Kronika

2008-05-01
 
 
Herriz herri, egunez egun, urratsez urrats… 
Hezkuntza Sistema Nazionala. Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak apirilean abian jarri zuen kanpaina azken txanpan sartu da. Hezkuntza sistema nazionalaren aldeko aldarrikapena egitea da kanpainaren helburua, eta bide horretan emandako aurrerapausoak eta aurkitutako oztopoak gizarteratzea. Horretarako, hainbat herri eta ikastetxetan ekimenak antolatu dituzte, eta ikastetxeentzat eta aisialdiko taldeentzat unitate didaktikoa osatu dute. Era berean, erakusketa dinamikoa ikusteko eta argazki bidezko atxikimendua egiteko aukera izango da maiatzaren 31ra bitartean. Orduan amaituko da EHBEk abiatutako kanpaina Iruñean izango den manifestazio nazionalarekin batera. 
Itunpeko sarea osatzen duten ikastetxeek sare publikoaren pareko finantzaketa eskatu dute
Hezkuntza Sistemaren Legea lehenbailehen lantzen hasteko eskatu dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastolen kidegoak Eusko Jaurlaritzari eta lege horren barnean, finantzaketa arloan ikastolak eta sare publikoa pareka ditzatela eskatu dute, itunpeko ikastolen finantzaketa % 100ekoa izatea, alegia. Eskaera horrekin bat egin dute Kristau Eskolek ere. Jose Luis Sukia, Partaideko zuzendariak esan duenez, sare publikoko ikastetxeek eskaintzen duten zerbitzu bera eskaintzen dute ikastolek, eta beharrezkoa da finantzaketa ere, parekoa izatea. Hezkuntza sistema berdefinituko lukeen legearen alde egin du Partaidek, egungo sistemaren eredua gainditzeko. Ikastolak jabego anitzeko ereduaren alde agertu dira eta hezkuntza, zerbitzu publiko bakar gisa hartzea proposatu dute. Gainera, indar guztiak herri baliabideekin hornitutako ikastetxeak bultzatzeko jarri beharko liratekeela uste dute ikastolek.
Gaur egun itunpeko ikastetxeen % 70 inguru finantzatzen ditu Eusko Jaurlaritzak eta finantzaketa osoa izango balitz, itunpeko ikastetxe guztiak finantzatzeko 120 milioi euro beharko lituzkete ikastoletako ordezkariek jakinarazi dutenez. Horren trukean ikastolak prest egongo lirateke gizarte konpromisoak hartzeko. Partaide prest agertu da ikastoletan matrikulatzen diren ikasleen % 15 etorkinak izateko eta konpromiso horien artean leudeke baita ere, ezintasunak dituzten haurrak hartzea edota hizkuntzarekin zerikusia duten konpromisoak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposamenaren berri jaso du, baina ez dute negoziatzen hasteko datarik jarri. Dena den, aurreratu dute, pausoren bat eman aurretik finantzaketa publikoa jasotzeko itunpeko ikastetxeek bete behar lituzketen baldintzak zehaztu beharko liratekeela. Edonola ere, legearen proiektua hasierako fasean dago eta denbora pasako da erabakiren bat hartu aurretik.
Datorren ikasturtean ez da irakasle gehiago izango sare elebidunean Iparraldean
Paueko Akademia Ikuskaritzak ez du irakasle gehiago jarriko datorren ikasturtean Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastetxe elebidunetan. Urruña salbuespena izango da, baina gainontzean, euskarazko eskaintzarik ez dagoen herrietan, egoera berari eutsiko diote eta izan diren zenbait mugimenduk, batzuei mesede egin arren, besteei kalte egingo die. Esaterako, Akademiak lanpostu-erdi bana eman dizkie Ziburuko eta Donibane Garaziko eskolei baina lanpostu osoa kendu dio Izpurakoari.
Pirinio Atlantikoetako departamentuan, 51 irakasle kenduko dituzte guztira, eta eragin handiena Euskal Herrian izango du neurriak, 30 lanpostu kenduko baitituzte, eta 16 sortu. 14 lanpostu horietatik, gehienak sare frantses elebakarrean kenduko dituzte. Akademia Ikuskaritzak ama eskoletan gela bat sortzeko ikasleen gutxieneko kopurua igo egin du; 20 ziren lehen, orain, berriz, 25.
Lanpostu murrizketaren harira izan diren protesten aurrean, gogor hitz egin du Philippe Carriere Paueko Akademia ikuskariak. Esan duenez, eskola karta berrestean, iraila bitartean ez da inolako aldaketarik izango eta alferrik izango dira eskola okupazioak, bere ustetan, hezkuntzaren kalitateari kalte besterik ez diotelako egiten. Sindikatuek, gurasoen elkarteek eta hautetsiek haserre hartu dute erabakia, izan ere, sindikatuek aurreikusten dute datorren ikasturtean eskoletan 300 haur gehiago izango direla. Seaska ere haserre dago, 13,5 lanpostu gehiago eskatzen dituztelako eta bakarra emateko asmoa iragarri dutelako Frantziako agintariek. Jean Claude Iriart, EPP Euskararen Erakunde Publikoko zuzendariak, eskola kartaren balorazio positiboa egin du hiru urtetan aurrerapena izan dela eta haur gehiagok euskaraz ikasten dutela esanaz baina ez da iritzi berekoa, ordea, Thierry Delobel Ikas-Biko presidentea, bere ustez eskola kartak hizkuntza politikaren mugak agerian utzi baititu.
Hizkuntza gutxituen inguruan eztabaidatuko dute Frantziako parlamentuan maiatzaren 7an
Frantziako diputatuek hizkuntza gutxituen gaineko eztabaida egingo dute, hizkuntza gutxituen euroagiria berresteari begira. François Fillon Frantziako lehen ministroak hizkuntza gutxituen aldeko neurriak onartzea baztertu zuen, baina horri buruzko eztabaida antolatuko zuela hitz eman zuen eta hala egin du. Nicolas Sarkozy presidenteak, bere aldetik, euroagiria berrestearen alde ez zegoela adierazi zuen eta hizkuntza gutxituen “egoera behin betiko ziurtatzeko” moduko legea hobeto ikusten zuela. Maiatzaren 7ko eztabaidan ez dute erabakirik hartuko, baina lantaldea osatuko dute.