141: Euskal Hezkuntza esparrua bildurik

2009-10-01
Lehen aldiz banatu dira HIK HASI Hezkuntza GORAIPAMENAK. 
Horretarako, Euskal Herri osoko hezkuntza arloko administrazio, eragile, hezkuntza sare, Irakasle Eskola, aisialdi, argitaletxe, artista, komunikabide eta abarreko ordezkariak elkartu ziren giro ederrean.
 
 
Esku artean duzun aldizkari honekin, Hik Hasi euskal heziketarako egitasmoak bere 15. ikasturteari ekin dio. Gainera, uda honetan, X. Hik Hasi Udako Topaketak antolatu zituen.
15 urte aldizkaria argitaratzen eta 10 urte topaketak antolatzen. Bada, bai, zer ospatua etxe honetan.
Aukera baliatuz era berezian ospatu nahi izan dira bi urteurrenak. Eta zein aitzakia hobea aspaldiko ametsa gorpuztu eta egi bihurtzeko.
Urte hauetan guztietan askotan eta askotan, zoritxarrez, Euskal Hezkuntzaren zatiketaren gainean aritu behar
izan da. Hainbeste aldiz, ezen ia Hezkuntza Sistemaren ezaugarri bilakatu den. 
Zatiketak izan, badira, eta sakonak, ezin ukatu. Baina aspaldidanik horiek gainditzeko urratsak ematearekin 
amets egiten genuen.
Bestalde, dagoeneko bide luzea bilakatu den honetan hamaika hezigune, jende eta egitasmo ezagutzeko eta, alditan, partekatzeko aukera izan dugu. 
Ibilbide horretan, gainera, aldarrikatu nahi izan dugu haur eta gazteak hezitzea ez dela heziguneen egiteko soila.
Gure bidean,  gero eta argiago ikusi dugu hezkuntza jendarte osoari dagokion egitekoa dela. Are gehiago, hezkuntzak bere lekua berreskuratu eta 
izan behar duela jendartean.
Ideia horiek guztiak kabitzen ziren batik bat gure ametsean. Eta orain, aukera baliaturik, ametsa egi bilakatu dugu.
HEZKUNTZA GORAIPAMENAK deitu dugun ekimenean nahi horiei guztiei erantzuten ahalegindu gara, eta gure ametsa marraztu dugu, batez ere.
Euskal Herrian hezkuntzaren alde egiten ari diren lan aberatsagatik lau talde aipatu eta goraipatu nahi izan ditugu: Eskola Txikiak, Seaska, Karitateko Alabak eta Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, HUHEZI, bakoitzak bere esparruan egiten ari den ekarriagatik.
Eta hori guztia egiteko zein sukalde eta mahai buelta baino leku aproposagorik! Martin Berasateguiren jatetxean bildu genituen Euskal Herri osoko hezkuntza arloko administrazio, eragile, hezkuntza sare, Irakasle Eskola, aisialdi, argitaletxe, artista, komunikabide eta abarreko ordezkariak.
Une pozgarri asko ezagutu ditugu jada luze antzera egin dugun ibilbidean. Lagun asko izan ditugu inguruan eta badakigu haien laguntza eta aupada gabe ezingo ginatekeela iritsi garen puntu honetaraino iritsi. Mila esker guztioi bihotzez, harpide zaretenoi, aldizkarian eta web orrian idatziz eta zuen ekarpenak eginez laguntzen diguzuenoi, babesleoi eta urte hauetan guztietan era batera edo bestera zuen laguntasuna eta berotasuna eskaini diguzuenoi. Ekitaldira hurbildu zirenei esan genien, orain zuei esan nahi dizuegu: segi hasiz eta ikasiz!