Boliviako eskoletan.

2010-06-01

Irune eta Maite behar bereziak dituzten haur eta helduekin aritu dira lanean Bolivian. Hiru hilabete egin dituzte han, eta Euskal Herrira itzultzear daude. Boliviatik bidali ziguten esperientzia dakargu hona.

 
 
Martxoaren amaieran etorri ginen Boliviara, Donostiako Denok Osasunaren Alde (DOA) gobernuz kanpoko erakundearen bitartez. Boliviako ipar-ekialdean dagoen Trinidad hiriko (Beni departamenduko hiriburua) hezkuntza bereziko eskolan ari gara lanean. Eskola horretan adin guztietako haur eta helduak daude, eta gure betebeharra eskolaren antolakuntzarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten beharrak asetzea da, gehien bat. 
Eskola berria da, baina lehen mailako premiak asetzeko beharrezkoak diren hainbat gauza falta zaizkie; ura, esate baterako. Eta arazo nagusia diru falta da. Eskolan 120 pertsona daude izena emanda, baina egiaz eskolara joaten direnak askoz gutxiago dira: normalean, egunean gutxi gorabehera 60 lagun etortzen dira. Izena emanda dauden horien artean, guztiak ez dira behar bereziak dituzten haurrak. Hau da, haur horietako batzuk, Euskal Herrian egongo balira, ikastetxe normal batean ibiliko lirateke. Baina zer gertatzen da Bolivian? Ez dute laguntzarako irakaslerik. Horren ondorioz, haur bat atzean geratzen bada, galdutzat ematen dute, eta eskola berezietara bidaltzen dute. Beraz, eskola horretan haurren nahiz helduen artean dagoen nahasketa oso nabaria da.
Irakasleei dagokienez, gure ustez, ez dute prestakuntza egokirik. Beraz, eskolak emateko garaian, baliabideak falta zaizkie, eta irakasteko hainbat metodo ere ez dituzte ezagutzen. Hainbat metodologia jartzen ditugu haien esku, eta eredu bakoitzak dituen alde positiboak erakusten saiatzen gara, gu Euskal Herrira itzultzen garenean, estrategia gehiago erabiltzeko aukera izan dezaten.
Gure laneguna goizeko zortzietan hasten da. Ordu horretarako joaten gara gu eskolara, eta haurrak pixkana-pixkana ailegatzen dira, 08:30era bitartean. Ordu horretan hasten da eskola eguna, eta, bakoitza bere gelan sartuta, lanean hasten gara.
Maiteren eta Aideeren taldea zortzi ikaslek osatzen dute, 5 neskak eta 3 mutilek. Batzuek garun-paralisia dute, Down-en sindromea duen ikasle bat ere bada, eta beste batzuk eskola arruntetik bidalitakoak dira. Gela horretan idazketa, irakurketa eta eragiketak lantzen dituzte, etorkizunari begira. Gela horretako ikasleek arratsaldekoek baino errazago barneratzen dituzte ikasgaiak. Jolas ordua amaitu eta gero, eskulanak eta fisioterapia saioak egiten dituzte. Eta tarte horretan beste hainbat gauza ere lantzen dira. Hala nola, besteenganako errespetua, isiltasuna, memoria…
Iruneren taldean beste zortzi haur daude, aurrekoak baino gazteagoak gehienak. Beraz, horiekin beste mota bateko lanak egiten dira. Gauzak ikasten dituzte: zenbakiak, marrazkiak ongi margotzen, hizkiak… Gela horretan, gehienek Down-en sindromea dute, baina denetarik dago. Haur horiek ere, jolas ordua bukatu ondoren, eskulanak eta fisioterapia saioak egiten dituzte, helduekin batera, lehen aipatu ditugunak lantzeko.
Bestalde, haurrek astean behin soinketa, erlijioa eta musika izaten dituzte. Soinketan, igerilekura joaten dira, erlijioko orduetan, errezatu ondoren, Jainkoaren inguruko marrazkiak margotzen dituzte, eta beroriei buruz hitz egiten dute. Musikako orduetan, Beniko ereserkia abestu ondoren, dantza egiten dute, eta abesti berriak ikasten dituzte.
Ipuinak maiz erabiltzen ditugu eskola orduetan hainbat gauza lantzeko. Helduei ipuina irakurtzen zaie, ondoren laburpena egin dezaten. Idazten dakitenek idatziz egiten dute, eta marrazkien bitartez laburpen moduko bat egiten saiatzen dira besteak. Horrela, memoria, idazketa, irakurmena… lantzen dira. Txikien kasuan, ipuinek ikus izaera handiagoa dute, eta onomatopeia askorekin irakurtzen eta kontatzen dira, haurren arretari eusteko eta errazago ulertarazteko. Irudi handiak erakusten zaizkie, irudimena landu dezaten. Ipuina irakurri ondoren, marrazkien bitartez galderak egiten zaizkie: zein koloretakoa den zuhaitza, zenbat begi dituen otsoak, non kokatua dagoen ardia… Horrela, jolas moduan egiten da lan, zeharka.
Haurrek ez dute libururik erabiltzen, koaderno bat besterik ez dute denetarako. Beraz, landu behar duten materiala guk prestatu behar dugu. Aurreko egunean egiten dugu, eta ondoren, kopiak ateratzen ditugu: horiek izaten dira beraien fitxak. Askotan haurrek ez dute koadernorik ere ekartzen, eta are gutxiago estutxea edo kartapazioa.
Helduen kasuan, bada ezberdintasun bat. Beraiek lana egiten dute. Neskek, esaterako, mahai zapiak egiten dituzte: eskuz margotu, eta, ondoren, saldu egiten dituzte. Beste batzuetan, pastelak egiten dituzte, eta horiek ere salgai jartzen dituzte. Lortzen duten diruarekin, gauzak egiten jarraitzeko materiala erosten dute. Gizonek, aldiz, eskulanak egiten dituzte. Horiek, baina, ez dituzte saltzen; lan egiteko beste modu bat da. 
Hamabietan amaitzen dira eskolak, eta eskuak garbitu ondoren, hamasei haur horiek eskolan bazkaltzen dute. Izan ere, baliabide gutxi dituzten haurrak dira. Janaria eta ‘moto-taxia’ ordaintzen zaizkie gobernuz kanpoko erakundearen bitartez. Bazkaldu ondoren, hortzak garbitzen dituzte, eta ondoren, 14:00ak aldera, etxera joaten dira.
Arratsaldez, gainerako haur guztiak etortzen dira, eta guk horien gelak bisitatzen ditugu. Astez aste gelaz aldatzen joaten gara, gela horietako irakasleek dituzten beharrei erantzuna ematen saiatzeko. Arratsaldez etortzen diren hiru gazteri Bliss komunikazio sistemako taula bat egin diegu, sinboloz osatutakoa. Bakoitzak berea dauka, eta taulak dituen marrazkien bitartez, beraien nahiak eta desioak azaltzeko aukera dute. Une horretan adierazi nahi dutena seinalatu, eta kitto.
Ostegunero biltzen gara eskolako irakasleekin, hainbat gairi buruz hitz egiteko eta izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Horretan saiatzen gara, behintzat. 
Oro har, gure lana haur bakoitzaren diagnostikoa eta egunerokoa egitea da, bai eta ume bakoitzarekin landu behar diren helburuak planteatzea ere, horrela, egin beharreko lana argiago ikusteko eta helburu zehatzagoekin lan egiteko.
Hemengo kulturan, gehien harritu gaituena daukaten lasaitasuna izan da. Gauza guztietarako “ahorita” hitza erabiltzen dute, nahiz eta “ahorita” hori ordubete izan. Irakasleak izugarrizko patxadarekin ibiltzen dira, eta ondorioz, haurrek ere horrela jokatzen dute. 
Trinidadeko eskola horretan idazkariak irakasle lana ere egin izan du. Euria egiten duenean, ikasleen erdiak ez dira eskolara etortzen, eta irakasle batzuk ere ez, uholdeen ondorioz bideak ezin izaten direlako erabili. Bestalde, hemen, Bolivian, dena ospatzen da. Baina ospakizunak ez dira egun bakarrekoak izaten, aste osoa irauten dute. Nola ez, ospakizuna prestatzen denbora luzea pasatzen dute. Oraindik ere, neskak eta mutilak banatuta daude ikasgela batzuetan. Esaterako, helduen kasuan horrela izaten da.
Lau urte dira Denok Osasunaren Alde Boliviako proiektuan lanean hasi zenetik, eta oso ongi hartu gaituzte. Irakasleek zein ikasleek egin diguten harrera oso ona izan da. Gustura gaude, eta lanerako gogoz!