136: Heziketa funtsezkoa da duintasuna, giza eskubideak, bakea eta justizia errespetatzeko

2009-03-01
Irakasleak ongi zaindu behar dira eta kritikoak izan behar dute, bizitza maitatu, sormena izan, kontzientziak esnarazi behar dituzte eta baliorik
onenen defendatzaileak izan behar dute.
 
 
Urtarrilaren amaieran, 25 kideko taldea izan zen Habanako “Pedagogia 2009” biltzarrean, Hik Hasik antolatuta.
Euskal Herritik abiatutako taldean, unibertsitateko irakasleak, aisialdiko hezitzaileak, Haur Hezkuntzako Partzuergokoak, Haur Hezkuntzan, Lehenean edo Bigarrenean ari diren irakasleak, hezkuntza kazetariak, eta, hezitzaile guztiekin batera,  alaba eta seme asko hezi dituen ama jubilatu bat ere joan zen.
Latinoamerika eta Kariben arnasten ari den aire berria ezagutzeko eta bizitzeko parada izan genuen. Kuba, inguruko herrialdeentzako hezkuntza eredua dela garbi dago. Eredua izateaz gain, bere programak hedatzen ari dira gero eta herrialde gehiagotan.
Aukera izan genuen, bestalde, Ena Elsa Velazquez Kubako hezkuntza ministro berria ikusteko eta haren hitzaldia entzuteko. Beste gauzen artean, “Irakasleak ongi zaindu behar dira eta kritikoak izan behar dute, bizitza maitatu, sormena izan, kontzientziak esnarazi behar dituzte, uste sendoak landu eta baliorik onenen defendatzaileak izan behar dute” zioen.
Hainbat ikastetxe bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen. Norberak zer eskola mota ezagutu nahi zuen erabaki ondoren, HH, LH, BH, Unibertsitatea, Eskola Espezializatuak (hezkuntza berezia, musika, dantza, soinketa...) hara joaten zen .
Taldekook, eta programatik kanpo, Habanako Alde Zaharreko museo eskolak ezagutzeko aukera izan genuen. Badira gela batzuk museo zehatzetan kokatuta daudenak. Han pasatzen du 10 urte inguruko ikasle taldeak ikasturtea. Hango museoaren edukia eta espezialitatea hartzen dute ikaskuntza prozesurako abiapuntua.
Kuba, herrialde pobrea izanda eta blokeo ekonomikoa urtetan jasaten ari dela kontuan hartuta, miresgarria da hezkuntzari eskaintzen dion garrantzia. Lehen Hezkuntzan 20 ikasle dute gehienezko kopurua, eta, Bigarren Hezkuntzan 15. Horren arrazoia, nerabe garaian ikasleek gertuko jarraipena eta laguntza behar dituztela da. Neurri horrekin, bizikidetzan eta emaitza akademikoetan asko irabazi omen da, gurasoekin harremanak eta haien parte hartzea errazagoak baitira.
Irakasleen prestakuntzari ere garrantzi handia ematen diote. Bost urteko prestakuntza da. Lehen urtean, prestakuntza pedagogiko orokorra jasotzen dute eta hurrengo lauetan, praktika eta lana egiten dute eskolatik gertu kokatzen dituzten mikrounibertsitateetan. Hala, teoria eta praktika aldi berean lantzen dituzte.
Helburuak jartzea eta lortzea garrantzitsuak badira ere, horiek lortzeko egiten den bideak markatzen du jendartearen ilusioa, poza, elkartasuna, talde sentimendua... edo, aldiz,  guztiz kontrakoa.
Gure bidaian, lehenengoa nagusitu da. Zorionak bidaiari guztiei!