MENDUKILO LEIZEA

2007-10-01
Lur-azpia ezagutzeko aukera polita ematen digu Mendukilo leizeak. Mendiko ikuilua zen inguruko artzaientzat, bertan sartzen baitzuten ganadua eguraldi kaskarra egiten zuen egunetan eta hain zuzen ere, hortik datorkio izena Astitzen dagoen kobazuloari. Bertako arduradunek diotenez, konkistatu gabeko seigarren kontinentea da lur-azpia. Bere gainean bizi garen arren, gehienontzat oso ezezaguna da eta gehiago ezagut dezagun atondu dute leizea; Aralarko erraiak bertatik bertara ikusiz, mundu ezazagun honi buruz gehiago ikas dezagun. 
 
 
Bisitaren amaieran gelaren erdian jarri eta isil-isilik eta ilunpean pasatzen dituzten 40 segundoak dira Mendukilora doazenentzat unerik politena, magikoena. Begiek garrantzi gutxi dute orduan, eta belarrietatik sartzen zaigun informazioari esker sentituko dugu koba barneko bizitza. Gutxik izan dute hori sentitzeko aukera eta Eneko Agirre Mendukiloko gerenteak esan digunez, hori da jendeak gehien atsegin duen mementoa.
Mendukiloren ahoa iparraldera begira dago, hotza da (urte osoan zehar tenperaturak ez du 8-10 cº baino gorago egiten) eta horregatik ez da inoiz pertsonarik bizi izan kobazuloan. Saguzarrak, muxarrak, azeriak eta hontzak noiznahi ikusten dira sarrera inguruan, ordea, baina koban bizi diren izakien artean, troglobioak dira arreta gehien erakartzen dutenak. Troglobioak kobazuloetako berezko biztanleak dira, bertatik ateratzen ez direnak. Txikiak izaten dira, intsektuen antzekoak eta ez dute ez kolorerik ezta begirik ere. Antena handi batzuekin hartzen diote tamaina inguruari. Aralarren asko daude eta ez hori soilik, munduan beste inon ez dauden espezieak aurki daitezke.
Bi urte pasatxo daramatza Mendukilok ateak zabalik, sarrera hogei urtez horma batek estalia egon ondoren. Kobazuloaren atonketa lur-azpiko munduarekin ahalik eta errespetagarriena izaten saiatu ziren, horretarako desmontagarriak diren egiturak eta zaldain flotakorrrak erabiliz. Kobak dituen sei geletatik hirutan horrelakorik sartzeko aukerarik ez zenez, bere horretan utzi zituzten hormak ez puskatzearren eta hiru gela bisita daitezke gaur egun:
Artzainzulo: sarrerako gela da eta argi naturala du. Formazio geologiko xumeak ikus daitezke bertan.
Laminosin: formazio geologikoen aniztasuna eta kopurua handia da hemen: estalaktitak, estalagmitak, zutabeak, errezelak, gourgs-ak… Amaieran lakua du.
Herensugearen gotorlekua: oso handia da (55 metro luze eta 20 metrotik gorako altuera du puntu batzuetan).
Bisita ezin daitezkeen gelak Gerlariaren gela, Intxixuen gordelekua eta Laminosineko amaierako gela dira.
Era berean, hiru estazio klimatiko jarri zituzten koba barnean, bere karga gaitasuna zein ote den jakiteko, hau da, bere klimatikak batere sufritu gabe koban zenbat pertsona sar daitezkeen jakiteko.
Baina argiztapena da atonketaren alderdi garrantzitsuenetako bat. Sekula argi izpirik sartu ez den leku bat argiztatzea ez da gauza erraza eta gainera, kobazuloa kalte dezake. Horregatik, argiztapen dinamikoa du leizeak eta bisita argiei jarraituz egiten da. Ez dago lau minutuz baino gehiago piztuta dagoen fokurik. Haur txikien kasuan, zaila izaten da denbora epe horretan talde osoa alde batetik bestera mugitzea eta argi guztiak pizten dituzte %50eko intentsitatearekin. Bisita laburragoa izaten da gainera kasu horietan, 40 minutukoa.
Sarrerako hesia ere berezia da; bertako animaliak arazorik gabe sar eta atera daitezen prestatua dago. Izan ere, ferra saguzarrak bestela, ezingo luke kobatik irten eta atera, hegan egiteko modu mugatua duelako.
Koba, jendeak lur-azpia ezagut dezan atondu dutela esan digu Enekok. Bere hitzetan, koba hau “ukituz” nolabait, Aralarko mendizerra osoa babestea litzateke azken helmuga. Izan ere, Aralarrek badu paradoxa bat: Gipuzkoako eremua parke natural izendatua dagoen arren, ez da gauza bera gertatzen Nafarroako lurretan dagoen zatiarekin. Mendukiloko arduradunek, beste hainbat pertsonak bezala, Aralar geoparke izendatzea nahiko lukete. Era horretan, mendizerra kanpotik eta barrutik zaintzea errazagoa litzateke. Eta horixe da helburua, lur-azpia kaltetu gabe gure begien aurrean jartzea. 
MENDUKILO LEIZE TURISTIKOA
Astitzko kobazuloak
Plazaola, 21
31670 LEKUNBERRI (Nafarroa)
Telefonoa: 948 396 095 7 Faxa: 948 507 333
mendukilo@mendukilo.com
www.mendukilo.com
Oharrak:
- Bisitak 50 minutukoak dira.
- Bere kasa bi pixu igo eta jaitsi ditzakeen orok du bertara sartzeko aukera.
- 8-10 Cº tenperatura egiten du urtean zehar; beraz, egun beroetan ere, arropa egokia eramatea komeni da, baita oinetako egokiak ere.
- Ikasleek bisita berezia eta egokitua egiten dute 5?-ren truke.
Nolakoa da bisita bat Mendukilon?
Kobaren kanpoko aldean harrera etxea dago. Bertan, ikus-entzunezko gela, lur-azpia balitz bezala egokitutako gela eta karstaren maketa  daude. 
Ikasleak iristen direnean, materiala aurkezten diete lehenik, guztia nola joango den eta zer aztertu eta ezagutuko duten ikus dezaten. Ondoren, 50 ikasle inguru joaten badira, bi talde egiten dituzte (kobara printzipioz ezin dira 25-30 pertsonak osatutakoak baino talde handiagoak sartu). Batzuk kobara doaz eta besteak harrera etxean geratzen dira. Azken horiei, 15 minutuko ikus-entzunezkoa jartzen diete eta karstaren maketa ikusten dute beraiekin. Amaitzean, aldaketa egiten dute bi taldeek (30 minuturo egiten dira kobarako sarrerak).  50 ikaslerekin, bi ordu eta bi ordu eta erdi artean ematen dituzte ekipamenduan. Ikastetxe batzuek gaia landu nahi izaten dute eta denbora tarte hori beharrezkoa da; ibilaldi bat egitera doazenen kasuan, laburragoa izaten da (ordu eta erdi  inguru).
Bisiten helburua eskolan ikasitakoa osatzea eta praktikan ikustea da.
Ingurumen Hezkuntza programa. Zer lantzen da ziklo bakoitzean?
LH 1. zikloa: IRAGANEKO AZTARNAK ARALARREN. Leizetan nor bizi zen eta nork lo egiten zuen  aztertzen dute ikasleek.
LH 2. eta 3. zikloa: MENDUKILOKO ALTXORARREN BILA. Eraketa geologikoak nola sortzen diren aztertzen dute: estalaktitak, estalagmitak…
DBH 1. zikloa: MENDUKILO: LUR-AZPIKO MUNDURA BIDAIA BAT. Programa honekin sakonago aztertzen dute eraketa geologikoak nola sortzen diren.
DBH 2. zikloa: MENDUKILO ESPLORATZEN. Ziklo honetan jorratzen diren gaiak  espeleologoaren lana, leizeetako paisaia, uraren bidea, troglobioak… dira.
BATXILLERGOA: MENDUKILO TXOSTENA. Leizea zaintzea eta jendeari zabaltzea bateragarriak al dira? Galdera horri erantzuten saiatuko dira ikasleak AMIA azterketa bat osatuz (Ahuleziak, Mehatxuak, Indarguneak eta Aukerak aztertuz) eta amaieran txosten bat burutuz.
Zer egin daiteke kobaren inguruetan?
Mendukiloko koba ARALAR ABENTURA BIZIA izeneko Ingurumen Hezkuntzako programa zabalago baten partaide da. Programa hau goiza edo egun osoa inguru horietan pasa nahi duten ikastetxeei eskaintzen zaie eta horretarako, zonaldean lan horretan diharduten hainbat ekipamendu elkartu dira:
- Mendukiloko leizea. Ibilbide botaniko bat eta Aitzarratetako iturburuko (Iribas) ibilbide interpretatiboa ere eskaintzen dira.
- Beigorri abentura parkea. www.beigorriaventura.com . Telefonoa: 609 044 071
- Plazaolako bide berdea. www.plazaola.org . Telefonoa: 948 507 205