Planetarium, Donostia: Planetak, sateliteak, izarrak… bertatik bertara

2009-03-01
Duela gutxi inauguratu dute Zientziaren Kutxagunean dagoen Planetarium berria. Zehazki, bi dira planetariumak: bata, txikia, puzgarria, haur txikienentzat prestatua, eta bestea, handia, ikusgarria, zaharragoentzat pentsatua. Eseri, ikusi eta entzun. Besterik ez du egin behar Planetariumera gerturatzen den orok. Baina harrigarria da, aulki batean lasai eserita, Unibertsoa hain era errealean ikustea. Kupula handi batean proiektatzen dituzte irudiak, eta, ikuslea, espazio-ontzi batean bezala senti daiteke. Planetak, sateliteak, izarrak… Guztia bertatik bertara ikusgai. Hori dirudi, behintzat. senti daiteke. Planetak, sateliteak, izarrak… Guztia bertatik bertara ikusgai. Hori dirudi, behintzat. 
 
 
Duela gutxi inauguratu dute Planetarium berria eta, jada, Unibertsotik paseatzea eta planetak, sateliteak edota izarrak haien ondoan egongo bagina bezala ikustea posible den arren, eskaintza zabaltzen ari dira pixkanaka, dituzten programak adinen arabera egokitzeko. “Orain arte gure eskaintza oso mugatua zen, eskaintza didaktikoan programa bakarra genuen, Eguneroko zerua deitzen dena, eta horrekin jarraitzen dugu, baina hainbat mailatara egokitzen ari gara. Hezitzaile batek gidatzen du, eta lurraren mugimenduak lantzen dira batez ere: errotazioa, translazioa… Urtaroak, Ilargiaren faseak… eta horrelakoak ere lantzen dira. Baina hori zabaldu nahi dugu, eta eklipseak, adibidez, zaharragoekin ere landu nahi ditugu. Edukiak egokitu nahi ditugu”, esan digu Miren Millet Planetariumeko arduradunak.
Bi planetarium daude. Txikia, puzgarria dena, haur txikienekin erabiltzen dutena da, lau eta bederatzi urte bitartekoekin. Planetarium txikia oso arrakastatsua da, haurrek asko maite dute, barruan sartzen dira eta giro berezia sortzen da. Haurrek material didaktikoa dute jarduera egin ondoren hori osatzeko, eta Roke izeneko kohetearen begiradapean egiten dute lan.
Haur txikiak izutu egiten dira Planetarium handian argiak jaisten direnean, baina, dena den, Planetarium handia ere haur txikiekin erabiltzea planteatzen ari dira, bospasei urtetik gorakoekin. Planetarium handia guztiz berritu dute: kupula, argitze sistema… Izarrak eta astroak sortzeko softwarea eta proiekzio sistema erabat berria da, eta punta-puntakoa, gainera, Mikel Goñi Berrikuntza eta Dibulgazio zuzendariak esan digunez. Besteak beste, izarren errepresentazio zehatza ikus daiteke, eta baita zerua 100 urte barru nolakoa izango den ere. Irudiak oso errealak dira, eta espazio-ontzi batean bageunde bezala ikus daiteke Unibertsoa, bertan bageunde bezala. Ikusgarria da, eta bidaia horretan asko ikas daiteke.
Hezkuntza eskaintza:
>>> Planetarium
Eguneko zerua (Lehen Hezkuntza. 2. eta 3. zikloak)
Lurraren mugimenduak ikastea da jardueraren helburua.
Eguneko zerua (Bigarren Hezkuntza. 1. eta 2. zikloak)
Lurraren eta Ilargiaren errotazio eta translazio mugimenduak ikustea eta, horien ondorioz, sortzen diren fenomeno astronomikoak azpimarratzea da helburua.
Itsua izar begiekin (Lehen Hezkuntza. 1. zikloa)
Haurrei azalpen astronomikoa duen ipuina kontatzen diete.
Kartoizko suziriaren sekretua (Lehen Hezkuntza. 3. zikloa)
Eguzki sistemako planetak ezagutzea da helburua. (Apiriletik aurrera eskainiko dute).
>>> Planetarium txikia
Peru eta Maddiren abentura (Haur Hezkuntza)
Egunaren eta gauaren elementu esanguratsuen ezaugarriak eta propietateak identifikatzea, fenomeno meteorologiko batzuei behatzea eta horiek ulertzea da helburua. Baita Eguzkia eta Ilargia lantzea ere.
Artolabenturak (Haur Hezkuntza)
Oinarrizko espazio-nozioak erabiltzea, norberaren eta objektuen kokapena azaltzeko. Formak eta gorputzak espazioan: goian/behean eta urrun/hurbil.
Roke, kohete despistatua (Lehen Hezkuntza. 1. zikloa)
Helburua, sistemaren elementu diren Lurra, Eguzkia eta Ilargia identifikatzea eta horien ezaugarri garrantzitsuenak aztertzea da. Planeta-elementu astronomikoak identifikatzea eta sailkatzea. Lurraren eta hurbileko planeten arteko harremanak eta horien antolamendua lantzea.
Artola bola, arranopola!  (Lehen Hezkuntza. 1. zikloa)
Helburua, inguru naturaleko eta kulturaleko forma geometrikoak identifikatzea da, elementu horien ezagutza mundu fisikoa aztertzeko erabiliz. Elementu eta fenomeno natural batzuen deskribapena egiten da: Ilargia, Eguzkia eta izarrak.