IDOYAGA, Joseba Imanol: Norberaren behaketa

2009-10-01

Geletan egiten den behaketaren garrantzia guztiok onartzen dugu. Baina behaketa hori, gehienetan, kanpora zuzentzen dugu; hau da, haurrarengana (ikaslearengana). Eta zer gertatzen da irakasle-hezitzaileokin?

 
 
Debekua baino larriagoa da ikusezin bihurtzea. 
Mikel Laboa
 
Hezitzaileak berak egiten, pentsatzen, sentitzen... duena, maiz, behaketa horretatik kanpo geratzen da. Gure sentimenduek eta pentsamenduek gure hitzak eta jarrerak zuzentzen dituzte, baina, gehienetan, hezitzaileok ez dugu hori nozitzen, ez gara horretaz konturatzen, edo, nahiz eta maila teorikoan hori horrela dela aitortu, gero gure eguneroko jardueretan murgildu, eta ditugun pentsamenduez eta sentimenduez ez gara ohartzen.
Ez ohartzeak, ordea, ez du esan nahi ez daudenik, eta ez du esan nahi ez dutenik agintzen. 
Aurkezten dugun esperientzia hau Lanbide Heziketako goi mailako Haur Hezkuntzako ikasleek egin zuten 2008-09 ikasturtean, praktikak egiten ari ziren bitartean, eta, emaitzak espero baino hobeak izan direla kontuan hartuta, Haur Hezkuntzan diharduten hezitzaileentzat nahiz edozein mailatako hezitzaileentzat ere baliagarria izan daitekeelakoan aurkezten dugu.
GURE ESPERIENTZIA
1. Oinarriak
Norberaren behaketarako jarduera hau egin baino lehen, oinarri batzuk onartu eta ulertu behar ditugu guztiok:
1. Haur Hezkuntzako edozein ziklotako haurrek –eta gauza bera esan dezakegu edozein pertsonari buruz–, haurtxoak zein 4 urtekoak izan, sentimenduak eta pentsamenduak eragiten dizkigute. Hiru ataletan sailkatuko ditugu:
• Lehenengoan, sentimendu positiboak deitutakoak: amodioa, alaitasuna, samurtasuna... 
• Bigarrenean, sentimendu negatiboak, askotan aditzera ematera ausartzen ez garenak: esate baterako, gaitzestea, nazka, amorrua, haserrea, hoztasuna…
• Eta, azkenik, sentimendu eta pentsamendu neutroak, indiferenteak; beste modu batean esanda, ez hotzak, ez beroak.  
Hori guztia normaltzat hartu beharko litzateke, jakina: pertsona guztien arteko harremanetan gertatzen da, berdin da nagusiak zein txikiak izan.
Beraz, lehenengo printzipioa hau da: “Ez gabiltza errudun bila”. Ez dugu inor erruduntzat hartu nahi, geure barruan gertatzen dena ezagutu baizik. Geure barruan zer gertatzen den jakiteko erruduntasun kontzeptua baztertu egin behar dugu. Bestela, erruduntasunak ez liguke utziko, modu objektiboan, zer gertatzen den jakiten, sentimendu onartezinak direlakoan.
Bigarren oinarria gure betebeharrean dago, hezitzaile gisa zaintzen eta hezten ditugun haurrekiko dugun arduran. Behar duten segurtasuna, arreta, afektua… gure haur guztiei eman behar diegu, eta ez gure gustukoak direnei bakarrik –edo batzuei beste batzuei baino gehiago–. Aitzitik, gure gustuen edo lehentasunen gainetik, guztiei eman behar diegu, hein berean. Gure esperientzian, praktikak egitera joan ziren ikasle-hezitzaileei abiapuntu gisa zera irudikatzeko eskatu genien: txikiak izanda, nola sentituko liratekeen, egunean 6-7 orduz, astean 5 egunez, eta urtean 9 hilabetez, onartuko ez lituzkeen hezitzaile batekin egonda. 
  2. Helburuak
1. Autobehaketa egitea. Barruan pairatzen ditugun emozioak nozitzea, eta pentsamenduek eta besteek geure jardueretan dituzten eraginak antzematea.
2. Nozitu eta gero, geure jarduerak eta joerak bideratzea.
3. Kontzientzia zabaltzea (kontzientzia: gertatzen denaz jabetzea).
Ez da gu mingosteko lana, geure hezitzaile-prestakuntza eta jarduera hobetzeko egiten dugun lana baizik. Profesional onak izateko, geure gustuen, erakarpenen, ikusezinen eta gorrotoen gainetik egon behar dugu, haur guztiei behar bezalako arreta eta atentzioa emanez. Teknikak eta teoriak mendera ditzakegu; baina, norberaren behaketan arreta jartzen ez badugu, ez gara haur guztiengana helduko.
Ez gara eroso sentitzen haur guztiekin. Batzuekin oso emozio atseginak edukiko ditugu: esate baterako, maitasuna, poza, hurbiltasuna, interesa, harekin egoteko gogoa…; beste batzuekin, aldiz, ezinegona, haserrea, gorrotoa… Horrelako sentipenak edukitzea guztiz normala da. Argi izan behar dugu hori. Baina, esan bezala, profesional onak izateko eta haur guztiei behar bezalako arreta emateko, horren gainetik egon behar dugu. 
3. Prozedura
Hau egitea proposatzen dugu:
Lehenengo astean.- Erregistro bat egin: haur bakoitzak sortzen dizkizun emozioak eta pentsamenduak idatzi. Aste horretan, besterik ez: horretaz jabetu eta idatziz jaso.
 Baliteke zeure artean horrelakoak entzutea: 
Ene! Zer potxoloa den Eneko! Asko maite nau (edo dut).
O! Zer gustura nagoen Iratirekin, zer gozoa den! Nola besarkatzen nauen/dudan!
Uf! Zer nazkagarria den Irune! Ze astuna! Berriro niri deika. Ezin dut jasan.
Bigarren astean.- Haurrekin egoteko daukagun joera aztertu: norekin egoten garen denbora gehiago, norekin gutxiago, zer jarrerarekin egiten dugun lan haur batekin edo bestearekin, zer-nolako hitzak eta keinuak egiten ditugun...
Baliteke honelakoak antzematea:
Irune datorkidala ikusten dudanean, aurpegi txarra jartzen diot eta beste aldera begiratzen dut.
Iratirengana hurbildu, eta hitz gozoak esanez besarkatzen dut.
Konturatu naiz maiz egoten naizela Karmelerekin, berari laguntzen edo berak egiten duenari begira.
Konturatu naiz Markeli ia ez diodala begiratzen, ez eta hitz egiten ere.
Hirugarren astean.- Orain arte eduki ditugun pentsamendu batzuk beste pentsamendu batzuekin ordezkatzen saiatu.
Pentsamendu berri horiek honelakoak izan litezke:
Markelek ere eskubide osoa dauka nire arreta bereganatzeko.
Irunerekin ere egon naiteke ondo. Ez nago hemen nire gustukoak direnekin bakarrik egoteko.
Iratik du nirekin egoteko beharra ala neuk dut berarekin egoteko beharra?
Laugarren astean.- Gure jarduerak zuzendu, guztiei dagokien tratua emateko. Berriz nabarmenduko dugu: profesional onak izateko (hau da, hezitzaile onak izateko) haur guztiak hartu behar ditugu abegi onez, haur guztiek merezi dute gure maitasuna, gure arreta... Eta hori egiteko, nahiz eta lehentasunak izan, horien gainetik egin behar dugu lan.
Markeli zer edo zer esaten diot egunero.
Irunek zerbait eskatzen didanean, adeitasunez ematen diot, eta interesa erakusten diot bere gauzak azaltzen dizkidanean.
4. Adibide bat
Ondoren, gure ikasle-hezitzaile batek urtebeteko haurren gela batean norberaren behaketaz egindako deskripzioa adierazten da, aldaketarik gabe, nahiz eta askotan, ikusiko denez, sentimenduak eta bestelakoak nahastu Jarduerak/Jarrerak zutabean, esandako guztiaren garrantziaz hobeto jabetzeko. Oharra: haurren izenak aldatu egin dira. 
5. Ondorioak
Izandako bileretan, praktiketan jardun duten ikasleak oso pozik agertu ziren egin zituzten aurkikuntzekin, eta oso pozik norberaren behaketarekin: argi ikusi zuten hasieran beren zaletasunek eta ezinikusiek markatzen zutela haur bakoitzarekin zuten jarrera; baina ez zuten errurik sentitu, hobetzeko desioa baizik. Onena, berriz, hau izan zen: aldatzeko aukera bazutela ikusita, konturatu ziren bazutela hezitzaile hobeak izateko aukera.
Eta —Mikel Laboaren hitzak berriz ekartzearren— nabaritu zuten haur ikusezinak zeudela eta, egindako lanaren ondorioz, berriro ikusgai (zenbaitetan, ikusgarri ere bai) bihurtzen zirela; lehen, zenbait haurrekin harreman gutxi izan bazuten ere, haur horiekin beroiekin harreman estuagoa edukitzen hasi zirela; hasieran zorroztasun handiz hitz egiten zieten haurrei beste modu batez hitz egiten hasi ziren, etab. Hori guztia egin eta gero, hezitzaile hobeak zirela konturatu ziren, kontzienteago egiten zituztela gauzak.
Norberaren behaketa behar-beharrezkoa da, horrek ahalbidetzen baitigu haur guztiengana ailegatzea, sarritan ezkutukoak edo inkontzienteak diren gustuen eta gorrotoen gainetik. Norberaren behaketak norberaren kontzientziaren aurrean jartzen ditu sentimenduok, eta, haietaz ohartuta, beste modu batean jarduteko aukera ematen digu horrek. Lan egiteko bide horri oinarri-oinarrizkoa deritzogu, gure garapena eta gaitasun profesionala hobetzeko. Eta kontuan hartu horrelako esperientzia bat edozein mailatan egin daitekeela, ez Haur Hezkuntzan soilik. Askotan, kanpoan jartzen dugu arreta, besteek egiten duten horretan; baina gu prozesu horren parte gara, ditugun pentsamenduek eta sentimenduek gobernatzen dituzte geure jarrerak, eta horiek eragin handia daukate haurrengan, neska-mutilengan, edozein ikaslerengan... Soilik kanpora begiratzen badugu, zati handi bat —barrukoa— geure behaketatik kanpo geratuko da, eta, hala, gure behaketa ez da osoa izango.
Hemen aurkeztu duguna hutsune hori betetzeko lanabes erabilgarria izatea espero dugu.