Gasteiz: Kultur aniztasuna: auzotik eskolara eta eskolatik auzora

2007-12-01
Gasteizko Alde Zaharra eraldatzen ari da. Auzo zahar eta baztertua izatetik eraberritua, txukundua eta hainbat jatorritako auzotar berriz osatutako auzoa izatera igaro da. Eraldaketa horren gakoa auzotarren eta bertako erakundeen artean osatu duten sarea izan da, hein handi batean. Sare hori eta egiten ari diren lana ezagutzeko, auzoaren erdian kokatuta dagoen eskolara jo dugu, Ramon Bajo ikastetxera. Sarearen barruan erakunde garrantzitsuenetako bat da eskola, familia etorri berrientzat lehen erreferentzia baita.
 
 
Auzoa eraberritzen ari da, eta horren seinale dira berritutako etxeak. Horrek bertako jende gaztea erakarri du. Bestetik, alokairuko etxeen prezioa gainerako auzoetakoa baino merkeagoa denez, etorkin asko bizi da. Edonola ere, denboraldi bat igaro eta gero, beste auzoetara joateko joera dute familia horiek.
Hirietako auzo zaharren moduan, Gasteizkoa ere oso aberatsa da kulturalki: arkeologia aztarnategia, katedrala, Montehermoso kultur zentroa, Artium gertu… Aberastasun handia dago. Instalazio aldetik ere ongi hornituta dago: gizarte etxeak, igerilekuak, pilotalekua…
Eta hortxe kokatzen da Ramon Bajo ikastetxea. Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintzen ditu, 2-12 urte bitarteko haurrentzat. Eskola txikia da, 124 ikaslekoa eta 22 irakaslekoa. Horren ondorioz, denek elkar ezagutzen dute. Eskolaren berezitasunik nabarmenena kultur aniztasuna da: ikasleen % 70 etorkinak dira, herrialde ugaritakoak: Haur Hezkuntzan gehienak arabiarrak dira eta Lehen Hezkuntzan arabiarrak eta hegoamerikarrak.
Haur Hezkuntzan D ereduan irakasten dute eta Lehen Hezkuntzan A ereduan. Dena dela, aurten Lehen Hezkuntzako 1. mailan D ereduarekin hasiko dira eta urtez urte gainerako mailetan ere ezarriz joango dira.
Auzotarren arteko sarea
Azken urteetan, bai eskola bai auzoko gainerako taldeak elkarlanean dabiltza. Maria Pilar Melguizo Ramon Bajoko zuzendariak dioenez, “eskolak soilik ezin duela hezi konturatu ginen. Gu ordu batzuk egoten gara ikasleekin, eta hortik aurrera laguntza behar dute. “Giltzadun” haurren kasuan argi ikusten genuen. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun haurrak bakarrik ez egotea, artatuta egotea heziketa ikuspegitik, eta horretan hasi ginen”.
Era berean, auzoko taldeek ere elkarlanean aritzeko beharra sumatua zuten. Ana Garcia irakasleak dio jendea etortzen hasi zitzaiola euren laguntza eskainiz. “Kale-hezitzaileek haur guztiak ezagutzen dituzte, nahiz eta eskolarekin kontakturik ez izan. Eta haietako batzuk etorri zitzaizkidan elkarrekin aritzeko proposatuz”.
Horrela eratu da euren arteko sarea: eskolaren aurrean dagoen gizarte etxean familia gehienek euren gizarte laguntzailea dute, eta eskolaren inguruan dituzte haurrek ludoteka, liburutegia, etxeko lanak egiteko lekua, igerilekua, musika eskola, eskolaren aldamenean euskal dantza taldearen egoitza, Saregunen informatika eta ordenagailu zerbitzua, Hala Bedi irratia… Eta den-denak elkarrekin harremanetan daude. Gainera, orain, auzoko Amanda taldeko zenbait lagun elkartzen dira eskolan, auzoko elkarte guztiak biltzeko edo zerrendatzeko asmoz. “Eskolak eurekin parte hartu nahi du. Eskolaren asmoa auzoko eskola izatea da” dio zuzendariak. “Auzoan euskal dantza talde bat baldin badago, guk ez dugu beste bat sortu beharrik eskolan. Auzoko talde horrekin kolaboratu behar dugu, eta kito”. Elkarlan horrek, noski, guztiak aberasten ditu: eskolak auzotik jasotzen du, eta aldi berean, eskolak auzoa hezi eta eralda dezake. “Eskolaren bokazioa ez da soilik haurrak heztea, auzo osoa baizik. Egiten dugun guztia auzora transmititzea nahi dugu”.
Guztiaren erdian haurrak daude, noski. Haur bakoitzaren inguruan sare sendo samarra osatuta dago, eta jarraipena egiten diote denen artean. “Hainbat  egoera edo arrazoi  direla medio, askotan haurrek ez dituzte gurasoak gainean izaten, eta osatu dugun sarearen bitartez jarraipena egiten saiatzen gara” azaldu du zuzendariak. “Kale-hezitzaileak ezagutzen ditugu eta eurek gu ere bai, haurrek haiekin hizketan ikusten gaituzte, aldiro bilerak egiten ditugu haurrekin esku hartzen duten pertsona guztien artean, etxekoekin etengabeko kontaktua daukagu… Nik uste dut gainean egotea behar dutela”.
Eraldaketarako gakoak
Horra iristeko, noski, hainbat ohitura eta lan egiteko modu aldatu egin behar izan dituzte. Oraindik ere eraldaketa fase batean daude irakasleak, pentsatzeko eta lan egiteko modua eraldatzen ari baitira.
Ana Garcia irakasleak dio aldaketa handiena harremanetan nabaritu duela. “Duela 3 urtetik hona, ikasleekin dudan harremana aldatu egin da, askoz ere harreman hurbilagokoa ezartzen saiatzen naiz ni neu. Gainera, batzuetan behar dutela iruditzen zait. Ni asmo horrekin joaten naiz, eta dena gertuago ikusten dut. Horren ondorioz, gelan beste giro bat sortzen da: hurbiltasuna antzematen da”.
Gurasoei ere hurbiltasuna transmititzen saiatzen dira. “Hori da niri gehien gustatzen zaidan gauzetako bat: laguntza eskatzera etortzea. Agian ezingo diegu zuzenean lagundu, baina beste leku batzuetara joateko bidea eman diezaiekegu. Gainera, ez dugu ahaztu behar etorkin askorentzat lehen erreferentzia garela, ez baitute beste ezer ezagutzen. Batzuek etxerik ez daukate eta ez dakite nora jo. Orduan, guk SOS Arrazakeriako telefono zenbakia eman diezaiekegu”, dio Maria Pilar Melguizok.
Tutoretzak ere aldatu dituzte: alderdi akademikoari baino garrantzi handiagoa ematen diote orain haurren bizitzari. “Askoz ere inplikatuagoak eta indartsuagoak dira orain tutoretzak. Ikasle bat bi egunetan ez bada etortzen eskolara, tutoreak ezin du egon zer gertatzen zaion jakin gabe. Haur bat faltatzen den une beretik telefonoz deitzen da etxera”. Azken batean, haurrei erantzun globala ematen saiatzen dira; hau da, eduki kurrikularrak lantzeaz gain, haur bakoitzaren egoera aintzat hartzen eta haren beharrei erantzuten. “Haur bat etxeko gela batean bizi bada  beste bost pertsonarekin, eskolan hori aintzat hartu behar dugu eta jakin egin behar dugu, ez baita gauza bera logela bat beretzat bakarrik izatea. Jakin egin behar dugu haurrek zer bizitzen duten” dio konbentzituta zuzendariak.
Zailtasunak
Eraldaketa guztien modura, Ramon Bajon egin dutenak ere baditu  zailtasunak. Bata klaustroaren ezegonkortasuna da. 22 irakasleko klaustroan bost irakasle baino ez dira finkoak, eta hiru zerbitzu batzordearekin daude. Gainerakoak urtero aldatzen dira. “Nahiz eta etortzen direnak inplikatu, badakite hurrengo urtean ez direla hemen egongo, eta horrela ezin diogu erantzun daukagun egoerari, ezin zaio jarraikortasun afektiborik eman” dio zuzendariak.
Beste zailtasun bat ikasleen mugikortasuna da. Ikasle batzuk ikasturte erdian etortzen dira, beste batzuk joan… mugikortasuna handia da. “Mugimendu bat dagoen bakoitzean taldea berriro kohesionatu behar da, eta horrek denbora eskatzen du”, gaineratu du Melguizok. “Irakasle gisa erantzun egin behar diogu horri. Horregatik, gutxienez irakasleak manten daitezela eskatzen dugu, eta ez daitezela biak aldatu, irakasleak eta ikasleak”.
Kultur aniztasuna bizitzen: praktika onak
Auzoan kultur aniztasuna handia da, eta eskolak auzoko eskola izan nahi badu, aniztasunean oinarritutako heziketa landu behar du. Eta ez hori soilik: kultur aniztasuna ez ezik, kulturen arteko harremanak ere bultzatu behar dira auzoan, eta hori eskolatik bultzatu behar dela dio Melguizok. “Garrantzitsua da eskolan praktikak egitea edo horren adibideak ematea”. Horren isla dira egiten dituzten honako ekintza hauek:
Amentzako eskola: orain dela 4 urte ikasleen amentzat gaztelaniazko eskolak eskaintzen hasi ziren. Izan ere, medikuarengana edo paperak egitera joateko, seme-alaben bila etortzen zirela ohartu ziren, eurak ez baitziren moldatzen ez euskaraz eta ez gaztelaniaz. Hori ikusirik, haurrak eskolan zeuden bitartean, eurei gaztelania ikasteko aukera ematea erabaki zuten.
Erretiroa hartuta dagoen irakasle batek ematen ditu eskolak, astelehenetik ostegunera bitartean. Emakume asko animatu zirenez, bi taldetan banatzen dira, eta bakoitza astean bitan joaten da. Batzuk sekula eskolara joan gabeak dira, eta euren hizkuntzan ere alfabetatu gabe daude.
Helburua da ahal duten ondoen konpontzea, eguneroko gauzak jakitea, medikuarenean ordua eskatzen jakitea, egutegia ulertzea… Eta idazketari dagokionez, jakin dezatela euren izen-abizenak, helbidea eta data idazten. Alegia, behar dutena.
Harrera ona izan dute. Ama batzuk, nahiz eta haurrak eskolan ez eduki, joaten dira. Izan ere, auzoari irekitako eskaintza da.
Arabierazko eskolak: pena da haurrek euren ama hizkuntza galtzea formalki. Etxean askok hitz egiten dute, baina alfabetatu ez. 12 urterekin haur bat euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz hitz egin, irakurri eta idazteko gai izatea izugarrizko aberastasuna da. Horregatik, arabierazko eskolak ematen dira haurrentzat eskola orduz kanpo. Erlijioarekin zerikusirik ez duten eskolak dira eta ama hizkuntza baloratzeko balio die. Beste eskola batzuetako haurrak ere joaten dira.
Hala Bedi irratia: ostiral goizetako programa egiteko, hilero edo bi hilean behin, eskolara jotzen dute Hala Bedi irratikoek. Inkestak, elkarrizketak, abestiak, errezetak… prestatzen dituzte irakasleek haurrekin, eta ondoren, grabatu eta emititu egiten dituzte.
Ijitoen elkarteko amak: animatzaile kulturalak egoten dira ama horiekin berriketaldiak egiten arratsaldetan 15:00etatik 16:30era. Eguneroko gauzez hitz egiten dute: haurrez, eskolaz, heziketaz… Hasieran ama ijitoak bakarrik elkartzen ziren, baina orain ama arabiarrak ere bai. Informatika ere ikasten dute.
Etxeko lanak egiten laguntzeko tarteak: aipatu animatzaile kultural berak haur ijitoei etxeko lanak egiten laguntzen aritzen dira, 16:30etik 17:30era.
Munduko dantzak: 19:00etan munduko dantza ikastaroa egiten dute. Amentzat da eta helburua amak etxetik ateratzea da. Arrakasta handia izan du.
Kirola: kirolaren eta jolasaren bitartez kultur aniztasuna eta integrazioa landu nahi dira, eta auzoko proiektua da, hots, auzoko haur guztiei irekita dago. Kirol hezigarria lantzen dute: lehiakortasunik eza, taldeko lana, garbitasuna, osasuna, elikadura, autokontrola, gorputzaren kontrola… Kirol heziketako bi gazte arduratzen dira proiektuaz, eta eskolako zuzendariarekin zein ikasketa buruarekin etengabeko harremanean daude.
Auzoko museoarekin eta Artium-ekin elkarlanean: bi erakundekin harremanetan eta elkarlanean daude.
Liburutegia: eskolako liburutegira etxeko lanak egitera eta irakurtzera joaten dira ikasleak. 17:30ak arte egoteko aukera izaten dute. Etxeko egongelaren funtzioa betetzen du, batzuek egongelarik ez baitute etxean.