Herritarren heziketa helburu duten herri eta hiriak eraikitzen
Hiria aukera anitzez beteriko espazioa da eta baldintza material ugari eskaintzen dizkigu. Era berean, hirietan sortzen dira desberdintasun sozial handienak eta bertan dago pobrezia gehien. Aukera eta eskaintza anitzen erakusleihoa da, baina herritar guztiek ez dute askatasun edo aukera bera eskaintza horiek erabiltzeko.
Jendartean aldaketa ugari gertatu dira oso bizkor, lan mundua eta familia motak aldatu dira, immigrazio mugimenduak, globalizazioa, prekarietatea, IKTak… bizimoduak aldatu dira eta galdera berri ugari sortu dira. Hiria konplexutasun eta aniztasun horren isla fidela da.
Behar berriei erantzuteko eta jendartearen eraldaketa gauzatzeko garrantzitsua da heziketa, eta hiria heziketa eragile etengabea da. Guztiak hezten gaitu, baina horregatik eragina ez da beti positiboa. Hirigintza planifikazioa, kultura, hezkuntza zentroak, kirolak, ingurumena, osasuna, gai ekonomikoak, mugikortasuna, zerbitzuak… gure heziketa prozesuaren parte dira. Desberdina da plaza bat diseinatzea bertan jendea eroso esertzeko eta harremanak izateko edo soilik bertatik igarotzeko. Edota errepidea gurutzatzeko azpiko tunel bat egitea edo oinezkoaren mailan zebrabide bat egitea.
Hirien hezteko balioa
Udala, herriarengandik gertuen dagoen administrazioa da, eta hortaz, irekiena eta ikusgarriena da. Helburuen arabera, udalaren ekiteak ondorio askotarikoak izango ditu herritarrengan.
Hiri hezitzaileak eginkizun hezigarria lantzen du eta bere sail guztietan txertatzen duen hausnarketa da, udaletxeko plangintza orokorretan sartuz. Hezkuntza erakunde formalak, esku-hartze ez formalak eta informalak elkarlanean jardunik, hiriak bere baitan dituen heziketa ahalmen guztiak garatzea lortu behar da. Zeharka, egiten den oro hezitzailea den ala ez aztertu behar da. Halako prozesu batean, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea. Egiten denaren informazioa eman behar zaie eta parte-hartzea ikuspuntu kritiko eta erreal batetik landu behar da. Horrez gain, garrantzitsua da beharren, proposamenen eta ekintzen ebaluazioa egitea.
Hiri hezitzailea etengabe eraikitzen den proposamena da, herritartasuna eraikitzen duena. Ez da etxe multzoa, espazio publikoak inplikatzen ditu. Horietan biltzen eta elkartzen dira pertsonak: bilera lekuetan, fabriketan, plazetan, parkeetan, kaleetan… eta hori dena da hiria.
RECE eta IACE
1990ean izan zen I. Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Kongresua Bartzelonan eta bertan sinatu zen Hiri Hezitzaileen Karta. 1994an, Bolognan antolatutako III. Kongresuan, IACE International Association of Educating Cities, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartea sortu zen eta egun, munduko 350 herrialde dira partaide. Ingurune hurbileko beste sare batzuk sortzeko xedez, estatu espainiarrean RECE (Estatuko Hiri Hezitzaileen Sarea) sortu zen, 170 herrirekin. Bi urtetik behin elkartzen dira eta bitarte horretan lan taldeak egiten dira. 2007an Donostian ospatu dira VIII. Topaketak. Helburua, praktika onak trukatzea eta hausnarketa gune izatea da. Euskal Herrian RECE sarearen partaide dira Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Barakaldo eta Santurtzi. Ipar Euskal Herriko herririk ez dago Frantziako elkartean.
Joan Subirats: “Herritar bakoitzak bere ekarpena egiten du, denok gara hezitzaileak”
Zientzia Ekonomikoetan doktorea, Bartzelonako Unibertsitatean Zientzia Politikoetan katedraduna eta unibertsitate bereko Gobernu eta Politika Publikoetako Institutuaren zuzendaria da. Kudeaketa eta berrikuntza demokratikoko gaietan eta politika publikoetan aditua.
Nola azalduko zenuke hiri
hezitzaileen gorakada?
Nik uste dut, oinarrian arazo bat dagoela, hiria bera. Beti izan da konplexutasun, aniztasun, askatasun, itxaropen… espazioa eta jendartea gero eta konplexuagoa egiten joan den heinean, hirian arazo franko pilatu dira. Egungo jendarteak banakoentzako baliabide eta baliabide sozial indartsuagoak behar ditu eta behar horien muinean heziketa bera dugu.
Gero eta argiago daukagu segurtasun gabezia eta arrisku egoeratan heziketa maila altuagoa duen jendeak aurre egiteko gaitasun gehiago duela. Adibidez, osasun arloan gero eta heziketa maila altuagoa izan, arazoak aurreikusteko gaitasuna handiagoa da, baita teknologia eta lan kontuetan edota jendartea ulertzeko orduan. Gatazka korapilatsuenak hirian gertatzen dira, eta badirudi eskolak aliatuak galdu dituela hezkuntza prozesuan. Orain arte familia eta lan mundua bezalako espazio hezitzaileekin batera jardun du, baina orain familia aldenduago dago eta lan mundua prekarioagoa bihurtu da. Ingurune anitzago eta konplexuago horretan, eskola bakarrik sentitzen da eta lehen erantzuna bere baitan ixtea izan da. Testuinguru horretan hiriaren balio hezitzailea indartu da.
Modu batean prozesu bikoitza izan da. Hiriaren balio hezitzailea sendotu da, ekonomia edota teknologia bezalako gaietan adibidez, eta era berean, hezkuntza sistema eta eskoletatik hiria aliatu eta eragile gisa baloratzen hasi da. Eskolak bakarrik ezin die erronkei aurre egin eta eskola eta komunitatearen arteko loturak indartu behar dira. Bigarren elementu bat zera da: heziketa ez dela eskola ulertzea. Heziketa helduen heziketa, hirigintza, parte-hartzea… ere bada.
Adibidez pertsona helduak helduen eskolara doazenean, ez da ikusten horrek benetan duen balioa. Badirudi ongi pasatzen soilik ari direla, baina helduen eskola batean izugarrizko balio hezitzailea dago. Gizarte kohesioa eta garapen soziala garatzen diren espazioa da.
Nola ulertzen da eskola eta hiriaren arteko harremana?
Bi noranzkodun errepide gisa landu behar da. Alde batetik eskola ingurunera ireki behar da, ingurunearekin lan egin, partekatu eta espazio publikoak erabili: plazak, instalakuntza publikoak… Badaude esperientzia politak; adibidez, eskola bateko haurrek espazio bat babesten dute eta beraien lana hori mantentzea da. Gustura egiten dute, beraiena sentitzen dutelako. Beste eskola batean baliabide hezitzaile gisa ondoko hilerria erabiltzen dute. Hilarriak aztertuz hiriaren historia lantzen dute eta pabiloi edota horma-hilobiak ikusiz desberdintasun sozialak lantzen dira.
Adibidez, eskolan gerra zibilia landu behar bada, ikaskuntzarako askoz esanguratsuagoa da gerra bizi izan duen norbait etortzea eta kontatzea. Gazteek emozioen, bizipenen eta irudien bitartez asko ikasten dute eta zailagoa da ahanzten. Nik, Natur Zientzietako ikasleekin, zaborraren prozesu guztia jarraitu nuen, zabor kamioia bera jarraituz. Horrelako prozesuetan irakasleak ez du gehiegi azaldu behar eta beraiek bizitako zerbait ahanztea zailagoa da.
Eta era berean, hiriak eskola denentzako espazio ireki gisa erabili beharko luke. Informatika gelak edota kirol instalakuntzak, adibidez. Eskola hiriarentzako baliabide bat gehiago da.
Zein izango litzateke hiriaren indargune hezitzailea?
Batez ere, uste dut, hiriak heldua denean nolako hiria izan nahi duen pentsatu behar duela eta hiri proiektua egin. Ez da gai teknikoa, gai politiko-soziala da, eta jakin behar da ea hiri kohesionatuagoa izan nahi duen, ea konplexutasuna onartu nahi duen… Hortaz, eskolaren harremana bertan txertatu behar da. Ezin da eskola planteamendu bat egin hiri planteamendurik gabe. Zein hiri nahi dugu eskolarentzat? Zein eskola nahi dugu hiriarentzat?
Kaleko, etxeko eta hiriko esperientzia formatiboak ezin dira heziketa prozesutik kanporatu. Eskola-auzo eta eskola-familia bezalako loturak landu behar dira.
Hiri hezitzaileek hiria
kudeatzeko modu berria
planteatzen dute.
Ezin dugu pentsatu heziketa espezializazio profesional administratiboaren objektu denik, askoz zeharkakoagoa da. Hiriaren heziketa proiektuez ari garenean, hirigintzaz, ekonomiaz, gizarte zerbitzuez… ari gara. Gai horietako bakoitzean heziketa esperientziak daude: ingurumeneko teknikariak zaborren inguruan ikastaroa egin dezake, hirigintzako teknikariak erabaki dezake kale bat adiskidetsuagoa egin edo ez. Hiriaren heziketa proiektuari buruz ari garenean, udaleko sail guztiak inplikatuak ikusten ditugu, euren eguneroko dinamikan hausnarketa hori txertatuz. Hausnarketa hortan daude kultur zentroak, antzerki eskolak, museoak, bizilagun elkarteak, udaltzaingoa… heziketa guztion erronka da.
Hiriek ba al dute hezkuntza eskumen nahikorik eragile
hezitzaileak izateko?
Hiria eragile hezitzailea al den? Nik uste dut sarri ezetz. Bonbilak aldatzen dira, gauzak konpondu, eskola batentzat lurrak bilatu… baina esaten ari garen guztiak ez du zentzurik ez bada hezkuntza eskumenen dezentralizaziorantz jotzen. Autonomia erkidegoak pisu handia kenduko luke eta eguneroko lan astun ugari saihestuko lituzke. Bestalde, udalak bere eremu propioarekin indartuko luke hiriko heziketa proiektua, eta nik uste dut hori bideragarria dela. Hiriaren heziketa proiektuak gauzatzeko garrantzitsua da dezentralizazioa.
Zer suposatzen du hiriaren heziketa proiektuak
irakasleentzat?
Askok mehatxu gisa ikusten dute. Badirudi eskola bere baitan ixteko joera hartzen ari dela eta estatus galera gisa bizitzen dutela. Defentsa posizioaren joera ikusten dut: errealitatea aurkakoa denean, egunetik egunera gauzak konplexuagoak direnean, familiak hor ez daudenean… beraien segurtasunetan ixten dira. “Nire ikastorduak, nire apunteak eta nire egiteko moduak”. Irteera posible bakarra konplexutasuna eta interdependentzia onartzea da. Bilatu eta sareak berregin behar dira. Horretarako garrantzitsua da norberaren lanbidearen egiteko hezitzailea nabarmentzea. Desberdina da medikuaren eta gizarte langilearen profila, bakoitzak bere ekarpena egiten du, baina elkarren beharra dugu, heziketa lan kolektiboa baita.
Hortaz, ideia horiek mehatxu gisa ikusi beharrean aukera gisa ikusi beharko genituzke. Besteengandik ikasteko prest sentitu. Jendarte konplexuari modu konplexuan aurre egin behar zaiola onartzen ikasten dugu.
Nik uste dut irakasleei lana erraztu behar diegula. Irakasleak ez dira super heroiak. Hori dena errazagoa izateko egin behar dugu lan. Harreman baliabideak eskaini behar dizkiegu, kontua ez da eskola beste hamaika profilez betetzea, psikologoz, kale hezitzailez, gizarte langilez edota poliziaz. Kontua ez da eskola dena konpondu dezakeen mikrokosmos bat bihurtzea, baliabide horiek jada inguruan badauzkagulako eta erabili egin behar dira.
Montse Roig: “Oso proiektu politikoa eta estrategikoa da eta udalek prest egon behar dute”
Bartzelonako Diputazioko Hezkuntza Gaietako teknikari aholkularia.
Nola ulerten duzu zuk hiri hezitzailea?
Oso kontzeptu zabala da. Sarri hiri hezitzailea eskolari laguntzeko zerbitzu multzo gisa definitzen dela entzuten dut. Nik uste dut hiri hezitzailea hori baino askoz gehiago dela, eskola baino askoz haratago doala. 0-100 urte bitarteko herritarren beharrei erantzutera dator. Hiri hezitzaileak, gure bizitzako une orotan elkarrekin erlazionatzeko, ikasteko eta ikasitakoa ezagutarazteko aukerak, baliabideak eta espazioak eskaintzea du xede. Hortaz, hiri hezitzailea heziketa eragile eta baliabide hezitzaile gisa hautematen dut. Era berean, hiri hezitzaileak herritarrak herritartasunean hezten ditu, eta horretarako ezinbestekoa da parte hartzea. Parte hartuz, entzuten, hitz egiten, ulertzen eta elkarrekin erabakiak hartzen ikasten dugu.
Zer aldatzen da hiriaren proiektutik hiriaren heziketa proiektura? Nolako onurak ditu?
Hiriaren heziketa proiektua egiten den unetik, heziketa agenda politikoan barneratzen da. Nire ikuspuntutik, heziketa ikaskuntza eta eraldaketa da. Zerbait ikasten dugun bakoitzean aurrerapausoa egiten dugu. Hortaz, hiriaren heziketa proiektuak proiektu estrategikoagoei eta zehatzagoei eraldaketa kutsua gehitzen die. Izan ere, herritarrek zerbait ikasten duten heinean, hirian nola bizi nahi duten erabakitzen doaz. Nahiz eta hiria estetikoki aldatu, horrek soilik itxura aldatuko du. Pertsonen parte-hartzeak sustatzen du eraldaketa. Hortaz, heziketa hirien eraldaketarako funtsezko elementu estrategikoa da hiri inklusiboagoak lortzeko.
Zer da hiriaren heziketa proiektua?
Hiri hezitzailearen filosofia metodologikoki posible egiteko saiakera da: planifikatu, antolatu eta ordenatzea. Bartzelonako Diputaziotik saiakera berezia egin dugu. IGOP Gobernu eta Politika Publikoetako Institutuaren, Joan Subiratsen institutuaren, laguntzaz diseinatu genuen metodologia. Hiri bakoitzaren berezitasunekin malgua izango zen metodologia sortu nahi genuen, bakoitzak bere bide propioa garatzeko. Hala, udaletxeek badute lan sistematizatua, datuak jasotzeko eta antolatzeko metodologia. Hortik aurrera parte-hartze lana oso garrantzitsua da, sektore desberdinen arteko eta zeharkako lanak benetan emaitzak aberatsak izateko. Esku-hartze anitz elkartzen dira: logika politikoak, profesionalak eta hiritarrak. Metodologia denon artean etengabe ebaluatu beharreko erreferentzia eredua da.
Zein dira metodologia horren ezaugarriak?
Hasteko, lau mapa egiten dira. Horietatik hiru bulegoetan egiteko mapak dira: soziodemografikoa, hezkuntza zentroen mapa eta heziketa baliabideen mapa. Azken horretan administrazioaren guneak, hezkuntza ez formalarekin zerikusia duten guneak, tailerrak, antzerki eskolak, musika eskolak, hizkuntza eskolak, formazioa eskaintzen duten enpresak, elkarteak… kokatzen dira. Laugarren mapa, ostera, bereziagoa da, elementu parte-hartzaileak ezinbestekoak direlako. Jada diagnostikoan parte-hartze prozesua dago, erakunde eta bizilagunen elkarteekin eta hiriko sare sozialarekin lan egiten hasten gara: ea eskolak atsegin zaizkien, ea herritartasuna badagoen, nola ikusten duten hiria, ea plazatxoak nolakoak diren erlazionatzeko, ea etengabeko prestakuntzarako baliabideak aurkitzen diren, ea jende berri asko iritsi den… Udaletxe bakoitzak bere antolaketa organoak dauzka, herri kontseiluak, auzo kontseiluak, bizilagunen elkarteak… eta herri bakoitzean, bertako udalen iradokizunen arabera egiten da lan.
Herritarrak jada proiektu hezitzailearen inguruan berriketan hasten dira, zer gustatzen zaien eta zer aldatu nahi duten. Lau mapen elkarrekintza egiten da eta diagnostiko hori proiektuan parte hartzen ari diren guztiei itzultzen zaie eta denen artean ildo estrategikoak definitzen joaten dira. Une horretan, talde sustatzailea sortzen da herritarrekin, elkarteetako jendearekin… interesa duen edonorekin. Herriko sektore desberdinen ordezkapena lortzen saiatzen gara eta bai udaletik eta bai talde sustatzaile horretatik jende gehiago erakartzeko saiakera egiten da. Talde sustatzaileak berea sentitzen du proiektua.
Hortaz, herri bakoitzak bere diagnostikoa eta proiektua du. Zertan datza zuen lana?
Gure lana, alde batetik diruz laguntzea da, eta bestetik beraien lana errazteko metodologia orokorrak eta tresnak sortzea. 1990eko hamarkadan hasi ziren lehen hirien heziketa proiektuak eta lehen belaunaldiko proiektuak aztertuz asko ikasi dugu. Hortaz, duten konplexutasuna eta berritzailetasuna kontuan hartuz, garrantzitsua ikusten dugu proiektuen ibilbideei jarraipena eta aholkularitza egitea beraien dinamika propioa egin arte. Adibidez, parte-hartzea zeharlerro gisa idatzita dugunean oso erraza da, baina errealitatean zailagoa da.
40 udalen arteko sarea antolatu dugu eta aholkularitzaz gain hainbat topaketa antolatu ditugu gai askotarikoak jorratzeko xedez. Hainbat aditurekin egin dugu lan, tartean Joan Subiratsekin. Guk geure praktika aztertzen dugu eta adituek azalpenak eman, aholkularitza eskaini eta egiten duguna sistematizatzen laguntzen digute. Hala, ideia, hausnarketa eta autoformaziorako gunea da udalen arteko sare hori. Bestalde, esperientziak trukatzeko baliagarria da eta praktika onak jasotzen ditugu.
Udalek egiten dute eskaera ala Diputazioak eskaintza?
Guk udal guztiei egiten diegu eskaintza, baina gero beraiek etorri behar dute eskaera egitera. Oso proiektu politikoa eta estrategikoa da eta udalek prest egon behar dute horretarako. Udal batek ez badu behar adina heldutasun politiko, ez egiteko gomendatzen diogu. Hiriaren heziketa proiektuak arrakasta izan dezan, ondoko ezaugarriek garrantzia dute. Lehena, udal guztiak eta alkateak nahi izatea, ez soilik hezkuntza batzordekoek. Bigarrena, idazkaritza tekniko indartsua izatea, antolatzeko eta kudeatzeko gaitasun handiarekin. Hurrengo baldintza eta oinarrizkoa, herritarren parte-hartzea da. Eta azkena eta zailena, herrian heziketa foroa sortzea. Hala nola, herriko “agora” moduko bat sortu behar da, herriko heziketa foroa.
Zein da eskolaren papera hiri hezitzaileen marko horretan?
Eskola hezkuntza gaietan erreferentziazko erakundea da eta lan prebentibo ugari egin daiteke. Baina gure indarra eskola laguntzean baino, eskola ingurunera irekitzean datza.
Hiria baliabide hezitzaile eta eragile gisa ikustea nahi dugu, elkarrekin erronkei aurre egiteko prest. Gure helburua ez da horren bitartez horiei lana ematea, elkarlana eta laguntzea baizik.
Zein izango litzateke irakasleen papera hiri hezitzaileetan?
Guretzat irakasleen ekarpena oinarrizkoa bada ere, irakasleak orokorrean nahiko itxiak daudela iruditzen zait. Gutxiago kostatzen zaigu dendariek parte hartzea, irakasleak baino. Ez da salaketa bat, nik uste dut une honetan irakasleek bizi duten presioari erantzuten diola horrek. Eskolak jendartearen aldaketa guztiak ikasgeletan ikusten ditu egunero-egunero. Aldaketak ugariak dira, baina formazio aukerak ez dira hainbeste. Horrek presio asko sortzen du eta irakasleak oso itxiak daude, baina nik uste dut aliatu sentitzen joango direla.
Bartzelonako herri hezitzaileen sareko adibideak
* Dendarien inplikazioa: dendetan pegatina bat jarriz haurrek badakite edozein behar izanez gero bertara sar daitezkeela: telefono dei bat egiteko, komunera joateko, beldurra dutelako…
* Etorkinentzako hizkuntza eskolak.
* Hiri bateko agureak, haurren eskolarako bidea seguruagoa egiteko lanetan dabiltza. Adibidez, eskola sarreran autoei ez aparkatzeko eskatuz, haurrei semaforoetan lagunduz eta abar.
* Institutuetako gazteek adineko jendeari informatika programak erakutsi dizkiete.
* Herriko merkatuan elikadura programa bat garatu da. Haurrek, bertara joatean, elikagai anitzen propietateak, erosketa orekatuak, elikadura osasuntsuaren informazioa… jasotzen dute.
* Harrera familia. Atzerritik familia bat datorrenean herriko familia batek harrera egiten dio herriaren gaineko azalpena emanez: eskolen informazioa, anbulatorioa non dagoen eta nola eskatu hitzordua… edozer gauza.
* Bartzelona ondoko herri txiki batera hiritik jende ugari joan da bizitzera eta ez dira hirian asko egoten. Herritarrek, herriaren identitatea galtzeko beldurrez, biztanle berriei ongietorria eta herriaren bisita egin die. Poliki-poliki herriko txokorik berezienak eta herriaren inguruko azalpenak antolatu dira, harremanak sortzen joateko.
* 0-3 urte bitarteko haurren espazioak profitatu dira gurasoekin harremanak lantzeko: haur eskolako hezitzaileak, gurasoak, pediatra… denen artean sareak sortuz.
* Zaharren egoitzetan haurrei istorioak kontatzen zaizkie memorioa historikoa eginez.
Non ikusten da ikuspegi hezitzailea?
1998an egin zuen bat Donostiak Estatuko Hiri Hezitzaileen Sarearekin, Hiri Hezitzaileen Gutuna sinatuz. Zortzi urte hauetan, ekimen ugari bultzatu ditu Donostiako udalak eta Nazioarteko Hiri Hezitzaileen Sarearen zuzendaritza batzordearen partaide ere bada. Hortan dihardute Gazteria, Hezkuntza, Lankidetza eta Giza Eskubideen Saileko zuzendari Txuri Aranburuk, Hezkuntza bulegoko Artemis Olaizola arduradunak eta Jon Lasa Hezkuntza zinegotziak.
Udaleko sail anitzekin elkarlana garrantzitsua izan da, baita arduradun politikoen inplikazioa ere. Hiriaren garapenean elementu estrategikoa bihurtu da heziketa, eta programa anitzen bitartez biztanleengan eragin nahi da. Jadanik egiten denari ikuspegi hezitzailea garatu eta koordinatzeaz gain, proiektu berriak sortu dira. Erakunde publiko, pribatu eta elkarteekin batera, Donostiako udalak herritartasuna eta parte-hartzea landuz herritarraren formazioan esku hartu nahi du.
DONOSTIA HIRI HEZITZAILEA plan estrategikoaren hainbat adibide
Balioetan hezi:
Donostiako heziketa proiektuan, testuinguruagatik, funtsezko garrantzia izan du balioetan hezteak. RECE sarean horren inguruan gaikako sarea antolatzea proposatu zuten eta martxoan antolatutako kongresuan ere hori izan da hizpide eta hausnargai nagusia. Hortaz, udalak, bakearen aldeko, giza eskubideen defentsarako, talde gutxituen aldeko, heriotza zigorraren aurkako edota xenofobiaren aurkako material didaktikoak eta pedagogikoak zabaldu ditu. Horrez gain, hainbat sentsibilizazio kanpaina edota ekimen atera ditu aurrera: epaitegietako lorategian HIESaren lazoa marraztea edota Kursaala ekainaren bukaeran Gay eta Lesbianen koloreez janztea, besteak beste. “Hiriko gune ospetsuenak erabiltzea garrantzitsua dela uste dugu”.
Parte-hartze aktiborako politikak bultzatu
Udaleko hainbat ataletan parte-hartzea sustatzeko sortu zen “herritarren parte-hartzea zuzentzeko plana”. Helburuak gizarte kohesioa, demokraziaren balioak sustatzea eta hiri inklusiboa lantzea dira. Udaleko sail bakoitzean talde aholkularia dago, udaleko jendeaz gain elkarteetako jendea eta herritarrak biltzen diren gunea. “Gune horiek parte hartzeko prestakuntza eragiten dute. Hiriko hainbat sektoreren parte-hartzea lortzen saiatzen gara eta hori ez da lan erraza, hiria kudeatzeko modu berria inplikatzen duelako”.
Adibideak: belaunaldien arteko espazioen sorrera, esku-hartze sozio hezitzaileak, lanbide hastapen programak, lanaldi osoaren sustapena…
Heziketa eta kultura
Ekimen asko gauzatzen dira espazioak beharretara egokituz eta herritarren informazioa eta formazioa sustatuz: ikastaroak, antzerkia, kontzertuak, poesia errezitaldiak, literatura saioak, tailerrak, zine forumak… “Gure helburua batez ere sormena eta adierazpena sustatzea da”. Auzo guztietan daude kultur zerbitzuak eta zentroak. “Bestelako aisi eta gozamen guneak izan nahi ditugu, batez ere gazteentzat, adibidez gaztelekuak”.
Heziketa eta kirola
Haur, heldu zein adineko pertsonen artean kirola sustatzeko kanpaina anitz egin dira eta auzo guztietan daude herritarrentzako instalakuntzak. “Batez ere, eskola kirolean jarri dugu indarra”.
Heziketa eta ingurumena
Berdeguneak areagotu, kutsadura eragozteko politikak sortu edota gazteria sentsibilizatzeko kanpainak sortu nahi izan dira. “Guk, hiri gisa, garapen iraunkorraren aldeko apustua egin dugu”. Horrez gain, hirian bidegorria dago. “Bidegorria ez da soilik mugikortasun kontua. Guretzako hiri eredua da: ekologikoa, oinezkoari garrantzia ematen diona eta kohesio soziala bultzatzen duena”.
Heziketa eta hirigintza
Hirigintzaren garapena ordenatzea da helburua: bizilekuen, oinezkoentzako guneen, zerbitzu publikoen, jolaslekuen eta kultur zentroen arteko oreka bilatu nahi da. “Hirigintza hiriaren eredurako eta herritarren bizimodurako erabat baldintzatzailea da”.
Alokairu politikak, BOE etxeak, berdeguneak, bizikidetza espazioak, mugikortasun bertikala, bizikletaren, garraio publikoaren kalitatea hobetzea… bultzatu nahi da.
Hezkuntza zentroekin lanean
Hezkuntza programa eta baliabideei dagokionez:
- Ikasturtero hezkuntza programen udal gidaliburua argitaratzen da.
- Hiriko baliabide hezitzaile, zentro, instalakuntza, kultur etxe, haur txoko, gazteleku… eta beste hainbat baliabide hezitzaileren mapa egin da.
- Hezkuntza zentroen ordutegiaren malgutasuna handitu da.
- Eskolaz kanpoko ekintzak sustatu dira.
Eskola publikoaren duintasunari dagokionez:
- Jolaslekuak estaltzeko planaren akordioa egin da eskolekin. Horrekin batera, eskoletako espazio horiek auzotarrentzat irekiak egon beharko dute.
- Jantokiak, komunak… hobetzeko plana.
- Eskolen artean mediateka sarea sortzeko plana.
Giza eskubideak landuz
Donostiako udalak, elkartasuna, bizikidetza eta tolerantzia bezalako balioak landu nahi ditu, ulermen giroa bultzatzeko asmoz.
Horretarako, giza eskubideen programa bereziak egin dira, tartean, “Bakearen Kulturaren espazioa”. Horrez gain, Giza Eskubideen Institutua, Giza eskubideen zinemaldia, bakearen aldeko kontzertua eta beste hamaika ekimen garatu dira.