LAIZ, Elena: Eskola inklusiboa, ikaskuntza kooperatiboa eta konstruktibismoa dira gure hiru oinarriak

2009-04-01
Eskola Txikietako irakasleen prestakuntza arduraduna da Elena Laiz Sasiain. Duela bi urte hasi ziren prestakuntza saioak egiten, eta emaitzak oso onak izan dira. Irakasleak mintegietara joaten hasi direnetik, ilusioa topatu dute berriz. Eguneroko lanari buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko txokoa dira mintegiak eta irakasleentzat oso baliagarri da bertan hitz egiten duten guztia. Prestakuntzari buruz eta Eskola Txikietan egiten duten lanari buruz aritu gara Laizekin. Baita Hizkuntza idatzia. Zenbait ideia eskolarako argitaratu duen liburuari buruz ere. Izan ere, urtetan zehar ikasi, bizi eta egin duena bertan bildu du, eta hizkuntza idatzia oinarri duen arren, bertan aipatzen dituen alderdi asko eskolako beste edozein eremutan aplika daitezke.
 
 
Konstruktibismoa, ezagutza eraikitzea, norberaren beharretatik eta interesetatik abiatuta ikastea da. Liburuan aipatzen duzun moduan, eskolako lana eguneroko bizitzara hurbiltzea eta txertatzea, hortik sortzen diren beharrei aurre egiteko… Ikasliburuak alde batera utzita lan egiteko erresistentzia handiak al daude?
Interesa izatea beharrezkoa da, baina oso garrantzitsua da egiten dugun horrek funtzionaltasuna edukitzea, esanguratsua izatea eta orduan ikasteko desioa, interesa edo beharra sortzen da. Funtzionaltasun hori bilatu behar dugu. Eskola Txikietan aritzen garenok pentsatzen dugu ikasliburuek ez dietela gure beharrei erantzuten. Ikasgelan adin aniztasuna dugu, eta ikasliburuek ez diote horri erantzuten. Gainera, ikasliburu batek eskaintzen duen informazioa mugatua eta partziala da. Haurren ikasliburuak benetako testuek izan behar dute, gizartean erabiltzen direnak, egunkariak eta horrelakoak. Eta nola ez, internetetik jaso daitekeen informazio guztia. Uste dut ikasliburuek, irakasleoi gure benetako esentzia lapurtzen digutela, nolabait. Irakasleok ikaslibururik gabe zer egin jakin beharko genuke.  Gaur egun informazio asko dago, eta aukeratzea zaila da, baina gure lana da. Ikasleek benetako testuak erabili beharko lituzkete eta irakasleon gida curriculumak izan beharko luke. Dena den, ikasliburua behar duenak erabil dezala, ahal bada era egokian, baina nik uste dut asko mugatzen duela. Irakasleok beste zerbaiterako gaudela uste dut, ez testuliburuak eginarazteko.
Eta haurren interesak kontuan hartzeko borondaterik ba al da?
Baietz esaten dugu denok, nola esango dugu ezetz! Baina, egiten dugunarekin batzuetan ez dugu hori benetan gauzatzen, ez dakit benetan kontuan hartzen dugun. Dena den, haurren interesei buruz ari garela, nik esango nuke bi interes mota daudela: alde batetik, gaur egungo gizarteak eta inguruak sortzen, eskaintzen eta bultzatzen dituenak. Horiek aldakorrak dira eta garaian garaikoak; nire adineko maisu-maistren haurtzaroko interesak ez dira gaur egungo haurrenak. Horiek ezagutu behar ditugu, galdetu egin behar diegu, behatu egin behar ditugu, entzun behar diegu… Eta askotan ez dute zerikusirik eskolan eskaintzen diegunarekin. Besteak, gizakiok betidanik izan ditugun interesak dira, gai unibertsalak, oinarrizkoak: bizitza, heriotza, harremanak, natura, arbasoak… Horiek ere haurren interesak dira. Horien gaineko hipotesiak eraikitzea, pentsatzea, hitz egitea, esperimentatzea, bilatzea… bideratu behar dugu. Baina, jakina, hori guztia kontuan hartzeko, irakasleok lan handia egin behar dugu.
Konstruktibismoa aipatzen da, baina zer da konstruktibista izatea?
Batzuetan, konstruktibistak direla esaten dutenak, egiazki ez dira konstruktibistak. Gauza bat da pentsatzen eta esaten duguna, eta beste bat, egiten duguna. Nik inoiz ez dut esan konstruktibista naizenik, ez naizelako. Baina teoria psikologiko hori oinarritzat hartzen dut: haurrak bere prozesua eta ezagutza eraikitzen ditu. Geure ikuspegian oinarri hori dugu, eta beste bi ere bai: inklusioa eta kooperazioa. Eskola inklusiboa, ikaskuntza kooperatiboa eta konstruktibismoa dira gure hiru oinarriak. Eskolan eta gelan denok gara beharrezkoak, elkarri lagunduz, elkarrekin ikasiz, gure gaitasunak eta ezagutza eraikitzeko. Haur guztiek dute ikasteko eskubidea, baina ez edozer gauza ikasteko; benetan oinarrizkoa dena ikasi behar dute, denek. Hori ikasteko, denok gara beharrezkoak. Hori lortzeko, ordea, haur guztiak murgildu behar ditugu ikasteko, esperimentatzeko, sortzeko eta ikertzeko giroan, giro alfabetizatuan, eta ez irakurketa eta idazketari dagokienez soilik. Giro horretan denen ekarpenak, denen pentsatzeko eta argudiatzeko moduak, erantzun anitzak, hainbat erritmo, hainbat pentsamendu, hainbat  estrategia agertzen dira, eta denak dira beharrezkoak guztientzat.
Baina irakasleak prest al daude hainbat erritmo errespetatzeko?
Beharretatik ikasten da eta guri Eskola Txikietan hori gertatu zaigu; hainbat adinetara moldatu behar dugu. Denak adin berekoak direnean, aniztasun handia dago erritmo aldetik, erantzukizun aldetik… baina adin desberdinekoak elkartzen direnean, oraindik gehiago. Hori, onura bihurtzen saiatu gara. Uste dugu adin deserdineko haurrak elkarrekin egotea ikasteko erarik onena dela.
Desioak sortzen ikasi eta asmatu behar al du irakasleak? Liburuan, irakurketari buruz ari zarela, irakurtzen irakastea behar edo desio hori sortaraztea dela diozu. Hori arlo guztietarako al da baliagarri?
Irakasleok giro hori bideratzen eta eskaintzen saiatu behar dugu. Gure lana, ikasleen ondoan egotea da. Aurrera egiten lagundu behar diegu, entzun, behatu, ateak ireki, estrategia anitzak eskaini, denbora eman, esperimentatzeko aukerak zabaldu… Nik horri deitzen diot desioak sorraraztea. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza amaitzen denean, oinarrizko gauza batzuen jabe izan behar dute eta hori guk bideratu behar dugu. Irakurtzen jakitea, adibidez, oso garrantzitsua da, baina benetan irakurtzen jakitea, ez fonemak ahoz esaten. Irakurketari gorrotorik eta beldurrik ez izatea lortu behar dugu. Lehen Hezkuntzaren amaieran hori lortzea, handia litzateke, gauza askotarako prest egongo liratekeelako. Beste oinarri bat, pentsamendu matematikoa izatea izango litzateke, problema matematikoak ebazteko estrategiak izatea. Eta beste bat, sormena da. Ez diegu sormena moztu behar, gauzak beste era batera ikusteko ahalmena ez dugu moztu behar. Oso zaila da ikasleak gauza horien guztien zale bihurtzea, baina behintzat, berezkoa dutena ez dugu moztu behar.
Zure liburuan adierazten duzunez, ikuspegi konstruktibistari jarraituz gero, zailtasunak dituzten haurrek ez lukete aparteko arretaren beharrik.
Zailtasunak dituzten haurrek arreta behar dute, gainerakoek bezala. Baina zailtasunak dituztenak besteek baino gehiago murgildu behar ditugu giro alfabetizatu horretan, interesgarria eta motibagarria den giroan. Funtsezkoena ikasteko, gainerakoen beharra dute, eta gainerakoek, haiena. Dena den, zenbait unetan estrategia didaktiko bereziagoak edo egokiagoak erabili behar dira: testu bati ahotsa jar diezaiokegu haiek interpreta dezaten, edo guk grafikatu dezakegu haiek sortzen duten testua... Adibidez, testu luzea denean, guk irakurri beharko diegu, akaso, eta konplexutasun hori lor dezaten lagundu beharko diegu. Guk esaten dugunean, irakaslea edo ikaskideak izan daitezke. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle guztiak funtsezkoak gara; ez du balio norbait gauza batean espezialista denik esatea. Denon eginkizuna eta ardura da zailtasunak dituzten haurrek funtsezko ezagutzak lortzea.
Agian zailena hori da: guztia, guztion eginkizuna eta ardura dela barneratzea…
Bai. Baina oinarrizkoa da. Gure mintegietan ere hori lantzen dugu; denon ardura da ikasle guztiek funtsezko gauza horiek ikastea. Eskolan eztabaidatu behar da, pedagogiaz hitz egin behar da, didaktikaz… beste ezertaz baino gehiago. Baina akatsak daude: goitik datozen hainbeste proiektu, hainbeste agindu, hainbeste paper… ditugu, askotan ez dugula denborarik izaten lankideekin pedagogiaz eta didaktikaz hitz egiteko. 
Eskola txikietako irakasleen prestakuntzaz arduratzen zara. Non topatu dituzu zailtasunik handienak?
Prestakuntza hori jasotzen dutenek, ilusioa topatu dute berriro. Mintegietara etortzen dira, eta gero eskolan elkartzen dira, horri buruz hitz egiteko. Jendearen konpromisoa eta ilusioa ikustea, gauza handia da. Denak etortzen dira bileretara eta horrek, elkarrekin egotea eta egiten duguna partekatzea beharrezkoa dugula, elkarrekin ikasi behar dugula adierazten du. Ikasleei buruz esan dugun guztiak guretzako balio du, geuk ere elkarri lagundu behar diogu. Profesional onak izateko, eztabaidatu egin behar dugu, beste batzuen praktika onak ezagutu behar ditugu, geure praktika aztertu… Jendeak, Eskola Txikietan irakaskuntza-ikaskuntza prozesua arrakastaz garatzeko baldintza onenak ditugula ikusten du, eta profesional onak izateko ikasten segi behar dugula.
Eta zein dira etorkizunera begira dituzuen helburu eta erronka nagusiak? Zein dira prozesu hori hobetzeko gakoak?
Prestakuntza saioak bi urterako diseinatu ziren eta, agian, amaitu egingo dira. Hori gertatzea pena litzateke zeren mintegiek babesa eskaintzen diete irakasleei, talde izaera indartzen dugu eta besteen aurrean geure jarrera defendatzeko argudioak lantzen ditugu.
Hori amaituko balitz, eskola bakoitzean ahal den moduan jarraituko lukete lanean, eta irakasleak urtetik urtera asko aldatzen direnez, zailtasunak izango genituzke. Izan ere, irailean etortzen diren irakasle berriek saio bereziak jasotzen dituzte gure lanean murgiltzeko, eta, atal hori ere, egin gabe geldituko litzateke.
Beraz, jarraipena izan beharko lukeela uste duzue.
Bai. Gainera, hasieran, ardatz gisa hizkuntza idatzia hartu genuen, sekuentzia didaktikoak sortzea eta proiektuak bideratzea. Baina gauza batek bestea eskatzen du, eta iaz matematikaren eskaera sortu zen. Aurten, matematika lantzen hasi gara, eta jendeak jarraitzeko gogoa du. Beraz, datorren urtean prestakuntzarekin jarraitzekotan, hizkuntzarekin eta matematikarekin jarraituko genuke. Bestalde, proiektuak globaliza daitezke, eta horretan sakontzeko aukera ere izango genuke. Dena den, etorkizunean prestakuntza hori amaituko balitz, eskola txikiak taldeka biltzea egokia izan liteke. Arrankudiagan, Zeberion eta Areatzan edo Baztanen egiten duten bezala, adibidez.
Gipuzkoan eta Bizkaian aritzen zarete…
Bai. Gipuzkoan saio gehiago egiten ditugu, baina Bizkaian ere aritzen gara.
Zer ekarpen egiten dute Eskola Txikiek gaur egun? Zer esango zenuke norbait konbentzitu beharko bazenu?
Alde batetik, alde pedagogikoa dago, eta, bestetik, bizipenak. Herriak eskola behar du bizitza edukitzeko, eta eskolak herria behar du. Eskola Txikietako ateak zabalik egoten dira; bai eskola barnean, denek elkarrekin edozer gauza egiteko, eta baita herriari zabalik ere. Harreman handia dugu herriarekin.
Inklusioaz hitz egin duzu lehenago. Nola ari zarete bizitzen etorkinen etorrera?
Oraindik gutxi ditugu. Baina etortzen direnean, ia ez gara konturatu ere egiten, segituan hartzen baitute eskolako erritmoa. Dena azkar ikasten dute, eta, gutxi garenez, denbora hartzen dugu eta erabat murgiltzen dira.
Planifikazioaren garrantzia behin eta berriz aipatzen duzu liburuan. Nolakoa behar luke planifikazio on batek?
Ezin da dena planifikatu. Zer testu mota landuko dugun, zer proiektu burutuko dugun, zer alderdi linguistiko landuko dugun aurreikusten dugu… Ondoren sekuentzia didaktikoak diseinatzen ditugu, zer jarduera egingo dugun, haurrak nola taldekatuko ditugun, gure rola zein izango den… Baina malgutasuna ezinbestekoa da. Guk zer lortu behar dugun aurreikusi behar dugu baina helburua oso sinplea da: egiten dugunarekin gehiago eta hobeto ikastea.
Proiektuetan oinarrituta egiten al duzue lan eskola guztietan?
Ez denetan. Gainera, proiektuei buruz hitz egitean, beti ez da gauza bera adierazten. Guk ikuspegi bat eta oinarri batzuk ditugu. Egokiena zein izango litzatekeen ikusten dugu, eta hori lortzeko zer estrategi eta zer didaktika erabili beharko genukeen. Irakasle gehienoi zerbaitekin hastea errazagoa egiten zaigu: hizkuntzarekin hastea, adibidez, baina, gero, beste gaietan ere gauza bera egin behar dugula konturatzen gara. Kontua ez da derrigorrez dena globalizatuta egitea, baina funtzionaltasuna izan behar du, esanguratsua izan behar du, helburu bat izan behar du eta hori lortzeko proiektua osatzen saiatzen gara, ahal dela eskola osokoa. Denek helburu bera izateak, indarra ematen du, haurrek ere haien artean horri buruz hitz egiten dute, eta badakite amaieran denen artean osatuko dutela. Irakasleei ere, asko laguntzen die zerbait komuna izateak.
Orain konpetentziak bultzatu beharra ikusten da. Nola hartzen duzue zuek hori?
Guretzat ez da salto handia izan. Apaltasunez diogu, baina guk egiten duguna da. Hobeto egin dezakegu, jakina, eta horretarako egiten ditugu prestakuntza saioak, profesionaltasuna hobetu nahi dugulako, baina ez diogu halako beldurrik. Kezkatzen gaituena, egiten duguna gero eta hobeto egitea da.