Gamere-Zihigako eskola itxi egingo dute

2009-04-01
 
 
Zuberoako Gamere-Zihiga herriko eskola itxi egingo dute datorren ikasturtean. Bertako irakaslea kentzeko erabakia hartu du Departamenduko Hezkuntza Batzordeak eta haurrek Atharratzeko eskolara joan beharko dute 2009ko irailetik aurrera. Larraineko eskola ere antzeko egoeran da, baina oraingoz ez dute itxiko. Orotara, 25 irakasle postu kenduko dituzte.
Akademia Ikuskaritzak proposatu duen eskola karta ontzat eman du Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Hezkuntza Batzordeak, eta eskola publikoan 25 irakasle postu gutxiago egongo dira. Eredu elebidunari, bederatzi lanpostu eta erdi emango dizkiote eta eredu frantses elebakarrean, bi kenduko dituzte. Beraz, eredu elebidunean zazpi lanpostu irabaziko dira.
Era berean, SNUP-IIP sindikatuak Euskararen Erakunde Publikoaren eta Akademia Ikuskaritzaren arteko akordioa urratu dela salatu du. Donibane Garaziko eta Azkaineko eskola publikoetan euskara eredua indartzea onartu zuten, baina, Akademia Ikuskaritzak esan duenez, ez die horretarako baliabide gehiago emango.  
Eskola ixteen eta lanpostu murrizketen kontrako hainbat protesta izan dira martxoan zehar Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Beste beste, gurasoek, Barkoxeko eta Gamere-Zihigako eskolak eta Donibane Lohizuneko Haize Errota eskola okupatu zituzten.
Atharratzeko ikastolari laguntza
Lezoko eta Oiartzungo Udalek Atharratzeko ikastolari laguntzeko hitzarmena sinatu dute. Zehazki, euskara eta Euskal Herriaren iraupena eta garapena sustatzeko laguntza da eta Nazio Eztabaida Guneak sustatu du ekimena. Lezoko eta Oiartzungo Udalek 18.000 euroko diru laguntza emango diote Zuberoako ikastolari. Ikastolak laguntza eskertu du eta horrelako harremanak elkar ezagutzeko oso emankorrak direla adierazi dute. Hitzarmen horren harira, Lezon eta Oiartzunen Zuberoako ohituretan oinarritutako jaialdia egingo dute ekainaren 21ean.