Pedagogia 2009. Etorkizunak baturik behar gaitu

2009-03-01
Ia 5.000 partaide, 40 herrialdetik gorako ordezkaritza, ehundaka ponentzia, ikastaroak, eskoletara bisitak, hitzaldiak, kultur ikuskizunak… Bost egun besterik ez du iraun Pedagogia 2009 batzarrak, baina biziak izan dira, oso. Habana Latinoamerika eta Karibeko hezitzaileen topaleku izan zen urtarrilaren 26 eta 30a bitartean. Geuk ere Atlantikoaren beste aldean egoteko aukera izan genuen, eta bertakoen esperientzietatik asko ikasteaz gain, geure aletxoa jarri genuen Euskal Herriko esperientziak ezagutaraziz. Esperientzia aberasgarria izan da, eta zuekin partekatzea interesgarria iruditu zaigunez, hemen duzue egun horietan bizi izandakoaren laburpena. 
 
 
Ikasgeletan eserita dugun etorkizunak baturik behar gaitu, ikasteko itxaropenez dauden milioika gizaki horiek baturik behar gaituzte. 
Ena Elsa Velazquez Cobiella, Kubako Hezkuntza ministroak eskaini zuen Pedagogia 2009 batzarraren irekiera ekitaldiko hitzaldia, eta Iraultzaren 50. urteurrenean hezkuntzaren egoera zein den aztertu zuen. Lehenik, munduko herritar guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea dutela azpimarratu nahi izan zuen Velazquezek. Herrialde askotan pauso garrantzitsuak eman direla adierazi zuen, baina oraindik badela lana egiteko beharra. Herrialde guztietan transformazio pedagogikoa jarraitzea beharrezko jo zuen, eta hezitzaileen egitekoa goraipatu zuen, ezezagutzaren itzalak, etorkizuneko argi eta itxaropen bihurtzen dituzten borrokalari nekaezinak direla esanaz. Haren hitzaldiko pasarterik esanguratsuenak ekarri ditugu orriotara:
Iraultzaren eragina hezkuntzan
Kuban guztientzako hezkuntza lortu dugu, aurretik guztientzako iraultza izan genuelako. 1959ko urtarrilaren 1ean justizia sozialari ateak ireki zitzaizkion eta horrek herriaren gainerako konkista guztiak ekarri zituen, baita hezkuntzan ere. Lehen aldiz izan ziren eskolak eta maisu-maistrak herrialde osoan; alfabetatzea eta jarraipen eta hobetze planak; irakaskuntzaren erreforma; beken plan masiboa; irakasleen eskari handia; irakaskuntzaren nazionalizazioa; pribilejioen eta diskriminazioaren amaiera; ikasketen, ikasliburuen eta material guztien erabateko doakotasuna; hezkuntzaren hobekuntza jarraia; ikerketa pedagogikoen garapena; sinesmen, ideia politiko, sexu edota azalaren koloreak eragindako bereizketarik gabeko aukera berdintasuna…
50 urteren ondoren, bestelako borrokaldi batean gaude. Lan hori hobetu eta erronka handi baten bidez jarraipena eman behar diogu: irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren kalitatearen hobekuntza egin behar dugu alderdi guztietan. Iraultzak ahalegin handia egin du hezkuntza maila guztiei ikus-entzunezko bitarteko sistema modernoa eskaintzeko. Horretan, egiteko garrantzitsua izan du telebistak, bi heziketa kateren bidez emisioak eginez, eta baita bideoek eta ordenagailuek ere.
Hezkuntza etapak
Hasierako hezkuntza eta eskolaurrea
Kubako haurren % 99k jasotzen du heziketa. Osasun zerbitzuekin, familiako mediku eta erizainekin, Kubako Emakumeen Batzarrarekin eta komunitateetako bizilagunekin egiten duten elkarlanari esker haurren % 99ri arreta ematea lortu dugu haur eskolen bidez eta “Hezi ezazu zure seme-alaba” izeneko programaren bidez, bide ez formaletatik eta gurasoen prestakuntzarekin. Sei urteko haurrentzat eskolaurreko maila zabaldua dago, adin horretan telebista eta bideo programen laguntza dute, eta ordenagailu programak erabiltzen hasten dira. 
Lehen Hezkuntza
823.000 ikasle baino gehiago hartzen ditu Lehen Hezkuntzak, 8.999 eskoletan. Horietatik 6.663 herrialde guztiko nekazal guneetan daude eta esanguratsua da, eskola horietatik 1.456tan bost ikasle edo gutxiagorekin aritzen direla. 2008-2009 ikasturtean matrikulen % 86,9 20 ikasle arteko geletan kokatu dira eta horrek, norbanakoen beharrei arreta egokia emateko aukera eskaintzen du. Ordutegiak malgutzeko hartutako neurriek garrantzi handia dute, izan ere, horien bidez, ikasleek haien formazio integralera zuzendutako ekintzetan parte hartzeko aukera dute. Hirugarren mailan ingelesa ikasten hasten dira, bideo bidezko metodoarekin.
Heziketa berezia
Heziketa behar bereziak dituzten haur guztiek arreta egokia jasoko dutela ziurtatua dago. Haur horiek irakasleen, laguntzaile pedagogikoen eta espezialisten laguntza jasotzen dute. Bestalde, eskolara gerturatzerik ez duten 3.200 ikaslek etxean jasotzen dituzte eskolak, irakasleak hara joaten direlako. Eta, denbora luzez erietxean egon behar duten haurrek ere, arreta jasotzen dute osasun etxeetan dauden 30 ikasgeletan. Zeinuen hezkuntzako interpreteak ditugu eta heziketa behar bereziak dituzten ikasleen orientaziorako zentroak eta espezialistak ditugu ebaluazioa, diagnostikoa eta orientazio lanak egiteko.
Oinarrizko Bigarren Hezkuntza
Zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren mailak hartzen ditu eta aldaketak izan dira azkenaldian. Irakasle orokorra dute eta horrek 15 ikasle ditu. Irakasle horrek hainbat bitartekoren laguntza du (telebista, bideoa eta ordenagailua) eta ikasliburuekin eta beste informazio iturri batzuekin batera erabiltzen ditu.
Unibertsitate aurreko hezkuntza
Kultura orokorra lortzeko egiten da lan. Ikasleek bizitzan dituzten helburuak aintzat hartzen dira eta garrantzia ematen zaio aberriarekin eta interes sozialekin konpromisoa hartzeari. Irakasle bat izaten da 30 ikaslerekin eta instrukzioa laguntzeko, teknologia modernoa izaten du eskura. Egun irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren kalitatea hobetzeko ahalegina egiten ari dira, goi mailako hezkuntzara sartzeko prestakuntza hobea berma dadin.
Hezkuntza tekniko eta profesionala
Erdi-goi mailako teknikariak prestatzea du helburu, hainbat espezialitatetan. Ikasleei enpresetan praktikak egiten ari diren bitartean arreta zuzena eskaintzen zaie. Langileen beharrei aurre egiten zaie praktika horien bidez eta ikasleek, ikasketak amaitzean, lanpostu ziurra dute.
Arte instruktoreen prestakuntza
Arte instruktoreek eskoletan egiten dute lana batez ere.
Helduen hezkuntza
Helduen hezkuntzarako programak haien ikasketa mailaren arabera eskaintzen ditu ikasketak eta gainera, lanpostuarekin lotzen dira. Helburua, erdi-goi mailako hezkuntza amaitu eta unibertsitateko ikasketak jarraitzea da. Programa horretan parte hartu duten 50.000 gaztek baino gehiagok jarraitu dituzte ikasketak goi mailako hezkuntzan. Era berean, Azukrearen Industriako Langileentzako Hobekuntza Kulturaleko Programak haien prestakuntza maila igotzeko ikastera bultzatzen ditu, duten lanpostuaren arabera prestakuntza berezia jasoz. Horrez gain, espetxean dauden pertsonen ikasketa maila igotzeko planak dituzte, justizia soziala eta berdintasuna bultzatzeko helburuz.
Bestalde, hainbat eragile eta erakunde politiko eta masa erakunderekin koordinazioan, bederatzigarren maila eskuratu ez duten pertsona helduei arreta eskaintzen zaie. Langileei eta etxeko andreei ere arreta eskaintzen diete Langile Fakultateetan eta Nekazal Fakultateetan erdi-goi mailako ikasketak eskura ditzaten eta horrek, gerora, unibertsitaterako edo prestakuntza tekniko eta profesionalerako sarbidea errazten die.
Goi mailako institutu pedagogikoak
Goi mailako zentroak dira eta Kubako hezitzaileen prestakuntzaz arduratzen dira. Guztiak unibertsitate mailako ikasketak dira eta 18 karrera ikasten dira. Gaur egun 113.473 ikasle daude ikasketa horietan izena emanda. Kubako hezitzaileek goi mailako institutu pedagogikoan jasotzen dute prestakuntza lehen urtean, eta bigarren mailatik bosgarrenera, bizi diren herrian ikasten jarraitzen dute mikrounibertsitate moduan aritzen den eskola batean lan egiten duten bitartean. Bertan tutore baten laguntza eta orientazioa jasotzen dute, eta ikasten duten bitartean lanean ari dira euren prestakuntza sakonduz. Institutu horietan graduatu diren pertsonen kopurua hazi egin da, pixkanaka. Institutu horien lana, gainerako hezkuntza instituzioekin batera, hezkuntzaren kalitatea handitzeko bide estrategikoa da.
Osasuna eta hezkuntza
Kubako herriak egin dituen konkista sozialik garrantzitsuenetakoak dira osasuna eta hezkuntza, eta Hezkuntza Ministerioak Osasun Ministerioarekin egiten duen elkarlana oinarrizkoa da. Osasunerako heziketak eta osasunaren promozioak lotura dute ikaskuntzarekin, balioetan hezteko prozesu gisa. Curriculumean eta curriculumetik kanpo lantzen den gaia da, bai familian eta baita komunitatean ere. Ikasketa programek ingurune osasuntsuaren, elikadurararen, sexu hezkuntzaren eta HIESaren prebentzioaren, istripuen prebentzioaren, errepidean ibiltzeko hezkuntzaren, tabakoaren kontrako hezkuntzaren, alkoholaren kontrako hezkuntzaren eta beste adikzio batzuen kontrako hezkuntzaren tratamenduak hartzen dituzte barnean. Gainera, medikuntza naturala eta tradizionalaren ezagutzak transmititzen dira eta baita elkarbizitza eta komunikazioa hobetzeko jarraibideak ere.
Blokeoaren eragina hezkuntzan
Blokeoaren eraginez urrutiko merkatuetan erosi behar dugu eta horrek diru gehiago xahutu beharra dakar, prezioak askotan altuegiak dira eta gure beharrekin bat ez datozen kopuru eta uneetan egin behar ditugu eskaerak. Horrek eragin zuzena du hezkuntzan, hezkuntzaren garapena finantzatzeko iturri nagusietarako sarrerarik ez dugu eta kredituek interes tasa altuak izaten dituzte beti. Hori dela eta, gure kalkuluen arabera, irakaskuntzarako behar ditugun bitartekoen inportazioa % 25 eta % 30 gehiago ordaindu behar dugu blokeoaren eraginez.
Irakaslearen papera
Irakaslea eskolaren arima da, eta arreta berezia eskaini behar zaio. Irakasleak ongi zaindu behar dira eta kritikoak izan behar dute, bizitza maitatu, sormena izan, kontzientziak esnarazi behar dituzte, uste sendoak landu behar dituzte, eta baliorik onenen defendatzaileak izan behar dute. Irakaslea funtsezkoa da, duintasuna, giza eskubideak, bakea eta justizia errespetatzeko.
Azpigarapenetik ateratzeko eta etorkizuneko gizarte berria eraikitzeko ez da nahikoa “irakurtzen eta idazten jakitea”. Beharrezkoa da, ezinbestekoa da, hezkuntza irekia izatea, integrala, masiboa eta iraunkorra.
Kubako hezkuntza sistemaren altxorrik preziatuena hezitzaileak dira: pertsona zintzoak, apalak, hobetzeko gogoa dutenak eta eskuzabaltasun handia dutenak. Hori ekintzen bidez erakusten dute. Duela gutxi izan dugun egoera dramatikoaren aurrean ere, hiru hurakanek Kuba jipoitu zutenean, ehundaka eskola suntsituta geratu ziren eta maisu-maistra askok euren etxebizitzak txikituta ikusi zituzten, baina sarraski horretatik ordu gutxira, harrotasunez ikusi genuen maisu-maistra horiek haurrak hartu, euren etxeetara eraman zituztela, eta lekuren bat atondu zutela ikasgela inprobisatuz ikasturteak aurrera jarrai zezan. Etxeak galdu zituztenek, haien etxea berreraikitzen baino lehen, eskolak berreraikitzen ikusi genituen ikasleek ahalik eta eskola gutxien gal zezaten. Jarrera solidario hori da balioen heziketaren leziorik onena, metodorik onenarekin: ekintzen lengoaia ixil eta zentzudunarekin.
“Yo sí puedo” eta alfabetatze programak
Iraultza urteotan 15.000 hezitzailek baino gehiagok eskaini dute euren laguntza beste herrialde batzuetan. Kubatar pedagogoek metodo eraginkorrak landu dituzte alfabetatzeko, lehenik, eta oinarrizko hezkuntza lortzeko, ondoren. Horretarako bitarteko gisa, irratia, telebista eta bideoa erabili dira. Hainbat herrialdetan, alfabetatze ekintzak garatu dira eta garatzen ari dira Kubaren laguntzaz: Haiti, Nikaragua, Zeelanda Berria, Ginea Bissau, Mexiko, Mozambike, Guatemala, Venezuela, Belize, Argentina, Paraguai, Ekuador, Bolivia, Honduras, Peru, Brasil eta Nigeria, beste batzuen artean. Venezuelak eta Boliviak egindako lana baikortasunez eta pozez hartzen dugu, analfabetismorik gabeko lurralde izendatu direlako.
Esperientzia historikoak erakusten digu soilik batuta eramango dugula aurrera hezkuntza askatasunerako eta izpirituaren garapenerako tresna izatearen ideia. Elkarrekin gogor egin dezakegu, elkarrekin aurrera egin dezakegu, elkarrekin irabaz dezakegu. Ikasgeletan eserita dugun etorkizunak baturik behar gaitu, ikasteko itxaropenez dauden milioika gizaki horiek baturik behar gaituzte. Elkarrekin borrokatu behar dugu gizakiaren alde, alfabetatzearen alde, hezkuntzaren bidez pertsonak duin egitearen alde. 
Euskal Herritik Kubara
Gure esperientziak partekatuz
Kuban asko ikasteko aukera izan genuen, baina Euskal Herritik Hik Hasik antolatutako bidaian joan zirenek ere, euren ekarpen xumea egin zuten. Pedagogia 2009 batzarrean, Euskal Herriko hiru ponentzia aurkeztu ziren: “Ahots-heziketa Euskal Herriko haur abesbatzetan”, “Euskal ondare kulturalaren transmisioa eskolan” eta “Euskal Herriko haur eskolen kalitatea (0-3 urte) eta haurraren esplorazioa” izenekoak, hain zuzen ere. 
Carmen de las Cuevas Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak aurkeztu zuen “Ahots-heziketa Euskal Herriko haur abesbatzetan” izeneko hitzaldia. Euskal Herriko bost haur abesbatzetan egindako ikerketaren emaitzen berri eman zuen. Zehazki, haur horiei eskaintzen zaien ahots-prestakuntza aztertu dute ikerketa horretan, eta lan horrek lotura zuzena du aurrez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle talde batek egindako “Euskal abesbatzen harrobia: musika heziketa formala eta ez formalaren artean” ikerketarekin. Ikerketa horretan aztertutako lau abesbatzez gain, Easo Abesbatzan haurren ahots-prestakuntza nola egiten den jakiteko helburuz eta gainerakoekin alderatzeko helburuz egindako inkesta gaineratu diote oraingoan. Oinarrizkoa da haurren eta nerabeen ahotsen prestakuntza egokirako ahotsen selekzioa nola egiten den kontuan hartzea eta musika instituzioetan ahotsaren prestakuntza nola egiten den kontuan hartzea. Batez ere, Easo Abesbatzak dituen bi haur abesbatzetan egiten duen prestakuntza eskaintzan oinarritu da lana.
Alexander Barandiaran HUHEZI-ko irakasleak aurkeztutako ponentziaren izenburua “Euskal Herriko haur eskolen kalitatea (0-3 urte) eta haurraren esplorazioa” izan zen. Esan zuenez, Euskal Herriko errealitateak, haurraren garapenerako familiaz gain, 0-3 urte bitarteko haur eskolak kontuan hartu behar direla erakusten du, gero eta haur gehiago joaten direlako horietara. Euskal Herrian haur eskolen kalitatea ezagutzeko eta haurren esplorazio gaitasuna aztertzeko egindako ikerketa eman zuen ezagutzera Barandiaranek. 62 ikasgela aztertu zituzten, beste hainbeste irakasle eta 0-3 urte bitarteko 895 haur. Beraz, ikasgela horietako kalitatea ebaluatu zen, eta baita haur horien esplorazio maila ere. Emaitzek agerian utzi zuten hobekuntza beharrezkoa dela baina ondorio nagusia, haur eskolen kalitateak haurraren esploraziorako eragina duela jokaeran izan zen. Familian bezala, haurrak hezitzailearekin sortzen duen harreman afektiboa oinarrizkoa da haurraren garapenerako. Helduak duen jarrerak berebiziko garrantzia du zentzu horretan, beraz giza harremanak oso garrantzitsuak dira haurraren garapen integralari begira. 
Azkenik, Hik Hasiren izenean Joxe Mari Auzmendik “Euskal ondare kulturalaren transmisioa eskolan” ponentzia aurkeztu zuen. Euskal curriculumak euskal kulturaren transmisiorako duen funtzioaa nabarmendu zuen eta euskara mendeetan zehar eragina galtzen joan den arren, azken 50 urteetan gure hizkuntza berreskuratzeko egindako lana azpimarratu zuen, baita lan horretan ikastolek izan duten egitekoa ere. Euskarak bizirik segi behar badu hezkuntzan hizkuntza nagusia izatea beharrezkoa dela adierazi zuen eta euskal curriculumaren sorreraz hitz egin zuen.
Kubako eskolak
Herriarekiko maitasuna sortzeko espazioak
Pedagogia 2009 batzarrak, hainbat eskola bisitatzeko aukera eman zigun, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lanbide Heziketaraino. Eskola batzuk arruntak ziren, eta beste batzuk espezializatuak, kiroletan, esate baterako. Habanan, berriz, museo-ikasgelak izeneko esperientzia abian dute. Hiriko hainbat museotan ikasgelak atondu dituzte ikasleek bertan ikas dezaten; eskola bateko ikasgela bat hartu eta denbora batez, museora eramaten dute. Era horretan, ikasleek historia eta artea gertutik ezagutzeko aukera dute, eta gustora egoten dira eskolaz kanpoko espazioan. 
Bisitatu genituen eskola guztietan ongi-etorri beroa eskaini ziguten eta instalakuntza guztiak ikusteko aukera izan genuen.
Orohar, Kubako eskoletako materiala zaharra da, baina oso ongi zaindua dute guztia. Eskolak txukunak dira eta bisitariak, kutsu politikoa duten horma-irudi eta kartelak ikusten ditu nonahi. Ernesto Guevara Cheren irudiak eta Fidel Castroren edota Raul Castroren irudiak eskola gehienetan ikus daitezke. Kubako banderak oso ohikoak dira eta baita aberriarekiko maitasuna bultzatzeko helburua duten era guztietako afixak ere. Nazio nortasuna bultzatzeari garrantzi handia ematen diote, eta eskola leku egokia da herriarekiko konpromisoa eta maitasuna sustatzeko. Hemen dituzue eskoletako argazki batzuk.