Kronika

2009-10-01
 
 

Krisia dela-eta, haurren janaria etxetik emateko baimena eskatzea pentsatzen ari da EHIGE Euskal Herriko Irakaskuntza Publikoko gurasoek elkartea. Krisia tarteko guraso askok seme-alabak jangelara ez eramatea erabaki dutela konturatu da EHIGE.  “Bi edo hiru seme-alaba dituzten familiak dira. Eta arrazoi bat edo beste tarteko jangelako gastuei aurre egitea ezinezkoa bilakatu zaie”, azaldu du Ana Eizagirre EHIGEko koordinatzaileak.  Jangelako gastua hilabeteko 75 eta 150 euro artean dago, eta guraso askorentzat janaria etxetik tupper-ean eraman ahal izatea irtenbide ona izango litzateke.  “Kontua ez da ikasleek ezer ez ordaintzea, bazkalorduan  zainduko dituen norbait edukitzeko kopuru jakin bat ordaintzea baizik”.  Zenbait ikastetxe pribatutan badago aukera hori eta Europako hainbat herrialdetan oso ohikoa da. Ikasleek jangelako azpiegitura erabil dezakete.

Orotara 2576 ikaslek  egin dute sartzea Seaskako 27 ikastoletan

Pozik dago Iparraldeko ikastolen konfederazioa. Izan ere, Seaskaren garapena etengabea da.  Zehazki, Baionako lizeoan, badute zer ospatua aurten. Lehen aldiz 200 ikasle baino gehiago izango dituzte, orotara 211. Hau da, iaz baino 19 ikasle gehiago. Joera hori orokorra da. Izan ere, 2576 ikaslek hasi dute ikasturtea Seaskako 27 ikastetxetan. Urtea 2700 ikasle ingururekin amaituko dutela uste dute Seaskako arduradunek. 

Seaskako ordezkarien datuen arabera, Angelun, Hiriburun eta Saran lehen mailako ziklo osoa beteko dute ikastolek, 5. mailako gelak zabalduko baitituzte. Datuei begiratuta matrikulazioak gora egin du barnealdean. Garazin iaz baino 14 ikasle gehiago izan ditu Seaskak ikasturte hasiera honetan, baita Hazparnen ere. Iaz, Arberoan 6 ikaslerekin abiatu zen ikastolan, aurten 15 ikasle dituzte. Zuberoan ere gora egin dute datuek; Xohütan 13 ikasle gehiago hartuko ditu ikastolak. 

Kostaldera begiratuz gero, Hendaian, bi urteko 18 ikasle gehiago izango dira. Eta ez ahantzi ikastola berria zabaldu dutela Bidarten (Lapurdi). Lau ikaslerekin abiatu da Uhabia ikastola berria, baina aste batzuren buruan 5 izanen dira, eta urtean zehar ziurrenik ikasle gehiago sartuko dira. 

Aurten ikastola berri bat eta heldu den ikasturterako bi gehiago. Seaskak aurreratu duenez,  Itsasun eta Lekornen (Lapurdi) beste ikastola bana irekiko dute. Marka historikoa izango da.

 

Gripearen aurka

Ikasturte hasierako beste gai bat A/H1N1 gripearena izan da. Frantziako Gobernuak neurri zorrotzak iragarri ditu. Aste bateko epean, gela batean hiru ikasle edo gehiagok gripearen sintomak baldin badituzte, gela ixtea proposatuko dute Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean. 

Frantziako Gobernuaren erabakiak kezka eragin du gurasoen artean. Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria izateaz gain, guraso ere bada. “Nire haurren gela ixten badute, ezin ditut inora eraman, etxean atxiki behar ditut. Beraz, nik edo nire lagunak lana utzi behar izanen dugu”, azaldu du.

 

Ikasturte hasiera mailakatua izan da Nafarroan gripea dela-eta

 Ohiz kanpoko ikasturte hasiera izan da Nafarroan gurasoentzat eta haurretzat, baina baita ikastetxeetako langile eta arduradunentzat ere. Inoiz baino lehenago hasi dira oporretatik bueltan Nafarroako 33.000 haur. Nafarroako Gobernuak gripeari aurre egiteko hartu duen erabakiaren eraginez, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako aurreneko eta bigarren mailako ikasleak irailaren 3an hasi ziren eskolan. Lehen Hezkuntzako gainerako ikasleak (25.000 ikasle) irailaren 9an hasi ziren. Gainerakoen txanda, berriz (37.500 ikasle), irailaren 15ean izan zen. 

Carlos Perez Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak nabarmendu zuen ikasturtea modu mailakatuen hasteko erabakia sindikatuetako ordezkariekin, ikasleen gurasoen elkarteetako ordezkariekin, sare publikoko ikastetxe eta institutuetako zuzendaritza taldeekin eta itunpeko ikastetxeetako patronaleko kideekin adostu zela.

 

Sarriguren: garraiorik ez

Sarrigurengo (Iruñea) eskolak Haur Hezkuntzan baino ez du D eredua eskaintzen. Hori dela eta, bertako zenbait guraso kexu azaldu dira egoerarekin. Izan ere, Lehen Hezkuntzan hasiko diren ikasleek Mendillorrira (Iruñea) egin behar dute bidaia, bertan D ereduan ikasten jarraitu ahal izateko. Horientzat bai, bada garraioa. Ez ordea, ikasle horien anai-arreba txikiagoentzat. Azken horientzat ez dute garraiorik ziurtatu Nafarroako Gobernutik. Hori da Sarrigurengo guraso askoren buruhaustea eskola garaia hasi zenetik.

Bi seme-alaba dituzten gurasoentzat ia ezinezkoa da bakoitza eskola batera eramatea. Ordu berean bi lekutan egon ezin denez, askok bi haurrak Mendillorrira eramateko erabakia hartu dute. Besteak beste, bidaiak lanarekin eta bestelako zereginekin bateratu ahal izateko. Autoz, hiri autobuses edo taxiz ibili behar dute goizero.  Nafarroako Gobernuak dio Haur Hezkuntzan D eredua izanda, haur horiek ez dutela Mendillorrira eskola garraioan joaterik.

 

Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimena kezkatuta dago A griperaren birusarekin, baina beste arrisku batez ere ohartarazi du: erdarazko ereduen “pandemia arriskuaz”  hain zuzen. Ikasturte hasierarekin batera EHBEk gogorazi du A eta B ereduak ez direla nahikoa ikasleak euskalduntzeko, ez eta Ipar Euskal Herriko X eredua eta Nafarroako G eta TIL ereduak ere. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan A eta B ereduak ezagunak diren arren, azken hilabeteetan “pandemia arriskua” areagotu egin dela azaldu du herri ekimenak. EHBEk uste du Eusko Jaurlaritzan gertatu den “muntazioaren” ondorioz gertatu dela hori. Besteak beste, PSE-EE arteko hitzarmenean hezkuntzak lehentasuna izan duelako. Eusko Jaurlaritzak A eta B ereduen alde duen jarrera kritikatu du EHBEk.  Pandemiari aurre egiteko botika eredu euskalduna da EHBErentzat. Hori dela eta, Euskal Herri osoko A, B, X, G eta TIL ereduetako ikastetxeetan eredu euskadunaren aldeko  txertatze kanpaina hasiko dutela iragarri dute.