katedradunak, irakasleak eta maisu-maistrak% 17 Orientatzaileak % 9,5Eraso fisikoak
Irakasle guztiak % 6 Heziketa Bereziko irakasleak % 21,4 Bigarren Hezkuntzako Lanbide tailerretako irakasleak % 33,3ARAZOAREN GARRANTZIA
Kanpoko indarkeriak Europako biztanleen % 4ari eragiten dio. Zenbaiten arabera, kopuru hori igoz doa, baina ez dago hori egiaztatzeko kalitate nahikorik duen ikerketarik. Hezkuntza arloan ere gauza bera gertatzen da. Inkesta gehienak eraso fisikoei buruzkoak dira, eta horiek baino ohikoagoak izan ohi dira beste eraso mota batzuk irakaskuntzan. Suedian soilik egin dira kanpo indarkeriaren prebentzio programak azken hamarkadan. Edonola ere, irakasleak arrisku gehien dutenen artean sartuak ditu Segurtasun eta Osasunerako Agentzia Europarrak.
Datu askorik ez dago, baina han-hemenka egin diren galdeketa batzuk badaude, eta pista batzuk ematen dituzte. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Prebentzio Zerbitzuak arrisku psikosozialen ebaluazioari buruzko txosten bat egin zuen 2000. urtean. Irakaskuntza ez unibertsitario publikoko 1.845 irakasle eta orientatzaileri egin zitzaizkien galderak, eta ondorioetako batzuk hauek dira: diziplina arazoak, gustu txarreko bromak eta ikasleen arteko borrokak inoiz ez ditu jasan % 13,5ek; batzuetan bai % 57,6k eta normalean bai % 28,4k. Irakasleen % 19,1ek euren jabetzan kalteak jasan dituzte. Ikasleen familien aldetik gehiegizko eskaerak, gatazkak eta erasoak sufritu izan ditu noiz edo noiz % 27,2k.RAKASLEEN KEZKAK
Taula honetan irakasleek eurek aukeratutako lan arriskuen faktoreei ematen dieten puntuaketa ikusten da. Horrek erakusten du non dauden kezkak.
Lehen Hezkuntzako irakasleen kezkak
- Ezintasunak edo erritmo oso desberdinak dituzten ikasleak artatzeko konplexutasuna. 37,44 - Familiari edo gizarteko beste arloei dagozkien arazoak eta gatazkak eskolan konpontzeko eskaera. 26 - Gehiegizko ordutegia eta denbora falta ikasleak, familia, zeregin administratiboak eta abar artatzeko. 22,08 - Diziplina arazoak. 8,96 - Errekonozimendu sozial falta. 8,28 - Ahotsaren gehiegizko erabilera. 5,04 - Lankidetzarik eza. 3,84 - Hezkuntza Departamentuaren aldetik burokrazia lan gehiegiren eskaera. 3,20 - Laneko postura desegokiak. 3,36 - Irakasleen lanarekiko mesfidantza mundu guztiaren aldetik. 1,92Bigarren Hezkuntzako irakasleen kezkak
- Ikasleen motibazio falta. 36,83 - Lankidetzarik eza. 14,50 - Diziplina arazoak. 11,27 - Lanaren emaitzen ziurtasunik eza. 9,72 - Lanaren errendimendua baloratzeko zailtasuna. 11,66 - Ezintasunak edo erritmo oso desberdinak dituzten ikasleak artatzeko konplexutasuna. 7,38 - Familiari edo gizarteko beste arloei dagozkien arazoak eta gatazkak eskolan konpontzeko eskaera. 5 - Egonkortasunik eza gelak ixtearen ondorioz edota ikastetxez aldatu beharra. 3,61 - Gelan ikasle gehiegi izatea. 2,50 - Profesionalki promozionatzeko zailtasunak. 2ERASOEN ONDORIOA
Laneko erasoek bizitza pertsonaleko hainbat alderditan dute eragina: osasunean, lanean, familiako bizitzan eta bizitza sozialean. Eta horri, biktimaren inguruan sortzen den uneko efektua gehitu behar zaio.Buru osasunaren kasuan, hainbat ondorio sor daitezke:
- Beldurra, lotsa. - Autoestimu baxua, inguru profesionala ez ikustea. - Estresa, antsietate egoerak, suminkortasuna, kezka, loezina. - Fobia eta beldur krisien garapenaren ondorioz sortutako depresioa eta estresa.Eraso fisikoen ondorioak oso ongi deskribatu eta zehaztu dira AEBko eskuliburuetan. Harramazka, kolpe, atximurkada, bultzada, objektuen eta armen erabilera eta abarren ondorioz sortutako lesio askotarikoak deskribatzen dituzte. Ondorioak mailakatu egiten dira atzamarkada edo ubelduretatik hasi eta heriotzara arte.
Zeharkako ondorioak: laneko bajak, medikuaren eta laguntza psikologikoaren kostua, ordezkoaren kostua, betiko-betiko lanerako ezintasuna… Gaur egun neurtu gabe dauden kostuak dira eta ikastetxeetako arduradunen utzikeriaren eskuetan gelditzen dira.
ZER EGIN DAITEKE LANEAN KANPOKO INDARKERIA ARRISKUEN AURREAN?
1. Prebentzioa
Badago arriskuak gestionatzeko eredu bat eta lan osasuneko arazo honetan erabilgarria da. Lan Arriskuen Prebentzioaren 31/1995 legearen 15. artikuluan eta Prebentziorako Zerbitzuen Araudian jasota dago. Jarraitu beharreko urratsak hauek dira: 1.- Arriskuak identifikatu: horretarako langileei galdetu behar zaie. Aurretik eginda dauden arriskuen zerrenda batzuk ematen zaizkie, arrisku horiek badituzten edo ez idatz dezaten. Adibidez, irainduak, mehatxatuak edo erasotuak al diren galdetzen zaie. 2.- Arriskua ezabatu: enpresaren eta langileen ordezkariek negoziatuko dute nola egin. 3.- Arriskua ebaluatu: arriskua ezin bada ebaluatu edo bi aldeen artean desberdintasunak baldin badaude arriskua dagoen edo ez definitzerakoan, edo arriskuaren jatorria ez bada ezagutzen, beharrezkoa da arriskua ebaluatzea. Arriskuak ebaluatzerakoan, beronen hedapena, intentsitatea eta arrazoiak aztertzen dira. Egoera onargarria den edo ez zehazten duen muga bat jarrita dago. 4.- Lehentasunak ezarri: ebaluatutako arrisku guztien artean, langile gehienei eragiten dietenak edo ondorio larrienak dituztenak zuzenduko dira lehendabizi. Zeregin horretan sindikatuek esku hartzen dute, enpresak normalean nahiago izaten baitu altzarietan edo eraikinetan aldaketak egitea, gestioa demokratizatzeko edo ekitatea lortzeko aldaketak egitea baino. Sarritan alderdi psikosozialak ez dira aintzat hartzen, eta horregatik, sindikatuek kontuz ibili behar dute. Kriterio enpresarial edo teknikoen aurretik, prebentzioaren planifikazioari eman behar diote lehentasuna. 5.- Prebentzio programa: arriskuaren jatorria edo arrazoiak kontuan hartuta egin behar da programa, arriskuak ez baitira berdinak denentzat. Horregatik, garrantzitsua da irakasleei beraie galdetzea euren ustez zein diren benetako kausak. 6.- Ekintzak: ekintza kolektiboei lehentasuna emango zaie indibidualen aurrean. Neurri guztiek programatuta egon behar dute; hau da, helburuak zehaztu behar dira, erantzunkizunak erabaki, epeak ezarri eta behar diren bitarteko material eta finantzieroak jarri. Prebentzio planean, zuzentzeko ekintzez gain, beti ezarri behar dira formazio ekintzak, osasuna zaintzekoak eta larrialditakoak. 7.- Eraginkortasuna neurtu: helburuak lortu diren edo ez ikusi beharko da. Garrantzi handiena duen faseetako bat da eta gutxiena aplikatzen dena. 2. Babesa Eraso baten ondoren ondorioak gutxitzeko hartzen diren neurriak eraso fisikoekin lotuta egoten dira, eta normalean oso gutxitan aplikatzen dira irakaskuntzan. Egokiena lantokiko lekuek duten arriskua ebaluatzea da. Zoritxarrez, ordea, hasieran arriskuen ebaluazioa egiten denean, ez da aintzat hartzen eraso fisikoen aurreko babesa. Babesaren ikuspegitik, neurri teknikoak eta antolaketakoak har daitezke, besteak beste: ikastetxeko sarrerek ikuspen ona edukitzea eta ongi argiztatuta egotea, altzariak egoki jarrita egotea alde egiteko beharra sortzen bada, alerta mekanismoak edukitzea, noizean behin erabiltzeko armak edukitzea, bideo-zaintza, erasotzeko erabil daitezkeen materialak kentzea, larrialdi irteerak...3. Arreta
1.- Erasoak ikertu eta erregistratu: horrek ondorioen jatorria, hedadura eta larritasuna ezagutzen lagunduko liguke. Beraz, indarkeria ekintzak definitu behar dira, informazio hau jarriz: biktima eta erasotzailea, mota guztietako ondorioak, gertaerak, ordua, lekua eta kausa posibleak. Datu horiek denak erregistratu ondoren kaltetuak erregistro horren arduradunekin jarri beharko luke harremanetan. Erregistro hori Segurtasun eta Osasun Komiteak aztertu beharko luke tarteka, erasoaren arriskua zuzentzeko xedez. 2.- Biktima eta haren inguruneari kasu egin: gertaeren ondorengo orduetan ez da bakarrik utzi behar erasotua. Nagusiek babesa eskaini behar diote. Batetik, osasun arreta eskaini behar zaio, bai medikuarena eta bai psikologikoa. Eta ez berari bakarrik, baita erasoa ikusi dutenei edota antzeko arriskuan daudenei ere. Zenbaitek adituek zuzendutako saio kolektiboak egitea aholkatzen dute, erasoa, kausak eta hartutako neurriak aztertzeko. Langileen prebentziorako ordezkariei abisatu behar zaie, prebentzio plana berrikus dezaten. Izan ere, eraso bat gertatu bada, plan horrek badu akatsen bat. Azkenik, lege aldetik, araudia aldatzea lortu behar da. Izan ere, egun biktimak joan behar du salaketa jartzera. Hobe litzateke enpresak edo bere ordezkariek egitea salaketa hori. Bien bitartean, enpresako zerbitzu juridikoek biktimaren zerbitzura jarri behar dute.Zenbait aholku indarkeria eraso baterako
- Moztu elkarrizketa errespetuz baina tinko.
- Esaiozu solaskideari:
- Ez zaizula elkarrizketaren tonua gustatzen. - Ez duzula onartzen tratu iraingarririk. - Egoki ikusten baduzu, eman amaitutzat elkarrizketa.- Esan solaskideari alde egiteko edo jarrera aldatzen ez badu bilera lekutik alde egingo duzula.
- Alde egiten baduzu, ez itzuli. - Jakinarazi lagunei zer gertatu den, erasotzailearengana hurbil ez daitezen. - Jarri alerta egoeran. - Erasoak erregistratzeko arduradunarekin harremanetan jarri.915 220 827 LAGUNTZA TELEFONOA
Euskal Herrian ez baina estatu espainiarrean zerbitzu berri bat jarri dute, eta badirudi, oraingoz, aitzindari dela. ANPE sindikatuak telefono zerbitzu bat jarri zuen martxan iazko azaroaren 30ean: 915 220 827. Arazoak dituzten irakasleek bertara dei dezakete, eta psikologoen laguntza, aholkularitza nahiz informazioa jaso dezakete. Inmaculada Suárez psikologoa da zerbitzuaren koordinatzailea.
Zer eskaintzen die telefonoak deitzen dutenei?
Lehendabizi, datuak hartzen ditugu, beti konfidentzialtasuna bermatuz. Halere, datuak eman nahi ez dituzten irakasleak egoten dira, euren eta ikastetxearen izena eman nahi ez dutenak, eta errespetatu egiten dugu. Entzun egiten diegu eta orientazioa eman. Batzuetan nahiko larrituta deitzen dute eta lasaitzen saiatzen gara. Ondoren, kasuaren arabera, hainbat ekimen jartzen ditugu martxan: aholkularitza juridikora bideratzen dugu, beharrezkoa bada administraziora joaten gara, edota ikastetxera joan eta beraiekin edo zuzendaritzakoekin hitz egiten dugu… Ondoren, jasotako datu guztiak administrazioan aurkezten ditugu, behingoz jabe daitezen irakasleek eta hezkuntza komunitate osoak zer-nolako errealitatea bizitzen duten.Orain arte, zein izan da administrazioaren erantzuna?
Orokorrean proposamen batzuk luzatu dizkiogu, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Ikertu eta ikusiko dituztela… Ikuskariekin hitz egiten dugu. Parte hartu behar izan duten kasuetan, irakasleen alde jokatu dute eta inplikatu egin dira. Uste dut telefono hau sortuz geroztik eta prentsan izan duen oihartzunagatik, hasi dela esku hartzen.Arlo juridikoan, zer aukera daude?
Erasoak gertatzen direnean, irakasleak zein pauso jarraitu behar dituen azaltzen du aholkularitzak. Bere aurkako salaketa bat egon bada, aurre egin diezaioke, edo erasoen aurrean salaketak jarri.Jarraipenik egiten al duzue?
Bai, egiten dugu. Batzuetan administrazioak irakaslea defendatzeko abokatuak bidali behar izaten ditu. Horiez aparte, guk geuk ere gure abokatuak ditugu eta present egoten dira. Eraso eta mehatxu kasu batzuetan jarraipena egiten dugu. Batzuk 5-6 aldiz jarri dira gurekin harremetan. Sarritan pauta batzuk ematen dizkiegu eta berriz deitzen digute zer ondorio lortu dituzten jakiteko edo zerbait gehiago nahi dutelako.Dei asko jasotzen al dituzue?
Bai, asko dira. Kontuan hartuta azaroaren 30ean hasi ginela eta abenduan Gabonetako oporrak egon zirela, 460 dei jaso ditugu orain arte. Etengabe jasotzen ditugu deiak, batez beste egunean 10. Gutxiago izatea nahiko genuke.Nola baloratzen duzue telefonoa jarri izana?
Askotan irakasleek ez dakite nora joan. Administrazioak ez die erantzuten; gurasoekin arazoak ez edukitzeagatik beste aldera begiratzen du. Orduan, beharrezkoa izango litzateke irakasleek erreferentzia bat edukitzea, nora jo edukitzea.Gurasoekin zerbait egin beharko litzateke, ezta?
Bai. Gurasoak kontzientziatu behar dira, ez eskolako elkarbizitza hobetzeko soilik, baita familiaren eta gizarte osoaren hobe beharrez ere. Gurasoak, eskolak eta administrazioak elkarrekin eseri eta adostasunera iritsi behar dute arazoari irtenbidea bilatzeko.IRAKASLEAK JASATEN DITUZTEN KANPOKO ERASOAK, JADANIK SALATUTAKO ARAZOA. MORENO, iñaki LABeko prebentzio ordezkaria eta Nafarroako gobernuko prebentziorako batzorde koordinatzaileko kidea.
Aita baten masailekoa jasotako irakasle bat, ikasle batek erasotutako andereño bat, iraindutako atezain bat, eta UPNko Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bere eskuetan dagoen guztia egiten ari dela dio gatazka horiek konpontzeko. Gainera, arazoari ez diola erantzuten esaten dutenei gezurtiak deitzeko gai da.
LABk 2005eko ekainaren 28an Irakasle Ez Unibertsitarioen Segurtasun eta Osasun Batzordean kanpoko indarkerien arazoari formalki arreta jartzeko eskatu zuen. Ez zen ezer egin apirilaren 4ra arte. Egun horretan, sindikatu guztiek Segurtasunerako eta Osasunerako Batzorde Berezi bat osatzeko eskatu zuten. Administrazioak maiatzean Prebentzio Zerbitzuak urgentziazko ebaluazio bat egiteko konpromisoa hartu zuen, ikastetxeetan kanpoko indarkeriaren arriskua nolakoa eta zenbatekoa den ikusteko. Gainean egongo gara konpromisoa bete dezan. Ebaluazioaren helburua zera da: kanpoko indarkeriaren hedapena, jatorria eta arrisku faktoreak zein diren jakitea. Badirudi administrazioaren jarrera aldatu dela. Horretan sindikatuen ekarpenak baino eragin handiagoa izan du Berriozarko kasuaren ondorioz Nafarroako irakasleen artean sortu den elkartasun mugimenduak. Irakaskuntzaz gain, gainerako arloetako langileen erasoak ere iraunkorrak dira. Kaltetuenak diren lan eremuak hauek dira: zerga-bulegoak, geriatrikoak, mediku ikuskapenak, ezinduen zentroak, psikiatrikoak, larrialdiko telefonoak, larrialdiak, poliziak eta osasun garraioak. Arlo guztietako Segurtasun eta Osasun batzordeetan aurkeztu dira arazoari arreta emateko eskaerak. Baina ez da gauza askorik aurreratu; administrazioko eta prebentzioko zerbitzuetako arduradunen ulermena besterik ez. Eskari zehatzak administrazioari Langileen aldetik, lau eskaera egiten dira: - Kanpoko indarkeria lan arriskuen ebaluazioan sartzea, arazoa sortzen duten arrisku faktoreak ezagutze aldera. - Ikastetxeetan zein Hezkuntza Departamentuan erasoen erregistroa egitea, bestela ez baitakigu zer maiztasunekin, zein mailakoak eta noren artean gertatzen diren erasoak. - Lortutako informazioaren arabera, prebentzio plan berezi bat egitea. Bertan honako alderdi hauei dagozkien ekintza prebentiboak sartu beharko lirateke: lan antolaketa, talde lana bultzatzea, eskola komunitatearen beharrizan eta eskubideen karta egitea denen partaidetzarekin, gatazkak bideratzeko prestakuntza izatea eta abar. - Erasoen ondorioz epaitegietara iritsiz gero, Departamentuak hartu behar du protagonismo juridikoa.Aipatutako guztitik arazoari lotutako formazio ikastaroren bat baino ez da eskaini. Nazkatuta gaude horrelakoekin. Lan arriskuei aurre egiteko ikastaroak baino ez dira eskaintzen, errazena. Adminitrazioko lan arriskuen prenbentziorako arduradunek ez al dakite ikastaro isolatuak ematea ez dela eraginkorra prebenitzeko? Arriskuaren jatorria artatzeko beste prenbentzio ekintzen osagarri dira, baina ez ordezko.
Apirilaren 5ean Nafarroako Gobernuko Departamentu eta Erakunde Autonomo guztietako idazkari tekniko guztiek, prebentziorako goi arduradunek, bilera egin zuten. Funtzio Publikoko zuzendari orokorra kanpoko indarkeriaren aurrean, ekiteko protokolo bat aurkeztekoa zen. Edukiak ezagutzeko irrikaz gaude. Langileen eskaerak ez dituzte irakurtzen, baina agian, azkenean, ezagutu dituzte Europako Batzordeak segurtasun eta osasun estrategiaren arloan ezarritako helburuak.IKASLEEKIKO HARREMANAREN ZAILTASUNA Marilén ZARRALUKI Psikologoa eta irakaslea
Ez da erraza gaur egun hainbat ikastetxetan bizitzen ari diren egoeren gainean analisi bat egitea, ez eta zergatiak finkatzea ere. Izan ere, ugariak dira egoera horietan eragiten duten faktoreak eta gehiegizko sinplifikazioetan erortzeko arriskua dago. Hori dela eta, niretzat esanguratsuak diren alderdi batzuk aipatuko ditut hemen; esaterako, belaunaldi berrien mugarik eza, irakasleren prestakuntza falta arlo psikologikoa eta talde dinamikari dagokienez, irakasleria sozialki bizitzen ari den deslegitimazioa, edota jendartean nagusitzen ari den harreman eredua.
Lehenengo alderdiari dagokionez, deigarria da belaunaldi berriek erakusten duten euskarri falta eta elkarbizitzarako behar-beharrezkoak diren oso oinarrizko arauak portzentaia handi batean barneratu gabe izatea. Zenbait ikasle ohituta daude nahi dutena azkar eta modu errazean lortzen, eta irakasleak edo beste ikaskideren batek mugarik ttikiena jartzen dienean, ez dute inolako erresistentziarik frustrazio horri aurre egiteko. Ondorioz, jarrera desegokiekin erantzuten dute askotan: ez dute ezezkorik onartzen, ukatu zaiena indarrez hartzen dute eta erresistentzia aurkitzen badute, jarrera desegokiak edota bortitzak erakusten dituzte. Horri guztiari zera gehitu behar zaio: irakasleria, orokorrean, ongi prestatuta egoten dela arlo akademikoari dagokionez, baina askotan ez duela prestakuntza berezirik taldeetan sortzen den dinamikari buruz, garapen psikologiari buruz, edota nerabezaroan ematen diren bizipen eta ezaugarri bereziei buruz. Hori dela eta, sarritan, oso mugatuta aurkitzen da ikasleen hainbat jarrerei erantzun behar dienean eta ez du jakiten nola egin aurre ezintasun sentsazioari. Hau da, irakasleak jakitun dira alderdi akademikoaz gain ikaslearen jarrerak ere hezitu behar dituztela, baina aldi berean, ez dute baliabide nahikorik ikasleen jarrera desegoki horien aurrean kokatzeko. Gurasoek ere, hezkuntza komunitateko ezinbesteko partaide diren aldetik, paper garrantzitsua jokatzen dute seme-alaben heziketa prozesuan. Baina, batzuetan, gehiegizko babesa ematen diete, irakasleek jarritako mugak zalantzan jartzen dituzte eta irakasleak desautorizatu egiten dituzte seme-alaben aitzinean. Eta jakina, azken hauek gurasoen babesa izanen dutela jakinda, egoeraz baliatzen dira bazterrak nahasteko. Bukatzeko esan, ikasleek ere oso ongi islatzen dutela beren eguneroko harremanetan jendartean nagusitzen ari den “zapaltzaile-zapaldua” harreman eredua; parekidetasuna, mutualitatea eta elkarrekiko errespetua bultzatu beharrean, menpekotasun harremanak bultzatzen dituena. Harreman paradigma horretatik abiatuz erlazionatzen dira egungo ikasle asko, bai irakasleekin bai eta gainerako ikaskideekin ere.