Kronika

2007-10-01
Haurrak ez du bakarrik ingurumena "jasaten" eta hartarik "jasotzen", haurrak ere eragiten dio bere ingurumenari, bere gurasoengandik hasita.
Haurra estimulu emaile eta eragin sortzaile ere bada.
Luis Alvarez Santa Cristina
 
 
Irakasleen ordezkapen sistema berraztertzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila
Ikastetxe batzuetan irakaslerik gabe hasi dute ikasturtea, eta egoera horiek saihesteko neurriak hartu nahi ditu Jaurlaritzak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mila irakasle baino gehiagok eskatu dute gaixotasun-baja ikasturte hasieran eta egoera horri aurre egin behar zaiola uste du Txontxu Campos Hezkuntza sailburuak. Irakasle batzuek bata bestearen atzetik hartzen dituzte bajak Camposen arabera, nahiz eta beste lanbide batzuekin alderatuz gero, huts egiteak gutxiago diren. Hezkuntza Saila ordezkapen laburrak egingo dituzten irakasleak ikastetxe publikoek beraiek kontratatzeko aukera aztertzen ari da.
 
Nafarroako Euskararen Institutua sortu dute euskara bultzatzeko
Euskara bultzatzea, horretarako plangintza egitea, ikertzea eta aholku ematea izango dira institutu berriaren eginbehar nagusiak. Herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, hori eraginkor egiteko tresnak definitzea eta hura berreskuratzeko eta garatzeko prozesua babestea ere jaso dituzte institutuaren estatutuetan. Nafarroako Hezkuntza Departamentuari atxikitako erakunde autonomoa izango da Nafarroako Euskararen Institutua, izaera juridiko propioa izango du eta lan egiteko erabateko independentzia. Hezkuntza arduradunek aulki bana izango dute kontseiluan eta Nafarroako bi unibertsitateek, Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Ikastolen Elkarteak eta Nafarroako Prentsa Elkarteak kide bana. Beste zazpi kide Nafarroako Gobernuak berak izendatuko ditu. Euskararen Kontseiluko eta Oinarriak-eko kideek zalantza agertu dute dagoeneko institutuaren osaketaren aurrean, egungo legeek indarrean dirauten bitartean ezingo dituelako bere helburuak bete. Baina Carlos Perez-Nievas, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak argi eta garbi esan du ez dutela legean aldaketarik egingo eta egungo hizkuntza eremuak ere ez dituztela berraztertuko.
Haur eskoletan ere, euskara ardura
Euskara bultzatzeko konpromisoak alde batetik, eta euskarari bultzadarik eza bestetik. Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak salatu duenez, Nafarroan 0-3 zikloa arautzen duen dekretuak ez du euskara aipatu ere egiten. Horren ondorioz, haur eskolak euskalduntzeko plataforma sortu dute hainbat gurasok eta hezkuntza arloko zenbait profesionalek. Izan ere, euskaraz aritzen diren bi haur eskola baino ez dago Iruñean, biak Txantrea auzoan eta eskaintza horrekin ez dago inondik inora dagoen eskaerari erantzuteko gaitasunik. Euskarazko eta kalitatezko haur eskolak nahi dituzte eta horretarako bi milatik gora sinadura aurkeztu zituzten joan den maiatzean.
Ikasturte berria, erronka berriak
Euskal Herriko ikastetxe guztiek zabalik dituzte ateak dagoeneko. 2007-2008 ikasturteak aldaketa ugari ekarriko du eta zenbait kasutan zailtasun dezente ere bai. Horiei guztiei aurre egitea izango da eguneroko lanarekin batera ekainera bitarteko eginbeharra.
Guztira, 410.000 ikaslek hasi dute ikasturtea Euskal Herrian; Hegoaldean 385.000 ikaslek baino gehiagok ekin diote ikasturteari eta Iparraldean, ia 25.000 ikaslek.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan curriculum berria ezartzen hasi da Eusko Jaurlaritza. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 3. mailan ezarriko da ikasturte honetan. Ikasturte berria irakasleak aldaketarako prestatzeko erabiliko duela agindu du Jaurlaritzak, baina hainbat irakaslek, erreformaren aplikazioa egiteko denbora falta salatu dute. Bien bitartean, LOE legeak ezarriko duen Herritartasunerako Hezkuntza ikasgai berria, aurten, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe gutxitan eskainiko duten arren, Nafarroan, Bigarren Hezkuntzako 3. mailan hasi dira ematen. Horrek protestak eragin ditu eta Askatasunean Hezi Nafarroako Plataforma eratu dute. Helburua, ikasgai berriari aurre egitea da. Kontzientzia eragozpena bultzatzeko kanpaina abian jarri dute eta gurasoek aukeratzeko eskubidea dutela nabarmendu. Eta Nafarroan ere, izango da beste aldaketarik, ikastetxe publiko gehiagotan eskainiko baita British delako eredua.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, 
berriz, inoiz baino haur gehiagok eman dute izena Seaskako ikastoletan, ia 2400 ikaslek, baina zailtasun asko dituzte oraindik. Frantziako Hezkuntza Ministerioak bi urteko haurrak ez ditu kontuan hartzen eskolatuak egon arren eta Euskararen Erakunde Publikoak ematen zion dirulaguntza bikoiztuta ere, 80.000 euroko zorra hartu behar izan du Seaskak bere gain, haur horiekin arituko diren sei irakasleren postuak ordaintzeko. Eskola publikoetan 17.000 ikaslek baino gehiagok eman du izena 1. mailan, horietatik 4.000 pasatxok eredu elebidunean. Eskola giristinoetan 6.000 ikasle pasatxo ariko dira, horietatik 1.700 baino gehiago adar elebidunean.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lizeoetan ikasten duten hamar ikasletik bederatzik, frantsesez ikasten dute. Hala diote Euskararen Erakunde Publikoak 2004-2005 urteetan egindako inkesta kuantitatiboaren emaitzek. Gaur egungo datuak berdintsuak dira eta horien arabera ikastetxe pribatuetako ikasleen % 2,4k ikasten du murgiltze ereduan, % 2,3k eredu elebidunean eta % 4,4k du euskara ikasgai gisa. Hezkuntza publikoan ari diren ikasleen euskara maila, berriz, ezagutzerik ez dago.
Ama eskoletan eta Lehen Mailan hobea da egoera, hiru ikasletik batek euskara edo euskaraz ikasten baitu. Bigarren mailan, kolegioan, bostetik batek ikasten du euskaraz. Seaskaren murgiltze ereduan 1.600 ikasle ari dira ikasten ama eskoletan edo Lehen Mailan, 700 eskas Seaskak dituen hiru kolegioetan eta ez dira 200 iristen lizeo bakarrean. Izan ere, lizeoan euskaraz ikasita ere, unibertsitate eskaintza murritza dute gero, eta Lanbide Heziketarik ez da eskaintzen euskaraz. Dena den, atzetik datozen ikasle euskaldunen eraginez, urteek aurrera egin ahala egoera hobetuko dela pentsatzeko arrazoirik bada.