Fraisoro ikastetxea. Landa eremua biziberritzeko prest dauden ikasleak

2008-11-01
Zizurkilgo Fraisoro ikastetxea Itsasmendikoi zentroaren barnean dago, landa eta itsasertzeko eremuen prestakuntza, sustapen eta garapen integraleko zentroaren barnean, Derioko eta Arkauteko ikastetxeekin batera. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak kudeatzen ditu guztiak. Fraiso-ron, erdi mailako bi ziklo eskain-tzen dituzte: lorezaintza, alde batetik, eta abeltzaintza, bestetik. Goi mailako zikloa Natura eta paisaia baliabideen kudeaketa da. Experimentaldia azokan izan ziren, euren lanak erakusten.
 
 
Lorezaintzan, kanpo lorezaintza eta barnekoa lantzen dituzte Fraisoron: loreekin egindako lanak, espezieen ezagutza, mekanika… Abeltzaintzari dagokionez, berriz, batez ere behiekin aritzen dira, baina bestelako abereak ere badituzte: ardiak, oiloak... Eta goi mailako zikloan, basogintza eta natur baliabideen kudeaketa lantzen dute, baina lorezaintzari ere arreta berezia eskaintzen diote.
50 ikasletik gora dituzte eskolan, Ane Miren Agirrezabal irakasleak esan digunez: “Gazteak ditugu, ikastetxetik irten eta zuzenean datozenak, baina baditugu zaharragoak ere. Kasu batzuetan, jendea aspertu egiten da lanean aritu ondoren, eta bi urtez uzten du lana, gure eskolara etortzeko. Kasu horretan, gehienek lorezaintza ikasten dute”.
Experimentaldia azokan izan zirenean, hainbat gauza eraman zituzten jendeari erakusteko: zuhaitzak mozteko balio duen makinaren simulagailua, lore lanak, eta baita kontrol biologikoa deritzona ere. “Zenbait zomorrok landareek izan ditzaketen izurriteak geldiarazten dituzte, eta, produktu kimikoek alde negatiboa dutenez, gero eta gehiago erabiltzen da kontrol biologikoa. Kontrol biologikoa egiteko, beste intsektu batzuk askatzen dira, etsai naturalak deritzenak, eta intsektu horiek besteak jaten dituzte; horrela, izurriteak era naturalagoan kontrolatzen dira”, azaldu zigun Ane Mirenek.
Baina ikusteko gehiago ere bazen han. Izan ere, landare horma ikusgarriak ikusgai jarri zituzten Fraisorokoek. Horma horien azpiko aldean ura eta ongarriak jartzen dira, eta landareak, berriz, hormetan. Ikasleek ura gorantz botatzeko eta landare horman dauden landareak ureztatzeko sistema automatizatu bat egin zuten.
Nekazaritza inguruetako lana gainbehera doan arren, bada inguru horiei eusteko prest dagoenik ere. Horren adibide dira Fraisoroko ikasleak. 
JIMENEZ Mujika, Maria. Lorezaintzako ikaslea
Lorezaintza zikloa egiten ari da Maria Jimenez Mujika, eta gustura dabil. Bi urteko zikloa da, eta, lanean aritu ondoren, berriro ikasten hasteko erabakia hartu zuen. Ez du damurik, gustura aritzen da Fraisoron, praktika gehiago egitea gustatuko litzaiokeen arren. 
Lorezaintzako ikaslea zara. Zer lantzen duzue ziklo horretan?
Denetik; lorategiak lantzen eta zaintzen ditugu, landareak nola ekoizten diren ikasten dugu, inausketak eta praktikak egiten ditugu. Zuhaitzak inausteko zuhaitzetara igo behar izaten denez, hori ere ikasten dugu. Hala ere, praktika gehiago egitea gustatuko litzaiguke, teoria asko ematen baitugu.
Nolatan hasi zinen lorezaintza ikasten?
Nik barne diseinua ikasi nuen, baina gehienbat ostalaritzan aritu izan naiz lanean, eta, eskuekin lan egitea gustuko dudanez, lorezaintzak erakarri egin ninduen, eta horretan ari naiz.
Praktikak egiten dituzuela esan duzu. Eskolan bertan egiten dituzue, ala kanpoan?
Bietan. Eskolako praktikak eskolan bertan egiten ditugu; berotegiak daude eskolan, baratzeak ere bai, landareak… Beste praktika batzuk egiteko, ordea, eskolatik irteten gara. Sagardotegia ere badugu, eta irteerak egiten ditugunean, eskolako sagardoa eramaten dugu, opari .