Gure gela: Lau pareta baino gehiago

2009-02-01
Ikasgeletako paretak eta apalategiak, maiz, estimuluz gainezka egoten direla dio Idoia Carricas irakasleak artikulu honetan. Modan dauden marrazki bizidunak, erreferentzia didaktikoak, jolasak… denetik aurki daiteke gure ikasgeletan. Giroak hezi egiten du, eta beharrezkoa da giro goxoa sortzea, baina hainbeste estimulurekin, haurrei zaila egiten zaie begirada nonbaiten kokatzea, eta, askotan, gustura egotera bultzatu baino, gehiegizko dekorazio horrek, ikasleak urduritu ditzake. Giro erosoa lortzeko, material batzuk aukeratu eta, ikasturtean aurrera egin ahala, horiek aldatzen joatea proposatzen du Carricasek.
 
 
Urtero, ikasturte hasieran, irailaren lehen egunetan, ikasleak eskolara etortzen ez direnean, ikasleei harrera egiteko unitate didaktikoak eta eskolak prestatzen ditugu irakasleok. Denbora eta ilusioa jartzen ditugu gelako giroa ahalik eta beroena izan dadin, haurrak gustura egon daitezen; horretarako, gure gelako paretak modan dauden marrazki bizidunen posterrekin apaintzen ditugu, eta baita beste erreferentzia didaktiko batzuekin ere, hala nola ikasleen zerrenda, artelan ezagunen laminak, hizkiak, zenbakiak… Jakin badakigulako, giroak ere hezten duela. Ikasturtea aurrera doan heinean, paretan libre gelditzen diren tokietan une horretan lantzen ari garen unitate didaktikoaren erreferentziak edota irudiak jartzen ditugu. Horren ondorioz, gure gela estimuluz gainezka izaten da.
Gelako paretetan ikasleek ikastea nahi dugun guztia paratzen dugu, baina zertarako ikasi behar dute, beti begi bistan baldin badute? Hainbeste jostailu, liburu, panel eta irudiren artean ikasleei zaila gertatzen zaie begirada nonbait kokatzea; eta, azkenean, panel eta irudi horien estimulaziorako eta motibaziorako helburu didaktikoa ez da betetzen. Are gehiago, gure gelako hainbat apaingarrik estimulatu baino gehiago, haurrak urduritu ditzakete. Egoera horri gure gelak askotan behar bezain handiak ez direla, eta ratioa bete-beterik dugula gehitzen badiogu, giroa ez da guk nahiko genukeen bezain beroa izango.
Ez dut uste irakasleok feng-shui diziplinari buruzko ikastaro bat egin beharko genukeenik, baina, agian, gure gelako giroa pixka bat gehiago zaindu beharko genuke. Beste lan eremu batzuetan dagoen giroaz ikasi beharko genuke, gero gure eskolen errealitatera egokitzeko; liburutegietan, adibidez, koadro gutxi ikusiko ditugu paretetan zintzilikaturik. Gure gelek kontzentrazioa erraztea lortu beharko genuke, eta, horrez gain, leku erosoak izan behar dute, eskolan ordu asko ematen baitugu.
Giro eroso hori lortzea erraza da. Horretarako, paretan jartzeko ditugun material polit horien artean gutxi batzuk aukeratu behar ditugu, eta hormak bete gabe paratu. Material horiek jartzerakoan haurren altuera kontuan izan behar dugu, ikasleek irudi edota panel horiei behatuz eta begiratuz goza dezaten. Gainerako materiala erabiliko dugu, baina aurrez jarritakoekin trukatuz. Seguru asko haur bat baino gehiago aldaketaz konturatuko da, eta horri buruz galdetuko digu.
Bestalde, ongi legoke gelako lau paretetan “ohorezko” leku bat gordetzea gure ikasle artisten artelanak zintzilikatzeko. Ez dugu ikasle guztien lanak paratu beharrik, are gutxiago oso antzekoak edo berdintsuak direnean; izan ere, zer zentzu du hogei fitxa berdintsu ikusteak? Hala ere, gure ikasleek haien lanak noizbait “ohorezko” leku horretan paratuko direlako ziurtasuna izan behar dute. Askotan, egindako ekintzaz harro egoten dira, eta beren lanak guztien begi bistan egotea eskatzen dute; beste batzuetan, aldiz, nahiago izaten dute bere kutxan gordetzea.
Gure gelako paretei buruz hitz egin dugu. Estimuluz beteta daudenean gure ikasleak asalda daitezkeela esan dugu, eta antzekoa gerta daiteke apalategiak materialez eta jolas didaktikoz beteta daudenean; haurrak ikusten dutenarekin jolasteko edota esperimentatzeko irrikaz baitaude. Horrez gain, material horrek guztiak ikus eremuan ere eragina du. Giro lasaia lor dezakegu, begien bistan dagoen materiala armairuetan edota errezel batzuen atzean gordez gero. Eta, irudiekin proposatu dugun bezala, ikasturtean aurrera egin ahala materialak eta jolas didaktikoak trukatu beharko genituzke, lanak eta ekintza proposamenak aberastuz eta berrituz. Gero eta material gehiago izan, orduan eta denbora gehiago beharko dugu horiek biltzeko, eta lan hori egitea konplexuagoa izango da. Hori da, hain zuzen ere, irakasle guztiok saihestu nahi duguna. Esandakoa topiko batekin laburbil dezakegu: hobea da kalitatea kantitatea baino.
Gure eguneroko lanean gela aztertzeko eta geure buruari, zer giro transmititzen ote dugun galdetzeko uneren bat aurkitu beharko genuke. Inguruan giro erosoa eta beroa izatea ez baita bat-batean lortzen, ezta gauzak behin bakarrik eginda ere, denbora luzean eta jarraituan baizik.
Bukatu baino lehen, gogorarazi nahi nuke, ikasgelaz gain, eskolan zaindu behar diren beste eremu batzuk egon badaudela, hala nola, pasealekuak, jantokia, komunak, psikomotrizitate gela… Leku horietan gelei buruz esandakoa errepikatuko litzateke; giro erosoa eta sustagarria, ordenatua eta sortzailea, aberatsa eta lasaia sortu beharko genuke.
BIBLIOGRAFIA:
• ESCUELAS INFANTILES DE REGGIO EMILIA: La inteligencia se construye usándola, Morata, Madrid, 2002.
• GOLDSCHMIED, ELINOR; JACKSON, SONIA: El juego heurístico, Morata, Madrid, 2007.