Hizkuntz ereduen proposamen berrituak ez ditu hezkuntza eragileak asetu

2008-12-01
 
 
Kritika gogorrak egin dizkiote sindikatuek eta hezkuntza eragileek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurkeztu duen hezkuntza ereduen erreformarako lege egitasmo berrituari. Euskalduntzea baino, babes politikoa bilatzen duela iritzi diote, eta gogor salatu dute erreforma ezartzeko lau urteko epea proposatu izana.
Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak txertatu dituen aldaketa nagusiekin ez datoz bat ez sindikatuak, ezta hezkuntza eragileak ere. Aldaketa nagusi horien artean erreforma aplikatzen hasteko lau urteko epea ezarri du Hezkuntza Sailak, eta horren arabera, erreforma mailaz-maila aplikatuko litzatekeela kontuan izanik (lehenik, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan, eta datozen urteetan, urtero maila bat gorago), eredu berria 2025. urtera arte ez litzateke guztiz aplikatuko.
Aldaketa horien artean beste bi hauek ere txertatu dituzte: alde batetik, lehen, helburuak lortzen ez zituzten itunpeko ikastetxeek hitzarmena galtzeko arriskua aipatzen zen, orain, berriz, puntu hori ezabatu dute hainbat ikastetxek eta eragilek mehatxu gisa ikusten zutelako. Sare publikoan berriz, lehen gurasoei ikastetxez aldatzeko aukera eskaintzen zitzaien, eta oraingoak aukera hori kendu du. Hirugarren aldaketa nagusia, ebaluazioari lotutakoa da. Hizkuntza gaitasuna ez da modu berezian ebaluatuko, hezkuntzako gaien arteko beste ebaluazio gai bat izango da.
Camposek hizkuntz ereduen erreforma legealdi honetan egiteko nahia berretsi du, baina hauteskundeak martxoan direla kontuan hartuta, ezinezkoa dirudi Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onetsi beharko bailuke lehenik lege egitasmoa, ondoren Legebiltzarrera igortzeko.