BIRBIRA. Zaborra birziklatuz egindako sormen lanak

2010-02-03

Gaur egungo gizartearen arazo larrienetakoa bilakatzen ari dira hondakinak. Zein da modurik egokiena hondakin horiek deuseztatzeko? Eztabaida kalean dagoen bitartean, proposamen txiki bat dakarkigu lerro hauetara. Ez dugu hondakinen eta zaborraren arazoa errotik konponduko, baina zaborra birziklatzeko modu ugari daudela erakutsi digute Birbira taldeko bi neskek. Eta gainera, sormena landu, irudimenari hegan egiten utzi eta ondo pasatzeko aukera paregabea ere eskaintzen dute. Ezagutu nahi al duzu beraien proiektua? Orduan, segi irakurtzen!

 
 
Amaia Zinkunegi (Arte Ederretan lizentziatua) eta Ines Gereka (Biologian lizentziatua) Bibirako kideek zentzu didaktikoa eman nahi diote erakusketari, eta beraz, gidatua izatea proposatzen dute. Ekimenak, helburu hauek ditu: 
- Birziklatzea modu praktiko batean landuz, inguruneaz gehiago jabetzea. 
- Gaur egun bizi dugun “erosi eta bota” kultura kontsumitzaile horren inguruan hausnarketa egitea.
- Botatzen ditugun objektuei erabilera berri bat emanez, haien balioz ohartzea. 
- Birziklatzean sortzen diren arazo tekniko zein estetikoei aurre eginez, plastikaren “kontzeptuan” sakontzea.
- Zabor artean esperimentazio eta jolasen bidez, irudimena lantzea. 
ZABORRERIA izeneko erakusketan, inguruan ditugun hainbat zabor beste era batera birziklatuz lortutako “sormen lanak” izango dira protagonista nagusiak.
“Erosi eta bota” sistemarekin funtzionatzen duen egungo gizartean pilatzen ditugun zaborrekin zer egin erabakitzea arazo bihurtzen ari da, eta era berean ingurugiro heziketa oinarrizko ikasgaia bilakatu da. Birziklatzea, ingururiro-heziketa pedagogiaren baliabideetako bat da, eta erakusketa horrekin sormen lan praktiko baten bidez ikasketa hori “sakonagoa” izatea lor daitekeela erakutsi nahi dute ekimenaren sustatzaileek. 
Pertsonen garapenean sormena oinarrizko faktorretako bat da. Beraz, zaborrekin harreman zuzena lortuz eta sortze lanen bidez, zaborrari beste erabilera bat ematea posible dela erakutsi nahi dute. Zabor horien artean, hainbat motatako materiala aurkituko dugu; kolore, ehundura, forma, pisu eta soinu ezberdina eskaintzen digutenak. Ugariak dira, era berean, material horiekin erabil daitezkeen teknikak eta prozedurak. Baita, bakoitzaren irudimena, gogoa eta sormen ametsak ere. Erakusketa horretan amets horiek gauzatuta aurkeztuko dituzte Birbirakoek. 
Kontsumo gizarte horretan, eguneroko zaborrak hiru koloretako edukiontzietara botatzen ditugu: urdina, berdea eta horia, hain zuzen. Badira, era berean, material organikoa botatzeko edukiontzi berezi bat, arropa zaharrak uzteko beste bat, eta edukiontzietan tokirik ez duten traste, altzari edo txatarra botatzeko “garbigune” deiturikoak. 
Esan bezala, erakusketak ikuspegi didaktikoa izan dezan saiatzen dira Birbirako kideak eta, beraz, sortzen den “zaborreria” hiru koloretako edukiontzien arabera sailkatzen saiatzen dira. 
 Hiru edukiontzi
Edukiontzi urdina: etxerako altzari ezberdinak (eserlekuak, kortinak, lanparak…), paperez egindako markoak eta karpetak, buruhandiak eta kartoizko hainbat pertsonaia egongo dira edukiontzi horretan.  
Edukiontzi horia: plastikoz eta poliespanez egindako hainbat pertsonaia, eskulturak, jantziak eta lanparak aurkituko ditugu.
Birbiraren edukiontzia: naturatik hartutako adarrekin eta bestelakoekin egindako txorimaloak, aulkiak, lanparak, maskarak eta mota guztietako pertsonaiekin egingo dugu topo.
Baina aurkezten dituzten hainbat lan hiru edukiontzietatik edo garbigune horietatik hartutako materialak nahastuta egindakoak dira. Hau da, sormen lan soil batean, kartoia, alanbrea, plastikoa, oihala, papera, latak… ikus daitezke. 
Naturak berak eskainitako hainbat material ere erabili dituzte: sustraiak, harriak, hezurrak… Beraz, erakusketako “zaborreria” horretan material, kolore eta forma ezberdinak elkarrekin dantzan aurkezten dituzte. 
 Nori zuzendua dago erakusketa?
Birbira taldearen erakusketa, gai horren inguruan sentsibilizatuta dagoen edonori zuzenduta dago, baina batez ere, heziketa arloan mugitzen direnei: Haur Hezkuntza, Lehen eta Bigarren Hekuntzako ikasle eta irakaslei batetik, eta aisialdi eta ingurugiro arloko begiraleei, bestetik.•