Egonaldiak euskararekin

2007-03-02
 
 

Orain arte behin baino gehiagotan aipatu dugu euskararen indarberritzean eragiteko hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten esparru guztiei erreparatzea ezinbestekoa dela. Oraingoan, jardun osagarriei buruz arituko gara; bi egun edo gehiagoko irteeren gainean, zehazki.

Mota horretako irteeretan irakasleek eta ikasleek elkarrekin pasatzen dituzte eguneko hogeitalau orduak. Ikastetxean igarotzen dituzten orduen aldean lau edo bost aldiz gehiago eguneko; eta kantitatea baino interesgarriagoa den kalitatearen aldetik, zer esanik ez. Helena Baraibar eta Kristina Boanek 113. zenbakiko “Ikasleak nola limurtu” izeneko artikuluan aipatu bezala, gela barruko jarduna etengabeko simulazioa da eta mota honetako jardueretan, berriz, hizkuntzari ematen zaion erabilera funtzionala eta sinesgarria da. Gune horien testuinguruan sortzen dira egiazko harremanak ikasleen eta irakasle-ikasle artean.

 

Egun batzuetako egonaldi bat egitea erabakitzen badugu, oso garrantzitsua da aldez aurretik ahalik eta kontu gehien zehazten hastea.

- Egonaldia non egingo dugun pentsatzea da lehenengo zeregina. Aterpetxea zein herritan kokatua dagoen funtsezkoa izango da helburuak betetzeko. Herri euskaldun batean kokatua badago oso erraza izango da bi helburu lortzea: alde batetik ikasleek euskaraz bizi den jendea badagoela ikusiko dute eta bestetik, egonaldian zehar herritarrekin izango dituzten harremanak euskara hutsean egingo dituzte.

- Egonaldian zehar egingo ditugun ekintzak ondo diseinatzen baditugu gauza asko lortuko ditugu. Bi motatako ekintzak antola ditzakegu: zuzenean hizkuntzarekin lotura dutenak (mimika, hitz ezkutua, asmakizunak, hieroglifikoak eta antzeko frogekin osatutako lehiaketak, antzerkiak edo emanaldiak...) eta oharkabean ezagutzak jaso eta euskara erabiltzeko oso aproposak diren bestelako jolasak (animaziozkoak, sokasaltokoak, esku-jolasak, korru-jolasak...).

- Eguneroko bizitzako mementoak ere aurrez diseinatu behar ditugu. Esnatzea, otorduak, atseden orduak, dutxa garaia, oheratzea..., dira memento horiek. Izan ere, horiek izango baitira ikastetxearen eremuan edukiko ez ditugun uneak (otordu eta atseden garaia salbu). Une horietan, irakaslearen paperak berebiziko garrantzia du. Estrategia ezberdinak erabili beharko ditugu: oso berritsuak izan, haur eta gazteei hitz egiteko aukera eman, errepikapena, esaldiei buelta eman... baina betiere oharkabean. Oso sotilak izan behar dugu, beraien hizkuntza ohiturak aldatu nahian gabiltzala konturatzen badira, akabo! (gogoratu ikasleei euskaraz hitz egiteko esateak jada ez duela askorako balio). Irakasle guztiek jarrera berbera mantentzea derrigorrezkoa izango da estrategia horiek funtzionatzeko. Koherenteak izan behar dugu gure jardunean.

Aipatu ditugu bada, bi egun edo gehiagoko irteeretan hizkuntzaren planifikazioa egiteko zenbait pauso. Badira, ordea, ikastetxeei zuzenduta, gisa horretako egonaldiak eskaintzen dituzten programak. Nafarroako Gobernuak Arantza herrian antolatzen dituen egonaldiak edo EAEn egiten diren Euskal Girotze Barnetegiak kasu. Bertan, hainbat hezitzailek, bost egunetan, aisialdiko ekintzak burutzen dituzte aipatu ditugun estrategiak eta beste hainbat erabiliz. Betiere, azken xedea, ikasleen euskararekiko motibazioa piztu eta euskararen erabilera areagotzea da.