Matrikulatzeko garaian, zer aurkeztu?

2009-02-01
Eskola bakoitzak, ikastetxe-talde bakoitzak, sare bakoitzak, administrazio bakoitzak bere eskaintza egingo du, zer eskain litekeen garbi ez badago ere.
 
 
Eskolatzen hasteko edo jarraitzeko, izena emateko epea irekitzera doa EAEn, eta ondoren, Nafarroako eta Iparraldeko eskaintzak etorriko dira.
Eskola bakoitzak, ikastetxe-talde bakoitzak, sare bakoitzak, administrazio bakoitzak bere eskaintza egingo du, zer eskain litekeen garbi ez badago ere.
Izan ere, EAEn, hizkuntzen marko berria proposatzen zuen legea mahaigaineratu zen eta ez zuen aurrera egin.
Nafarroan, aldian-aldian, hizkuntza “eredu” berri bat ateratzen du bertako Gobernuak txisteratik: Hello Haur Eskolak (ingelesa + gaztelania), British (ingelesa + gaztelania) dela, HTI edo TIL Hizkuntzen Tratamendu Integratua (ingelesa orduak jarriz)…
Iparraldean, bestalde, eragina du Frantziako Gobernuak hezkuntzari laguntzak murrizteko eta irakasle kopurua jaisteko daraman politikak, ikasleen eta langileen mobilizazioek prozesua atzeratzea lortu badute ere, oraingoz. Afera horiek guztiak nola amaituko diren ez dakigula, ikasleen matrikulazioa egiteko kanpainak abiatu dira, jada, edo laster abiatuko dira.
Eta zer esan curriculumari buruz? Estatu bakoitzak berea ezartzen du, Erkidego bakoitzak bere partea moldatzeko aukera ere badu, Eskola bakoitzak bere zatiari dagokiona, eta herri bezala, Euskal Herri bezala, lantzen ari den Euskal Curriculuma. Hori guztia garatzen ari den bitartean, eskoletan aztertzen ari denean, elkarteetan, jendartea hortaz ari denean, zer eskain diezaioke eskolak matrikulatzera doanari?
Bada beste arlo bat eskola bakoitzean zuzen-zuzenean eragiten duena: hezkuntza eredua edota pedagogia ildoa dei daitekeena. Hezkuntza konpetentzia orokorrak garatzea ezartzen da ildo nagusi gisa. Hala ere, konpetentzien ideia bera modu desberdinean interpretatzen ari da, eta praktika zeharo kontrajarriak antzematen dira.
Ikasle berrien izena emateko garaian, hori guztia kontuan hartzea merezi du, nola ez.
Aipatu hiru arloek osatzen dute eskola edo ikastola bakoitzeko Hezkuntza Proiektuaren funtsezko zutabeak, antolaketa eta parte hartzearekin batera. Horregatik, Hezkuntza Proiektua ez da egun bateko gauza, urteetan eraikitzen, garatzen eta gauzatzen den egitasmoa baizik.
Aurrekoa gogoan hartuz, eskolatzeko orduan, eskola bakoitzaren ibilbidea kontuan hartzea komeni da: han egiten denak herritarrak kohesionatzeko balio duen, ikasleen aukera berdintasunean laguntzen duen, buru eta jarrera malguak sortzen dituen, irizpide propioa duten pertsonak bideratzeko balio duen, mundu globalizatuan bizitzeko balio duen, eta, herri bezala, gure kulturan oinarrituz eta hura garatuz munduko gertakizunak irakurtzeko, interpretatzeko eta etorkizuna hobetzeko laguntzen ote duen.