Etorkizunak ez du itxura onik!

2007-03-02

Bigarren aldiz joan da Teknoskopioa asmatzaile gazteentzako ideia-lehiaketako saria Barakaldoko El Regato ikastetxera. Energiaren gaia izan da ardatz 3. edizioan eta parte-hartzaileek 2050. urtean zeudela eta ohiko energia iturriak agortzear zeudela irudikatu behar zuten. Horren aurrean, soluzioak ematea zen euren lana. El Regatoko gazteek euren herria, Barakaldo, nola egongo den irudikatu dute Metropoli 2050  izena eman dioten lanean.

 
 

Bigarren aldiz joan da Teknoskopioa asmatzaile gazteentzako ideia-lehiaketako saria Barakaldoko El Regato ikastetxera. Energiaren gaia izan da ardatz 3. edizioan eta parte-hartzaileek 2050. urtean zeudela eta ohiko energia iturriak agortzear zeudela irudikatu behar zuten. Horren aurrean, soluzioak ematea zen euren lana. El Regatoko gazteek euren herria, Barakaldo, nola egongo den irudikatu dute Metropoli 2050  izena eman dioten lanean.

Elhuyar Fundazioak, Saretekek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Zientziaren Kutxaguneak elkarlanean antolatzen dute lehiaketa Batxilergoko eta Lanbide Heziketako gazteentzat. Helburua ikasleak motibatzea da, eta horretarako, ikertzaile-asmatzaile bihurtzen ditu lehiaketak. Oraingoan lau lan aurkeztu dira eta denak bikainak izan direla azpimarratu dute antolatzaileek.

Irabazleen lanari dagokionez, eman dioten ikuspegi zabala eta sakona aipatu dute. Janire Villa, Alesander Garcia, Asier Esteban eta Iñigo Gomez gazteak energiaren arloan lanean ari diren herriko agintarien paperean jarri dira, eta 2050. urtean Barakaldo nola egongo den irudikatu dute. Gaur egun dituzten energia baliabideak aztertu dituzte, eta agortzear egongo direla irudikatuz, herria hornitzeko sistema berri bat aurkeztu dute, ohiko energia iturriak ordezkatuko dituzten beste alternatiba batzuk proposatuz.

Ikertzale lanetan

Metropoli 2050  lanak hiru zati nagusi ditu. Lehendabizikoan gaur egungo egoera aztertu dute, bigarrengoan 2050. urterako espero den egoera, eta hirugarrenean konponbideak proposatzen dituzte.
Gaur egungo egoerari dagokionez, hainbat datu bildu dituzte. Esate baterako, Barakaldon eta inguruan 355.000 biztanle bizi dira eta bakoitzak 15 kWh erabiltzen ditu egunean. Zertan? Non?  Zerbitzuetan, garraioan, etxean (argia, berogailua eta aire girotua, ur beroa eta janaria prestatzen) eta industrian. Energia horiek sortzeko sistemek 25 milioi tona CO2 isuri zituzten eguratsera iazko urtean, SO2 eta NOx aparte utzita. Ura kutsatuta ikusi dute, lurra ere bai, basoak galtzen, argi-kutsadura ere badago, eta baliabide naturalak agortzen ari dira. Aldaketa klimatikoa ere gero eta nabarmenagoa da. Hori guztia ikusita, ondorio batera iritsi dira: neurriz kanpoko kontsumoak etorkizuna arriskuan jartzen du eta geure inguruko energia iturriak ez ditugu behar bezala erabiltzen.

Etorkizunak ez du itxura onik!

Halaxe pentsatzen dute lau gazteek. 2050. urtean Barakaldo eta Bilboko metropolian 1,1 milioi pertsona biziko direla kalkulatzen dute. Oraingo martxan jarraituz, biztanle bakoitzak 25 kWh energia kontsumituko du egunean. Tenperaturak 2,75 ºC inguruko igoera izango du urte horretarako. Ondorioz, klima lehorragoa izango da eta itsasoaren altuerak metro erdiko igoera izango du. Honenbestez, gaur egun ezagunak zaizkigun auzo nahikotxo desagertu egingo dira urak irentsita. Kostaldeak jasango duen aldaketa ere aipagarria izango da. Horrekin batera, hainbat baliabide natural desagertu egingo dira: zenbait animalia espezie, zuhaitz espezie batzuk... Ur gezaren eskasia nabaritzen ere hasiko gara.

Konponbiderako proposamenak

Janire, Alesander, Asier eta Iñigo gazteek 2050. urtean metropoliko agintariak izango direla irudikatu dute. Horrela, energia aurrezteko eta modu jasangarrian sortzeko erabakiak hartuko lituzkete sei esparrutan: urbanismo eta arkitekturan, garraioan, industria eta zerbitzuetan, hezkuntzan, legerian eta energiaren sortzean.
Gauzak horrela, urbanismoa eta arkitektura bioklimatikoak izango dira. Eraikuntza guztiak domotikoak izango dira eta barne tenperatura, hezetasuna, argia... kontrolaturik egongo dira. Etxetresna elektrikoak kontsumo baxukoak izango dira, luminariak led erakoak, eta bonbillak kontsumo baxukoak.
Garraioari dagokionez, garraio sare publikoa guztiz garatua egongo da, eta elektrizitate hornidura sarearekin bat egingo du. Industria eta zerbitzuetako garraioak soilik onartuko dira metropoliaren barruan. Auto pribatua gero eta arraroagoa izanen da. Metropolien arteko geltokietan autoak alokatzeko aukera egongo da.
Hidrogeno pilaren oinarrizko ideia garatuz lortutiko motorrek ura besterik ez dute sortzen. Ur hori modu egokian baturik, parkeak ureztatzeko, kaleak garbitzeko edo bestelako prozesu batzuetarako erabiliko da.
Hidrogeno motorra erabiltzen ez duten garraioek etxeetatik baturiko oliotik lorturiko biodiesela erabiliko dute.
Industria eta zerbitzuen alorrean, edozein enpresak ingurumen legeria zehatz-mehatz bete beharko du eta hori bermatzen duen kontu ikuskaritza urtero pasatuko du. Produktu guztiek etiketa berdea eraman behar dute. Etiketan osagai guztien berri emango da eta ingurumenerako kaltegarriak direnak agertuko dira, bai eta horiek nola tratatu behar diren behin produktua erretiratu nahi denean ere. Metropoliaren gunean ez da industriarik egongo, zerbitzuak soilik. Erosketetarako edozein zerbitzuk etxez etxeko  banaketa izango du, eta erosleak aukeraturikoa etxera eroango diote. Garraio baimenduak izango dira banaketa egingo dutenak.
Hezkuntzari dagokionez, ingurumen hezkuntza nahitaezko irakasgaia izango da eskolatze osoan zehar. Kontsumitzaileei zuzendutako kanpainak eguneroko kontua izango dira. Kanpaina bakoitza gai baten inguruan izango da eta urte garaiaren  araberakoa; hala nola, Gabon garaia eta sorturiko hondakinen hazkuntza, uda eta aire girotuaren erabilera, negua eta berogailuen erabilera, oporraldiak eta ingurunearen garrantzia, garraio publikoaren erabileraren sustapena...
Telebista saioek, egunkariek, aldizkariek eta irrati saioek energia aurreztearen gaia eta baliabideen zentzuzko erabilera zeharkako gaitzat izango dute; argazkiak, elkarrizketak, komiki bandak, lehiaketak eta abar.
Alor guztietan legeak finkatuta egongo dira eta legeak eguneratzeko eta betetzen direla ziurtatzeko lantaldea sortuko da.
Energia sortzeko modu berriak bultzatuko dira: eguzki energia, haize energia, esperimentazio-fusio zentrala, hondakinen balorizazio planta eta abar. Eta noski, erabilera orain baino askoz gehiago neurtuko da.
Horiek proposamen batzuk baino ez dira. Euren lanean gehiago aipatzen dituzte, eta nahi duenak, ikusgai ditu honako helbide honetan: www.zientzia.net/teknoskopioa

Talde lana eta motibazioa

Ikerketa lan sakona egin dute gazte horiek horrelako lana egiteko, eta horixe da lehiaketaren helburuetako bat, gainera. Janine Villak dioen moduan, “Interneten informazio ugari aurkitu dugu. Hori izan da gure informazio iturrietako bat. Horrez gain, aldizkariak eta herriko hainbat informazio ere erabili ditugu”. Gaia interesgarria iruditu zaiela diote, eta horrek asko motibatu ditu. Eta noski, Garikoitz Alvarez irakaslea ere hor izan dute, akuilu lana egiten. “Iaz eskola orduetan egin genuen lehiaketarako lana, baina aurten ez. Gelara joan eta lehiaketaren berri eman nuenean, nork parte hartu nahi zuen galdetu nuen, eta lau hauek animatu ziren”. Beraz, eskolako orduez kanpo aritu dira; han eta hemen informazioa bilatu, bildu, eztabaidatu, erabaki, zehaztu, antolatu, idatzi, aurkezpena prestatu…
Lehiaketako sariak motibazioa piztu die, gaiak interesa eta jakin-mina sortu dizkie, talde lanak emaitza interesgarria ekarri die,  eta esperientziak ikasteko balio izan die. Besteak beste, ideia argi batzuk badituzte orain, eta hori da zabaldu nahi dutena: ingurumenarekin ezin dela brometan ibili, eta neurriak hartzen hasi behar dela serioski.•

Aurkeztutako lanak

Metropoli 2050

Egileak: Janire Villa, Alesander Garcia, Asier Esteban eta Iñigo Gomez. Barakaldoko El Regato ikastetxekoak.
Energia autohorniketarako
bidean
Egileak: Irati Mestraitua, Lorea Sautua, Etor Uribe eta Janire Castelo. Markinako Lea-Artibai Ikastetxekoak.
El reto de la energía en
Barañain
Egileak: Amaia de la Era, Irene García, María Garde eta María Munárriz. Barañaingo BHIkoak.
2050: Escasez y solución
Egileak: Marina Bárcena, Daniel Echeverri, Nora Ubani eta Andrea Valentín. Barañaingo BHIkoak.