Zergatik erabili behar dugu hizkera ez-sexista?
Emakume eta gizonak desberdinak gara, baina hori, berez, ez da arazoa, pertsona guztiak baikara desberdinak. Ez daude bi elur-maluta berdin ezta bi emakume berdin, bi gizon, gizon bat eta emakume bat, emakume bat eta gizon bat… Arazoa hasten da emakume izateagatik ezaugarri jakin batzuk izan BEHAR dituzunean, edo jokaera jakin bat eduki, eta abar.
Biologikoki XX eta XY kromosomak ditugu eta horren arabera gizon edo emakume izendapena jasotzen dugu mundura heltzen garen mementoan. Gero, arropa arrosa edo urdina jartzen digute, balleta edo futbola egin eta gorputzeko edo aurpegiko ilea kendu. Nahiz eta bi generoetan ezaugarri finkoak dauden eta ‘muga’ horien aurka ere lanean ari garen, bereizketa horri hurbilagotik begiratzen badiogu, konturatuko gara ezaugarri ‘positiboak’ gizonezkoei eman zaizkiela eta ‘negatiboak’ emakumeei (edo behintzat horrela ikusten dugu gaur egun). Azken hiru mendeetako pentsalarien arabera, ezaugarri maskulinoak independentzia, konpetitibitatea, arrazoia, hierarkia, kultura, eremu publikoa eta gatazka dira eta ezaugarri femeninoak dependentzia, kooperazioa, emozioa, hierarkiarik eza, natura, eremu pribatua eta elkar ulertzea.
Arazoa, lehen esan bezala, ezaugarri horien balorazioan datza, denok daukagun ikuspuntuan: ezaugarri maskulinoak dira baloratzen direnak ilustrazio garaitik globalizazioaren arora arte, eta ezaugarri femeninoak baztertzen dira, ‘ahul’tzat hartzen dira, eremu pribaturako balio dutenak inon balio izatekotan. Beraz, alde batetik emakumea = negatiboa berdinketa egiten da eta bigarren mailakotzat jotzen da ‘femenino’ etiketa duena. Beste alde batetik, horren ondorioz gizona da lehen mailakoa, eredua eta ardatza; zentroa. Subjektuaren rola hartzen du (emakumea objektuarena hartzen du horrenbestez), eta pertsonaren sinonimo bihurtu. ‘Pertsona’ bat irudikatzen dugunean, semaforoan dagoen panpina kasu, gizona etortzen zaigu burura. Emakumea pertsona + emakumea izatera pasatzen da horrela, pertsona azalpenik gabe gizona baita, eta emakumea markatua da, zehatza, ez-neutroa, ez-unibertsala. Joera horren azken muturra emakumeen desagerpena da, ez aipatzea, ez kontuan hartzea eta gizonaren ereduarekin multzoa ordezkatzea, hau da, pertsona = gizona berdinketa egitea.
Emakume eta gizonen parekidetasuna lortzeko bidean esparru eta gai guztiak jorratu behar dira, lan mundua, komunikabideak, kultura, aisia, hezkuntza… eta hizkuntza.
Hizkuntza, hizkera, jendea... non dago arazoa?
Gai honi buruz hitz egiten denean beti aipatzen da erabilera dela sexista, hor dagoela arazoa. Ondo ‘erabiltzen’ badugu hizkuntza, hizkera ez-sexistan badihardugu, “akabo kontua!” pentsatzen du jende askok. Seguru al zaudete? Jendartea, pertsona, neba-arrebak, legelaria eta zuzendari jaun/andrea hitzak erabiltzen baditugu lortuko al dugu parekidetasuna? Ez da posible testua soilik aldatuta eta testuinguruari erreparatu gabe diskriminazio sexuala desagertzea, baina hori egiteak laguntzen du, jakina.
Egoera edo erantzun ideala dena lantzea izango litzateke, gorago esan bezala. Esparru guztiak eta alderdi guztiak izan behar ditugu kontuan eta hor dago benetan zailtasuna. Errazena jendartea eta zuzendari jaun/andrea berbak erabiltzea da. Askoz zailagoa da denok barneratu dugun pentsamoldea auzitan jartzea eta aldatzen saiatzea.
Euskara modu ez-sexistan erabilita diskriminazio sexualaren kontrako bidean sartzen gara eta bertan pauso bat ematen dugu. Baina haruntzago egin beharko genuke, ez genuke hor gelditu beharko gure bidea, ez ginateke horrekin konforme egon beharko. Erabilerak egiten du hizkuntza eta hizkuntzatik elikatzen da erabilera, eta hizkuntza munduari begiratzeko modu bat bada, errealitatearen isla bada, mundua eta errealitatea aldatzen has gaitezke hizkuntzatik bertatik eta hortara goaz.
Euskarak genero gramatikalik ez badu, zertan da sexista?
Hizkuntzen artean desberdintasunak daude duten zama sexistari begiratzen badiogu. Alvaro Garcia Meseguerrek (hizkera sexistaren gaian espezializatutako espainiar hizkuntzalariak) dioenez, euskarak oso zama sexista txikia dauka. Erdaren artean gaztelaniaren zama sexista % 80koa da, frantsesarena % 40koa, ingelesarena % 15ekoa eta euskararena % 5ekoa. Zorionekoak gara, baina horrek ez du esan nahi arlo hori landu behar ez dugunik.
Hizkuntzan bi sexismo mota agertzen zaizkigu: sexismo linguistikoa eta sexismo soziala. Lehenengoaren barruan maila sintaktikoa eta maila lexikoa dauzkagu. Sexismo linguistikoa forma da eta soziala fondoa, beraz, aurreko paragrafoan aipatu ditugun portzentaia eta desorekak sexismo linguistikoan agertzen zaizkigu. Horrek esan nahi du sexismo soziala berdina dela hizkuntza guztietan, fondo bera daukagu kultura desberdinetan, pentsamolde edo ikuspegi patriarkala barneratuta dago guztion garunetan, izan beltz, eder, aberats, altu, gazte, ekialdeko edo bestelakoa.
Sexismo sozialean agertzen zaizkigu emakumearen presentzia urria edo gutxietsia, emakumeen ekintzen pasibitatea eta esklusibitatea, emakumeen kontrako bortizkeria, ikuspegi dualaren morrontza (zuri/beltz, eder/zatar, aberats/pobre…) eta emakumeen ikusezintasuna, besteak beste. Hori da aldatzen zailena, gure bizitzan zehar ikasi ditugun sinbolo eta irudikapenak okertzat jo eta zerotik balio eta jarrera berriak sortu behar ditugulako, eta hori une oro egin beharreko lana da.
Sexismo linguistikoan bi maila daudela esan dugu: sintaktikoa eta lexikoa. Maila sintaktikoan daudenak aldatzeak, maila lexikoan daudenak aldatzea baino ahalegin handiagoa eskatzen du. Maila sintaktikoan estereotipoak, androzentrismoa eta jauzi semantikoa (hitzaren esanahiean salto bat dagoenean, neutroa den berba bat maskulino ulertzen dugunean) ditugulako. Maila lexikoan goian aipatu ditugunez gain (jendartea, pertsona, neba-arrebak, legelaria eta zuzendari jaun/andrea), adeitasunezko formak, izen-abizenak, irainak, esaera zaharrak eta lanbideak ditugu beste batzuen artean.
Zenbat buru, hainbat aburu
Azken horiek dira orain arte aipatutakoen artean ordezkatzen errazenak, eta hala eta guztiz ere, polemika handiak egon izan dira gai horri buruz hitz egin izan den bakoitzean, bai forma zaharren desegokitasuna dela eta bai proposamen berrien egokitasunari begira. Iritzi asko daude, eta askotan kontrajarriak.
1990eko hamarkadan eztabaida handia egon zen euskal prentsan giza eta gizaki hitzen egokitasunari buruz eta anaia berbaren erabileraren gainean. Anuntxi Arana eta Xabier Kintanaren artean eztabaida bizia egon zen Euskaldunon Egunkaria agerkariaren orrietan 1992ko urtean. Dena hasi zen Jose Martin Apalategiren liburuaren izenburua zela eta: Pertsona eta sozietatea.
Oso sonatua izan da, era berean, gaur arte iraun duen genero gramatikalaren erabilera eta maskulino orokortzailearen ordezko posibleen gaineko eztabaida (“El hombre descubrió el fuego” edo “Los alumnos deberan salir al patio”) espainiar prentsako iritzi artikuluetan.
Denok ezagutu dugu las y los formularen erabilerak duen zama. Baina nola esan daiteke hori bi generoak kontuan hartuta? @ aukera ekonomikoagoa da, baina irakurtzeko zailtasunak agertzen dira. Maskulino orokortzailea erabili beharrean femenino orokortzailea erabiltzea proposatu izan da, baina bide hori epe laburrerako baino ez da, epe luzerako erabiliz gero harri berean egingo baikenuke topo. Proposamen xelebreena les artikulu neutro berriarena izan da. Proposatu zuenak onartzen zuen, edonola ere, ez zela bideragarria atentzioa horra bideratuko zelako testuari kasurik egin gabe.
Gomendioetatik planetara
Azken hogei urtetan, euskararen kasuan, eta hogeita hamar urte gaztelaniarenean, hizkera ez-sexista erabiltzeko gomedioak argitaratu izan dira leku askotan. Ezarpenari begira bi esparru izan dira bereziki zainduak: komunikabideak eta hezkuntza. Emaitzei begira, desoreka handia dago batzuen eta besteen erabileraren artean, baina zenbait arlotan aldaketak eta aurrerapausoak egon dira.
Gomedioek akatsak eta mugak dituztela ikusi dute eta beste urrats bat eman nahi izan dute. Gomendioek batez ere azpimarratzea merezi duten bi muga dituzte: bata da ez dutela autoritate arauemailerik, beraz, ez dira aintzat hartzen, ez dira garrantzitsuak jendearentzat eta horren ondorioz oso zaila da horiek barneratzea eta sistematikoki erabiltzea. Edozein arau emateak daukan arazoa dute, bestalde, zurruntasuna eta zentsura kutsua dute, sorkuntzari ateak ixten dizkiona.
Besteari buruz dagoeneko hitz egin dugu: normalizazio linguistiko ez-sexistaren prozesua era globalean ulertzeko zailtasuna, hau da, testuaz gain testuingurua aldatzeko premia. Hori adierazi nahi genuen jendarte hitza erabiltzearekin nahikoa ez dela genionean (nahiz eta argi utzi nahi dugun oso pauso esanguratsu eta garrantzitsua dela hori).
Beraz, Jesus María García Saenz hizkuntzalariak dioen bezala, hizkuntzaren erabilera ez-sexistatik politikoki zuzena den hizkuntzara pasatu behar gara eta sexismoaren aferarekin batera, arrazismoa, klasismoa eta homofobia bezalako tratamendu diskriminatzaileak ere deuseztu behar ditugu gure hizkuntzatik.
Nola egin dezakegu hori guztia ikasgelan?
Aipatutako horrek guztiak pisu handia dauka heziketan: identitatearen eraketa, desberdintasunaren pertzepzioa, botere harremanak eta prestigioa kontu horien eraginpean daudelako. Kontuan hartu beharko ditugu eskolako jardunean parte hartzen duten aldagai guztiak: ikasmateriala, ikasleak, irakaslea eta gela.
Ikasmaterialari dagokionez bi kontu: hizkuntza eskoletan (Euskara, Gaztelania, Frantsesa edo Ingelesa eskoletan) modu berezituan emateko aukera dago (Euskara eskola ematean Emakunderen gomedioak klaseratu daitezke eta arazoaren gainean gogoeta egin). Baina beste saioetan eta beste ikasgaietan ere kontuan hartzen ez badugu, gertaera anekdotikoan geratuko da, beraz, eguneroko jardunean txertatu beharrekoa da. Horregatik, ikasmaterial guztia gainbegiratu beharko dugu klaseratu aurretik, eta konprobatu hizkera, estereotipoen agerpena, irudi eta sinboloak, lanbideak, adjektiboak, harreman motak, espazioen banaketa…
Ikasleek jarrera aktiboa edukitzea, euren ikuspegi kritikoa piztea oso garrantzitsua da. Horretarako, lexikoarekin has gaitezke lanean: esaera zaharrak, kantu herrikoiak eta sexuari buruzko espresioak aztertu eta horien atzean dagoen munduari begiratzeko modua atera. Bertan agertzen diren gizon eta emakume irudiei erreparatu eta nolakoak diren esan. Batzuek eta besteek egiten dituzten lanak, okupatzen dituzten espazioak, batzuentzat eta besteentzat erabiltzen den hitz kopurua, betetzen dituzten rolak, hitzek dituzten konnotazioak, subjektu eta objektu harremanak…
Irakasleak ikasketa autonomoa (ez-dependientea) eta kooperatiboa (ez-konpetitiboa) bultzatu behar ditu. Horrekin batera denon parte-hartzea eta talde lana sustatu behar ditu. Modu horretan, gelako pertsona guztion artean eskola aberastuko dugu elkar ezagutuz, eta horren ondorioz ikasleen artean banatuko dugu boterea eta aniztasunaren aldeko jarrera orokortzen saiatuko gara.
Ezin dugu aipatu gabe utzi ‘kurrikulu ezkutua’, hori oso ondo zaindu beharreko kontua delako. Irakaslearen jarrerak, keinuek, iruzkin txikienak ere, diskurtso luze, argi eta ilustratuena pikutara bidali dezakeelako segundu batean. Ez ditugu erabiltzen konturatu gabe maritxukeria eta putada bezalako berbak euskaraz, ala? Ez al duzue sekula marimutil, neskazahar edo amalur hitzei buruzko gogoetarik egin?
Azkenik gela dugu. Espazioa nola banatzen dugun, ikasleak non eta noren ondoan esertzen diren, nola taldekatzen diren, ikasgelak zein dekorazio duen (hormirudi, mural, argazki, kartel edo egutegi), aulkiak eta mahaiak nola dauden kokatuta, irakasleak zein espazio okupatzen duen… Gauza horiek guztiak era kontzientean begiratu behar dira.
Ondorioak
Kontzienteki pentsatu, hitz egin eta ulertu behar ditugu diskurtsoak, eta interpretazio bakarrari ihes egin. Hitz baztertzaileak deuseztatu eta berriak bilatu edo, zergatik ez, sortu (Kike Amonarrizek eta Asisko Urmenetak gazte hizkerarekin egin duten bezala, dauden esakerak herriz herri bildu eta ez daudenak asmatu).
Ezin dugu gure burua gustuko ez dituen berbak erabiltzera behartu, baina behin puntu honetan ezin gara konformatu daukagun hizkera diskriminatzailearekin ere. Hala ere, zergatik uste duzue jende gehienak Euskaltzaindiaren arauei hasieratik eta zalantzarik gabe baietz esaten diela eta berehala erabiltzen hasi eta Emakunderen gomendioei, ostera, oztopo ugari ipini eta gero muzin egin?•