Hezkidetzaz: Maskulinitatea. Zer gertatzen da mutilekin?

2008-11-01
Gaur egungo hezkuntza eredua mistoa izan arren, sexuen arteko arazoak gaindituak daudenik ezin da esan Ibon Arrizabalagak artikulu honetan dioenez. Elkarrekin hezten diren arren, neskei eta mutilei tratu eta balio ezberdinak ematen zaizkiela dio, eta mutilen kasuan gertatzen denari jarri dio arreta. Arrizabalagak dioenez, maskulinotasuna ez da balio positiboa gure gizartean; inork ez daki ziur gizon izatea zer den, bai, ordea, gizon izateko zer ez den izan behar.
 
 
Irakasle, irudika ezazu une batez zure ikastaldea. Zenbat neska dituzu? Zenbat mutil? Bazenekien, ala zenbatu behar izan dituzu? Noren izenak erabiltzen dituzu maizago? Zergatik? Pedagogikoki egokiena deritzozulako, ala halabeharrez? Izaten al duzu kontaktu fisikorik zure ikasleekin? Hori adinaren arabera aldatuz doan arren, ezberdina izan ohi da mutil edo neska izan: berdin ukitzen al dituzu? Zu zeu, gizon ala emakume zara? Horrek haiengan duen eraginaz pentsatu al duzu? Eta zugan, zure portaeran duen eraginaz?
Galdera horien xedea ez da inolaz ere zure lan era zalantzan jar dezazun, ongi baitakit baldintzak ez direla hoberenak, eta egunero egiten duzula ahal bezain ondoen. Baina aukera dugunez, pentsa dezagun apur bat.
Izan ere, gaur egungo hezkuntza eredua, mistoa da, baina horrek ez du esan nahi sexuen arteko arazoak jada gaindituak daudenik. Alderantziz, arreta berezia jarri behar dugula baizik, elkarrekin hezten ditugun arren, tratu eta balio ezberdinak ematen eta igortzen baitizkiegu neska-mutilei. Gaurkoan, bereziki, mutilengan jarriko dugu arreta. Zer gertatzen da mutilekin? Zer da gure ikasleentzat mutil izatea? Nola ikasten dute hori?
Gure gizartean, gezurra badirudi ere, maskulinotasuna (gizon izateko eredua, alegia) ez da balio positibo bat. Inork ez daki ziur gizon izatea zer den, inork ez daki nahikoa gizon ba ote den: erakutsi egin behar da, etengabe. Badakite ordea, zer EZ den izan behar: ez emakume, ez haur, ez marineska. Ondorioz, mutikoak hazten doaz, erreferentziatzat besteak hartuta: “Ezin naiz ni neu izan: negar gutxiago eta buila gehiago egin behar dut. Baimentzen zaidan emozio bakarra amorrua da. Gehiago saiatu behar naiz kirolean. Ikasgelan txintxoegia banaiz, neskatzat hartuko naute...”. Norbere erreferentzia galduta, lehiak sekulako indarra hartzen du (ni nor naizen ez dakidanez, gutxienez zer naizen jakiteko: onena, bigarrena...).
Mutilei askatasun handiagoa ematen diegu ibiltzen ikasten dutenetik, baina horrek dakarzkien erronkei bakarrik erantzuten molda daitezela nahi dugu (neskei baimentzen dizkiegun erantzun emozionalei kasu egin beharrik gabe). Ez ditugu neskak bezain goxo tratatzen, ez hainbeste ukitzen, eta gure arreta bereganatzeko bestelako portaerak garatzen dituzte. Horrek aztoratu egiten gaitu maiz, eta merezi ez duten erantzuna jaso ohi dute. Mutilek sumatzen dute helduok ez dugula haietaz nesketaz bezain ongi pentsatzen; gaiztoagoak direla uste dugula. Horrek mutikoaren bakartzea eta mina areagotzen du, eta mendeku-nahia erakar dezake, ingurukoenganako mesfidantza eta oldarkortasuna garatuz.
Gizarte honetan, oharkabean, gizonak oraindik ere zapaltzaile-rolak jokatzeko trebatzen gaituzte. Hedabideek egunero ematen digute gizonon basakeria eta krudelkeriaren berri. Horrek nahastu egiten gaitu, eta aspaldi irentsi genuen gezurra elikatzen du: gizonak berez garela gizatxarrak, eta ez dagoela zereginik. Gure ikasle mutiko batek okerren bat egiten duenean, uste hori berresten dugu (bai irakasleak, baita ikasleak berak ere), eta harekiko itxaropena galtzen goaz. Horrek rola indartzen du: mutilek ikasten dute haientzat ez dagoela laguntzarik zailtasunak dituzten esparruetan; espero dezaketen bakarra hankasartzeak egitea, mina eragitea, dela, eta gero, zigorra eta bakartzea. Atsekabetuta, gero eta errazago joko dute bortizkeriara, gatazkei aurre egin behar dietenean.
Baina neska-mutilak ez dira ezberdinak bere sexuagatik: guztiak dira gizakoi, lagunkoi eta bihotz handiko pertsonak; guztiak dira adimentsu, edozer ikasteko gai eta baita hankasartzeak zuzentzeko gai ere. Gure mutikoek mezu hori jaso behar dute, hamaika eratara. Haien izenak goxo entzutea merezi dute. Irribarreak eta keinu txeratsuak ere bai. Kontaktu fisikoa behar dute (minik eragin gabe, baina indarrari ere lekua eginez), eta horrekin lasai agertuko diren helduak. Besteen zaintza eta ongizateaz arduratzen diren gizonen aipamen eta irudiak behar dituzte ikasliburu eta abarretan. Eta baita emakume indartsu eta kementsuen adibideak ere. Ipuinetan gaizkilerik badago, azaldu egin behar da zergatik jokatzen duen horrela. Zeu, irakasle, mutikoen lekuan jartzen eta ulertzen saiatzen zarela sumatzeak lagunduko du. Eta batez ere, neskekin parez-pare egon behar dute, jolastu, lan egin eta elkar-ezagutzeko aukera izan; elkarren arteko harremanak zenbat eta sendoagoak izan, orduan eta gutxiago sinetsiko baitituzte sexismoaren gezur eta mezu ustelak.