Zer motatako zailtasunak topa daitezke lengoaia idatziaren ikaskuntzan? Nola joka dezakegu alor horretan zailtasunak dituzten ikasleekin?

2008-06-01
 
 
Zer esan nahi du ongi ez irakurtzeak? Gauza bat da hitzak ezagutzea, hitzak identifikatzea, kodetzea, jariotasuna… Horrek guztiak irakurketaren oinarrizko erdigunea osatzen du. Eta irakurketa komunikaziorako erabiltzea ere, erdigune horren zati da. Nik gitarra jo behar badut, ezin dut soilik komunikatu, hatzak ere mugitu behar ditut, eta hori jariotasuna da. Jariotasuna eta komunikazioa beharrezko gauzak dira. Baina oreka hori lortzea konplexua da.
Beraz, lehen ideia da, ongi irakurtzeak bi osagai dituela: bata artifiziala eta bestea naturala. Biak elkartzen dira eta bestelakoa den zerbait osatzen dute. Naturala hizkuntzaren ulermena da; ez da beharrezkoa irakastea. Inork ez digu esan behar hizkuntza nola ulertu behar dugun; ikasi egiten dugu, hori egiteko prestatuta gaudelako, ez dugu behar inork gauzak esaten erakustea, ezta hitzak nola ordenatzen edo nola eraikitzen diren esatea ere. Bizitzan zehar ikasten joaten gara. Baina, artifiziala den zati bat bada; hau da, nola pasatzen garen idatzizkotik ahozkora, hizkuntzara, fonologiara. Hori artifiziala da, ezin da ikasi irakaskuntzarik gabe. Bost eta sei urte artean bi dimentsio horiek nahasten hasten dira: naturala eta artifiziala nahastu egiten dira, baina prozesu horrek urteak behar ditu. Hizkuntza aldatu egiten da, analitikoagoa, kontzienteagoa eta erreflexiboagoa bihurtzen da. Hala ere, badira hori ongi egiten ez duten haurrak, batzuek ongi irakasten ez dietelako, beste batzuek zailtasun handiak dituztelako. Eta beste batzuek bi gauzengatik.
Beraz, alde batetik, hitzak ezagutzea edo identifikatzea dugu. Zer da hori? Horrek estimulu grafikoak automatikoki lengoaia bihurtzea dakar, pentsatu beharrik izan gabe. Bestetik, ulermena deituko genukeena legoke.
Hitzak ezagutzeko dugun azkartasunean aldeak daude pertsona guztien artean, eta horrek ez du zerikusirik inteligentziarekin. Denek hitzak ulertzen ikas dezaten lortzeko, esplizituki erakutsi behar diegu. Hitzak ezagutzen ikas al daiteke irakaskuntzarik gabe? Ezetz uste dugu. Ulertzen erakuts al daiteke irakaskuntza espliziturik gabe? Litekeena da erantzuna baiezkoa izatea. Behintzat, pertsona askok egin du, nahiz eta badakigun ikasle askok irakaskuntza hori beharko luketela. Arazo desberdinak dira; bata, hitzak ezagutzeari dagokio eta bestea, ulermenari.
Gainera, idatzizko hizkuntzak elkarren artean oso desberdinak diren bi konpetentzia biltzen dituenaren ideia horretatik, bi arazo mota edo bi zailtasun mota egon daitezkeela pentsa dezakegu:
1.- Hitzak egoki irakurtzen ez dituztenak. Horren ondorioz, gainerako prozesuak baldintzatuta geratzen dira; ez da ezin dituztela egin, baina hainbeste denbora behar dute irakurtzen dutena argitzeko, adibidez, ezin dutela juntagailuetan pentsatu eta ezin dutela irakurri dutenaren esanahian murgildu.
2.- Hitzak oso ongi irakurtzen dituzten baina testuaren eredu bat edo beste irakurtzea berdin zaien ikasleak. Ongi irakurtzen dute, baina ez diote erreparatzen testuak zentzua izan dezan oinarrizkoak diren zenbait elementuri. PISA txostenaren arabera, ikasle gehienak talde horretan leudeke.
Ikasle bat dislexikoa izateak irakurketaren ikaskuntzan arazoak dituela esan nahi du; arazoak dituzte hitzak azkar eta zehatz ezagutzeko. Ez da gaizki hitz egiten dutela, baizik eta gaizki irakurtzen dutela. Gaizki hitz egiten badute, bi arazo izango dituzte: gaizki hitz egiten dute eta ez dituzte hitzak ezagutzen. Baina, badira ongi hitz egiten duten eta hitzak ezagutzeko arazoak dituzten ikasleak. Dislexia irakurketari dagokion arazoa da soilik, ez ahozkoari dagokiona. Nik dislexiari buruz hitz egingo nuke jende askok hitz hori gustuko ez duen arren, zeren dislexikoak diren ikasleei eskubideak ematen dizkie.
Badira, bestalde, bi arazo dituzten ikasleak; ez dute ongi irakurtzen eta irakurtzen dutena ez dute ulertzen. Eta hitzak ongi irakurri baina ulertzen ez duen taldeak arazo orokorragoa du, ulermen arazoa du. Dislexikoek soilik hitzak ezagutzeko arazoa dute. Eta badira hiru arazoak dituztenak ere. Eta horrekin amaitzeko, esango nuke badirela beste arazo batzuk azaltzen dituzten arazoak, adibidez, ikusmenarekin edota entzumenarekin lotura duten zenbait arazok ikasle batzuek ongi ez irakurtzea azal dezakete.
Hitzen ezagutzaren arazoa
Nola ezagutzen ditugu hitz idatziak? Irakurketaren ikasketan eraikuntza prozesu bat dago; eraikuntza pertsonala da. Grafemekin irudikatzen dena ulertu behar da, eraikuntza pertsonala da. Baina, kontua ez da hor amaitzen; behin arazoa ulertu ondoren, automatizatu beharra dago. Zerbait automatizatzeko askotan egin behar da ongi. Kontzeptuen eremuan akatsak oso ongi daude, baina automatizatzeko prozesu horretan akatsak izurrite baten modukoak dira, automatizatu behar dena bide egokiak direlako eta ez bide okerrak. Beraz, irakurketa barneratzean eraikuntza-alderdia da eta bada elkartze-alderdia ere, praktika eskatzen duena, hau da, asko irakurtzea eskatzen duena. Beraz, hitzen ulerkuntzaren arazo garrantzitsua automatizatzeko joera duela da. Horrek esan nahi du prozesua ez dugula geuk kontrolatzen, baizik eta prozesuak gu kontrolatzen gaituela. Hitz bat ikusten dugu eta ezin dugu irakurri gabe utzi, automatizatu egiten dugu. Eta hitzen ezagutza automatizatzen ez bada, arazo bat dugu.
Irakurketa arazoak dituzten haurrek inork baino ariketa gehiago egin behar dituzte, inork baino gehiago irakurri behar dute, automatizatzea inori baino gehiago kostatzen zaielako.
Beraz, hitzak ezagutzeko prozesua automatikoa eta azkarra da. Prozesu tuntuna ere bada, ez baitator bat maila intelektualarekin. Idatzitako hitzak identifikatzeko ez da erabakirik hartu behar, ez dago estrategikoak izan beharrik, ez da hipotesirik egin behar. Laugarren ideia litzateke pertsonen arteko aldeak daudela; azkarragoa den jendea dago, eta baita mantsoagoa dena ere, eta azkarragoak direnek abantaila dute testua ulertzerako orduan. Hasierako alde txiki horiek amaieran alde handiak sortzen dituzte, eta hori saihestea oso zaila da. Hezkuntzarekin ikasle guztiek oinarrizkora iristea lortu behar dugu; ez ikasle guztiak berdinak izatea, hori ezinezkoa delako, baina ikasle guztiak oinarrizko den horretara iristea hezkuntzan lan egiten dugun guztion konpromisoa da. Hitzen ezagutze prozesua derrigorrezkoa da, gainera. Garrantzitsua da hitzak behar den moduan ezagutzea, eta horretarako arazoak dituzten ikasleek, tratamendua behar dute.
Zenbat denbora behar da aurrerapenak ikusteko? Adibidez, Lehen Hezkuntzako 6. mailan ikasleek sei urte daramatzate eskolatuta eta badira beste batzuek baino azkarrago irakurtzen duten ikasleak, baina arazoa kritikoa da: alde horiek ba al dute eraginik ulermenean, beste aldagai batzuen efektua (aldez aurreko ezagutzak, memoria edota gaitasun erretorikoa) alde batera utziz gero? Beste hitz batzuekin esanda: irakurri behar duten testuaren inguruan aldez aurreko ezagutza bera, memoria bera eta gaitasun erretoriko bera duten bi ikasleren kasuan, azkarrago irakurtzen duenak hobeto ulertuko al du? Hiru azterketa egin ditugu, eta ikusi dugu seigarren mailan azkarrago irakurtzen dutenek abantaila txiki bat badutela ulermenari dagokionez.
Nola ebaluatu behar dira irakurketari dagozkion zailtasunak? Hitzak ezagutzeko prozesuan, atzerapen adierazgarria dagoenean hitz egiten dugu irakurketaren gaineko arazo zehatz bati buruz edo dislexiari buruz. Adierazgarria diogunean, bi urteko atzerapenari buruz ari gara. Atzerapen hori ez dugu espero, askotan, entzumenari edota ikusmenari dagozkion arazoak, buru ezintasunagatik edota arrazoi emozional handiengatik sortutako arazoak eta hezkuntza esperientzia oso txarraren eraginez sortutako arazoak atzeman gabe gertatzen delako. Irakurketaren atzerapen zehatz baten aurrean gaudela baieztatzeko, curriculumeko arloren batean ikaslearen maila ona dela egiaztatu beharko genuke. Adibidez, ikasleak irakaslearen azalpenak ongi ulertzen baditu, arazo zehatza litzateke.
Baina irizpide horiek oso zabalak dira eta gehiegizkoa ere izan daiteke; beraz, gero eta gehiago erabiltzen den irizpidea hau da: irakurketaren ulermenean arazo zehatz bat dagoela ziurtatzeko, ikasleak tratamenduari ematen dion erantzuna hartu behar dugu kontuan. Ongi diseinatutako, ongi antolatutako eta konpetentea den tratamendu baten ondoren, ikasleak nola erantzuten duen ikusi behar dugu eta tratamenduari ematen dion erantzuna da adierazlerik onena ikusteko irakurketari dagokion atzerapen zehatz baten aurrean ote gauden. Tratamendua jarrita aurrera egiten ez duenean, argi dago irakurtzeko eta idazteko zailtasunak dituela. Tratamendua diagnostikoaren araberakoa izango da, eta protokoloari jarraitzea oso garrantzitsua da. Tratamendu bakoitza ikaslearen zailtasunen araberakoa izango da.