EAEko hizkuntza ereduen erreformarekin bueltaka jarraitzen dute alderdi politikoek eta eragileek

2008-11-01
 
 
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza ereduen erreformak zehaztu gabe jarraitzen du. Eusko Jaurlaritza osatzen duen hirukoaren barne desadostasunek bere horretan jarraitzen dute, izan ere, erreforma ikastetxe guztietan aplikatu aurretik, zentro batzuetan froga egiteko eskatzen du EAJk, eta gaztelaniak eta atzerriko hizkuntzek tokia izango dutela bermatu nahi dute jeltzaleek.
Bitartean, hainbat gizarte eragileren kritikak jaso ditu azken egunotan Hezkuntza Sailaren proposamenak. Eskolak Euskaldundu-k hizkuntza ereduen erreforma iruzurra dela salatu du, eta proiektuan aldaketa sakonak egiteko eskatu diote Txontxu Camposek gidatzen duen sailari, “hurrengo 25 urteetan eskolak euskalduntzeari ateak itxi diezazkiokeen legea dela” uste baitute. Euskal Herriak Bere Eskolak ekimenak ere kritikatu izan du erreforma, eta Camposi euren iritzia jasotzen duen gutuna helarazi zioten duela egun batzuk. Errefomari eskasa iritzi diote baita ere LAB eta STEE-EILAS sindikatuek.  LABek osagai interesgarriak dituela uste duen arren, haien iritziz, erreforma ez da nahikoa hurrengo belaunaldien euskalduntzea bermatzeko. Eta EHAK-k, bere aldetik, “iruzur arriskua” ikusten du erreformaren atzean, izan ere, Ezker Abertzalea legebiltzar taldearen ustetan, erreformak ez du ikasleen euskalduntzea bermatuko.
Desadostasun eta kritika artean, denbora aurrera doa, eta gero eta denbora gutxiago geratzen da proiektua Eusko Legebiltzarrean aurkezteko, izan ere hauteskundeak 2009ko martxoan izanik, abenduan etengo litzateke Legebiltzarraren jarduna. Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak legegintzaldia amaitu aurretik egitasmoa Legebiltzarrean aurkeztuko duela esan du, eta lasaitasuna eskatu du.