INTERNET ETA ESKOLA
Gaztetxoen artean aski erabiliak dira IKTak. Batzuen ustez dagoeneko “berria” adjektiboa kentzen hasi beharko genukeen teknologia horiek dira hizpide hurrengo orrialdeetan.
Hasteko, Interneten erabilera eta arriskuak aipatzen dira. Zein arrisku ditu? Mugarik jarri behar ote da? Jarraian Interneten aurpegi berria aztertzen da, web 2.0 delakoa. Sarea itxura berria hartzen ari da eta komunikatzeko moduen eraldaketa ekar dezake. Eta azkenik, hori guztia irakaskuntzan nola erabil daitekeen azaltzen da Ordiziako Jakintza ikastolaren esperientziaren bitartez.
Sarea: arriskuak eta aukerak ezagutzea da gakoa
Askotan Internetek beldurra sortzen du familiengan, ustez, bakartzea edota gaitasun sozialen garapenean galera ekar dezakeelako. Eskolan, azken urteetan IKTak erabiltzeko plan ugari egin da, eta baliabide informatikoak ia eskola guztietara hedatu dira. Irakasleen prestakuntzan ere eragin nahi izan da, baina nolako eragina izan du horrek guztiak? Erabiltzen al dira IKTak ikaskuntza prozesuaren partetzat hartuta? Erakusten al diegu seme-alabei eta ikasleei nola erabili tresna horiek?
Eskolari dagokionez, plangintzak eta helburuek IKTen erabilera sustatzen dute, eta horretarako baliabideak martxan daude. Euskal Herriko ikastetxe gehienetan baliabide informatikoak eskura daude, eta Internetera konexioa ere bai. Baina dena den, Interneten erabilera oraindik ere ez da hainbestekoa. Eta erabilera hori aztertzen bada, badirudi sarea lehen beste tresna batzuekin egiten genituen gauza berberak egiteko erabiltzen dugula, ez tresnak eskaintzen dituen berezko baliabide bereziak ikaskuntza prozesuarekin uztartzeko. Sarea posta elektronikoa eta webguneak baino askoz gehiago da. Sarea komunikazioa lantzeko eta partekatzeko tresna oparoa da. Baina, hasteko, garrantzitsuena hezitzaileei Interneten trebatzeko aukera praktikoak ematea da.
Tresna guztiak bezala, ona edo txarra izan daiteke, egiten den erabileraren arabera. Eskolak, familiak eta beste eragileek bezala, erabilera egokiak sortzen lagundu behar dio ikasleari. Demagun irakasleak lamiei buruzko txosten bat eskatu duela. Ikasle batek baino gehiagok, agian, Interneten gai horren inguruan aurkitutako txostena bere eginda, horixe emango dio irakasleari. Ondorioz, eta hori aurreikusiz, errealitate horretara egokitu eta beste modu batera antolatu beharko dugu ikasleen ataza.Prozesu horiekin, ikaskuntza garrantzitsuak bultzatu behar ditugu. Iturri fidagarriak ezagutzen, informazioa egiaztatzen eta informazio pila horren aurrean kritikoak izaten erakutsi beharko diegu. Orain arte informazioa argitaletxeek egiaztatzen zuten. Hemendik aurrera irakasleek eta ikasleek ere horri ekin beharko diote.
Arriskuak ezagutu behar dira, eta horiek saihesteko moduak bilatu. Baina, batez ere, tresna horien onurak ezagutu eta horietaz baliatu beharko dugu. Web 2.0 delakoak ere zeresan handia du ikaskuntza prozesuetan eta eskolan.Adin txikikoak sarean
EU kids on line
Abian da EU kids online programa, Europako 18 herrialdetan Interneten erabilera eta horri buruz eginiko ikerketen ingurua ikertuko duen programa. EU kids online Safer Internet Plus Programmeren barruko proiektua da eta Europar Batasunak finantzatzen du. Helburu nagusia Europan haurrek IKTekin egiten duten erabileraren inguruan dagoen jakintza maila ezagutzea da. Hala, sarean segurtasuna oztopatzen duten arriskuak identifikatuko dira, eta herrialde bakoitzean segurtasun politikak eratzerakoan kontuan izateko gomendioak egingo dira. Era berean, “praktika onak” jasoko dituen bilduma bat osatu nahi dute, etorkizuneko ikerketen iturburu.
Batez ere komunikatzeko
Safer Internet Plus Programmek aurrera eramandako beste ikerketa baten arabera, haur eta gazteak sarean ibiltzen direnean, batez ere nabigatzen eta informazio bila (% 91) ibiltzen dira. Unean uneko mezulariak (% 71) ere oso erabiliak dira, eta baita e-maila (% 66) ere. Ondoren, gehien burutzen diren ekintzak dokumentuak (musika, bideoak, jolasak, testuak eta beste) jaistea (% 60) eta txatak (% 32) erabiltzea da. Askotan txatek arriskuengatik beldurra ematen digute, baina badirudi bestelako komunikazio tresnak erabiliagoak direla. Mezulariak eta postak komunikazioaren ikuspegitik garrantzi handia hartu dute.
Ikerketa berberak ziurtatzen duenez, Internetek gaztetxoen artean erabilera ugaritzeak hainbat ondorio ekarri ditu. Hala nola, telebista gutxiago ikustea (% 39), gutxiago irakurtzea (% 31) eta musika gehiago entzutea (%49).
Arriskuak
Esan bezala, ikerketak Interneten erabileraren inguruan dagoen ezagutzaz hausnartuko du eta gabeziak zein arriskuak identifikatzen jarraituko du. Orain arteko ikerketen arabera, gurasoak larritu egiten ditu Interneten gaiak, eta seme-alabek egiten duten erabilerak beldurtzen ditu. Europako gurasoen % 18k bere semeak edo alabak sarean eduki ilegala eta kaltegarria aurkitu duela uste du, 2006ko Eurobarometroaren arabera. Iturri horren arabera, gurasoen % 48k Interneten segurtasuna bermatzeko informazio beharra duela sentitzen du, eta kezka hori izan da EU kids online programa sortzearen arrazoi nagusietako bat.
Estatu espainiarra da Portugalen atzetik IKTen kontrolaren inguruan arau gutxien dituen herrialdea. Estatuko etxeen % 32tan jartzen dituzte gurasoek arauak, gehiegizko kontsumoaren, egiten diren kontaktuen eta informazioaren inguruan.Gurasoen beldurrak hiru dira batez ere: haur pornografia (azken urteetan Europan asko ugaritu da haur pornografia eta sexu irudiak/material sexuala gehiago zabaldu da adingabeen artean), ezezagunekin hitzorduak egitea eta Internetez norberaren datuak ematea (telefonoa, helbidea, gurasoen informazioa, kontu korrontea...).
Hitzorduei dagokienez, kultur desberdintasunak faktore garrantzitsuak dira. Adibidez, mundu anglosaxoian ezezagunekiko beldurra nabarmena da, eta Europa hegoaldeko herrialdeetan, ostera, ez hainbeste. Bestalde, hitzorduei buruz mintzo garenean, sarri burura pederastaren irudia datorkigu. Baina ikerketek diotenez, orokorrean gazteak oso positibo agertzen dira elkartze horiekin.
Safer Internet Programme gune babestuago baten alde lanean
Proiektu honek Internet eta online teknologien erabileran adin txikikoei segurtasuna sustatzea du helburu, eta apustu nagusia ondoko galerei aurka egitea da:
- Eduki ilegala (Interneteko eduki ilegalaren % 50 haur pornografiari buruzkoa da).
- Eduki kaltegarria: xenofobia, anorexia eta bulimia sustatzen dituzten orrialdeak, haur /gazte bati eskatu gabe pornografia irudiak bidaltzea…
- SPAM edukia. Posta elektronikora iristen zaigun zaborra.
- Edukiaz gain, Interneten beste erabiltzaile batzuengan aurki ditzakegun jarrera desegokiak (bilatu gabeko kontaktua, jazarpena…).
Orain EU kids online da Safer Internet Programmeren erronka berria. Adin txikikoek egiten duten sarearen erabileraren inguruan egingo den konparatutako lehen ikerkuntza sistematikoa izango da. Jada Europar Batasunean gaia jorratzen duten 200 lan identifikatuta daude, eta horien gainean ere egingo da ikerketa. Herrialde parte-hartzaileen politikak aztertuko dira, eta herrialde bakoitzean Internetek sortzen dituen arriskuak ere konparatuko dira. Arrisku horiek hainbat testuingurutan ulertuko dira, faktore desberdinak alderatuz: kultur desberdintasunak, politika eta araudi desberdinak, eta Interneteko esperientzia positibo zein negatiboak.
Safer Internet Plus Programmek finantzatzen du EU kids online, baina EHUk aztertzeko 18.000 euro jarri ditu estatu espainiarrean landa lana egiteko eta erabileraren inguruko azterketa egiteko.
Etxerako erabilera gomendioak
Arrisku eta beldurrek jarrera ezkorretara eraman gaitzakete, eta Interneten aurrean neurririk muturrekoena hartzera eraman: erabilera debekatzea, alegia. Eta badakigu ez dela debekua izango IKTak erabiltzen jakiten lagunduko duena. Haur bat ez genuke hiri handi batean bakarrik utziko, bada, sarean ere ez. Arriskuak saihesten eta abantailak egoki profitatzen erakusteko, elkarrekin nabigatu beharko dugu.
- Sarri, kalitateari baino gehiago kantitateari begiratzen zaio. Eta Internet erabiltzen den denbora garrantzitsua bada ere, Interneten zertan eta non dabilen are garrantzitsuagoa da.
- Ordenagailua etxean denona den txokoan jartzea onuragarria da. Horrela, errazagoa izango da egiten ari dena gurasoekin partekatzea eta berarekin nabigatzea.
- Nabigatzen lagundu nahi badiogu eta berarekin egin nahi badugu, ez dago gaizki Interneti buruz zertxobait ikastea haurrarekin batera, eta baita haurrarengandik ikastea ere.
- Sareak izan ditzakeen arriskuen inguruan informazioa eman. Datuak eta informazio pribatua ematearen arriskuak, erosketak egiteak ekar ditzakeen arriskuak, txatez ezagututako norbaitekin hitzordua egiteak izan ditzakeen arriskuak, sarean izen eta profil batekin agertzen den norbait agian benetan beste norbait dela jakinaraztea… Informazio hori ematea garrantzizkoa da, berak ere zure beldurrak ulertzeko.
- Berarekin nabigatuz, seguruak diren webguneak aurkitzen saiatu.
- Haurrari bere sentsazioei kasu egiteko esan, eta zerbait gustatzen ez zaionean zure laguntza eskatzea gomendatu.
Tresnak erabiltzen erakutsiz gero, pausoz pauso eskutik eramaten badugu, tresna horien onurak profitatu ahal izango ditu, galerak saihestuz. Arriskuak badaude, bai, baina informazioa emanez eta gaia landuz saihesten dira arriskuak gehienetan.
Zer da web 2.0?
Gorka JULIO
Informatika ingeniari teknikoa, Elurnet enpresako langilea
Interneten gero eta gehiago entzuten den hitz honen esanahia zein den, zer adierazi nahi den edota zer ulertzen den azaltzen saiatuko gara artikulu honen bitartez. Blogak, wikiak, jarioak eta beste hainbat tresna barneratzen dira hitz horren azpian, baina gehiago ere bada.
Jatorria
Web 2.0 hitza Tim O'Reillyri dagokio jatorriz, bera izan baitzen hitzaren sortzailea. Interneten agertzen ari diren joera berri asko barneratzen saiatzen zen hitz horren bidez. Honek bere web 2.0 definizio laburra izeneko artikuluan hau adierazi zuen: “Garrantzitsuena edukien etengabeko eguneratzea, hainbat lekutako edukiak nahasteko aukera eta erabiltzaileen parte-hartzea dira”. Sarea plataforma bezala aurkezten duen garai berria ere aipatzen du O'Reillyk.
Teknologia multzo bat baino gehiago
Interneteko erabiltzaileak ikusle hutsak izatetik parte-hartzaile izatera pasatzeko aukera handiagoa dute web 2.0k eskaintzen dituen tresnei esker. Web 2.0k, beraz, teknologiaz gain jarrera aldaketa batzuk ere bultzatu ditu:
- Ikusle izatetik eduki sortzaile izatera jauzi egiten laguntzen du.
- Elkarrekintza eta parte-hartzea bultzatzen ditu.
- Eduki horiek nahastu, trukatu, zabaldu eta jarioen bidez sindika daitezke.
- Erraza, erabilgarria eta irekia denez, edukiak azkar eguneratzen eta ugaltzen dira.
- Erabiltzailea tresnaren parte bilakatzen da, eta etengabe ikasten eta hobetzen du.
Web 2.0 aplikazioak hezkuntza alorrean:
- Ikasleak teknologia berrietara hurbiltzeko era dibertigarria, sinplea eta eraginkorra izan daiteke.
- Oso tresna onak izan daitezke hizkuntza idatzia zein komunikazio ahalmena hobetzeko.
- Ikasleen analisirako eta kritikarako gaitasunak indartu ditzakete, baita irakasgaian parte-hartzea ere.
- Ikaskideen arteko erlazioa sendotzeko balio dute eta ikasleen eta irakasleen arteko elkarrekintza indartu dezakete.
- Unibertsitate, eskola edo ikastola ezberdinen arteko harremanak ahalbidetzeko tresna egokiak izan daitezke.
- Sindikazioari esker informazioaren aukeraketa propio bat egiteko aukera ematen da. Aukeraketa horri esker, balio kritikoak eta pentsamenduaren garapena sustatu daitezke.
Tresna ugari
Ikasketa prozesua etengabe aldatzen ari da, edo hala behar luke. Etengabeko aldaketa horretan tresna eta dinamika berriak sortzen ari dira etengabe. Hor kokatzen dira Web 2.0ri buruzko hainbat tresna eta hezkuntzan egiten den erabilera.
Blogak
Blog bat (weblog edo bitakora), kronologikoki alderantziz ordenatutako idazpenez osaturiko webgune bat da; idatzitako azken mezua lehenengo agertzen da bertan.Beste ezaugarri batzuk:
- Kudeatzeko eta mezuak sortzeko oso era sinplea da.
- Mezuetan iruzkinak egin ditzakete bisitariek, elkarrekintza handituz.
- Sortutako informazioa jario bitartez jasotzeko aukera dago.
- Pasa diren mezuak artxibategi batean ordenaturik gordetzen dira.
- Mezuak atal edo etiketen bitartez sailka daitezke.
- Estekak gordetzeko zerrenda bat egon ohi da (Blogroll).
Euskaraz blogak sortzeko doako tresnak baditugu, Blogari.net, Blogak. com, eta Mundua.com, adibidez. Blogak erabilera askotarikoak eduki ditzake ikastetxean:
ikasleen arteko komunikazioa bultzatu, irakasle eta ikasle arteko komunikazioa ahalbidetu, egiten diren ikerkuntzak edota esperientziak trukatu eta abar.
Jarioak
Sindikazioa jario izeneko fitxategi batzuekin lotuta dago. Jarioak apaingarri gehiegirik gabe asko eguneratzen diren webgune eta Internet zerbitzuen informazioaren edukia jasotzen duten fitxategiak dira. Informazio hori lortzeko fitxategi horretara harpidetu behar dugu, eta harpidetza hori jario irakurgailuen bitartez egiten da. Euskaraz dagoen jario irakurgailu bat Alesti.org da. Hala ere, askoz jario irakurgailu gehiago daude, horietatik erabiliena Bloglines.com.
Normalean fitxategi horiek blogekin erlazionatzen dira, horiek izan baitira sistema honen zabaltzaile nagusiak. Esan daiteke ia blog guztiek erabiltzen dituztela eta, beraz, beraien mezuak harpidetza bidez jasotzeko aukera ematen dutela.Jarioen bidez guretzako interesgarriak diren informazioetara harpidetu gaitezke, gure kide edo lankideek idazten dutena ezagutu, edota zenbait gertakariren alertak jaso. Hori dena informazioa eguneratzen den mementoan, bertara zuzenean joan gabe.Era berean, jarioen bidez audioa eta bideoa ere zabal daiteke. Horri podcast eta vidcast deitzen zaio.
Wikiak
Wiki hitza wiki wiki hawaiiar hitzetik dator, eta azkar esan nahi du hizkuntza horretan. Erabiltzaileek era partekatu, modu erraz eta azkarrean edukia sortu, aldatu eta ezaba dezakete mota horretako dokumentuetan.
Wikien beste ezaugarri batzuk:
l Hainbat pertsonak batera edita dezakete dokumentu bat.
- Dokumentu horrek jasandako aldaketa guztiak gordetzen dira eta berreskura daitezke.
- Editatzen errazak eta azkarrak dira.
- Aldatzen ari bada ere, edizio arau berezi batzuk erabiltzen dituzte edizio prozesua errazteko.
- Normalean, sortutako dokumentuetan bilaketak egiteko aukera dago.
Wikien erabileraren adibide ezagunenetako bat Wikipedia.org da. Bertan munduko milaka boluntariok entziklopedia libre bat sortzen laguntzen dute.
Horretaz gain, wikiak sortzeko doako tresna asko dago, adibidez Wikispaces.com.
e-Learning plataformak
Moodle bezalako plataformak online ikastaroak emateko plataformak dira. Horien bidez online ikastaroak, ikastaro lagungarriak eta hainbat komunikazio mota gauza daitezke.
Egin daitezkeen gauzen artean zereginen esleipena, inkestak, foroak, galdetegiak, txat-gelak, glosategiak, wikiak eta abar daude, dena tresna berean integraturik.Adibide bat Ikastaroak.net tresna izan daiteke, non zenbait ikastaro ematen diren, edota Jakintza Ikastolak denon eskura jarri zuen Moodle bidezko EGA ikastaroa.
Sare sozialak
Sare sozialen bidez komunikazio sare bat sortzen da. Parte-hartzaileak bere espazio propioa du eta besteekin trukatu nahi duen informazioa zehazteko aukera dauka.
Horretaz gain, parte hartzen duten beste erabiltzaileekin harremanetan jartzen da, pareko ezagutzak dituztelako, interes bertsuak dituztelako, gai jakin bat interesatzen zaielako, eta abar; ezagutza eta informazio trukerako komunitate bat eraikitzen dute horrela.
Ikasketa prozesu indibidualaz gain, beste pertsonekin harremanetan jartzean, loturari, harremanei eta parte-hartzeari esker bere ezagutzak hobetzeko eta zabaltzeko aukera dauka erabiltzaileak.
Era honetako sare sozial bat laster kaleratuko den Zutagu.net da.
Ondorioak
Ezinbestekoa da gure eskola, ikastola eta unibertsitateetan joera horiek barneratzen hasi eta olatu berri horrek dakartzan gauza onak geureganatzea. Parte-hartzea, elkarlana, informazio trukea, ezagutzaren hedapena denon onerako dira eta tresna horiek joera horiek bideratzeko erraztasun handiak ematen dituzte.
Teknologia horien guztien atzean ez dago ideia teknologiko soil bat, hezkuntza ireki eta parte-hartzaileago baterako urratsak emateko tresnak dira. Hezkuntzaren inguruan dabiltzan pertsona askok zailtasunak ikus ditzakete bide horretan, baina probatzeko, saiatzeko, jolasteko deia egin nahi diet guztiei. Horretarako aukerak ez zaizkizue faltako, doako tresna ugari baitago probatu nahi duenarentzat. Gero gerokoak, baina lehenengo pausoak egiteko aitzakiarik ez dago.
Web 2.0 filosofia Jakintza ikastolan,
Aukera berriak eskolarako
Jakintza ikastolan bada IKTeroak izena duen irakasle talde bat. Ikastetxean IKTen dinamizazioaz gain, urrun joan dira eta egun, ikasleekin nahikoa ez eta, beste irakasle ugari prestatzen ere badihardute. Web 2.0 delakoak eskolan izan dezakeen erabilpenaren berri eman dute, eta oihartzuna izan du. 2006ko Argia saria jaso dute beste hainbat sariren artean. Maite Goñi IKTeroak Euskara ikasgaia lantzeko hamaika baliabide sortu ditu, eta denen eskura jarri ditu.
Nola sortu zen Jakintza ikastolan IKTekiko interes berezi hau?
Azken urteetan bagenuen halako kezka bat. Ordenagailuak nonahi daude, baina zerbait desberdina egin nahi genuen, benetako erabilera eman nahi genien, eta hala sortu zen IKTeroen taldea. Ikastolan IKTen dinamizatzailea dugu, eta IKTen curriculuma lantzeko irakasle taldetxo bat osatu beharra zegoela ikusi zuen. Hasieran gauza xumeetatik hasi ginen; adibidez, ospakizunetako argazkiak deskargatu eta gurasoei DVDan oparitzen eta halakoak egiten. Duela bi urte, IKTen dinamizatzaileak baja hartu zuen, eta tarte horretan Interneten ikertzen ibili zen, eta blogak ematen dituen aukerak aztertu zituen.
Hala, hiru blog egin genituen helburu desberdinekin: dinamizatzaileak Fisikako bloga, nik Euskarako bloga eta, gero, IKTeroen bloga. Gure ezusterako, kanpoko jendea idazten hasi zitzaigun, egiten ari ginena interesgarria zela esanez. Ordutik hona hamaika gauza egin ditugu. Konturatu ginen Web 2.0 delakoak (gaur egun eztabaida ugari sortu duen terminoa) edo Internet berriak baliabide mordoa ematen zizkigula, hezkuntzarako oso aproposak direnak: wikiak, webquestak, blogak, informazio iturriak kudeatzeko tresnak,… denon eskura eta doan daudenak. Esperientzia batzuk beste batzuk baino arrakastatsuagoak izan dira, baina argi dugu bidea hori dela. Horregatik, haurrak txiki-txikitatik tresna horietan trebatzeko beharra ikusi genuen.
Nolako tresnak erabiltzen dituzue ikasgelan?
IKTerook IKT plana diseinatu, ezarri eta dinamizatzen dihardugu egun eta, esan bezala, helburua haurrak txikitatik digitalki alfabetatuak izatea da: tresna berrietan eta tresna berri horien erabilera egokian hezi nahi ditugu. Alde batetik, informazio esanguratsua lortzeko bide diren Delicious, bloglines eta horrelako tresnak erabiltzen hasi gara. Autonomia bultzatzen dute tresna horiek, izan ere, irakaslea izan ohi da informazio iturri bakarra askotan eta hori saihestu nahi dugu. Tresna hauek egokiak izan daitezke sarean informazioa aurkitzen ikasteko, informazio hori modu egokian eraldatzeko, balioesteko… 11 urteko haurrak jada jario biltzaile horiekin ari dira lanean. Bestalde, blogak, podcastak, webquestak, wikiak eta horrelako tresnak ere erabiltzen ditugu… Pentsa, nire ikasgaiko ordu guztiak ordenagailu gelan egiten ditugu eta tresna horiek baliatzen ditugu euskarako curriculuma lantzeko.
Nola erabiltzen duzu Web 2.0 Euskara ikasgaian?
Galdera horri erantzuteko, ibilbidea zein izan den aipatu beharko nuke. Ni neu arduratuta nenbilen ikasgaiarekin. Euskara ematen diet Batxilergoko gazteei.
Unibertsitatean sartzeko proban eskatzen dena, nola esan, ez da bereziki zaila eduki aldetik: erdi mailako testu bat ulertu dutela frogatzea, gaia ateratzea, laburpena egitea, testu bat idaztea… Ikasleei iruditzen zaie badakitela hori egiten, eta ez zioten gaiari behar besteko garrantzirik ematen, ez Matematikari edo Fisikari ematen diotena bezainbeste, behintzat. Beraz, euskararekiko jakin-mina, motibazioa eta jarrera aldaraziko zituen pizgarri baten bila nenbilen. Eta honekin hasi ginenean, IKT taldeko beste bi kideek, Jokinek eta Mikelek, blogarekin hastera animatu ninduten.
IKTak euskararekin ongi uztar zitezkeela pentsatu nuen.
Astean hiru ordu eskaintzen dizkiogu Euskara ikasgaiari, eta hirurak ordenagailu gelan. Euskaran erabiltzen dugun blogaren izena euskaljakintza da, eta ikasleek egunero argitaratzen dute euskarazko artikulu bat bertan. Lehen idazlana egiten zuten, nik zuzendu eta akatsak behin eta berriz errepikatzen zituzten. Orain, ordea, bloga publikoa denez, arduratsuago jokatzen dute. Nik zuzenketak bidaltzen dizkiet, eta beraiek egiten dute testuaren autoebaluazioa, ea gustura gelditu diren, ea zerbait gehiago esan nahi zuten, informazio gehigarri egokia eman duten…
Gustatzen zaie kazetari paperean jardutea eta blogean idaztea. Badakite jendeak, irakurtzeaz gain, iruzkinak bidal ditzakeela. Eta horrek ilusioa egiten die. Adibidez, lehenengotariko mezu batean Julen Gabiriari buruz idatzi genuen, eta berak erantzun zigun. Halako gauzek grina pizten dute ikasleen artean, motibazioa asko igotzen dute.
Blogak aukera pila bat ematen ditu, oso baliagarriak dira bereziki hizkuntzak lantzeko. Esaterako, blogaren alde batean euskaraz idazten laguntzeko sareko baliabideak bildu nituen: zuzentzaileak, hiztegiak, sinonimoak… eta horrek ere asko laguntzen die sortzeko garaian.
Horrez gain, nik garbi daukat ez ditudala ikasle pasiboak nahi, ikasle aktiboak eta gizarteari zerbait eskainiko diotenak nahi ditut. Blogak horretarako ere ezin aproposagoak dira. Gauzak horrela, gure material propioa sortzeari ekin genion. Elkarreragiteko aukera itzela da. Ariketa sortzaile ugari eskaintzen dizkigu sareak (Hot potatoes, Content Generator, Ardora…) eta tresna horiek erabiltzen ditugu gure ariketak sortzeko. Adibidez, ortografia lantzen ari bagara, fitxa bat hartu, fotokopiatu, bakoitzak berea egin eta zuzendu ordez, beraiek dira tresna horiekin ariketak sortzen dituztenak. Prozesua konplexuagoa da eta, aldi berean, sortzaileagoa, burua martxan jartzeko aukera ona ere bada. Jarduerak sortzeko, lehendabizi, ondo jakin behar dute gaia, araua edo dena delakoa; ondoren, begiratu eta kontsultatu beharra daukate, ea zerbait ongi edo gaizki dagoen. Azken finean, hausnarketa eskatzen die prozesu guztiak. Nik eurak egindako lanak zuzentzen ditut, eta denen eskura jartzen ditugu. Bi urte hauetan ariketa asko egin ditugu: EGAko sinonimoak, esamoldeak, ortografia lantzeko ariketak, Euskaltzaindiaren arauak… Asko ikasten ari gara denon artean. Gure ikastolan bertan ikasle gazteagoek guk sortutako ariketak egiten dituzte. Beste irakasleek esaten didate osagarri gisa erabiltzen dituztela, eta ondo daudela, berehalako zuzenketa jasotzeaz gain, bakoitzak bere erritmora egin ditzakeelako. Guretzat, zalantzarik gabe, hori entzutea oso pozgarria da. Egia esan, ez dago sarean horrelako ariketa askorik euskara lantzeko, eta konturatuta gaude kanpotik ere jende ugari sartzen dela horien bila, EGA prestatzeko, batik bat.
Bestalde, zenbait lanketa egiteko wikiak ere erabili ditugu. Wikiak taldeko lanak egiteko baliabide apartak dira. Orain arte word edo powerpoint bezalakoekin egiten genuen lan, baina horiekin ezin da kolaborazioan lan egin; wikiekin, aldiz, bai. Wikiak, blogen antzera, sareko tresnak dira. Interneteko konexioa dagoen edozein tokitatik edita daitezke eta, horrela, taldeko kide guztiek dokumentu beraren gainean egin dezakete lan, ikastolan nahiz bakoitzak bere etxean. Ikasle bakoitzaren ekarpena gordeta gelditzen da, eta hori oso interesgarria izan daiteke irakaslearen ikuspuntutik. Orain arte, irakasleok talde lanetan ez genuen jakiten oso ondo nork zer egiten zuen, baina mota honetako tresnek irakasleari informazio ugari ematen diote: nork editatu duen, noiz, zein aldaketa egin dituen… Guk, besteak beste, literatura lantzeko erabili dugu. Apunteak nik emanez landu beharrean, nik jarraibide batzuk eman ondoren, beraiek sortu dituzte, wikiak erabiliz. Horrek talde lanean zereginak hobeto banatzeko joera areagotu du. Bestalde, wikiak erabiliz istorio elkarreragileak ere sortu ditugu. Hau da, nik istorio baten hasiera ematen diet, eta beraiek testu hori editatu eta jarraitu egin dute (hori eskolako ordutik kanpo egin dugu). Egia esan, aukera mordoa eskaintzen dute wikiek: aberatsa, benetan, tresna hauekin lor daitekeena. Wikipediarekin ere ari gara lanean. Euskaraz ez zeuden hainbat testu itzuli dugu, eta horrekin, euskal wikipedia, eta orokorrean sarean euskararen presentzia, zabaltzen lagundu nahi izan dugu. Badakite beraien lanak oihartzuna duela eta ekarpen bat egiten ari direla, eta horrek ere motibatu egiten ditu.
Aurrera eraman ditugun lanketekin jarraituz, iaz oso esperientzia interesgarria izan genuen DBH 1eko ikasleekin. DBH 1eko ikasle bakoitzak blog bat sortua zuen Informatikako orduetan, eta artikuluak idazten hasiak ziren. Ohartu ginen tresnari zukua ateratzen ziotela, baina euskarari ez ziotela gehiegi erreparatzen euren idatzietan. Orduan, euskaljakintzako ikasle bakoitza DBHko baten kargu egin zen, eta ikasle horrek, bere blogean ezer argitaratu aurretik, besteari bidaltzen zion zuzentzeko. Batxilergoko ikasleak testuak zuzentzeaz gain, hobetzeko aholkuak bidaltzen zizkion. Irakasleok dena gainbegiratu genuen, lan handia izan zen, baina ikasleak motibatzeko modu bat izan zen. Alde batetik, txikienak gehiago idazten hasi ziren eta, bestetik, zaharrenak asko ikasi zuten zuzenketak eginez.
Zer abantaila ekarri dituzte sareak eta horrek eskaintzen dituen tresnek?
Ikasleekin komunikazioa izugarri areagotu da. Adibide bat jartzearren, Googlek jakintza.net helbidea eman digu, eta 800 kontu edo e-posta irekitzeko aukera dugu. Une honetan ikastolako ikaskide gehienok norberaren izen-abizenekin jakintza.net posta daukagu. Nire ikasleen artean, denok denon helbidea dakigu. Guk badakigu noiz dauden konektatuta, orduz kanpo txateatzen dugu, zalantzak galdetu eta argitzen ditugu… Bakarren bati hori gehiegizkoa irudituko zaio, baina norberak ipin ditzake mugak. Niri, behintzat, gaiaren lanketa eta harremanen esparrua eskolako hiru orduetara ez mugatzea garrantzitsua iruditzen zait.
Lehen aipatu dugunez, ikasleak digitalki alfabetatzea da gure helburua. Nire ustez, txikitatik tresna horietara ohitzen badira, etorkizunean maila politarekin aterako dira. Azken finean, gu etorkin digitalak gara, ikasten eta egokitzen ari gara. Bitartean, beraientzat berezko tresna izango da. Eskaintzen dizkigun aukerak izugarriak dira, eta horiek erabiltzen jakin behar dugu.
Irakaslearen papera ere aldatu da. Orain arte, tresna tradizionalagoekin, irakaslea izan da zuzentzen zuena, ondo edo gaizki zegoela zioena, ebaluatzen zuena, informazioa ematen zuena… eta orain bitartekari eta ikasketa prozesuan gidari bihurtzen ari da. Nire ustez, baliabideak eskaintzera eta ikasketa prozesua gidatzera eta zuzentzera jo beharko genuke, pixkana-pixkana. Tresna hauek autonomia susta dezakete, ikaslea bere egitatearen jabe eginez.
Zer jarrera dute ikasleek aldaketa horien aurrean?
Ikasleek, orokorrean, guk uste baino erraztasun handiagoa dute halako tresnetara ohitzeko, baina dena ez da hain erraza izan. Hasieran, Interneti buruz guk uste baino gutxiago zekitela konturatu ginen. Messenger eta kito! Mezuak erdi distortsionatuta eta modu motzean bidaltzen zituzten, ohitura zehatz batzuk hartuz. Orduan, beraien eremuan sartzen baina zurea irabazten saiatu behar duzu.
Iaz, hasieran, ikasleak pixka bat eszeptikoago zeuden, baina oso jarrera onarekin. Pausoak aurrera eman eta blogak oihartzun handiagoa izan ahala, errazagoa izan da niretzat euren konplizitatea lortzea. Bere egiten dute eta zerbait garrantzitsua dela sentitzen dute.
Beraz, jarrerari dagokionez, esan beharra daukat orokorrean oso jarrera ona azaltzen dutela. Dena den, aurten 25 ikasle dauzkat, bakoitza ordenagailu batekin lanean. Beraz, batzuetan zoramena ere sortzen da.
Bukatu berri dugun bigarren ebaluazioan, adibidez, ahozkotasuna landu dugu audioblogen bitartez. Bakoitzak bere grabazioak egiteko horrelako blog bat sortu du. Zoritxarrez, arazo tekniko ugari izan ditugu, berez erraza zena zail bihurtu da une batzuetan, arazo horiek izan ditugulako, baina jarrera ona azaldu dute arazo horien aurrean, eta hori ere eskertzekoa da.
Zein da gurasoen jarrera?
Jarrera askotarikoak daude. Orokorrean ez da arazorik izan, gehientsuenak dituzte ordenagailuak eta Interneteko konexioa etxean. Dena den, hainbat gurasok ez du ordenagailua erosi nahi edo ez die uzten seme-alabei konektatzen, gustuko ez duten hainbat joera ikusten dutelako: txata, messengerra… eta horiekin denbora asko galtzen dela.
Nire uste apalean, ezin dira begiak itxi. Autoak arriskutsuak direlako ezin gara asto gainean joan. Hau da, aztertu egin behar dira onurak eta galerak eta, batez ere, hezi egin behar ditugu ikasleak, tresna hauen erabilera arduratsua egin dezaten. Gaur egun ikasle batek ez badu Internet bere esku, digitalki atzeratzen ari da. Gurasoen eta irakasleon lana da adi egotea, zer egiten duen eta zer ez jakitea, sareari zer erabilera ematen dion aztertzea … baina, batik bat, beste arloetan bezala, egoki erabiltzen irakasteko xedez. Ez debekatu ikustea, begiratzen erakutsi. Beste gauzekin bezala _telebista, bideo-jolasak, telefono mugikorra_, kontuz ibili behar da, ohitura txarrak hartzen baitira askotan, baina, horretarako, garrantzitsuena erabiltzen erakustea da. Arriskuak beti daude, baina telebistan arratsaldez ikusten dituzten saioak ere arriskutsuak izan daitezke haurraren heziketarako. Horretarako ere prestatu egin behar ditugu.
Bestela, orokorrean gurasoak ikastetxeanegiten denari buruz duten iritzia ikasleek etxera eramaten dutena da. Gure hurrengo dema gurasoak digitalizatzea da, ikastolan egiten dugunari buruz hitz egitea, Web 2.0 edo Internet berria zer den azaltzea. Izan ere, zaila da ikasturteko lehen bileran gauza guztiak azaltzea. Beraiek badakite gure lehentasunen artean IKTak lantzea dagoela, eta horretan dihardugu oraintxe bertan buru-belarri. Jada saio batzuk prestatu ditugu honen guztiaren inguruan gurasoentzat, eta hemendik oso gutxira egingo ditugu. Guretzat ezinbestekoa da gurasoek egiten ari garena ulertzeaz gain, beraiek ere bidea hauxe dela sinestea. Gure ikastolan oso garrantzitsua izan da beti gurasoen iritzia, eta arlo honetan ere pentsatzen dutenari garrantzi handia ematen diogu.