Kronika

2007-05-02
 
 

Madrilgo Hezkuntza Ministerioa Batxilergorako Dekretua prestatzen ari da LOEren barruan, eta apirilaren 24an bildu zen autonomia erkidegoetako arduradunekin bere proposamena eztabaidatzeko.

Dekretuak proposatzen duen aldaketa nagusiena zera da: Batxilergoko lehen mailan lau irakasgai gainditu gabe utziz gero, ez luketela orain bezala ikasturte osoa errepikatu beharko, baizik eta bigarren mailara pasa eta gainditu gabeko irakasgai horiek soilik errepikatu. Horrela, lehen mailako gainditu gabeko ikasgai horiek eta bigarren mailako beste zenbait izango lituzkete.

Nafarroako Gobernua proposamen horren kontra agertu da: ez du uste egokia denik lehen mailako lau irakasgai gainditu gabe utzi eta bigarren mailara pasatzea. Horregatik, gainditu gabe aurrera egin daitekeen edo ez zehazteko eskatu dio Hezkuntza Ministerioari.

 

Denak ez daude gustura Nafarroako Gobernuaren0-3 dekretuarekin

Nafarroako Gobernuak 0-3 urteko Haur Hezkuntza arautzen duen dekretua onartu zuen martxoaren 26an. Hemendik aurrera dekretuak zehazten dituen baldintzak bete beharko dituzte haur eskolek legearen babesa izateko. Nafarroan dauden 123 haur eskolek hiru urteko epea izango dute horretarako.

Dekretuak onartzen du modu askotako zentroak daudela, baina hezkuntza proiektua dutenak soilik arautzen ditu. Aisialdirako direnak eta izaera asistentziala dutenak dekretutik at gelditzen dira.Zentroek bete behar dituzten baldintzei dagokienez, hauek aipatzen dira: Haur Hezkuntzako lehen ziklo osoa edo gutxienez urtebete eskaintzea, hamasei aste baino gutxiagoko haurrak ezingo dituzte hartu, Haur Hezkuntzako prestakuntza dutenak izango dira hezitzaileak, gutxienez hamaika hilabete egon beharko dute zabalik eta haurrak gehienez zortzi ordu egon ahal izango dira. Ratioei dagokionez, 0-1 urtekoentzat 8koa, 1-2 urtekoentzat 12koa eta 2-3 urtekoentzat 16koa da.Nafarroako hainbat hezkuntza eragilek ez dituzte ongi ikusi zenbait baldintza, besteak beste, ratioena. Batzuek kopurua txikiagoak eskatu dituzte, eta beste batzuek adin tarte txikiagoak egiteko. Ludotekak eta horrelakoak ere dekretutik kanpo uztea krititatu dute zenbaitek. Eta baita euskarari buruzko aipamenik ez egitea ere.Aipatzekoa da Iruñeko Udalak onartu duela Donibane auzoko Jose Maria Uharte eskola publikoko beheko solairuan haur eskola egitea. Gaztelaniazko eta ingelesezko haur eskola izanen da. Iruñean hizkuntza horiekin irekiko duten hirugarren zentroa izango da eta euskarazkorik ez du batere ireki azken urteotan, nahiz eta euskarazkoanahi duten gurasoen kopuruak gora egin. Horregatik, Haur Eskolak Euskaraz plataforma osatu dute zenbait gurasok eta apirilaren 19an, Iruñeko Udalaren legegintzaldiko azken osoko bileran mozio bat aurkeztu zuten. Azpilagañako haur eskolako hizkuntza eredua aldatzeko eta kudeaketa pribatua publiko bilakatzeko eskatu zuten, oposizioko talde guztien babesarekin.

 

Euskarazko irakaskuntzarentzat baliabide gehiago eskatu zituzten bi mila lagunek Baionan

Hiru Saretak deituta eskola giristinoetako, eskola publiko elebidunetako eta ikastoletako ikasleak, gurasoak eta irakasleak bildu ziren apirilaren 7an Baionan egin zen manifestaldian. Eguraldi onarekin, giro apartarekin eta guztiak elkarrekin aldarrikatu zuten euskarazko irakaskuntzak baliabide gehiago behar dituela. “Elkarrekin euskararentzat” izan zen hasierako pankartako lelo nagusia, eta horixe da hain zuzen ere Hiru Saretaren ezaugarrietako bat: hiru sareak biltzen dituen erakundea da, eta helburu batekin elkartu ziren: Hezkuntza Ministerioaren aurrean elkarrekin aldarrikatzea euskarazko irakaskuntzaren beharrak.

Pankarta nagusiaz gain, aldarrikapen gehiago ere irakur zitezkeen manifestazioan: “haur gero eta gehiago, eta postu gutiago”, “ikasle elebidunak, baina ez haur erdiak. Irakaskuntzaren beherapenik ez”, “kasu, ikastola kexu”, “prest zara gela ixteak onartzeko?”...Eskola publikoan euskarazko irakasleak klandestino gisa hartzen direla salatu zuten Hiru Saretako eledunek. “Administrazioaren ikuspuntutik euskarazko gelak ez dira kontatuak eta euskarazko irakasleek ez dute bozkatzeko eskubiderik eskola kontseiluan. Egiazko diskriminazioa bizi dute”.“Herritarren berdintasunaren izenean jokatzea aitzakiatzat hartuta, Ministerioak euskararen aldeko irakaskuntza ahalak murrizten” dituela ere salatu zuten. Nahiz eta Ministerioak “akats gabeko engaiamendua” edo “pedagogi berezitasun baten kontuan hartze egiaztatua” adierazi, 2007-2008ko Eskola Kartak ez duela hori islatzen ere salatu dute. Behar diren irakasle postuak ez ditu ematen, eta beraz, euskarak galtzeko duen arriskua areagotu egiten du.Manifestaldia EEP Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzaren aitzinean amaitu zen, erakunde horri “euskarazko irakaskuntzari begira dituen jarrerak baiesteko” eskatzeko.Baionan bildutako guztiek garbi dute euskararen irakaskuntzari zor zaion tokia segurtatuko duen hizkuntza politika eraginkorra bideratu behar dela.

 

EAEko irakaskuntza pribatuan 2006 eta 2007 urteetako lan hitzarmena sinatu dute CCOO, EILAS, ELA eta UGT sindikatuek Kristau Eskola eta AIC patronalarekin.

LABek orandik ez du behin betiko erabakia hartu. Hitzarmen horretan EAEko 12.000 langileren lan baldintzak jasotzen dira. Besteak beste, honako hauek: Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. zikloko irakasleen lan baldintzak parekatu egingo dira; urtero hamar lan ordu gutxiago izango dituzte; eta urte sabatikoa eskatzeko aukera izango dute. DBHko bi zikloetako irakasleenak hurrengo urteetan eztabaidatzea adostu dute.

Irakaskuntza publikoan, aldiz, oraindik hitzarmenik lortu gabe dabiltza. Are gehiago, lau greba egingo dituzte maiatzaren erdialdera: maiatzaren 15ean Gipuzkoan, 16an Araban, 17an Bizkaian eta 24an hiruretan. Unibertsitate aurreko hezkuntzako langileen % 75 ordezkatzen duten EILAS, ELA, LAB eta UGTk egin dituzte deialdiak, Hezkuntza Sailarekin akordiorik ez dutelako lortu.Sindikatuek honako eskari hauek egiten dituzte: Hezkuntza Sailak bertan behera utzitako egonkortasun hitzarmena berriro indarrean jartzea, irakasleen eros ahalmenari eustea, lan eskaintza publikoa atzeratzea, langile mota berriak sortzea beharrei erantzuteko, gaixotzen diren irakasle guztiei ordezkoak jartzea, 55 urtetik gorakoek gelan ordu gutxiago pasatzea eta ratioak jaistea.