Doltzaren desditxa

2007-10-01
 
 
Aireak harrotu egiten zuen belarra, eta kilkerren kantuak airea harrotzen zuen. Bere gurdian iristen ari zen Doltza, apur batean geratu eta laster alde egiteko, zerumuga deika baitzuen beti.
Kontalaria zen Doltza, eta liburu bat bezalakoa zen haren memoria. Horregatik estimatzen zuen papera, eskas baitzebilen, komentuetan eta jaun eskribauen artean ez bazen. Paper faltan, pago eta haltzen hostoak batzen zituen berak, ihartzen ipini, eta gero, orratzarekin, ikur bana egiteko, zela eguzkia, zela ilargia, zela eraztun bat edo koroa, lamiaren oina, herensugea edo gurutzea, arraina, begia edo suzko bola. Ikur horiek laguntzen zioten lehendik ikasitakoa eta unean ikasi berria oroitzen.
Jende aldra bat zetorren zelaira, ezpalak eta trapuak eskuetan. Doltzaren berbaldia entzun eta gero, sua piztu zuten. “Artoak, gariak, gorde, gorde. Sorginak, sasiak, erre, erre” esan zuten irrintzika, eta suaren inguruan egin zuten dantzan. Halaxe behar zuen gau hartan.
Dantzan zebilela, Johannes grabatzailearengana joan zitzaion gogoa Doltzari, beronen oinek ihintzez bustiriko lurrean urratsa inprimatzen zuten lez, Johannesen berunezko xaflatxoak ere bizkor dantzatu eta letren markak uzten baitzituzten paperean. Maguncian erakutsi zion lagin bat, hatz-mamiak beti masusta-urez bezala belztuta izaten zituen lagun hark:
- Bibliaren berrogeita bi lerro dira. Laster, sormena, eskuz ez ezik, asmakari hau medio isuriko da liburuetara.
Gero, loak hartu zen Doltza. Ametsetan hareazko erlojutzar bat ikusi zuen, zeinaren barruan liburuak biratzen ziren alde batetik bestera. Baziren kolore bakarrekoak eta kolore askotakoak; baziren lerroak, zenbakiak, geziak, letra xehe nahiz larriak zituzten liburuak; baziren ez soilik latinezkoak, baizik eta euskarazkoak, eta beste mintzaira askotakoak, denak arrotzak bezain ederrak; baziren milaka liburu zehatz bezain ulergaitzak, mila ispilutan islaturiko mila harribitxi bezain asaldagarriak.
Halako batean, esnatu zelarik, Doltzak pisutsu sentitu zuen burua, eta ikaratu egin zen eskuetako zimurrak ikustean. Hain luzaro egon ote zen, bada, lotan? Zelaian burdinazko dorreak zeuden, elkarri lotuak lautearen soken antzeko hari distiratsuz. Orduan, ahotsen algara entzun zuen, eta ikusi zuen bazetorrela jendea, besoetan zerbait. Iluntzen ari zuen berriz eta sua piztera zetozen.
- Zerekin egingo duzue sua? -galdetu zien.
- Liburu usatuekin, koaderno zaharrekin… -erantzun zioten.
Doltzak bularra kiskaltzen sumatu zuen, paper zaharra hura ere. “Liburu bat erretzen denean, zerk igotzen du zerura, kearen baitan?” pentsatu, eta nahigabeak hartu zuen mendean. Gero, gurdia inon ageri ez, eta oinez abiatu zen zerumugarantz, deika bezala sentitzen baitzuen, beti lez, baina jakinik oraingoan ez zela urrunera helduko, eromena edo agian, heriotza bera, zain zeukalako edozein bidegurutzetan.