Arrankudiagako eskola, Arrankudiaga: Bihurrikerien koadernoa. Nork esan du bihurrikerien bitartez ikasten ez denik?

2009-03-01
Haurrek bihurrikeriak egiten dituztenean, errieta jasotzen dute maiz ordainetan, baina bihurrikerien bidez ere ikas daiteke. Ez da Ameriketako unibertsitateren batean egindako ikerketa batek utzitako datua, Arrankudiagako eskolan egindako esperientziak erakutsi duena baizik. Lehen Hezkuntzako lehen zikloko haurrek beste pauso bat eman dute irakurtzeko eta idazteko prozesuan, haurrek, gurasoek eta irakasleek egindako bihurrikeriak bilduz. Eskola Txikien III. Topaketan aurkeztu zuten egitasmoa. 
 
 
Eskola txikia da Arrankudiagako eskola, eta proiektuetan oinarrituta egiten dute lan, beti. Haurrengandik gertu dauden gaiak lantzen dituzte, askotan ikasleek beraiek proposatuta. Izan ere, irakasleen iritziz, garrantzitsuena, ikasleek gai zehatzak landu beharra sentitzea da, eta gai ugari lantzen dituzte era horretara.
Lehen Hezkuntzako lehen zikloko haur guztiak gela berean dabiltza Arrankudiagan. Joan den ikasturtean, bost haur zeuden lehenengo mailan, eta 12, bigarren mailan. Bigarren mailakoek ez bezala, lehenengo mailako haurrek ez zekiten ez irakurtzen, ez eta idazten ere. Irakasleek aitzakia behar zuten haur horiek idazten eta irakurtzen has zitezen, eta bigarren mailakoek idazketa prozesua hobe zezaten, eta aitzakia hori bihurrikeriak izan zitezkeela bururatu zitzaien. Haurrek gustuko dute bihurrikeriak egitea, eta izugarri gustatzen zaie ondoren bihurrikeria horiek kontatzea.
Idazketa prozesua
Hasieran, asko hitz egin zuten gelan bihurrikeriei buruz, eta haur bakoitzak bihurrikeriaren bat kontatu zuen. Lehenengo mailakoei beren erara idazteko esan zieten, eta, ondoren, irakurtzeko. Gero, irakasleek beheko aldean transkripzioa idatzi zuten. Bistakoa zen ez zegoela hizkien kontrolik, hizki asko jartzen zituztela… Horren ondoren, guztiek (lehenengo mailakoek zein bigarrengoek) idatzitako bihurrikerien ezaugarriak atera zituzten (noiz egin zuten, non egin zuten…).
Ikasleek beren bihurrikeriak idatzi ondoren, etxean gurasoei euren bihurrikeriaren bat kontatzeko eskatu zieten. Bigarren mailakoek, ondoren, bihurrikeria idatzi zuten, aurretik landu zituzten ezaugarriak kontuan hartuta: zer adin zuten gurasoek bihurrikeria egin zutenean, non izan zen, norekin zeuden, zer gertatu zen… Eta lehenengo mailakoei bihurrikeria horren marrazki bat egiteko esan zieten, eta ondoren, gelan kontatzeko. Idatzi ere egin zuten, baina euren erara.
Adibidez, lehenengo mailako haur batek amak egindako bihurrikeria bat idatzi zuen, baina kontrolik gabe. Ikasle hark bazekien han zer jartzen zuen, baina ezin zen irakurri. Hurrengo egunean, irakurtzeko eskatu zioten; baina ez zuen dena ongi gogoratzen, eta ez zekien irakurtzen. Irakasleek haurrei lagundu zieten zentzuz idazten, eta horrek hobekuntza handia ekarri zuen. Eta haurrak pozik geratu ziren, idazten zutena irakur zitekeela ikustea garrantzitsua izan baitzen lehenengo mailakoentzat. Bigarren mailakoekin, berriz, testuak hartu zituzten, banatu egin zituzten denek irakurtzeko, eta aztertzen joan ziren. Hitzen banaketa landu nahi zuten, eta maiuskulak non jarri… Zalantzei buruz eztabaidatu zuten, eta, ondoren, idatzitakoa hobetu zuten.
Plastika eta matematika
Gero, plastikarekin lotu zuten guztia; ikasleek koadernoak egin zituzten, eta koaderno horietan idatzi zituzten bihurrikeriak. Ikasle bakoitzak, bere bihurrikeriak eta familiakoak bilduta, liburuxka bat egin zuen. Irakasleek ere beren bihurrikeriak idatzi zituzten, eta oso dibertigarria izan zen denentzat. Azkenik, koadernoak etxera eraman zituzten, gordetzeko.
Eta hizkuntzarekin eta plastikarekin batera, matematika ere landu zuten. Bihurrikeria idatzi zutenean, garrantzi handia eman zioten testuetan bihurrikeria hori noiz, zenbat urterekin, egin zuten azaltzeari.
Egun batean, goizean, paper zati bat agertu zen ikasgelako paretan eskegita: paper zati luzea zen, ardatz kronologikoa zuena, eta bi zenbaki besterik ez ziren ikusten: 2.000 eta 2.010. Goizean ikasgelara sartu zirenean eta paper zati ikusi zutenean, haurrak galdezka hasi ziren, zer izango ote zen galdezka. Ondoren, orri bana banatu zieten irakasleek, eta orriotan testu bat ageri zen. Orriaren beheko aldean, gelan agertutako paper zatiak zuen irudiaren antzekoa ageri zen. 2.000tik 2.010era zenbat zenbaki zeuden galdetu zieten ikasleei, eta nola koka zitezkeen horiek marra hartan. Paretako papera ardatz kronologikoa zela ikasi zuten horrela.
Beraz, 2.000tik aurrerako zenbakiak lantzen hasi ziren: zenbakiak ardatz kronologikoan kokatu behar zituzten, eta, besteak beste, segidak nola osatzen diren aztertzeko aukera eman zien horrek.
Horren ondoren, irakasleek koadernoan idatzitako bihurrikeria zenbat urterekin egin zuten galdetu zieten, eta bihurrikeria horiek ere ardatzean kokatzeko eskatu zieten. Hori zailagoa zen, ordea. Horretarako, zer zenbaki, zer datu behar zituzten pentsatzen hasi ziren, eta noiz jaio zen galdetu zioten irakasleari, zer urtetan zeuden... Bakoitzak bere erara egin zuen kalkulua. Horrela, batuketa landu zuten. Azkenik, gurasoen bihurrikeria ardatz kronologikoan kokatzeko eskatu zieten. Horri buruz testu bat idatzi zuten, eta testu horiekin buruketa bat osatu zuten. Azkenik, nagusiei eman zieten, haiek kalkulatzeko. Amaitzean, datu horiek ardatz kronologikoan kokatu zituzten.