149: Egunkaritik Udalbiltzara hezkuntzatik pasatuz

2010-06-01

Nork uler lezake ikastetxeko hezkuntza proiektua garrantzitsua dela esatea, eskola inklusiboaz aritzea, eta, aldi berean, garatua, gurasoekin adostua, prestijio duena,  eta askorentzat eredua den errealitatea administrazioak ezabatzea?

 
 
Eskola inklusiboarena da nazioarteko erakundeetatik datorkigun hezkuntzarako mezu nagusienetakoa. Gure artean ere, gero eta zabalduago dagoen ideia da eskola barneratzailearena. Izan ere, ikuspegi inklusiboak edo barneratzaileak eskola komunitate osoa ukitzen du, denak hartzen ditu kontuan eta ikasleen garapen osoa bilatzen du.
Ikasle guztien beharretatik abiatuz eta eskola komunitatea inplikatuz, era guztietako emaitzak hobetzen dira: jendearen arteko harremanak, giroa, errespetua, parte hartzea, konpromisoa, eta, nola ez, emaitza akademikoak.
Gure herria ez da zerotik abiatzen, hamarkadak baitaramatza bide hori egin nahian. Ikastolek abiatu zuten herritarren inplikazioa eta hezkuntzaren berritzea, eta, pixkanaka, beste eskola esparruetara zabaltzen joan da.
Pentsa dezagun, halako eskola garatzeko, ez al da ezinbesteko baldintza eskola bakoitzak bere hezkuntza proiektua ongi adostua izatea?
Guk uste dugu baietz. Ikerketen arabera, behintzat, hori da hezkuntza arloan aurreratzeko beharrezkoa den baldintzetako bat.
Hala ere, eskola bakoitzarenak ezinbesteko garrantzia badu ere, herri bezala normalizatzen joatea oso osasuntsua izango da, ezta? Horregatik, herri ikuspegia izanda, lanean ari dira hainbat eskola eta ikastola talde, ikasleen mugimendu, langileen sindikatu, gurasoen elkarte eta abar.
Normalizazioak egituratze instituzionala behar du. Horretan ari zen Udalbiltza. Instituzioetako ordezkariekin osatu zen erakundea, eta gorpuzten ari zen unean jaso zuen erasoak bere egitekoa bertan behera uztea behartu zuen.
Egunkariaren itxierak asaldatu gintuen, hezkuntzarako tresna egokia baitzen. Udalbiltzaren judizializazioak, era berean, asaldatu gintuen, Euskal Herriko lurraldean hezkuntzan garatzen diren egitasmoen babesle izan baitzitekeen.
Orain, zazpi urte itxaron ostean, epaiketa izango du Udalbiltzak. 1.800 hautetsik eman zioten babesa erakundea sortzeari eta haien 22 ordezkari izango dira epaituak uztailaren 15etik aurrera Madrilen. Jakin denez, Udalbiltzaren aldeko testigantza ugari kendu dituzte epaileek; nabarmentzeko, nazioarteko ordezkariena eta Iparraldekoena. Antza, Iparraldea ere nazioartea da.
Gure hezkuntzak  garatzeko zailtasun handiak ditu. Nork uler lezake ikastetxeko hezkuntza proiektua garrantzitsua dela esatea, eskola inklusiboaz aritzea, eta, aldi berean, garatua, gurasoekin adostua, prestijio duena, eta askorentzat eredua den errealitatea administrazioak ezabatzea? Horixe ari da gertatzen Hernaniko Langile ikastolako DBHn.
Bi ekimen beharrezkoak genituenak eta nazioarteko irizpideen aurka itxi  dizkigutenak. Behar ditugu ikastetxeen hezkuntza proiektu propioak eta behar ditugu gure instituzioak!