Zein balio landu beharko liratekeen adostu beharko genuke denon artean

2007-05-02

Eskolan balio batzuk bultzatu eta lantzen dira. Komunikabideetan beste batzuk. Askotan kontrajarriak. Eskizofrenia moduko giroan murgiltzen ari gara gure haur eta gaztetxoak.

 
 

“Euskal herritar orok hezkidetzan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea du; hots, parekidetasuna lortzeko didaktikan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea.” Horrela dio Hezkuntza Akordioaren 4. hezkuntza eskubideak.

Datorkigun galdera honako hau da: hezkuntza eskolan bakarrik eskaintzen al da? “Ez horixe!” -erantzuten dugu berehala.
Gaur egun, egiari zor,  komunikabideak, informatika, zinea, aisialdia, jolasak, abestiak eta abar balioen transmititzaileak dira eta heziketa gune garrantzitsuak dira, gainera.
Kataluniako Ramon Llull Unibertsitateko komunikazio irakasle talde batek egindako nerabeei zuzendutako telesailen ikerketa batean zera ondorioztatzen da: “Maitasunaren mitifikazio gaizto bat gertatzen  dela maiz”.
Neska eta mutilen maitasun estereotipo berberak  errepikatzen dira behin eta berriz. Ondorengo hauek nagusiki:
- Jeloskortasuna erabiltzen da maitasunaren neurgailu gisa: zenbat eta jelorkotasun agerpen handiagoa, orduan eta maitasun handiagoa.
- Bikotekide ideal bat daukagu zain, eta maitasun perfektua existitzen da.
- Mutilek sexua baino ez dute buruan; neskak oso sentiberak dira.
- Mutilak nekez maitemintzen dira. Neskak, ordea, oso erraz.
- Mutilak berekoiak dira; beren buruaz baino ez dira arduratzen. Neskak prestuago daude maitasun harremanetarako.
- Neskak mutilak baino helduagoak dira.
- Mutilak umeak bezalakoak dira, eta bikotekideak amarena egiten du.
- “Maitatzea gauzei uko egitea eta sufritzea da”, diote neskek.
- Neskak erromantikoagoak dira, bikotekidea idealizatzen dute.
- “Denak berdinak zarete”, esaten dute sarritan.
Ez al dugu esaten, bada, kontrakoa landu behar dela eskoletan ? Hau da, bakoitzaren izaera errespetatzea eta bakoitzaren ahalmen guztiak garatzen ahalegindu behar dugula?
Gaur egun, eskolan lantzen diren balioek garrantzia dute, baina gizarteko beste esparruetatik zabaltzen direnekin kontrajarriak direnean zailtasunak sortzen dira koherentziaz hezteko.
Eskolan elkartasuna, eskubide berdintasuna, hezkidetza, parte-hartzea, pertsona eta herriekiko errespetua, kritikotasuna, identitatea eta abar lantzen ari bagara eta komunikabideetan, aldi berean, bortxakeria, dirua, boterea, norbanakotasuna, garaile izatea eta abarrek baldin badute garrantzia, eskizofrenia moduko giroan murgiltzen ari gara gure haur eta gaztetxoak.
Eta, zein izan litekeen soluziobidea? Esparru desberdinetakoen artean zer balio indartu beharko genituzkeen adostu beharko genuke. Bestela, arazoen aurrean, alferrik izango da eskolari begiratzea!