Bi hitzetan esanda: proiektuen bidez, elkarreraginean lanean eta testuinguruari egokituta.
Eskola Txikiak herri txikietan edo sakabanatutako auzoetan dauden eskolak dira. Gipuzkoan 28 Eskola Txiki daude, eta berezko ezaugarriak dituzte: herriko haur gehienak eskola horretara joaten dira, eta hainbat adinetako taldeetan biltzen dira; hau da, eskolan sei unitate baino gutxiago daude, herriko eskola bakarra eta publikoa da, euskalduna da eta herrian integratua dago.
Berezkoak ditugun ezaugarri horiek abantaila handiak dira haurraren hezkuntzarako eta garapenerako. Nahiz eta gizartearen aurrean talde heterogeneoen balio pedagogikoa argudiatu beharra izan, esperientziak erakutsi digu ikaste prozesurako aberastasun ikaragarria dela gela berean hainbat adinetako haurrak izatea. Esate baterako, txikiak diren haurrekin eta ozen ari garenean, zaharrenek hori entzun eta ikasitakoa gogoratuko dute. Eta alderantziz, zaharrenekin ari garenean, txikienek edukiak aurreratu egiten dituzte, haien modukoak izan nahi dutelako. Gainera, horrek guztiak gaur egun irakaskuntza esparruan hainbeste entzuten diren gaitasunetan oinarrituta dagoen metodologia propioa ezartzera eraman gaitu. Bi hitzetan esanda: proiektuen bidez, elkarreraginean lanean eta testuinguruari egokituta. Lan erritmoa betiere haur bakoitzari egokituko zaio, eta irakaskuntza haurraren beharretara moldatuko da.
Eskola Txikietan berezko beste ezaugarri bat eskola herrian txertatuta egotea da, eta haurrek komunitateko kide garrantzitsuak direla sentitzen dute, eskolak herriko bizitzan parte hartzen duelako; baserria ikerketa zentroa izan daiteke, eta herriko albisteak eskolako gai gisa erabil daitezke. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi azken urteotan kanpoko familia ugari etorri direla herri txikietara bizitzera, eta eskolak haiek bertakotzeko lana egiten duela. Kanpotik etortzen diren haurrak oso erraz integratzen dira, eta euskara ere oso erraz jasotzen dute, herriko eta eskolako hizkuntza delako, eta gainera, oraindik ere herri horietan kalean jolasteko ohitura handia dagoelako. Harremanak eta hizkuntza hobetzeko aukera ematen die horrek. Hizkuntza ere ez da nolanahikoa, euskara aberatsa erabiltzen da, eta, kanpotik datorrenak, eredu ona jasotzen duenez, horrela ikasten du.
Eskola dagoen herria txikia izanik, urteren batean jaiotze tasa txikia izatea eta mailaren batean ikasle gutxi egotea gerta daiteke, baina arazorik gabe moldatzen dira beste mailetako ikasleekin lagunak egiteko, taldean elkarrekin baitaude. Dena den, horretarako, zenbait eskolaren arteko harreman proiektuak osatzen ditugu, eta hainbat eskolatako haurrak ekintzak egiteko biltzen dira, hala nola: eguneko irteerak, egonaldiak, kirol topaketak, antzerki topaketak, aldizkaria, blog-ak…
Eskola Txikietako irakasleak ere harremanetan gaude, eta hainbat mintegitarako, ikastarotarako eta “Adina Aniztasuna” deitzen den prestakuntzarako elkartzen gara, besteak beste. Dagoeneko urte batzuk badaramatzagu elkarrekin lanean, 87-88 ikasturtean sortu baitzen lehen aldarrikapen kanpaina. Kanpaina hartan Eskola Txikien duintasuna aldarrikatu nahi zen, eta, horrekin batera, Eskola Txikien abantailak ezagutarazi nahi izan ziren. Harrezkero erantzuna oso positiboa izan da, eta elkarlanean aritu gara, jakina, unean uneko irakaskuntzaren beharrei erantzunez. Gure elkarlana alderdi hauetan oinarritzen da: prestakuntza, hobekuntza, komunikazioa (barnekoa zein kanpokoa), i kasleen arteko harremanak, eta Eskola Txikietako topaketak.
Aurreko ikasturtetik, Eskola Txikietan, “Adina Aniztasuna” izeneko prestakuntza ematen ari da Elena Laiz irakaslea. Prestakuntza hori ikuspegi eraikitzailean oinarritzen da, eta hainbat adinetako haurrekin gela berean lan egiteak sortzen dituen zalantzei erantzunak ematen ahalegintzen da. Aurreko ikasturtean Gipuzkoako Eskola Txikiak hasi ginen lan horretan, baina, aurten, Bizkaiko hainbat Eskola Txiki ere atxiki zaizkio egitasmo horri. Esan beharrik ez dago prestakuntza horren arrakasta handia izan dela eta, horrez gain, gure eguneroko lana antolatzeko ezinbesteko akuilu bihurtu dela. Gainera, beste eskoletako esperientziak ezagutzeko eta zalantzak argitzeko aukera ematen digu. Irakasleek ezinbestekotzat jotzen dute proiektu hori. Bestalde, Eskola Txikietako irakasleak hilero biltzen gara, gure eskolak hobetzeko helburuarekin, alde batetik, eta koordinazio lana egiteko, bestetik. Ekainean, berriz, Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskola Txikietako irakasleak eta gurasoak topaketetan biltzen gara.
Gurasoen partaidetza oso garrantzitsua da gure eskoletan, eskolan txertatuta daude, guztiz, eta ezin uler dezakegu geure lana haien laguntzarik gabe. Gainera, Eskola Txikien balioaz jabeturik, gurasoek koordinakundea osatu zuten 1993. urtean, kalitatezko hezkuntza ziurtatu nahian. Izan ere, gurasoek seme-alabak herrian bertan nahi dituzte.
Azken urteotan asko hobetu dira Eskola Txikiak, baliabideei dagokienez batik bat: ordenagailuak… Dena den, oraindik ere herri txikietan Interneteko konexioekin arazoak izaten ditugu, eta hori hobetu nahi genuke. Bestalde, eskola batzuk txiki gelditzen ari zaizkigu, eta beste batzuek berritzeko premia handia dute. Badira eskola berria dutenak ere.
Amaitzeko, esango nuke gure eskoletan ikasleentzat presarik gabeko haurtzaro lasaia eta zoriontsua nahi dugula.
Berrobiko eskolako Itsaso jatetxea
Nik makarroiak, oilaskoa eta fruta
Berrobiko eskola Itsaso izeneko jatetxe bihurtu zen hiru hilabetez joan den ikasturtean. Lau eta bost urteko ikasleek, egunero, menu goxo-goxoak eskaintzen zituzten beren gelan. Bazkaria prestatzea, mahaia jartzea, bezeroei arreta eskaintzea… dena haien esku zegoen, eta, emaitza ikusita, argi dago negozio biribila egin zutela.
Ez zuten dirudik irabazi, ez. Negozio biribila egin zuten, Itsaso jatetxea zabalik izan zen bitartean, ikaragarri ikasi eta gozatu zutelako. Hiru hilabetez eskaini zituzten menuak lau eta bost urteko ikasleek. Egunero, 10:00etatik 11:00etara zabaltzen zuten jatetxea (asteazkenetan izan ezik, asteko atseden eguna egiten baitzuten asteazkenetan), eta gainerako mailetako ikasleek mahaia gorde behar zuten bazkaltzera joateko, ezin baitzituzten lau bezero baino gehiago hartu. Mahaia, ahoz nahi telefenoz gordetzen zuten, eskolako web orrian ikusten zuten menua, eta horren arabera erabakitzen zuten jatetxera joango ziren edo ez. Inor animatzen ez bazen, ikaskideak gonbidatzen zituzten sukaldariak eta zerbitzariak.
Janariaren artean, jateko moduko zerbait jartzen saiatzen ziren beti: ogi xigortua, olibak, txorizoa, patata frijituak, fruta, fruitu lehorrak… Baina plastilinaz egindakoak edo plastikozkoak ere erabiltzen zituzten.
Jatetxe dotorea zen, eta, bazkaltzera joateko ere, hala joan behar zuten: dotore. Sartu aurretik apain-apain janzten ziren bezeroak, eta, eguraldi ona eginez gero, terrazan bazkaltzeko aukera zuten.
Irakasleei bururatu zitzaien jatetxea zabaltzea, eta ikasleek hasieratik ilusioz hartu zuten proposamena. Berrobiko eskolan, Eskola Txiki guztietan bezala, proiektuetan oinarrituta aritzen dira lanean, eta aurrez ere beste negozio batzuk zabaldu izan dituzte: zapata denda, janari denda, garraio enpresa bat… Egunerokotasunetik ateratzen dira, eta haurrentzat erakargarriak diren gauzak egiten saiatzen dira. Sortzen eta asmatzen aritzen dira beti, eta, egun batean, jatetxea antolatzea otu zitzaien. Hasiera batean Haur Hezkuntzako proiektua zena laster zabaldu zen eskola osora.
Itsaso jatetxea: zabalik
Agurne Renobales eta Mila Arrondo irakasleek esan digutenez, lehendabiziko lana jatetxeari izena jartzea izan zen. Guztien artean adostu zuten jatetxe berriaren izena: Itsaso. Jatetxea jartzeko behar diren tresnak eta gauzak arbelean zerrendatu zituzten, eta, ondoren, horiek prestatu, erosi edo etxetik ekarri zituzten: mahai zapiak, platerak, mahai tresnak, azpilak, edalontziak, jantzi aproposak, dirua, koadernoa, bolaluma…
Sukaldariaren eta zerbitzariaren eginkizunak zehaztu zituzten ondoren. Sukaldariari mahaia atontzea, janaria prestatzea eta sukaldea txukuntzea zegozkion. Zerbitzariari, berriz, mahaia prestatzea, bezeroei menua erakustea eta idaztea, kobratzea eta mahaia jasotzea. Hamaika haur ziren gelan, txandatu egiten ziren, eta egunero bik hartzen zuten jatetxearen ardura: sukaldariak eta zerbitzariak.
Menuen fitxategia egin zuten gero, lehen platerak, bigarrenak, postreak eta prezioak zehaztuz. Asteko menuak idatzi zituzten eta ordenagailura pasatu zituzten. Hasieran, eguneko menua eskaintzen zuten, baina, gero, bost euro erabiltzen ondo ikasi zutenean, menu berezia jarri zuten. Plater bakoitzak prezio bat zuen, eta zailtasuna handitu egin zen. Dirua jatetxera sartu aurretik prestatu behar zuten; menu bereziaren kasuan, berriz, prezioak aldatzen zirenez, ondoren hartzen zuten dirua kutxatik.
Jangelako arauak guztiek errespetatu behar zituzten, eta, bestela, bertako arduradunek gogorarazten zizkieten; isiltasuna, lasai hitz egitea, garrasika ezer ez eskatzea…
Berrobiko jatetxea bisitatu zuten, eta Mertxe zerbitzariari elkarrizketa egin zioten, aurrez prestatuko galderak eginez; horrela, elkarrizketa landu zuten. Mahaia nola jarri erakutsi zien hark, mahai-tresnak nola kokatu… Izan ere, edozein txoko egiterakoan, eskolatik kanpora irteten saiatzen dira, gaiari lotuta, betiere.
Agurnek eta Milak azaldu digutenez, proiektuaren helburua, jolastuz, jatetxeko pertsonaien rolak ezagutzea izan zen: sukaldaria, zerbitzaria, bezeroa… Jatetxean egiten diren lanak egin zituzten hiru hilabetez: janaria prestatu, mahaia zerbitzatu, kobratu, ordaindu, menua prestatu… Eta horrek hainbat kontzeptu lantzeko aukera eman zien: menua, dirua, janaria, edaria, tresnak, jantziak, kopuruak, zifrak, harrera, agurra… Joko sinbolikoaren bitartez, gauza asko lantzeko aukera izan zuten. Fitxak egiteko matematika erabili behar zuten, sailkapenak egin behar zituzten, kontaketa landu, dirua erabili, menuak antolatu, prezioak jarri, materiala era egokian erabili, jantzi-erantzi, jolastu eta ongi pasa… Garai hartanaldizkariko berriak lantzen ari ziren, albiste aldizkaria kaleratu zuten, eta jatetxearen publizitatea sartu zuten aldizkarian.
Hiruhilabeteko polita eta emankorra izan zen. Ikasleek asko ikasi zuten, eta gustura aritu ziren. Gerora, txokoa kenduta ere, horretara jolasten jarraitu zutela nabarmendu dute Agurnek eta Milak.
Lau jaioberri Zerainen
“Uxue jaio da!”
Uxueren jaiotzak proiektu berria eraman zuen Zeraingo eskolara. Matematika libururik gabe lantzeko erabakia hartu zuen Kontxi Errasti bertako irakasleak, eta ikasturte hura berezia izango zen, berez, baina are bereziagoa izan zen. Izan ere, Uxue Zerainen 2006ko udan jaio zen laugarren haurra izan zen, eta herri txikia izanik, ez da ohikoa hiru hilabeteko epean lau haur jaiotzea. Horrek “Lau jaioberri Zerainen” izeneko proiektua abiatzeko aitzakia eman zien.
2006-2007 ikasturtean egin zuten “Lau jaioberri Zerainen” proiektua. Kontxi Errasti Zeraingo eskolako irakaslea matematika ere libururik gabe lantzera animatu zen. Eta horretarako, proiektuetan oinarritutako sistema ezarri zuen. Ikasturtearen lehen egunean, bi ahizpek albistea ekarri zuten eskolara: “Uxue jaio da!”, eta horrek eman zion “Lau jaioberri Zerainen” izeneko proiektua gorpuzteko aitzakia.
Izan ere, Uxue jaiotzeaz gain, beste hiru haur ere jaio ziren uda hartan Zerainen, eta herri txikia izanik, hiru hilabetetan lau haur jaiotzea ez da gauza arrunta. Uxueren jaiotzaren albisteak, jaioberriei buruzko interesa piztu zuen ikasleengan eta, hori baliatu zuen Kontxik proiektua abiatzeko. Lehenik, jaioberriak ezagutzera joatea proposatu zien ikasleei. “Zeraingo jaioberriak ezagutzen ote zituzten galdetu nien eta ezetz erantzun zidaten. Ezagutzeko gogoa agertu zuten eta horrela hasi zen proiektua”, azaldu digu. Hiru eta zazpi urte bitarteko haurrekin egin zuten proiektua.
Edukiak lantzen
“Lau jaioberri Zerainen” izeneko proiektuarekin, beste proiektuekin bezala, liburuetan lantzen diren eduki eta prozedura berak landu zituzten, baina haurren interesetatik abiatuta, eta Kontxik esan digunez, hori asko nabaritzen da jarreretan eta emaitzetan: “Ez da gauza bera liburuko ariketak egitea edo haien kezketatik abiatzea eta hausnarketa egitea”.
Proiektuak sei zati izan zituen:
Lehen zatian, jaioberriak ezagutzera joateko hainbat erabaki hartu zituzten. Lehenik, jaioberrien gurasoei baimena eskatu zieten, haiei egin beharreko galderak prestatu zituzten, bisitatzera joan ziren, argazkiak atera zizkieten, egindako galderen erantzunak paperean jaso zituzten eta erantzunak fitxetara pasa zituzten.
Bigarren zatian, jakin-mina azaldu zuten ikasleek. Txikitan nolakoak ote ziren pentsatzen hasi, eta gurasoei egiteko hainbat galdera prestatu zituzten. Eta ondoren, erantzunekin eta argazkiekin, fitxa bana egin zuten.
Hirugarren zatian, aurreko fitxa betetzeko Kontxik egindako galdera erantzun zuten: txikitan, gurasoek abesten al zizueten? Haurrek haien etxeko sehaska kanten hitzak eraman zituzten eskolara eta lan berezia egin zuten: abestiak garbira pasa, poesia landu, abestiak ikasi zituzten… Haur Hezkuntzakoek irakurketa eta idazketa landu zituzten, eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, hori guztia eta bertsoen amaierak.
Lehen hiru zatietan hizkuntzako edukiak landu ondoren, laugarren zatian, matematika lantzeko aukera izan zuten. Txikitan nolakoak ote ziren pentsatzen hasi ziren eta orduan jasotako datuekin eta une horretan jasotakoekin, hainbat eduki landu zituzten: magnitudeak (altuera, pisua, denbora: urteak, hilabeteak, adinen arteko alderaketak…); datuen trataera; grafikoak osatzea (proportzioak)… Arazoen ebazpenak landu zituzten baita ere, hainbat galdera erantzunez, adibidez: zenbat urte zituen Aitorrek Beñatek hiru urte zituenean? “Nire ardurarik handiena matematika lantzea izan zen. Urteak, hilabeteak, bakoitza noiz jaio zen, eguna, pisua, altuera… Hori guztia landu genuen. Eta hori guztia batera ikusteko, grafikoa egin genuen. Arazoak sortzen hasi ginen. Haur batek esan zuen Uxue jaio zenean bere aitak 46 urte zituela eta zenbat izango ote zituen bera jaio zenean. Horrekin gauza asko landu genituen, lehenengo eta bigarren mailan kosta egiten baitzaie denboraren kontzeptua barneratzea, eta zenbat gehiago edo zenbat gutxiago bezalako galderei erantzutea”, azaldu digu Kontxik. Gainera, matematika liburutik egiteak beste eragozpen bat baduela uste du: “Oso bideratuta egoten dira eta proiektu jakin batean ari bazara, eta horrekin zerikusirik ez badu, zaila da dena uztartzea”.
Bosgarren zatian, gaztelania eta ingelesa landu zituzten. Zuhaitz genealogikoa egin zuten, bai gaztelaniaz, bai ingelesez. Etxeko datuekin bakoitzak bere fitxa osatu zuen eta familia ereduak aztertu zituzten: beste kultura batzuetako kideak dituzten familiak azaldu ziren eta haien ohiturak eta hizkuntzak ezagutu zituzten. Hori oso aberatsa izan zela esan digu Kontxik.
Azkenik, seigarren zatian, Lehen Hezkuntzakoek autobiografia eta lanen aurkezpena egin zuten. “Kanpora joan eta jendaurrean egindakoa azaltzeko gai izatea nahi nuen. Baiezkoa eman zuten eta Segurako irakasle batekin hitz egin nuen hara joateko. Beraz, Segurako eskolara joan ginen euren liburuxkak aurkeztera”, azaldu digu Kontxik. Segurako ikasleek ere, harrera beroa egin zieten eta txisteak, asmakizunak… prestatu zituzten Zeraingo ikasleak joan zirenerako.
Esperientzia aberasgarria izan zen denentzat. Ikasleek, ongi pasatzeaz gain, asko ikasi zuten eta hasierako beldurrak eta kezkak uxatuta, Kontxi oso gustura geratu zen emaitzarekin. Matematika libururik gabe lantzeko aukera badela ikusi zuten guztiek, eta horrela egiten jarraitu dute gaur arte.