Balioak ez dira genetikoak, hezi egiten dira

2007-03-02

Hezkuntzaren bidez soilik lortuko dira pertsona hobeak eta gizaterian duten

zereginaren eta eraginaren kontzientzia dutenak.

 

 
 

“PEDAGOGIA 2007” biltzarra ospatu berria da Habanan. Nazioartekoa den biltzar hau bi urtez behin egiten da. Aurtengoak, “Hezitzaileen batasunerako topaketa” lelopean, Mexikotik hasi eta Txile bitarteko herrialde guztietako ordezkariak bildu ditu. Afrikar, asiar, ozeaniar eta europar gutxi batzuk ere bertan izan ginen. Han ziotenez, mundu zabalean hezkuntzari buruz egiten den biltzarrik garrantzitsuena da.

Bost egunez, hezkuntzaren gainean hausnartzen eta esperientziak trukatzen jardun dute 5.000tik gora parte-hartzailek biltzarrak eskaini dituen sinposioetan, forumetan, ikastaroetan, hitzaldietan eta gainerakoetan.

Biltzar horretan jazotakoa ezagutu eta entzun ondoren, esan liteke aire berriak harrotu direla Latinoamerikan eta Kariben. Eta horien aitzindari eta gidari Kuba dugu. Ez da kasualitatea, beraz, horrelako ezaugarriak eta horrelako dimentsioa duen hezkuntzari buruzko biltzarra Kuban antolatzea.

Gogoratu behar da 1.959. urtean Kuban iraultza egin zutenean, gobernu iraultzaileak hartu zituen lehen bi neurrien artean bata hezkuntzari zegokiona izan zela. Ondorioz, kubatar guztiak alfabetatu zituzten, eta ordutik berebiziko garrantzia du hezkuntzak eta prestakuntzak herrialde horretan.

Kubak bide horretan izan duen eskarmentua zabaldu nahi izan du beste herrialde batzuetara, eta hor dugu, adibidez, Venezuelako Errepublika bolivartarrean eta Nikaraguan “Nik, ahal dut” alfabetatze kanpainetan elkartasunez egiten ari den lana eta eskaintzen ari den metodologia eta babesa.

Aldera ezina izanik Europan, Euskal Herrian eta Kuban hezkuntza arloan egiten ari den bidea, izan da zer ikusia eta zer ikasia han, zalantzarik gabe.

Askoren artean bi dira nabarmendu daitezkeen ildoak: alde batetik, instrukzioa eta hezkuntza banatzen dituen marra mehearen definizioa; eta bestetik, herri baten biziraupenean eta garapenean hezkuntzak duen funtsezko betekizuna, zer esanik ez globalizazio garai honetan.

Zertarako hezi haur eta gazteak? Behin eta berriro egin duten galdera izan da. Erantzuna, berriz, argia eta garbia: mundua justuagoa bilakatzeko gizateria aldatu beharra dago, eta horren eragileak bertako partaideak dira. Hori guztia antolatzeko ezinbesteko bitartekoak balioak dira, eta balioak ez dira genetikoak, hezi egiten dira.Galdetzen ote diogu geure buruari zertarako ari garen hezten gure gazteak? Neurgailu gisa ipini dizkiguten hainbat frogak izan behar ote dute gure lanaren helmuga?Zabal diezaiegun atea harrotu diren aire berri horiei, Europako bazter honetan euskaldunon herri zahar honek jendarte justuagoan herri gisa biziraun eta garatu nahi du-eta!