Kronika

2007-03-02
 
 

Oraindik Hezkuntza sailburuak ez du hizkuntza ereduen gaineko proposamenik aurkeztu Legebiltzarrean.

PSE-EEk sistema eleanitza proposatu du; euskara, gaztelania eta ingelesa lantzen dituen eredua. Haur Hezkuntzan % 20-25 egingo litzateke euskaraz,

% 20-25 gaztelaniaz, ingelesez ehuneko zehatzik ez eta gainerako % 50 ikastetxeak nahi duen moduan banatzeko euskara eta gaztelaniaren artean. Lehen Hezkuntzan euskaraz % 30, gaztelaniaz % 30, ingelesez %10 eta gainerako % 30 ikastetxeak nahi duen moduan banatzeko euskara eta gaztelaniaren artean. DBHn, berriz, euskaraz % 30, gaztelaniaz % 30, ingelesez %17 eta gainerako % 23 ikastetxeak nahi duen moduan banatzeko euskara eta gaztelaniaren artean. Bestalde, EHIGEk dio legea aldatu behar dela ikasle elebidunak lortu nahi badira. Euskadiko Eskola Kontseiluak bezala, eredu bakarraren alde egiten du. Lortu beharreko gutxieneko batzuk jarrita, ikastetxe bakoitzak bere eredu propioa izatea defendatzen du.

 

Seaskak EEPren

laguntzarik eza salatu du

 

Seaskak salaketa egin du EEP Euskal Erakunde Publikoak bere beharrak eta eskubideak aintzat hartzen ez dituelako. Eusko Jaurlaritzak eta EEPk sinatu duten akordio berriarekin, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa eta Seaska beldur dira orain arte Jaurlaritzatik iristen zen diru laguntza gutxiagotzearekin. Eusko Jaurlaritzari bere dirua banatzeko irizpideak ezartzeko eskaera egiten diote.

Duela bi urte sortu zen EEP estatu frantziarraren eskutik. Bere funtzioa Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko hizkuntza politika garatzea eta euskal erakundeen diru laguntzak kudeatzea da, tartean Seaskarena. Beraz, erakunde horiek ezin diete diru laguntzarik eskatu zuzenean emaileei, EEP dago bitartekari moduan eta erabakia harena da. Berriki EEPk Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu du. Jaurlaritzak urtean 450.000 euro emango dizkio eta EEPren esku gelditzen da diruaren banaketa. Seaskaren egoera ez da batere samurra. 14 urtean diru laguntzak ez dira areagotu, berdinean diraute eta bitartean ikasle kopurua 1.000 ikaslez gehitu da. Seaskaren aurrekontuen % 10 (95.000 euro) soilik da EEPrengandik jasotzen dena, eta % 70 gurasoen ardurapean gelditzen da. Ondorioz, Seaskaren iritziz, “euskarazko irakaskuntzarentzat Euskararen Erakunde Publikoa eraginik gabekoa da”. Seaskak esan duenez, estatuaren ordezkari batek “Seaska zapaldu behar da” hitzak erabili zituen Euskal Herriko hautetsi baten aurrean. Ezin dira hitzok egiaztatu, baina hartzen ari diren erabakiek ez dute kontrakoa erakusten. Aurtengo ikasturtean arazo anitz dituzte: irakasle postu eskasia eta ondorioz Seaskak bere kontuz hainbat postu finantzatu beharra, zuzendaritza delegazio ordurik eza, diru laguntza areagotzerik eza, eta horrez gain, Herriko etxeetan Seaskari laguntzak mugatzeko presioa egin da. Ez dirudi datorren ikasturterako gauzak aldatzera doazenik. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari Koldo Tellituk Seaskarekin eskainitako prentsaurrekoan argi esan zuen: “ez dugu Seaska bakarrik utziko afera erraldoi honen aurrean”.

 

Euskarazko haur eskolak ari dira eskatzen Iruñean

Iruñeko auzoetako herritarrak biltzen dituen plataforma berria da Haur Eskolak Euskaraz izenekoa, eta izenak berak argi adierazten du zein den beren aldarria: Iruñean euskarazko haur eskolak zabaltzea. Gaur egun hamasei haur eskola daude Nafarroako hiriburuan eta horietatik bi baino ez dira euskarazkoak. Biak Txantrea auzoan kokatuta daude, eta beraz, gainerako auzoetarakoek hara joan behar dute euskaraz eskolatu nahi baldin badute. Betiere plazak gelditzen badira, noski. Zeren euskarazko bi haur eskoletan 123 haurrentzako lekua dago. Gaztelaniazkoetan, ostera, 977 haur sartzen dira.

Plataforman parte hartzen duten hezitzaile, guraso eta auzotarrek adierazi dutenez, “azken 12 urtetan ez da euskarazko haur eskolarik ireki Iruñean, nahiz eta udalak hitza eman”. Eskaera hor egon arren, udalak ingelesezko bat ireki zuen, eta laster beste bat irekiko du. Euskarazko eskaera askoz ere handiagoa dela diote plataformako kideek, eta hori zentzugabea dela.Egoera honetan hizkuntza eskubideak urratzen direla salatu dute. Udalari gogorarazi diote euskara hizkuntza ofiziala dela Iruñean, gaztelaniarekin batera. Hizkuntza eskubideak udaleko euskararen ordenantzetan eta Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunean jasota daudela gogorarazi diote.Bada kezka eragiten dien beste arlo bat ere: kalitatearena. Udalak zenbait haur eskolen kudeaketa enpresa pribatu eskuetan utzi du, eta ekimen honen bultzatzaileek diotenez, “ondorio txarra edukitzen ari da”.Euskara eta kalitatea dituzte, beraz, mahai gainean jarrita, eta alderdi politikoekin gai horietaz hitz egiteko asmoa agertu dute.

 

Haurtzaindegiak jartzea aztertuko da EAEko sare publikoan

Eusko Legebiltzarrak eskatuta, Hezkuntza Sailak hezkuntza sistema publikoan haurtzaindegiak jartzeko aukera aztertuko du. Aralarrek egin zuen jatorrizko proposamenetik etorri da erabakia. Aralarrek sare guztiek haurtzaindegiak eskaintzeko baldintza berberak edukitzea eskatu zuen, itunpeko zentroek eta pribatuek aspalditik eskaintzen dutelako eta publikoek ez.

 

Paueko Akademia Ikuskaritzak definitu du datorren ikasturterako eskola karta eta lanpostuen murrizketa da ezaugarri nagusia.

EEP Euskararen Erakunde Publikoak emandako datuen arabera, eskola publikoan orotara 13 lanpostu galduko dira, horietatik 4,5 eskola publiko elebakarretan eta 8,5 eskola elebidunetan. Beraz, eskola elebidunek galera handiagoa izango dute. 27 dira Ipar Euskal Herrriko eskola elebidunak eta horietan 11,5 frantses irakasle gutxiago eta 2,5 euskara irakasle gehiago izanen dira.

Murrizketa horiek ez dute inor gustura utzi. Ikas-Bi eta BigaBai guraso elkarteak kexu agertu dira neurri horiek irakaskuntza elebidunaren aurkako erasotzat hartu dituztelarik. Hainbat herritako auzapezak ere haserre daude estatu frantziarrak ez duelako dirurik jartzen irakaskuntza elebiduna bultzatzeko. EEPk ere neurri horiekin hizkuntza politikan zehaztutako helburuak nekez lortuko direla adierazi du, hau da, horrela zaila izango dela euskal hiztunak sortzea. Dena dela, oraindik datorren iraila bitartean gauzak doitzeko denbora badagoela aditzera eman du.Gurasoak, ordea, ez daude hain lasai. EEPren eta Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarduerak ez baitira koherenteak.