Lehen mailako prebentzio komunitarioa

2008-11-01
Hazi-Hezi prebentziorako eta psikoterapiarako zentroko kide da Ramon Mauduit. Psikologoa da, gorputz terapeuta, eta ES.TE.Reko (Reichen Terapiako Espainiako Eskola) psikoterapeuta, prebentzioan aditua izateaz gain. Ramon Mauduitek argi du haurrak hezteko arduradun nagusiak gurasoak direla. Irakasleek bide horretan lagun dezakete, ordea, eta guztiek beharko lukete horretarako prestakuntza egokia. Garrantzitsue-na haurra errespetatzea da, eta beharrezkoa da haren gaitasunak abian jartzea. Haurrak hiru urte egin bitartean, hezi egiten dela dio Mauduitek, eta ariketa berezia planteatzen du: ukitu + sentitu = kokatu.  
 
 
Prebentzio komunitarioa diozu. Zeren prebentzioa?
Prebentzioari buruz ari garenean, hezte prozesuan haurraren gaitasunak ez hondatzeaz ari gara, asaldurak eta oreka txarraren bideak saihesteaz. Horretarako, garrantzi handikoa iruditzen zaigu gurasoak horretaz jabetzea, eta haurraren gaitasunak ez murriztea.
Eta zein dira etxean eta eskolan haurra egoki hezteko eman beharreko pausoak?
Arduradun nagusiak gurasoak izatea da oinarria, haurrarekin oinarrizko komunikazioa haiek dutelako. Horri garrantzia ematen bazaio, prozesu horretan kanpoko pertsonak nola barnera ditzakegun aztertzen has gaitezke. Baina, hezte prozesu horretan haurraren gaitasunak kolokan daudenez, irakasleek ere parte hartzen dute haurrek dituzten zailtasun eta arazoak aurkitzeko eta bideratzeko modua bilatzen. Dena den, irakasleek dituzten ezagutzak haurrarengan aplikatzeko, egokitu egin behar dira. Aholkuak normalean gurasoentzat izaten dira; lotara joan aurretik masajeak emateko, lehen hilabeteetan komunikaziorako erraztasunak bilatzeko, bai hitzaren bidez, bai kontaktuaren bidez, bai masaje mota batzuen bidez… Eta eskolan, irakasleek ezagutza hori dutenean, haurrekin komunikatzeko baliabideak eskuratzen dituzte. Gurasoek egiten ez duten lana egin behar izaten dute irakasleek askotan, eta haurrarekiko komunikazio horretan zer modu erabil ditzaketen irakasten diegu guk, baina haurra errespetatzen eta, gaitasunak lantzen doan neurrian, prozesu horretan laguntzen ere irakasten diegu.
Beraz, lehenik, etxeko giroa landu behar dugu, eta etxean haurraren gaitasunak kontuan hartu behar ditugu. Gaur egun, gurasoek lanera joan behar dutenez eta haurrak oraindik oso txikiak direnez, eskolan hasten direnean, ez dituzte egoera traumatikoak topatu behar; aitzitik, aurretik irakaslearekin kontaktua izan behar dute, eta gurasoek eta irakasleek bidea elkarrekin egin behar dute, haurra irakaslearekin bakarrik geratzen denerako. Horrela, haurrari zertan lagundu behar dion jakingo du irakasleak.
Eta haurrarentzat ere, aldaketa mailakatua izango da…
Hori da. Amarekiko kontaktua eten arren, giro emozionalari eusten diogu, ama ez dagoen bitartean haurrak lasaitasuna eta konfiantza izan ditzan.
Ama aipatzen duzu, ez aita…
Ez, aita ez. Amaren bularrean 18 hilabetean egon beharko genukeela esaten da; bederatzi hilabeterekin jaiotzen gara, eta geroko beste bederatzi hilabete horiek kanpoan egiten ditugu. Hezte prozesua amarengandik datorkio haurrari, eta amarengandik jasotzen ditu kontaktuan jarraitzera bideratuta dauden funtzioak: bularra amak eman behar dio. Bularra ematea ez da apeta kontua: ahoaren inguruan daude beste zentzumen guztiak, eta amarekiko kontaktua oso garrantzitsua da. Intimitateak hori du oinarri. Heziketa ez da eskolakoa bezalakoa; haurrak arreta nola jartzen duen edo ikasteko zer gaitasun duen, arloak nola gainditzen dituen… Ez da hori. Lehendabizi, haurraren gorputzak osatu behar du pixkana, eta gorputza osatzeko, amarengandik datorren haria dugu. Horregatik, haurrak hiru urtera iristen direnean, euren gorputzaren oinarrizko heziketara iristen direla ikusten dugu (guk garbi ikusten dugu, hiruzpalau urte arteko haurrekin aritzen garelako), eta ama barneratua izaten dutela; orduan hasten dira gainerako haurrekin harreman sakonagoa izaten, amari etxean geratzeko esaten diote, eta aitarekin harremanetan hasten dira. Haurraren hezte prozesuak nolakoak diren eta nondik datozen ikusten ari gara, eta haurrari garrantzia ematen diogu. Beharrezkoa da haren gaitasunak abian jartzea, eta, horretarako, garrantzitsua da amak betetzen duen tokia. Amarengana etengabe itzultzen da; lasaitu egiten da, sabeleko egoerarekin konektatzen du… Aitak giro horretan lagundu egiten du, giro hori egokia izan dadin laguntzen du. Garrantzi handikoa da bikoteak duen erlazioa; haurraren heziketarako konpromisoa baldin badute, eta haien zeregina zein den garbi baldin badute, garrantzitsuena bakoitzak bere eginbeharrei aurre egitea da, eta elkarren artean ahalik eta komunikazio onena izatea. Baina aita ere oso pertsona garrantzitsua da, giro hori sortzen laguntzen duelako, elkarrekintza hori amarekin duena bezain estua ez izan arren.
Seme-alabak eta ikasleak errespetuz hezteko garrantzia aipatzen duzue… Erritmoak eta beharrak errespetatzeaz ari al zarete?
Zaila da gaur egun. Lehen, haur asko ekartzen ziren mundura, baina gurasoek ez zuten haur bakoitzari nolako heziketa eman planteatzen, biziraupenak markatzen zuen moldea, testuinguru sozial jakin batean. Gaur egun, aldiz, ez ditugu 11-12 seme-alaba; orain, bakarra, bi edo hiru izaten ditugu, eta zer gertatzen da? Haurraren beharrak ulertzen hasi garela. Lanaren ondorioz, produktibitatearen ondorioz, gutxiago gara orain etxean. Etxe bakoitzean aita, ama eta seme-alabak daude (lehen aitona-amonak, izeba-osabak… ere izaten ziren). Lehen, ama etxean egoten zen haurrekin, eta orain, ez. Heziketa horretan arretarik ez badago, komunikazioa galdu egiten dela ikusten dugu, eta, batzuetan, gurasoek seme-alaba horiekin arazoak izaten dituztela.
Lehengo egoeratik gaurkora aldaketa handiak gertatu dira, eta, gaur egun, badirudi gurasoek seme-alabak edukitzean jarraibide-koaderno bat izan beharko luketela. Ez zaie irakasten guraso izaten, baina euren seme-alabekin komunikazio ona izan nahi badute, haurraren heziketa prozesua nolakoa den jakin behar dutela konturatzen ari gara. Ez zaie laguntzarik ematen, ordea, eta erditze prozesua oraindik ere soilik emakumearena balitz bezala ikusten da. Haurdunaldirako prestakuntzara joaten da bikotea anbulatoriora, eta gizonari kasurik ere ez diote egiten; hori ez da ulergarria. Erditzean, gizonak garrantzi handiko funtzioa betetzen du, eta ezin da ulertu nolatan ez zaien laguntzen erditze horretan parte hartzen.
Bikoteak urrun daude heziketan zer egin behar duten jakitetik. Usurbilen ikerketa bat egin genuen emakumeek erditzea nola bizi duten jakiteko, eta emakume gehienek haurra izan eta gero oso gaizki pasatzen dutela ikusi zen, bakardadea sentitzen dutela, ezintasuna, eta zenbait arazoren aurrean ez dakitela nola jokatu. Haurrarekin duten harremana horren garrantzitsua dela kontuan hartuta, astakeria handia da arlo horretan halako hutsunea izatea, informaziorik ez izatea.
Irakasleek, berriz, irakatsi egin behar dute, baina, bide horretan, oztopoak izaten dituzte, hiru urte bitartean hezi egiten delako, eta, hezteko, komunikazioak garrantzi handia duelako; hizkuntzaz, motrizitateaz, afektuaz, sexualitateaz…, irakasleekin gauza horietaz ari garenean, beste ezagutza mota bat behar dutela ikusten dute, ez haurrekin egoteko, haurren heziketa prozesuan parte hartzeko baizik.
Beraz, hezitzaileek eta gurasoek nolabaiteko prestakuntza beharko lukete?
Bai. Gurasoek oztopo sozial izugarria dute; asko ikastolara joan dira, ikasi egin dute, lanbide bat aukeratzen dute, lan horretan borrokatzen dira, etxe bat lortzen dute, eta, bikotekidea dutenean, badirudi seme-alabak izan behar dituztela. Eskaera soziala da, eta lehen, ohituraz, horrela jokatzen zen: ezkondu, eta seme-alabak izan. Baina, gaur egun, zer gertatzen da? Heziketa prozesu horren kontaktua erabat galduta dagoela; lehen, ama eta izebak, amonak… ziren inguruan, baina gaur egun ezagutza hori ez da transmititzen, eta, seme-alabak izateko unean, prozesu horri aurre egiteko konfiantza nahikorik ez dutela ikusten dute. Guraso askok haurdunaldian eta erditzean parte hartu nahi dutela esaten dute, baina, erditu eta gero, haurrarekin nola jokatu jakiteko informaziorik ez dutela diote. Guk zortea dugu, guregana etortzen den jendea bere borondatez datorrelako; zer aldaketa egiten dituzten ikusten dugu, eta haurra jaio ondoren, etxean duten parte-hartzea nolakoa den, eta bikotea behar horien aurrean nola koordinatzen den. Aberasgarria da hori. Sentiberago bihurtzen dira, duten informazioak laguntza handia ematen die, eta garrantzia ez duela soilik egoera ekonomikoak ikusten dute, egoera fisikoa, emozionala eta komunikatiboa ere garrantzitsuak direla.
Gaur egun haurrek gauza asko dituzte, materialak gehienak. Baina hutsune garrantzitsua dago, beraz, batez ere pertsonak falta direlako…
Bai, huts egiten du horrek. Eta bada huts egiten duen beste gauza bat ere: haurren heziketa prozesuan, medikuntzak bizitza salbatzen du, baina ez du kontuan hartzen bizi kalitatea. Gizatasun faktoreekin lotuta dago hori; medikuntza eta tresna teknologikoak asko ugaritu dira, baina ez da lantzen harremanak eta haurraren inguruko giro emozionalak duten garrantzia. Oraindik ere muga handiak ditugu.
Nola jokatu behar du hezitzaileak etapa horretan (0-3), haur bati benetan behar duena emateko?
Horretarako, gelan zenbat haur izatea komeni den planteatu beharko dugu berriro, gero erraz aritzeko aukera izateko. Garrantzitsua da haurraren gaitasunak zein diren eta euren heltze prozesuaren zer mementotan dauden ikustea; irakasleak baliabideak izan behar ditu, haurrekin duen harremanean haurren gaitasunak garatzen laguntzeko. Hitzak asko laguntzen du giroa egituratzen. Haurrak, askotan, bata bestearengana joaten dira, duten motrizitatearengatik, eta joka ari direla ematen du; baina ez da horrela izaten. Hozka egitean ere gauza bera gertatzen da: hozka egiten duten unean, nolabaiteko irrika dute. Haurrak hustu beharra badu, eta zerbait biguna topatzen badu, hozka egingo dio. Irakasleak hozka egiteko beste gauza batzuk ematen badizkio, bideratu egingo du egoera hori, zeren haurrak, berez, ez baitio besteari hozka egin nahi. Horrek guztiak haurrarekiko gertutasuna eskatzen du, ezagutzea eta behatzea.
0-3 urte bitartean, haurrek zainketa egokia jasotzea garrantzitsua da, gure nortasuna, bizitzarekiko jarrera… garai horretan finkatzen direlako. Baina hortik aurrera ere beharrezkoa da?
Hortik aurrera ere oso garrantzitsua da; baina lehen hiru urteak oinarrizkoak dira, heziketa fisikoa, afektiboa eta emozionala delako. Gero, sinbolismoa hasten da, eta, aurreko urte horiek nolakoak izan diren, sinbolismoaren etapa ere aberatsagoa edo pobreagoa izango da. Hiru urte bitartean, haurrak gaitasunak landu behar ditu. Helburua ez da ezagutza, gaitasunak garatzeko baliabidea baita ezagutza. Gaitasunak garatzea da garrantzitsuena.
Hiru atal aipatzen dituzue, eragiketa matematiko baten moduan planteatuta: UKITU + SENTITU = KOKATU. Azalduko al zeniguke hori apur bat?
Bai. Ukituk unibertsoaren sorreratik hasita gaurdaino nola etorri garen adierazten du. Bata bestearen barnean egonda iritsi gara gaur egunera arte, eta horrek integraziorako gaitasuna sortu du. Bizitza mota guztiek barne kohesioa dute, eta gu une honetan gaude, baina ez dakigu nola bukatuko dugun, izan ere, bizi dugun kontaktu motaren arabera, aldaketak gertatuko baitira. Haur bati masajea ematen ari garenean, esaterako, ekintza hori guregan aldaketa eragiten ari da. Kontaktua beti aldatzen ari den zerbait da, beti mugimenduan dagoen egoera da. Ukitzeak garrantzi handia du, eta bestearen beharrei kasu eginez ukitzen badugu, haren beharrak garatzen ari gara, baina, aldi berean, geure burua garatzen ari gara, pertsona horrek zer behar duen ulertzen ari garelako.
Eta sentitu?
Norberaren izateko modua da: ni neroni txikitatik nola hezi nauten. Norberak bere buruarekin daraman prozesua da. Geneek pertsona nola osatuko den esaten dute, baina pertsonak sentitzeko modua ere badu. Sentitzeak garrantzi handia du. Haurraren inguruan sortzen dugun giroaren arabera landuko ditu hark bere baliabideak, eta etorkizunean, pertsona horrek eskura dituen gaitasunak erabiliko ditu, aurkitzen dituen oztopoak eta zailtasunak gainditzeko. Zer-nolako sentimena ekarri duen ikusi behar da, eta harekin zer-nolako sentimena landu den, nola ukitu duten, eta horren bidez zer sentitu duen. Horrek bizitzan kokatzeko modu jakin bat dakar. Haurrek maitasuna eta arreta behar dituzte, euren oinarria lantzeko.
Beraz, hiru arlo hauek elkarri lotuta daude: alde batetik, fisikoki, hezte prozesuan gorputzak duen bizitasuna egoki garatu behar da; bestetik, emozionalki, amarekiko eta etxearekiko atxikimendua egoki landu behar da, eta hirugarrenik, gurasoekiko harremanak erraza izan behar du, naturala. Lehen hiru urte horietan haurraren gaitasunak kontuan izan badira, sentimenak lantzen dira, adimena… Beraz, adimen emozionala hiru alor horietan kokatuko litzateke.