Gizarte hezitzaileak eskolan

2008-05-01
Ikasleak, irakasleak, orientatzaileak, zuzendariak, familiak, ikastetxeko bestelako langileak (administrazioa, garbiketa…) horiek guztiek euren lekua dute eskolan, baina bada, pixkanaka, gure ikastetxeetan gero eta indar handiagoa hartzen ari den profesional taldea: gizarte hezitzaileak, alegia. Premia berriak sortzen ari dira eta horiei aurre egiteko laguntza behar izaten duten sarritan ikastetxeek. Ikasleek eskolan bertan zein eskolatik kanpo izan ditzaketen zenbait arazori aurre egiten eta horiek bideratzen lagundu ohi izan diete irakasleei gizarte hezitzaileek. Gurean, Gizarte Zerbitzuetan aritzen dira lanean eta eskolak hala eskatzen duenean edo haiek kasuren bat atzematen dutenean hurbiltzen dira eskolara. 
 
 
Premia berriei, erantzun berriak
Gizartea gero eta konplexuagoa den heinean, eskolako errealitatean ere behar anitzak sortzen doaz. Eta hezkuntza komunitateak, premia berri horiei erantzuteko bitartekoak behar ditu.
Gizarte hezitzaileak eta euren lana hezkuntza ez formalak hartzen dituen zenbait esparrutan kokatu ditugu orain arte; hala nola, premia bereziak edota arazo sozialak dituzten taldeekin esku-hartzen, gizarte-kultur dinamizazioan, esku-hartze komunitarioan, aisialdiko heziketan, kulturarteko gaietan, ingurumen hezkuntzan, helduen hezkuntzan, familiekin esku-hartzen, harrera etxeetan… Baina hori guztia aldatzen ari da eta eskola gizarte hezitzaileen esparrua ere badela ikusten ari gara. Hezkuntza komunitate osoak elkarlanean aritu behar duela gero eta argiago ikusten dugu; eskolek, gurasoek, herriak, kultur zerbitzuek, gizarte zerbitzuek… elkarrekin aritu behar dute, bakoitzak bere ikuspegitik eta bere ardurak betez. Hezkuntza formalaren eta hezkuntza ez formalaren arteko banaketa fisiko zurrunarekin hautsi beharra ikusten da gero eta gehiago, sortzen diren beharrei ikastetxeen dinamikatik bertatik erantzun integralak emateko.
Eta hori guztia aurrera doa pixkanaka; gizarte zerbitzuak eta eskolak elkarlanean aritzen dira maiz, nahiz eta oraindik norabide horretan pauso asko eman behar den. Elkarlan horrek, ikasleen beharrei erantzun osoak eta egokiak emateko aukera eskaintzen du eta beharrezkoa da, herri administrazioek, eskolek eta gizarte zerbitzuek elkarlanerako eta koordinaziorako egiturak sortzea. 
Gizarte Hezitzaileen Elkargoak jardunaldiak egin zituen joan den martxoan eta hausnarketa sakonagoa egiteko zutabeak finkatu zituzten. Gizarte hezitzaileak ikastetxean txertatzearen inguruan ondorio hauek atera zituzten:
1.- Irakasleek curriculumetik kanpoko zenbait gai lantzeko zailtasunak izaten dituzte sarritan.
2.- Planteamendua egin behar da: Kontraesanik ba al da gizarte hezitzaileek hezkuntza ez formalean aritzen diren profesional moduan hezkuntza formalaren esparruan esku hartzen badute?
3.- Gizarte hezitzaileak egiten duen esku-hartzeak orokortasunetik premia zehatzagoetara jo behar du.
4.- Gizarte hezitzaleak zailtasun gehiago dituztenekin diskriminazio positiboaren ikuspegitik esku hartzen du.
5.- Beharrezkoa da ardurak banatzea eta partekatzea, eta hainbat ikuspegitatik lan egitea.
6.- Gizarte hezitzaileak, ikastetxearen dinamikatik abiatuta erantzun integrala ahalbidetu behar du.
7.- Gizarte hezitzailearen presentziak esku-hartze soziala eta esku-hartze hezitzailea bermatuko lituzke eskolatze prozesu guztian zehar.  
Jesus Otaño: “Gizarte hezitzaileek eskola herrira zabal dezakete”
Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoko presidentea eta Gipuzkoan, gazteekin gizarte hezkuntza esku-hartzeko udal taldeen ahokularia da Jesus Otaño, eta gizarte hezitzaileek eskolan egiten duten eta egin dezaketen lanari buruz hitz egin dugu harekin. Gizarte hezitzaileen lana sarritan behar den moduan zehaztu gabe dagoela esan digu, beste profesional batzuek egiten dutela euren lana eta hori horrela izan ez dadila aldarrikatzen dute. Gurean, eskola guztietan ez dago gizarte hezitzailerik eta, kanpotik lan egiten dutenez, Gizarte Zerbitzuen eta ikastetxearen arteko koordinazioa beharrezkoa da Otañoren iritziz. 
Hezkuntza ez formala esparru zabala eta anitza da, batzuentzat ezezaguna. Azalduko al zeniguke zein diren gizarte hezitzaileen lan esparruak?
Hezkuntza ez formalaren eremua oso zabala da bai, eta denboran zehar zehaztu gabe egon da. Eremu ez formalean egiten diren hezkuntza esku-hartzeak gizarte hezitzaileen esku hartze eremuak izan behar dira. Eta askotan, esparru horiek soilik gizarte hezitzaileei dagozkienak izan beharko lukete, adibidez, pertsonek eta taldeek zailtasun sozialak eta hezkuntza arloko zailtasunak dituzten kasuetan eta hainbat garapen testuinguruk edota gizarte bazterketek sortzen dituzten zailtasun kasuetan.
Dena den, aipatu behar da sarritan, beste profesional batzuek egiten dituztela gizarte hezitzaileei berez dagozkien lanak eta guk, Gizarte Hezitzaileen Elkargotik hori horrela izan ez dadin egiten dugu lan; bakoitzaren funtzioak zehaztu nahi ditugu eta gure eremu profesionala defendatu nahi dugu.
Esku-hartze soziala eta hezitzailea gizarte hezitzaileen lana izan beharko luke soilik. Elkargotik ikusten dugunez, hauek izango lirateke gure lan esparruak: babes sistemetatik haur eta gazteekin egiten den esku-hartze soziala eta hezitzailea, nerabeekin justiziaren eremuan egiten dena, espazio kulturaletan eta aisialdiaren dinamizazioan, arlo soziolaboralean, helduen etengabeko formazioan, baztertuta edo horretarako arriskuan dauden helduen kasuan, drogomenpekotasun kasuetan, adineko pertsonekin, ezindu psikiko, fisiko eta sentsorialekin, ingurumen heziketan, osasun heziketan eta esku hartze komunitarioan… Horiek guztiak definitutako eredu eta metodologiak eskatzen dituzten programa zehatzetan landu behar dira.
Zein da gizarte hezitzaileek eskolan duten funtzioa?
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan gizarte hezitzaileak ez daude ikastetxeen egituretan sarturik eta horren inguruko eztabaida egin beharko litzateke hezkuntza instituzioetatik. Dena den, badira era puntualean ikastetxeren batean esku-hartze sozialari eta hezitzaileari dagokion programaren bat lantzen ari diren profesionalak. Adibidez, badira ijitoak diren ikasleekin lantzen diren programak, eskolako testuingurura hobeto egoki daitezen eta eskola ijitoen errealitatera gertura dadin, haien eskolatze prozesua lagunduz.
Baina gizarte hezitzaileek eskolan egiten duten lan gehiena kanpotik egiten dute, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikas komunitateetan egiten den lana azpimarratu nahiko nuke, oinarrizko baldintza baita bertan Gizarte Zerbitzuetako gizarte hezitzaileek parte hartzea, baita familia hezitzaileak, adin txikikoen hezitzaileak eta kale hezitzaileak ere.
Bestalde, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako taldeen eta ikastetxearen arteko koordinazioa beharrezkoa litzateke. Ikastetxea haur eta gaztetxoen hezkuntza prozesuak laguntzeko ezinbesteko solaskidea da eta espazio bakoitzetik esku-hartze komunerako bideak zabaldu behar dira, partekatutako ikuspuntu batetik. Ikasle gehienak eskolatuta daude, baina zenbait kasutan ez da horrelakorik gertatzen. Badira ere harrera etxeetan dauden haurrak. Kasu horiek pixkanaka bideratzen doaz eta denbora behar dute gauzak bere onera buelta daitezen, hori dela eta esparru ez formaletik egiten den edozein esku- hartzek bi sistemen arteko koordinazioa eskatzen du.
Zein izan daitezke gizarte hezitzaile bat eskola komunitatean sartzeko arrazoiak?
Arrazoi nagusia haur bakoitzarekin egiten den heziketa proiektuaren garapenean dago. Ikastetxearekin egiten den koordinazioa oso garrantzitsua da heziketa proiektu hori garatzeko. Oinarrizkoa da ikastetxean egiten duen prozesuaren jarraipenari buruzko informazioa eta gizarte hezitzaileekin erlazionatzen den espazioetako informazioa elkartrukatzea, horrek egoera hobetzeko bideak zabalduko dituelako eta eraikuntza pertsonal eta sozialerako haur edo gaztetxo horrek egin behar duen heziketa prozesua hobetzen lagunduko duelako.
Haurrek eta gazteek bizi dituzten egoera zehatzen inguruko kezkak etengabeak dira irakasleengan, baita portaeren gaineko edota jokaeren gaineko kezkak ere; askotan entzuten dugu irakasleen ahotik “ikasle honekin jada ez dakigu zer egin!” moduko esaldiren bat. Eskolara joaten ez direnen kasuan, DBHn batez ere, arazoak izaten dira eta lan koordinatua egitea beharrezkoa da. Askotan, gizarte zerbitzuak dira arazoa atzematen dutenak eta eskolari hori lantzea eskatzen diotenak.
Zein dira gizarte hezitzaileek topatzen dituzuen erronkak?
Gipuzkoan duela urte batzuk gizarte zerbitzuetako gizarte hezitzaileekin formazio saio batzuk egin genituen. Ondorio garrantzitsuak atera genituen. Uste dut, bost urte beranduago, bertan parte hartu zuten gizarte zerbitzuen eta ikastetxeen arteko elkarlana hobetu egin dela, baina han ikusi ziren erronkak gaur egun ere baditugula. Orduan, inplikatutako hezkuntza agente guztiek parte-hartzeko koordinazio espazioak indartzea eta sistema bien arteko ezagutza bultzatzea beharrezko ikusi zen, besteak beste.
Nola hartzen dute parte gizarte hezitzaileek ikastetxean? Norekin aritzen dira lanean?
Kasuaren arabera izaten da, baina normalean, ikastetxeko zuzendaritza edo orientatzaileak izaten dira gurekin harremanetan jartzen direnak. Egokia litzateke tutoreek esku hartzea, ikasleengandik gertuago egoten direlako.
Batzuetan esku-hartzea ikastetxean bertan egiten dugu. Beste batzuetan, gizarte hezitzaileak eskoletara joaten dira ikasleei zenbait gairen inguruan hitz egiteko eta laguntzeko; normalean curriculumetik ateratzen diren gaiak dira, zeharkako izaera dutenak; kontsumo prebentziorako gaiak, harreman afektibo-sexualak, gizarte trebetasunak… Baina batez ere, arazoak dituzten ikasleekin egiten dugu lan.
Era berean azpimarratu behar da baita ere gizarte hezitzaileak eskolan sartzen diren izaera komunitarioko talde bakarra direla sarritan. Egoera hori baliatu beharko genuke, ikastetxea komunitatera zabaltzeko. Horrek aurrerapen handia ekarriko luke.
Nolako harremana izaten dute gizarte hezitzaileek haurren edo ikasleen irakasleekin?
Egoeraren araberakoa da. Harremana hobetzen joan da baina prozesua ez da guztiz erraza eta elkar ezagutzea ezinbestekoa da. Ikastetxeak gizarte zerbitzuak zer garen jakin behar du eta gizarte zerbitzuek ikastetxea ezagutu behar dute; zein diren bakoitzaren funtzioak eta konpetentziak.
Zer  sare daude hezkuntza arautuaren, hezkuntza ez formaleko agenteen eta gizarte zerbitzuen artean? Eta nola hobetu daitezke?
Egoeraren araberakoa da. Harremana hobetzen joan da baina prozesua ez da guztiz erraza eta elkar ezagutzea ezinbestekoa da. Ikastetxeak gizarte zerbitzuak zer garen jakin behar du eta gizarte zerbitzuek ikastetxea ezagutu behar dute; zein diren bakoitzaren funtzioak eta konpetentziak. Sistematizazioa beharko litzateke, protokoloak sortzea, haur eta gazteen heziketa prozesuan orientabide komunekin koordinazio arduratsua egiteko.
Gizarte hezitzailea, gero eta figura ohikoagoa izango al da eskolan?
Gizarte hezitzaileek gero eta paper garrantzitsuagoa behar dute herritarren beharrei erantzuteko, baita eskolan ere. Zalantzarik gabe, bide horretan goaz. Geroz eta gehiago ulertzen da zein diren gure funtzioak eta konpetentziak, esku-hartze sozialaren eta hezitzailearen profesionalak gara. Baina badugu desabantailarik, izan ere, oraindik nor garen eta “zertarako balio dugun” azaldu behar dugulako. Ez da ulergarria gizarte hezitzaileok eskolan ez parte hartzea, elkarren beharra dugu, ikasleek eta familiek behar dutelako.
Eskolan, beraz, etengabeko figura izan beharko al luke?
Bai, baina eztabaida dago gizarte hezitzaileek non egon beharko luketenaren inguruan; ikastetxe kanpoan edo barnean, hau da ikastetxearen egituran txertaturik. Extremaduran, Andaluzian edota Gaztela-Mantxan gizarte hezitzailea ikastetxeko egituran txertatua dagoen langilea da. Gizarte Hezitzaileen Elkargoan gai horri buruzko eztabaida hasi dugu, eskolan gure egitekoa garatu behar dugula pentsatzen dugulako.
HIRUKIDE ikastetxea
Elkarbizitzarako Behatokia, guztien topaleku
Tolosako Hirukide ikastetxean Elkarbizitzarako Behatokia sortu zuten joan den ikasturtean eta era horretan, gizarte hezitzaileek modu iraunkorrean parte hartzen dute ikastetxean. Gizarte hezitzaileek egiten duten ekarpena bereziki baloratzen du ikastetxeak, irakasleek, ikasleek edota gurasoek ez duten ikuspuntua ematen dutelako. Horrek Behatokiaren eta ikastetxearen lana aberasten du eta gustura daude esperientziarekin. 
Hamabi urte dira gizarte hezitzaileak Tolosako udaletxearekin elkarlanean ari direla eta ondorioz, eskolarekin harremana dutela. Koordinazio mahaia dute, urtero hiru aldiz biltzen dira, arriskuan egon litezkeen haurren inguruko informazioa partekatzen dute eta erabakiak hartzen dituzte. Hirukide 2003-04 ikasturtean sortu zen hainbat ikastetxeren bat-egitearen ondorioz, eta hasieratik arduratu zituen bizikidetzaren gaiak. Bizikidetzaren inguruko plana egin nahi zuten, 2006-07 ikasturtean Eusko Jaurlaritzak bizikidetza plana egiteko proiektu pilotua sortu zuen, eskaera egin zuten eta aukera eman zieten. Horrekin batera, Bizikidetza Behatokia sortzeko aukera izan zuten eta horri ekin zioten. Hirukide, ikastetxe konplexua da, Txaro Etxeberria orientatzailea eta bizikidetzako arduradunak esan digunez, eta bi Behatoki sortzea erabaki zuten: bata Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, eta bestea DBHn, baina bien arteko koordinazioa erabatekoa da. “Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan bi guraso daude, irakasle bat, irakaslea ez den langilea, orientatzailea (ni) eta zuzendaria. Horrez gain, eskolakoa ez zen erakunderen bateko ordezkariaren bat sartu behar zen, lana aberastuko zuen norbait izatea nahi genuen, aukerak aztertu genituen eta gizarte hezitzaileekin gogoratu ginen segituan. Haiei esan genien eta berehala eman ziguten baiezkoa. DBHn, berriz, bi ikasle, guraso bat, irakaslea ez den langilea, bizikidetza arduraduna, beste irakasle bat eta gizarte hezitzailea daude”, esan digu Txarok.
Jendea oso inplikatua dago eta arduradunak oso pozik: “2006an sortu genuen Behatokia eta urtean bost bat bilera egiteko konpromisoa hartu genuen. Aurten zazpigarren bilera egitera goaz, orain, maiatzean”, aipatu du Txarok. Iaz Behatokiak zer eduki eta zer funtzio izango zituen zehaztu zuten eta aurten, Bizikidetza Behatokia zer den komunikatzea eta arauen inguruko lana egitea hartu zuten helburu moduan. Komunikazio hori DBHn landu dute batez ere, eta ikasleen partaidetza ere asko ari dira lantzen. Telefono mobilaren inguruan ere arazoak izaten dituzte eta horren erabilera arautzeko erabakiak hartu dituzte eta cyberbullyngaren gaia landu dute.
“Niri bizikidetza Behatokia izateak lasaitasuna ematen dit. Uste dut guraso askok ikuspegi horrekin bat egiten dutela. Gatazkak beti egongo dira baina horiei nola aurre egiten zaien da gauza eta horretan laguntzen digu. Gatazkak ez ditugu saihestuko ez dugu egingo baina datorrenari aurre egiteko lasaitasuna ematen du”, esan dugu Txarok.
Bizikidetza Behatokiak ez du erabakitzeko gaitasunik baina proposamenak egiten dituzte, horiek pedagogia taldera eramaten dituzte eta ondoren zuzendaritzak hartzen ditu erabakiak.
Gizarte hezitzaileen ekarpena
Gizarte hezitzaileak buru belarri dabiltza lanean eta ikastetxearentzat oso baliagarria da euren lana: “Askotan eskola barrutik esango ez genituzkeenak esaten dituzte eta ekarpen interesgarriak egiten dituzte. Beste ikuspuntu bat ematen digute eta horrek aberastasuna dakar; gurea formala, itxia da, eta haiek inguru irekian egiten dute lana”, esan digu Txarok.
Luz Clemente Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Bahatokian aritzen da lanean. Gizarte hezitzailea da Luz eta Tolosako Gizarte zerbitzuetan egiten du lan kale heziketa programan. Maila indibidualean egiten dute lan 11-18 urtekoekin eta familiekin, talde mailan ere aritzen dira, koadrilekin, eta azkenik, maila komunitarioan. Azken horretan kokatzen da Elkarbizitzarako Behatokia. “Zerbait gertatzen denean egiten dugu lan, baina prebentzioa egitea ere gure lana da. Eskolekin lan egin behar dugula uste dugu eta Txarok zuten asmoa jakinarazi zigunean, bertan egon behar genuela ikusi genuen”, esan digu Luzek. Gurasoen ekarpena etxean izan ditzaketen zailtasunen berri ematea da; Txarok, ikastetxearen ikuspuntua ematen du; eta gizarte hezitzaileek, gainontzekoek euren ikuspuntua zabal dezatela heziketari buruzko ikuspegi zabalagoa izatea da, ikastetxean oso zentratua egoten direlako.
Ikastetxeari ongi datorkio gizarte hezitzaileen lana komunitatera zabaltzeko. Izan ere, Luzek esan digunez, komunitateari buruz hitz egiten dutenean eskola komunitateari buruz hitz egiten dute soilik, ez dute ulertzen eskola komunitatea herri osoa denik. Dena den, gizarte hezitzaileen lana definitu beharra dagoela dio: “Estatu espainiarreko beste komunitate batzuetan gizarte hezitzaileak daude eskoletan, baina politikarien ekimena izan da eta sarritan ez diote eduki logikorik eman; ez dute euren funtzioa zehaztu eta batzuk ez daude oso egoera onean. Batzuek haurrak autobusetik jaso eta gelara eramateaz arduratzen dira oraindik inork ez dielako esan eskolan zer funtzio bete behar duten”.
Txaroren ustez, positiboa da eskolan gizarte hezitzaileak egotea, berdin zaio barrutik edo kanpotik lan egiten duten, baina euren lana beharrezkoa dela uste du. Izan ere, kanpoko ikuspegia, freskotasuna… ekartzen dute bere iritziz eskolara. Luzek zalantza du, ordea: “Gizarte hezitzailea, hezitzailea da eta eskolan egoteak zentzua du. Baina ikastetxea sistematizatuta dagoen moduaren arabera, arlo soziala espazio txiki batera murriztua geratzen da. Uste dut garrantzitsua dela elkarlanerako espazioak sortzea eta agian, agertzen ari diren beste figura batzuek baino lotura handiagoa izan beharko genuke ikastetxeekin, azken batean hezitzaileak garelako. Gizartea aldatzen ari da eta alderdi berriak irakatsi behar dira, bizitzarako ohiturak, abileziak… Behintzat, ez dezatela beste profesional batzuek erabaki geuk zer lan egin behar dugun, zeren hori gertatu izan da. Hausnarketa garaian gaude, baina gizarte hezitzaileok eta ikastetxeek elkarrekin lan egin behar dugu”.  
Kale dor kayiko
Biharko ijitoak eskolan
Ijitoen elkartea da Kale dor kayiko eta izenak adierazten duen moduan (Kale dor kayiko, “Biharko ijitoak” esan nahi du), etorkizuneko ijitoen aldeko lana egiten dute. Bilboko Txurdinaga auzoan dute egoitza eta ijitoen eskubideak aldarrikatzea da bere egiteko nagusia; horien artean, ijitoak eskolatzea bultzatzen dute. Maiz arazoak izan dituzte, ingurukoek ez dituztelako ongi hartu edota gurasoek seme-alabak eskolatzeari garrantzirik eman ez diotelako. Elkartean duten Opre rroma (Eutsi ijito!) programak ijitoen eskolatzea bultzatu nahi du eta hainbat gizarte hezitzaile dabiltza horretan lanean. 
Proposamen pedagogikoa lantzen ari da gaur egun Kale dor kayiko elkartea Oscar Vizarraga zuzendariak esan digunez: “gerundioaren pedagogia”, hain zuzen ere. Hezkuntza komunitateari egingo dioten proposamena lantzen ari dira eta hori, ijitoen izateko eran oinarrituko da.
Haur eta gazte ijitoek aukerak izatea nahi dutela esan digu Oscarrek: “Merkatura lanera joan nahi badute, joan daitezela, baina hori aukeratu dutelako, ez beste biderik ez dutelako. Aukera berdintasuna lortu nahi dugu eta heziketa akademikoak hori eskaintzen du. Eta heziketa akademikoa diogunean, akademikoa azpimarratzen dugu, ijitoak berez, baduelako heziketa, batzuek ulertzen ez duten arren. Etxean heziketa jasotzen dugu, baina akademikoa falta zaigu eta horren eraginez, ijitoak mundu osoko bazterretan marjinazio sozialetik oso hurbil daude”. Oscarrek esan digunez, egia da duen izakerak ijitoa ez duela eskolara sartzera bultzatzen, baina sistema ere ez da arduratu ijitoak bertan sartzeaz: “Utzikeria dago. Ijitoak beti bizi izan garen moduan bizitzen jarraitu dugu eta instituzioek ez dute sarrera horretarako bitartekorik jarri. Ijitoen nortasuna ez dute eutsi beharreko zerbaiten moduan ikusi, baizik eta aldatu beharreko zerbaiten moduan. Besteen modukoak izan behar dugu, integratu egin behar dugu eta integrazioa, hitz madarikatu hori, batzuek disoluzio baten moduan ikusten dute. Geure nortasunari eutsi nahi diogu eta gure hizkuntza berreskuratu nahi dugu; hori ez da errespetatu eta ez da errespetatzen munduko leku askotan; hori da gure aldarrikapenetako bat”.
Baina, aurrerapenak egin dira. Duela 20 urte egoera okerragoa zela esan digu Oscarrek. Orduan sortu zuten Kale dor Kayiko elkartea eskolatik pasatako zenbait ijitok eta Adarra talde pedagogikoak. “Ni eramaten ninduten eskoletara ijitoak motibatzeko eta ikusteko ijitoa izanik ere, ikas daitekeela. Une batean elkartea sortzea bururatu zitzaigun lan horrekin jarraitzeko; helburua euskal irakasleei ijitoen kulturaren inguruko aholkularitza eskainiko zien elkartea sortzea zen. Elkarte moduan jaio ginen eta ikastaroak ematen hasi ginen. Hortik aurrera unibertsitateko sailekin elkarlanerako hitzarmenak egin genituen etorkizuneko profesionalek gaurkoek dituzten gabeziak izan ez ditzaten. Baina gutxi zela ikusi genuen, familiengana joatea eta lanean hastea falta zitzaigula. Kale dor kayiko sortzea erabaki genuen orduan”, azaldu digu Oscarrek.
Kale dor kayiko saria ematea bururatu zitzaien hasieran. Ikasturte amaieran, ikasleei ikasteak eskatzen dien ahalegina aitortzea zen helburua. Baina denborak aurrera egin zuen eta horri jarraipena eman behar ziotela pentsatu zuten, orduan sortu zuten Opre rroma izeneko programa, ijitoen herriak formazioa jasotzeko helburuz. 
Opre rroma: eutsi ijito!
Iratxe Azofra da Opre rroma programaren arduraduna. Guztira zortzi hezitzaile daude lanean. Esan digunez, ijitoak eskolan normalean ez dira Bigarren Hezkuntzara iristen eta ez dute eskola graduaturik lortzen, beraz, garrantzitsua da haiekin motibazio lana egitea. Inguruak ez die gehiegi laguntzen eta egoera hori gainditzeko moduetako bat ikasketak direla uste dute. “Helburuetako bat ikasle ijitoei babesa ematea da, eta ikasketetan Bigarren Hezkuntzatik gora jotzeko animatzea. Ikastetxera joaten gara lanera, argi dugulako gure laneko plana elkarrizketan, parte-hartzean, elkarlanean eta elkarbizitzan oinarritzen dela”, esan digu Iratxek. Ikaslearekin, ikastetxearekin eta familiarekin egiten dute lan eta komunitatea ere kontuan hartzen dute, inguruak gazteengan eragin handia duelako.
Ikaslearekin, eskolan duen egoeraren arabera, lanerako plana egiten dute. Programa lau taldetan banatzen dute:
1.- Ikastetxera maiz joaten diren ikasleak. Gehienetan Lehen Hezkuntzan dena gainditzen duten ikasleak izaten dira, Kale dor kayiko saria jaso dutenak.
2.- Eskolara erregulartasunez joaten ez diren ikasleak.
3.- Irakaskuntza osagarriak edo Lanbide Hastapeneko ikasketak egiten ari diren ikasleak.
4.- Nagusiak. Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa gainditua dutenak eta DBHko 3. mailatik gora ari diren ikasleak.
Taldearen arabera, aldatu egiten da esku-hartzea. Baina esku-hartzea lau gai multzo handiren inguruan egiten dute beti:
1.- Motibazioa. Gai nagusia hori da, ikasleek askotan ez dute motibaziorik, eta familiak eta irakasleek ez diete gehiegi laguntzen.
2.- Ikasketetarako laguntza. Askotan ikasten ez dakitela esaten dute eta pixkanaka erakusten diete, adibidez, eskemak egiten.
3.- Elkarbizitza. Gatazkak ebazteko tresnak eskaintzen dituzte.
4.- Autoestimua. Autoestimurik gabe iristen dira eta ez dute sinesten noraino hel daitezkeen. Hori lantzea oso garrantzitsua da.
“Hiru hilero programazio indibidualak egiten ditugu, helburuak eta horiek lortzeko jarduerak eta ebaluazioa zehaztuz. Ikasleekin, banakako tutoretzak erabiltzen ditugu, ikasgelaren martxan ahal den gutxien eragiten saiatzen gara. Gure helburua eskola porrota saihestea bada, ez du zentzurik matematika orduan bertatik ateratzea, espazio alternatiboak bilatzen saiatzen gara. Askotan jolasgaraietan egiten dugu lan haiek gustuko ez duten arren, eta kasu batzuetan institututik kanpora esku hartu behar dugu. Banakako tutoretza horiek 15-20 minutukoak izaten dira astero”, azaldu digu Iratxek. “Eta batzuetan, helburua komuna denean, taldekako tutoretzak ere erabiltzen ditugu. Adibidez, motibazioa lantzen ari bagara eta taldea txukuna dela ikusten badugu, elkartu egiten ditugu eta biren edo hiruren artean lantzen dute gaia”, jarraitu du. Horrez gain, hainbat ikastetxetako adin bereko ikasleak elkartzen saiatzen dira. Arratsalde batez elkartzen dira, elkar ezagutzen dute, esperientziak elkartrukatzen dituzte eta konturatzen dira ez daudela bakarrik. Batzuetan erreferente izan daitezkeen pertsonak eramaten dituzte ikastetxeetara, ikasleek ikus dezaten, ikastea posible dela eta ez dela kaltegarria.
Irakaslearekin elkarlanean aritzen dira, helburuak finkatzen dituzte eta horrez gain, ikastetxeko beste programetan parte hartzen saiatzen dira. Izan ere, kalitatea lortzeko guztien arteko elkarlana beharrezkoa dela uste dute. Eta familiekin ere parte-hartze bideak zabaltzen saiatzen dira. “Eskolan arrakasta nahi badugu, inguruaren parte hartzea gero eta handiagoa izan, emaitzak hobeak izango dira. Familiak ikasleak animatzera bultzatu nahi ditugu, ez ditzatela bakarrik utzi”, esan digu Iratxek.
Garrantzitsuena ikasleek beldurrik ez izatea da, eta ez pentsatzea ikasteagatik euren nortasuna galduko dutela. Elkarbizitza eta errespetua beharrezkoak dira horretarako eta askotan ezagutza ezagatik egoten diren gatazkak alde batera uztea beharrezkoa dela uste dute Kale dor kayikon.