Hautaprobak: Baxoa eta Selektibitatea

2010-06-01
Ikasturte amaiera heltzen ari den honetan, ikastetxeetako gazteak gero eta urduriago ipintzen hasiak dira. Badator azken urteetan ahotan izan duten azterketa. Unibertsitate ikasketak egin nahi dituzten Hego Euskal Herriko ikasleek Selektibitatea gainditu beharko dute, eta Ipar Euskal Herrikoek, aldiz, Baxoa. Bidea ezberdina izango da batzuentzat eta besteentzat; guztiek, baina, helburu bera izango dute. Ahal duten bezain ongi egitea euren etorkizunari gogotik heltzeko. 
Guillermo Etxebarria Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendariarekin hitz egin dugu Ipar Euskal Herriko egoerari buruz. Eta Hego Euskal Herrian Selektibitateak izango dituen hainbat aldaketaren inguruko informazioa bildu dugu. Guztia ikuspegi orokor bat emate aldera.
 
 

Hautaproben inguruko hainbat zehaztapen

 

Ipar Euskal Herriko gazteek gainditu behar duten Baxoak edo Baccalauréat izenekoak, zein Hego Euskal Herriko gazteek egiten duten Selektibitateak helburu zehatz bat dute: goi mailako ikasketak ahalbidetzea eta unibertsitaterako sarrera bideratzea.  

 

Zer da Baxoa?

Baxoa, Frantziako Iraultzaren ondorengo garai nahasietan sortu zen, 1808. urtean. Napoleon Bonapartek ezagutza eta kultura goraipatu eta zabaltzeko ahaleginean bultzatutako ekimena izan zen. Betiere, Frantziako Iraultzari lotutako balio berrien eskutik: eskola errepublikanoa, laikoa, publikoa eta derrigorrezkoa. Baxoa, orduan, Europako azterketa zaharrenetakoa da. Hasieran ahozko proba izan zen, baina 1846tik aurrera azterketa idatziak ere ezarri ziren. 

Ordutik, eta belaunaldiz belaunaldi, Frantziako Estatuko ikasleentzat mugarria izan da. Heldutasun akademikoaren proba tradizionala izan da Frantzian, lortutako ikasketa maila egiaztatzeko balio duena, geroko ikasketak egin ahal izateko ateak zabaltzen dituena.

Baxoa eginiko ikasketen balioa ziurtatzen duen proba da. Gainditu ezean, beraz, eginiko ikasketek ez dute balio ofizialik. Baccalauréat diploma eskuratuz gero, unibertsitatera joan izango da ikaslea.

 

Zer da Selektibitatea?

Hego Euskal Herriko gazteek egiten duten azterketa ez da Ipar Euskal Herrikoena bezain zaharra, baina hainbat hamarkadatako historia dauka. XX. mendearen bigarren zatian ezarri zen hautaproba hori, aurretik egiten zen “errebalida” ordezkatuz. Selektibitatearen helburu nagusia unibertsitaterako sarrera ordenatzea da. 

Hainbat aldaketa izan ditu azken hamarkadetan, eta orain, Bolonia prozesua parez pare datorren honetan, aurrerago azalduko ditugun hainbat aldaketa jasango ditu. 

Orain arte, Selektibitate probak 2006. urteko Hezkuntza Lege Organikoa izan du oinarri. Honakoa dio lege horrek 38. artikuluan: Espainiako unibertsitate ikasketak egiteko beharrezkoa da proba hau gainditzea. Batxiler tituluaren jabe izan behar da Selektibitatea egiteko. Gobernuak ezarriko ditu proba horren ezaugarri nagusiak, autonomia erkidegoekin eta Unibertsitate Koordinazio Kontseiluarekin kontsultatu ondoren. Era berean, Gobernuak arautuko ditu ikasleek unibertsitateetan plaza eskatzeko prozedurak, betiere hautaproben emaitzaren arabera.

Gauza jakina da Euskal Herriko gazte guztiek ez dutela unibertsitaterako jauzian bide berdina egiten. Hegoaldean Espainiako Hezkuntza Sistemak eta legediak ezarritako urratsei jarraitu behar diete, eta Iparraldean, aldiz, Frantziako Hezkuntza sistemaren arabera egiten dute ibilbidea. Ipar Euskal Herriko gazteek egiten duten bidearen inguruan hitz egin du Hik Hasik Guillermo Etxebarria Bernat Etxepare Lizeoko zuzendariarekin. Oso metro gutxian, gauza zenbat alda daitezkeen ikusi dugu. 

 

Zein da Ipar Euskal Herriko egoera? 

Ipar Euskal Herriko gazteak 11 urterekin joaten dira kolegiora, eta han lau urteko ikastaldia egiten dute, ondoren lizeora jauzi egiteko. Horrela, Hego Euskal Herrian DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila dena, Iparraldean lizeoko lehenengo urtea izango litzateke, Bigarrena deitzen dena. 

Hego Euskal Herrian ez bezala, kolegioko lau urteen amaieran Brebeta izeneko azterketa egiten da Ipar Euskal Herrian, garai bateko “errebalida” izango litzatekeena. Unibertsitatera joan aurretik egiten den azterketak Iparraldean Baxoa du izena, eta lizeoko hirugarren urtea bete ondoren egiten da; hau da, Terminala izeneko ikasturtearen ostean. Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan Selektibitatea litzatekeenaren baliokidea da. Baina bada bien arteko ezberdintasun nagusi bat: lizeoko hiru urteetako notek ez dutela inolako eraginik izaten Baxoko azken notan.  Hegoaldeko ikasleen kasuan, aldiz, unibertsitatera sartu ahal izateko Batxilergoko ikaslearen espedientearen nota % 60 balioesten da, eta Selektibitateak gainerakoa, % 40, ematen du. “Ipar Euskal Herrian, beraz, ikasle batek, ongi eginda izan ditzake Batxilergoko ikasketak, baina Baxoa gainditu arte ez du Batxilergorik izanen, nahiz eta nota izugarriak izan Terminalean”, nabarmendu du Etxebarriak. Beraz, azterketa bakar batean jokatzen dute guztia Ipar Euskal Herriko ikasleek, “guzti-guztia”. 

 Bi zatitan

Dena den, ez dituzte Baxoko azterketa guztiak batera egiten, gehiegi izango liratekeelako. Zenbait gai lizeoko bigarren urtearen amaieran egiten dituzte, hau da, Lehena egin ostean. Beste guztiak, aldiz, Terminalaren amaieran. Zein arlo edo adar hautatzen den (Letretakoa, Gizarte eta Ekonomiakoa eta Zientzia arlokoa), azterketa gehiago edo gutxiago egingo ditu ikasleak Lehenaren amaieran. 

Letretakoek, Lehenaren amaieran frantseseko azterketa –ahozkoa eta idatzia– zientzia orokorrekoa eta matematika-informatika deitzen dena egiten dituzte. Zientzia ekonomikoak ikasten dituztenek, aldiz, frantsesa eta zientzia egiten dituzte. Eta Zientziak egiten dituztenek frantseseko azterketa egiten dute Lehenaren amaieran. “Azterketa horietan ateratzen dituzten notak kontuan hartzen dira, eta Terminalaren bukaeran Baxoko beste proba horiek pasatu ondoren ipintzen da amaierako nota”, dio Etxebarriak. 

Kalifikazioak oinarritzat 20 hartuta ipintzen dituzte; horrela, 8 baino gutxiago duenak ez du inongo aukerarik izango. Berriro errepikatu beharko du azterketa hurrengo urtean. 8-10 arteko nota lortzen duenak idatziz gainditu dituen bi gai aukera ditzake, notak eman eta bi egunetara ahoz egiteko. “Errepexa” deitzen zaio. “Horiek ahoz pasatu eta, beharbada, 10era ailegatzeko aukera izan dezakete”. Azkenik, 10etik 20ra bitarteko nota eskuratzen duten ikasleek gainditzen dute Baxoa. 

Beraz, Baxoa bi zatitan egiten dutela esan dezakegu. Lehendabiziko zatiak % 20 inguru kontatzen du amaierako notan, baina bereziki eragiten du ikasketa ibilbidean. “Izan ere, norbait erdipurdi baldin badabil, edota ikusten badu Lehenaren amaieran egin dituen azterketetan desastre ibili dela, Terminalaren ostekoan, gainditu ahal izateko, nota aski handia atera beharko duela ohartuko da. Orduan, beharbada ikasturtea errepikatzea aukera dezake”. Horrela, Leheneko probak berriro egin ahal dituzte. 

Publikoa vs pribatua

Behin Baxoa gaindituta, hau da, 10etik gora aterata, Frantziako edozein unibertsitate publikotara sar daitezke ikasleak. Unibertsitatearen esku geratzen da, ondoren, aukeraketa nola egin erabakitzea. “Medikuntza, esaterako. Nornahi joan daiteke medikuntza egitera. Eta, eman dezagun, Bordeleko Akademian 3.000 ikasle sartzen direla. Horietarik lehen urtea pasatuko dutenak ehun izango dira; hor egiten dute selekzioa. Oso aukeraketa gogorra duten ikasketak daude, eta, horretarako, badira unibertsitatean hasi aurreko unibertsitate eskolak edo prestatzeko eskolak”. 

Beraz, unibertsitate publikoek onartu egin behar dituzte izena ematen duten guztiak. Baina zer gertatzen da pribatuekin? Etxebarriak azaldu duenez, unibertsitate batzuetan, numerus clausus delakoa izaten dute. Zenbait salbuespen badiren arren, orokorrean ez da azterketarik izaten, eta, gehienetan, dosierren bidez egiten da aukeraketa.

Aurrez aipatu dugu lizeoko urteetako notek ez dutela eraginik Baxoko notetan, eta hala da, ez dute baliorik. Baina beharbada, unibertsitate pribatu batzuetan baliagarria izan daiteke, notak edo dosierra Baxoa pasatu baino lehen bidali behar izaten baitira horietara. 

“Aldatu beharko dute”

Baxoa proba konplexua da, gai asko jorratzen dituena. Eta aurkezten diren ikasleen artean, % 70 inguruk gainditzen duela esan digu Etxebarriak (datu zehatzak ez diren arren). Dena den, horien artean ziurrenik izango dira urteren bat edo beste errepikatu dutenak.

Bernat Etxepare Lizeoko zuzendariaren aburuz, horregatik hasi dira, besteak beste, erreforma martxan jartzen. Lizeoko Bigarrenean, Lehenean eta gero Terminalean erreformak datoz hurrengo ikasturteari begira, eta badu lotura Bolonia prozesuarekin: “Besteak beste, oinarrizko ikasketak gaitasunetan oinarrituko direlako. Lizeoetan ere horri begira ari dira, Boloniako jarraibideei jarraituz”. 

Aldaketa edo erreforma horrek, zalantzarik gabe, eragina izango du Baxoko azterketan, Etxebarriaren ustez. “Erreforma, baina, aski sakona da, eta erresistentzia aunitzekin egiten ari da topo”, azaldu du. Nola? Zer? Ez dakite oraindik. Baina uste du derrigorrez aldatu beharko dutela Baxoa. Orain artekoa soilik edukien azterketan oinarritzen da! Ez da ez jarrerarik ez eta gaitasunik neurtzen. Eta azterketa gehienak, gainera, idatziz dira.  

 

Etengabe, oztopoei iskin eginez

 

Baxoa gainditzea nahiko da Frantziako unibertsitateetara joan nahi duten ikasleentzat. Baina zer arazo dute Hegoaldean ikasi nahi duten ikasleek? Hizkuntza, edukiak eta ebaluazioa hiru oztopo garrantzitsu dira. 

Garai batean Hego Euskal Herrian egiten den Selektibitatea gainditu behar izaten zuten Bizkaian, Araban, Gipuzkoan edo Nafarroan ikasi nahi zuten Iparraldeko ikasleek. Eta azterketa hori, noski, gaztelaniaz pasatu behar izaten zen; Madrilen edo Parisen. Gainera, kanpokoentzat egindako programa bereziari jarraitu behar izaten zioten, hau da, ez zen Ipar Euskal Herriko programa. Horrela, beraz, bi oztopo handiri egin behar zieten izkin Iparraldeko gazteek: landu gabeko programa bati aurre egitea, eta arrotza zitzaien hizkuntza batean, gainera. 

Duela zortzi bat urtetik, baina, orain dela bi edo hiru urtera arte, UNED Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitatearekin eta EAEko Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordio baten bidez lortu zen azterketa horiek euskaraz eta Hegoaldean, UNEDen egoitza batean, egitea. Horrela, gaztelaniazko azterketak euskaratu egiten zituzten, eta ondoren, ikasleek egindako lanak berriro ere gaztelaniara pasatu, zuzendu ahal izateko.  

Notetan alde nabaria

Duela bi edo hiru urte kaleratutako dekretu batek, baina, berriro aldatu zuen egoera. Horren arabera, orain, espainiarrak ez diren ikasleak haien herrialdeko diplomekin sar daitezke unibertsitatera. “Frantziak eta Espainiak hainbat akordio sinatu zituzten, eta horien arabera, Baxoa gainditua zuena, izapide pila bat egin eta gero, UNEDen bidez sar zitekeen unibertsitatera”, azaldu du Etxebarriak. 

Horrek, baina, ez du erabat konpontzen ikasle horien arazoa. Izan ere, Euskal Herriko unibertsitate batzuetan eta Espainiako zenbaitetan ere, maila izugarria dago Iparraldekoentzat. “Hemengoek, Baxoan gehienekoa 20 izanik, 14 ateratzea edo 16 ateratzea, Hegoaldean 7-8 ateratzea baino askoz ere zailagoa da. Hemen 16 ez du ia inortxok ere ateratzen. Notei dagokienez, beraz, oso zaila da gure ikasleentzat Hegoaldeko unibertsitateetan sartzea”, dio Bernart Etxepare Lizeoko zuzendariak. Nahi duenak, dena den, badu Selektibitatea egiteko aukera, baina Selektibitatea garai bateko baldintzetan. Esan nahi baita, gaztelaniaz, beste programa batekin... Are zailagoa.  

Ahalmen urria

Hego Euskal Herrian ikasi nahi duten ikasleen kasuan, traba nagusia Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak afera honetan duten ahalmen eta indar eskasa da. Izan ere, azkenean, guztia Madrilen erabakitzen da. “Nahi izan genuen eta saiatu ginen unibertsitatearekin zuzenean ea zerbait egiten ahal zen. Unibertsitate autonomoak izanda, pentsatu genuen akaso posible izango zela, baina inola ere ez. Azken batean, ez dira autonomoak. Edozein lege organikok guztia zapaltzen du”.

 

Zer aldatuko da Hego Euskal Herrian?

 

Ikasturte honen hasieran, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastetxeetako Batxilergoko irakasle eta ikasleak Selektibitatean izango diren aldaketei begira ipini ziren, eta urte osoa berrikuntza horietara moldatzeko prestatzen aritu dira. Aholkuak emanez, batzuk, eta aholkuak jasoz, besteak. Izan ere, 1892/2008 Errege Dekretuaren aginduz hainbat gauza aldatuko dira. Besteak beste, Selektibitateak bi zati izango ditu aurrerantzean. Derrigorrezko fasea edo fase orokorra eta berariazko zatia. 

Lehendabiziko zatian ikasle guztiek ematen dituzten lau irakasgaien azterketak (Euskara, Gaztelania, Atzerriko Hizkuntza eta Historia edo Filosofia) eta bakoitzak egin duen Batxilergo motaren arabera aukeratutako bigarren mailako beste ikasgai baten azterketa egin beharko dute. Guztira bost azterketa izango ditu fase orokorrak. Aurten, Atzerriko Hizkuntzari dagokion azterketa idatziz baino ez dute egingo, orain arte bezala. Baina 2012rako ahozko proba dago aurreikusita.

Berariazko zatia edo fase espezifikoa, aldiz, nahi duen ikasleak egingo du, eta kalifikazioa edo nota igotzeko baliagarria izango da. Egin duen Batxilergo modalitatearen araberako azterketak izango dira, eta ikasleak berak aukeratu ahal izango ditu. 

Fase orokorra

Azterketa eredua aldatu egin da fase orokorrean. Orain, azterketak bi aukera izango ditu, eta ikasleak horietatik bat hautatu beharko du. Edonola ere, aukera itxia izango da. Proba horien bidez, ikasleen heldutasuna eta oinarrizko trebeziak neurtzea dute helburu, eta horretarako, honako hauek izango dituzte kontuan: mezuak ulertzea, hizkuntza erabiltzea ideiak aztertzeko, lotzeko, laburtzeko eta azaltzeko, modalitateko irakasgai baten ezagutzak edo teknikak eta atzerriko hizkuntza bat oinarrian ulertzea. 

Fase espezifikoa

Ikasleek ez dute derrigorrez egin behar, borondatezkoa baita, eta fase orokorrean lortutako nota hobetzeko balioko die. Helburua ikaslearen ezagutzak eta arrazoitzeko gaitasuna neurtzea da. Bereziki, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. 

Gehienez, hiru azterketa egin ahal izango dira fase espezifiko honetan, eta ezingo du fase orokorrean egin duen modalitateko irakasgaia errepikatu. Ariketak aukera bakarra izango du, eta nota kontuan hartzeko, ikasleak 5 puntu edo gehiago lortu beharko ditu.

Proba gainditzeko zer?

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero, proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu. Fase orokorra gaindituz gero, nota hori gorde egingo zaio ikasleari mugarik gabe; fase espezifikoko notak, berriz, azterketak egin eta hurrengo bi ikasturteetan bakarrik gordeko zaizkio.

 

Fase espezifikoa egin ala ez?

 

Izatez, Batxilergoko modalitateak ez du mugatzen zein gradutara sar daitekeen ikaslea. Onarpen notak baldintzatuko du ikasle batek norgehiagoka duen gradu batean sartzeko duen aukera. Hau da, orduan izango du balioa Selektibitateko fase espezifikoan lortutako kalifikazioak. 

Onarpen nota, beraz, eskari kopurua plaza kopurua baino handiagoa den graduetan erabiliko da plazak esleitzeko. Nota hori formula honen arabera kalkulatzen da:

0,6 x BBN + 0,4 x FOK + a x O1 + 

b x O2 =

BBN Batxilergoko batez besteko notari dagokio eta FOK, aldiz, fase orokorreko kalifikazioari.

Ondoren, O1 eta O2 fase espezifikoetan gainditutako gaien artean bi kalifikazio onenak hartuko lirateke kontutan. Eta, azkenik, a eta b fase espezifikoko azterketetako notak haztatzeko parametroak izango lirateke. Esaterako, honela zehaztu ditu koefiziente horiek EHUk Batxilergotik sartzen diren ikasleentzat: 0,2 graduaren jakintza-adarrari lotuta dauden eta oraingo sisteman nahitaezkoak diren gaietarako, eta 0,1 gainerako gaietarako.

Argibide orokorrak

Nola erabaki orduan, azterketaren fase espezifikoa egin ala ez? Bada, argibide orokorra ondorengoa litzateke: norgehiagokarik gabeko gradua egin nahi duen ikasleak ez du berariazko faseko azterketarik egin beharko. Aldiz, norgehiagoka duen gradua egin nahi izanez gero komeni da fase espezifikoko azterketa egitea. 

Horrela, fase horretan egin beharreko azterketen gaiak hautatzerako orduan, komenigarria da lehenik eta behin kalifikazio onena lortzea espero den irakasgaiak berariazko atal honetarako uztea. Bestalde, egin nahi den graduaren ezagutza adarrari bereziki lotutako irakasgaiak hautatzea da onena. Izan ere, horiek balio handiagoa dute besteek baino. 

 Nota hobetzea

Ikaslea deialdi batean baino gehiagotan aurkeztu ahal izango da fase orokorreko kalifikazioa edo fase espezifikoko gairen bateko kalifikazioa hobetzeko. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan, betiere aurrekoa baino hobea bada.

Kalifikazioak berrikustea

Ikasleak uste badu bere azterketak zuzentzeko garaian ez direla behar bezala ezarri ebaluatzeko irizpide orokorrak, epaimahaiko presidenteari ariketak berriro zuzentzeko eskaera egin diezaioke. Era berean, antolaketa batzordeari ere egin diezaioke erreklamazioa ikasleak, baina, horrela eginez gero, bigarren zuzenketa eskatzeko aukera galduko du. Erreklamazioa egiteko epea hiru egunekoa izango da, nota argitaratzen den unetik hasita.

Bigarren zuzenketa ez du egingo lehenengo zuzenketa egin duen irakasle berak.

Azken emaitza bi zuzenketetan lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da. Bi zuzenketetako kalifikazioen artean bi puntu edo gehiagoko aldea badago, hirugarren epaimahai batek zuzenduko du berriro azterketa ofizioz. Azken emaitza hiru kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da. Ikasleak azterketa ikusteko eskubidea du, bigarrenez zuzendu eta gero. Bost eguneko epea izango du horretarako.

Eta iparraldekoak?

Selektibitateko fase espezifikoak zaildu baino ez du egiten Iparraldeko ikasleen euskaraz ikasteko aukera. Izan ere, Baxoko nota Selektibitateko lehen atal orokorraren parekoa baita.

Betiere, Ipar Euskal Herriko ikasleek berariazko probak egiteko aukera izango lukete, baina gorago aipatutako baldintzetan: hots, erdaraz Parisen edo Madrilen eta beste programa bateko edukiei buruz. Beraz, ez da biderik egokiena nota hobetzeko.

Laburbilduz, honako baldintzak izango ditu Hegoaldean ikasi nahi duen Ipar Euskal Herriko ikasle orok: 

• Sarbide kredentzialarekin eta hautaprobaren zati espezifikora aurkeztu gabe, hautaprobaren zati orokorreko notaren maila lor dezake, gehienez 10 puntu. Aldiz, hautaprobaren zati espezifikora aurkezten bada, 4 puntu gehiago lor ditzake. 

• Plaza mugagabeak dituen titulazio bat ikasi nahi badu, ez ditu beharko hautaprobaren zati espezifikoan lortzen diren puntuak, baina titulazioak plaza mugatuak baditu bai.

• Hortaz, unibertsitateetan plazak lortzerakoan Hegoaldeko ikasleen lehiakortasun maila berean egoteko, hautaprobaren zati espezifikoa egitea gomendatzen da. Horixe da sarbide kredentzialaren nota igotzeko dagoen bidea.