Zer ezaugarri izan beharko lituzke XXI. mendeko Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Nazionalak

2009-03-01

Galdera horri erantzuten ahalegintzeak etorkizunera begira jartzea eskatzen digu ezinbestean, betiere daukagun errealitatetik abiatuz, baina baita kolektibo gisa ditugun iguripenetatik ere. Beste modu batera esanda, alde batetik, kokatuta gauden europar testuinguruan XXI. mendeko hezkuntza sistemei eskatzen zaiena kontuan hartuz, eta bestetik, euskal gizarteak behar duen hezkuntzaren eredua aurrez irudikatzen saiatuz.

 
 
Testuinguru orokorrari dagokionez, aurrerantzean ere, hezkuntza sistemari berezko gisa ezarritako hiru xedeok hor dirautela dirudi, modu praktiko batean honelakoak liratekeenak: errealitateari buruzko ezagutzak bereganatuz pertsonaren garapena bultzatzea, sozializatzea eta lanerako prestatzea. Hori erreferenteetako bat bezala hartuz, galderaren bigarren zatiari, funtsezkoenari alegia, aurre egiteari ekin behar diogu: etorkizunari begira, nondik abiatzen gara gure gizartearen eskariei erantzun egokia ematera zuzentzen garenean?
Aldaketa handiak gertatzen ari dira azken hamarkadetan munduan eta Euskal Herrian eta gizarte aldaketa azkar horien eta globalizazioaren eta dinamika sozial berrien ondorioz, erronka berriak agertzen zaizkigu (migrazioa, teknologia berriak eta informazio saturazioa, adibidez). Aldi berean, familien tipologia eta ikastetxeekiko harremanak aldatzen ari dira, baita hezitzaileen zereginak eta formazio-beharrak ere. Egoera horri aurre eginez erantzun egokia eskainiko dion hezkuntza sistema bat asmatzerakoan, hasieratik gainditu beharreko oztopo bat dugu: Euskal Herriak, gaur egun, ez du hezkuntza sistema propiorik. Azken hamarkadetan sistema berri hori eraikitzeko bidean emandako urrats guztiak aintzat hartuz, Hezkuntza Sistema propioa garatu behar dugu.
Zein lirateke Hezkuntza Sistema horren funtsezko ezaugarriak edo oinarriak? Zutabe nagusiak aipatzekotan, Nazio Eztabaida Guneko Hezkuntza Batzordearen ekimenez eta hezkuntzako hainbat eragileren artean osatu eta adostutako Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa ardatz baliagarritzat jotzen dugu:
1.- Eskubideetan oinarritutako Hezkuntza sistema.
Hezkuntza ikuskera propio horren gauzatzean, Euskal Hezkuntza Sistemak, euskal herritar guztiei, nazioarteko oinarrizko eskubideen hitzarmenetan jasotako eskubide unibertsalak aitortzeaz eta bermatzeaz gain, eskubide hauek bere egin beharko lituzke, gure ustez:
• Eskolaren bidez euskalduntzeko (euskaraz ikasteko eta euskaraz bizitzeko) eskubidea.
• Euskal Herriko Curriculum propioaren arabera hezteko eskubidea.
• Parekidetasuna lortzeko didaktikan oinarrituriko hezkuntza jasotzeko eskubidea.
• Oinarri demokratikoen arabera antolatutako eta kudeatutako hezkuntza komunitate bateko partaide eraginkorra izateko eskubidea.
• Euskara eta jakintza ardatz izango dituen eta, Euskal Herriaren beharrak asetuko eta bideratuko dituen Euskal Unibertsitate Sistema izateko eskubidea.
• Hezkuntzaren bidez norbere ahalmenak garatzeko eskubidea, pertsona kritiko eta aske izateko bidean.
• Euskal gizartera heldu berriak izan eta Euskal Herriko ikasguneetan sartzen diren etorkinei euren ama hizkuntza eta kultura errespetatuko zaizkienaren eskubide osoa aitortzea eta bermatzea.
• Ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitateak Hezkuntza Proiektua izateko eta kalitatez garatzeko eskubidea.
• Hori guztia posible izan dadin, Europako hezkuntza esparruan, Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa izateko eta arautzeko eskubidea.
2.- Euskal Curriculum oinarrizkoa eta komuna definitzeko eta ezartzeko konpromisoa.
Giza taldeen ezaugarrietako bat kultur ondarearen transmisioa da. Belaunaldi batek hurrengoari hainbat ohitura eta ikusmolde, uste-sinesmen eta jokabide transmititzen dizkio. Hezkuntzak, historian zehar eta mundu osoan, zeresanik izan du eginkizun horretan. Eginkizun horren bi alde funtsezko azpimarra ditzakegu: batetik, gizakiaren dimentsio soziala erabat garatzea, eta, bestetik, gizabanakoen artean erreferentzia komunetik datozen kohesio sozialak ezartzea.
Alde horretatik begiratuz, Curriculuma, hezkuntza praktika gidatzen duten helburu eta edukien arrazoizko programazio tekniko hutsa baino askoz gehiago da. Curriculuma, gizarte-elkarte batek eskola eremuan dituen gizarte- eta kultur-egitasmo propioen adierazpen gisa uler daiteke.
Baina Curriculum propio hori definitzerakoan, ikuspegi berritzailea, eta etorkizunera begira hezkuntza sistema osoaren berrikuntza orokorra sustatzera zuzendua dagoena planteatu behar dugu; egungo eta biharko euskal gizartearen hainbat beharrizan sozialei irtenbideak eskaintzeko modukoa, alegia. Horregatik, Euskal Curriculuma eraikitzerakoan, berreskurapen eta kultur integrazio inklusiboaren ereduen arteko uztarketa egiteari ezinbestekoa deritzogu. Zergatik eredu hori? Gure hizkuntza eta kultura asimilazio prozesu baten ondorioz minorizazio egoeran daudenez, horiek mantentzeko eta indartzeko berreskurapen kulturalaren eredua hartu dezakegulako abiapuntutzat. Baina etorkizuna eraikitzeko, kultur integrazio inklusiboaren bidea jarraitzea proposatzen dugu; hau da, batasuna eta aniztasuna bateratzen dituen bidea. Planteamendu horrekin landu da oraintsu aurkeztutako Euskal Curriculuma, bere inguruan hezkuntzako hainbat eragileren babesa eta aplikatzeko konpromisoa bildu dituena, hain zuzen.
3.- «Hezkuntza Publikoa» kontzeptuaren birdefinizioa.
«Hezkuntza Publikoa», herrien eta herritar guztien garapenerako beharrak asetzen dituen hezkuntza izan behar da, aukera berdintasunean eskubide guztiak ziurtatuko dituen kalitatezko zerbitzua, alegia. Beraz, Euskal hezkuntza publikoa «publiko-herritar» ikuspegian kokatzen dugu; hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahi baitugu. Horregatik, horren diseinua, antolaketa, planifikazioa, kudeaketa eta garapena botere publikoei eta hezkuntza komunitate osoari dagozkiela deritzogu. Edonola ere, ukaezina da botere publikoek guztion hezkuntza eskubideak bermatzerakoan duten betekizuna. Finantzazioak eta kontrolak, esaterako, publikoak izan beharko lukete; eta hezkuntza publikoaren kudeaketa eraginkorra, gardena eta jarraipen soziala duena. Ikastetxeen titularitateak eta kudeaketak, berriz, horien eta botere publikoen arteko hitzarmenean oinarritutakoak izan beharko lukete.
4.- Eskola-erakunde bakoitzaren autonomiaren eta protagonismoaren aldeko apustua.
Eskubideak berma daitezen, heziketa prozesua hobetzea eta egokitzea izango da eskola-erakunde bakoitzaren egitekoa. Bide horretan ezinbestekotzat jotzen dugu Hezkuntza Proiektu propioa izatea, hezkuntza komunitateko partaide guztiena izango dena eta kudeaketa eta gainbegiratze demokratikoak izango dituena.
Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuaren oinarrizko zutabe izango dira:
a) Ikasle guztiak euskalduntzeko konpromisoa bere eginaz, hizkuntzen trataerarako proiektu propioa garatzea.
b) Egite pedagogiko koherentea eta herritarren kohesioa lortzeko tresna baliagarria deritzon heinean, Euskal Curriculuma garatzeko konpromisoa hartzea.
Bi zutabe horietan oinarritutako Hezkuntza Proiektuaren funtsezko osagaiak izango dira honako hauek ere:
• Ikasleen behar afektiboak eta emozionalak kontuan hartzea.
• Helburua, ikuspegi kritikoa duten herritar autonomoak lortzea izanik, neska-mutilen kontzientzia librea eta kritikoa garatzen laguntzea.
• Menpekotasunean oinarritutako harremanak baztertuz, eskubide berdintasuna helburu izatea, sexuen arteko parekidetasuna lortzeko metodologia didaktiko egokia aplikatuz, eta aukera berdintasuna garatzen duen jendartea lortzen laguntzea.
• Jatorri anitzeko ikasleak, maila sozial eta kultural anitzekoak, hainbat gaitasun eta muga dituztenak testuinguru ahalik eta normalizatuenak partekatuz, elkarrekin aritzea hobestea.
• Ikastetxearen eta hezkuntza komunitatearen bizitza eta harreman sistema dinamiko, parte hartzaile eta demokratikoa bultzatzea.
• Ikastetxe bakoitzaren ibilbidean eta esparru guztietan ematen diren prozesuen, eta batez ere, ikasi eta hezteko prozesuen jarraipena eta ebaluazio sistematikoa aplikatzea, egin beharreko hobekuntzak ezartzeko helburuz.
• Inguruarekin harreman zuzena izatea, ikastetxearen esparru zehatza gaindituz, familiekin, erakunde zein gainerako gizarte eragile ororekin, eskaintzen dituzten aukera hezitzaileez baliatzeko helburuz, harremanetan eta elkarreraginean aritzea.
Horretarako, hezkuntza sistema berriak gaurkoa baino kudeaketa-eredu askoz ere deszentralizatuagoa garatu behar du. Ezinbestekoa da ikastetxe guztiek, arlo guztietan, ahalik eta autonomia maila handiena izatea (antolaketan, hezkuntza- zein ikasketa-proiektu eta programazio arloan, hezkuntza-berrikuntzan, giza- zein finantza-baliabideen kudeaketan, ebaluazioan…), baina baita, ikastetxeen aldetik, autonomia maila hori onartzeak eta kudeatzeko konpromisoa bere egiteak suposatzen duten erantzukizunari aurre egiteko borondate praktikoa agertzea ere.
5.- Hezkuntzaren lehentasun soziala.
Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean, baita gizartea kohesionatzeko ere. Horregatik guztiagatik, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar du, eta baita beharrezkoak dituen baliabideak eta inbertsioak jaso ere. Jakin badakigu inbertsio ekonomiko handienak egiten dituzten sistemak ez direla beti etekin edo emaitza onenak lortzen dituztenak eta hezkuntzaren kalitatea bultzatzen duten faktore eragileenen artean ere, funtsezkoak diren beste asko badaudela; bat gatoz hezkuntzako giza baliabide zein baliabide formal eta materialen arrazionalizazioa eta optimizazioa aldarrikatzen dutenekin. Baina uste dugu ez dagoela ukatzerik, gure hezkuntza sistemaren kalitatezko funtzionamendua bermatzeko aurrekontu egokia izatea funtsezko elementua dela.
Non jarri maila egoki hori? Ingurura begiratuz, Euskal Herriak gaur egun duen gizarte-garapen mailak eskatzen duen hezkuntza sistema batek behar duen inbertsio ekonomikoa Europako naziorik aurreratuenetan egiten ari direnaren parekoa izan behar duela ikusten dugu. Horrek, Barne Produktu Gordinari buruz ari garela, zera esan nahi du: Estatu espainoleko % 4,5eko eta Europar Batasuneko % 5,1ko batez bestekoa gaindituz, egungo inbertsioak suposatzen duen % 3,8tik abiatuz (EAEko datuen arabera), Europa iparraldeko herrialdeetara begiratu behar dugula. Ibilbide luze samar horretan, tarteko erreferentzia izan beharko luke, jada Delors Batzordeak bere garaian gomendio gisa iragarri eta, ondoren, Lisboako Akordioek (2000) 2010.urterako BPGaren % 6ra iristeko ezarri zuten konpromisoa. Baina, ikusi ahal izan denez, emeki-emeki bada ere, hezkuntzaren finantzaketak pisua galdu du EAEko aurrekontuetan azken urteotan: ez da hori norabide zuzenean goazenaren seinalerik onena.
Amaitzeko, gure herriarentzako zer-nolako hezkuntza sistema nahi dugun eztabaidatzeko eta adosteko unean gaudela uste dugu. Bide horretan eman ditzakegun urratsak, egin ditzakegun ahaleginak bateratzeko garaian, alegia. Besteak beste, Euskal Hezkuntza Sistemaren Legearen inguruko eztabaida abiatzea eta jorratzea.
Argia aldizkariak kaleratzen duen Larrun gehigarriaren 126. zenbakian (2008ko azaroa) argitaratutako testuaren egokitzapena.