Ez dut zigortu nahi. Zigorren alternatibak

2010-12-01
 
 

Zein kasutan da gomendagarria aurre egiten dizun ikasle bat, gela “hankaz gora” jartzen duena, beste ikasleak jotzen dituena... zigortzea? Ez ote du ondoriorik izan behar haur edo gazte hori “gaizki” portatzeak?

Haurrekin zigor, mehatxu eta xantaiak erabiltzea zalantzan jartzera  iritsi gara. Uste dugu haurrek beren jarreraren ondorioak jaso behar dituztela, bai; baina zigorrik ez. Harreman egoki batean, ez dago lekurik horrelako neurriak hartzeko. Aldi berean, egia da, askok beste modu batera jokatu nahi badugu ere, ez dugula baliabiderik aurkitzen. Gauza bat esatea baita, eta bestea, egitea.

Eta orduan, zer?

Ez zigortzeak ez du esan nahi haurrak dena libre duenik. Ase nahi ditugun beharrek bultzatuta egiten ditugun saiakerak dira gure jokaerak eta erantzunak (garrasiak, mehatxuak, zigorrak), bai eta haurren jokaerak eta erantzunak ere (jotzea, kasurik ez egitea, hitzartutakoa ez errespetatzea). Mugitzen gaituzten behar horiek identifikatzen baditugu, beroriek asetzeko aukerak eta estrategiak gehiago balioets ditzakegu, haurrarenak eta gureak, bienak, kontuan hartuta.
Zergatik ez zigorrik?
Hainbat arrazoi daude zigorrik ez erabiltzeko:
a) Eredu aldetik:
- Guk egiten duguna egiten irakasten diegulako: “Haserre zaudenean edo zure gustukoa ez den zerbait egiten dutenean, mehatxatu, zigortu, jo… Lasai, nik ere horixe egiten dut eta”.
- Nagusitasun zapaltzailea erakusten diegulako: “Ezin da jo, ezin da mehatxatu, baina nik bai, heldua naiz eta botere fisiko, psikologiko eta funtzionala baitaukat… Zuk ere, besteak baino handiagoa edo indartsuagoa izaten zarenean, erabili lasai”.
- Gure arteko harremanean eragina izango duelako.

b) Jokaera aldetik:

- Beldurra, estutasuna, erremina, frustrazioa, amorrua, tristura, ezina… sor ditzakeelako, eta jokaera desegokiak izateko aukera paregabea sortzen duelako horrek.
- Ziurtasunean, afektuan eta autoestimuan eragina izango duelako.
- Lortu nahi dugunaren aurkako ondorioa eragin dezakeelako: hau da, zuzendu ordez, bizitu egin dezake. Batzuei ahaztu egiten zaie zer egin duten, baina zigorrarekin gogoratu egiten dira; beste batzuk zuhurrago bihurtuko dira, edo ezkutatzera joko dute…. Hori al da nahi duguna?
- Askotan ez duelako ezer konpontzen: nahiz eta, batzuetan, epe motzera funtzionatu (funtzionatzea guk nahi dugun hori lortzea baldin bada), epe luzera ez da eraginkorra (zigorrak edo sariak handitzen joan behar dugu, eraginkorrak izan daitezen), eta, areago, zauriak sortzen ditu erlazioan. Nik, behintzat, ez dut gogorik izaten mehatxatzen nauen norbaitekin harremanetan jarraitzeko, eta haurrak ez dira beste espezie batekoak.
Gure jarrerak eta hitzak leihoak edo horma sendoak izan daitezke, elkarrengana gerturatzea eragotz edo erraz dezaketenak. Zigortzeak “min ematea, iraintzea...” esan nahi du. Guztiok, haur zein heldu, amorruz, ezintasunez, tristuraz, errudun sentipenarekin… erantzuten dugu min, irain edo zigorren aurrean, eta, ondorioz, bi aukera izaten ditugu:
    a) Ihes egin
    b) Eraso

Beste era batera esanda, zigortzen dugunean, haurra, bere akatsei aurre egiteko barne prozesu garrantzitsurik gabe uzten dugu, gure arteko erlazioan urruntzeaz eta lortu nahi duguna urrutiratzeaz gain.

Gure ikasleekin arazoren bat dugunean, ez ditugu gure indarrak elkarren aurka erabili behar, eta ez gaitu kezkatu behar irabazle edo galtzaile irteteak.
Konponbide erraza da zigortzea, baina modu horrek ez ditu asetzen gutariko asko, ez zaigu eroso egiten. Batetik, geu ere ez garelako gustura sentitzen zigortu eta mehatxatzen dugunean, erlazioa ez delako guri gustatuko litzaigukeen modukoa, gelako giroa ez delako gustukoa. Eta, beste alde batetik, haurrak orain eta etorkizunean izango dituen jokaerak egokiak izango direla ziur izan behar dugulako, nire programazioa eta helburuak betetzeko baldintza errazagoak nahi ditudalako, eta abar.
Baina maitasuna, intentzioa eta nahi izatea ez da nahikoa, zerbait gehiago behar dugu, eta, guk ere eredu hori jaso dugunez, askotan ez dugu beste baliabide edo erreferentziarik aurkitzen.  

Nola ikasiko du?

Ez zigortzeak ez du esan nahi dena libre duenik, ez du esan nahi gehiegizko permisibitatea dugunik.
Marshall Rosenberg-ek (Komunikazio ez-bortitzaren egilea) dio denok, bai haur eta ikasleek, eta bai heldu eta irakasleek, bestearen ongizatean laguntzeko intentzioa eta beharra dugula, baita gureganako intentzioan iraulita gabiltzanean ere, azkenean horrek bestearen ongizatean ere eragiten duelako; eta halaxe da garrasi egiten dugunean edo norbait zigortzen dugunean ere, nahiz eta modu tragikoan izan. Autore horrek dio, gainera, bi gauza daudela bestearen ongizatean eta geurean laguntzeko behar horretara gerturatzen gaituztenak, edo behar horretatik urruntzen gaituztenak: besteak epaitzea eta zigortzea.
Beraz, hauxe esan dezakegu: gure ikasleek bestearen ongizatea bilatzeko intentzio hori ez dutela ikusten badugu, beren bizi esperientzian edo ingurunean benetako epai, zigor edo zigor-mehatxuak iristen zaizkielako izan daiteke.
Hori horrela izanda, eta horrelako egoerak desblokeatu nahi baditugu, garrantzitsua da gertatzen ari dena aztertzea, eta arreta jartzea. Hauek dira aztertu eta kontuan hartu beharreko alderdiak:
a) Irakasleak
- Noiz erabiltzen ditu zigor, mehatxu edo xantaiak? Ikasleak kasurik ez dioala egiten, hitzartutakoa ez duela errespetatzen, egin dezakeen guztia ez duela egiten, ez zaiola ezer interesatzen, ez duela entzuten, nahi duen guztia egiten duela… interpretatzen duenean.
- Nola sentitzen da? Amorratuta, frustratuta, gaitasunik gabe, kokoteraino, etsita, desanimatuta, desesperatuta…
- Zergatik erabiltzen dituen? Bakea edo lasaitasuna behar duelako, gelarako eta gaiaren funtzionamendurako kolaborazioa ongi datorkiolako, haurrak ikasiko duela eta garatuko dela ziur izan behar duelako, haurraren ongizaterako ekarpena egin nahi duelako, bere irakasle lanean ziurtasuna behar duelako, bere balioen eta besteek beregan jarri dituzten itxaropenen arabera, betetzeko dituen helburuetara iristeko gauzak erraztu nahi dituelako...
b) Ikasleak
- Zer da egiten duena?  Aldamenekoarekin hitz egiten du, ez ditu egin eskatutako lanak, gelako materiala puskatu egin du, ikasleak jotzen eta iraintzen ditu, oso ozen erantzuten du…
- Nola sentitzen da? Aspertuta, urduri, gogorik gabe, haserre, nekatuta, gaitasunik gabe, minduta, triste, bakarrik, nahastuta, motibaziorik gabe...
- Zer behar du, zer lortu edo eskatu nahi du, guretzat desegokia den modu horrekin, mementoz beste modu batera azaldu ezin duen modu horrekin? Ulermena (eguna joan eta eguna etorri, ez zaiola erraza egiten helduen eskaerei erantzutea, gustuko ez duen leku batean), mugimendua, ondo pasatzea, eskatzen duenari edo ikasi behar duenari zentzua aurkitzea, berarentzat garrantzitsua dena kontuan hartzea, ikasleak berak ere aukeratzea beraren inguruko erabakiak hartzerakoan, ikasleari entzutea, elkarrizketa, errespetua (ikasleari berari ere ahots doinu atseginean hitz egitea, hitz peioratiborik erabili gabe, gardentasuna, manipulaziorik eta ironiarik gabe, etiketarik gabe…), ikaslearengan konfiantza izatea, laguntza eta babesa (irakasleak gidatua eta lagundua sentitzea), giza harremanetan oinarritutako arreta goxoa, eta soilik ikastea eta ondo portatzea eskatzen diogun objektu modura ez tratatzea…
Hortik aurrera, Komunikazio ez-bortitzak tresna bat eskaintzen digu, gure haurrekin haiek epaitu gabe eta zigor-mehatxuak erabili gabe jarduteko. Nola? Enpatiaz entzunez, esan edo egin duenaren deskribapena aztertuz, haurra edo ikaslea nola sentitzen den eta zer behar duen irudikatuz, eta nik irudikatzen dudan hori horrela den edo ez ziurtatuz, harekin hitz eginez: “Ainhoari bultzaka ari zinen bitartean, ‘tuntuna’ esan diozu, eta amorruz eta ezintasunez betetako memento batean zeundela imajinatu dut; beharbada, ez delako kontuan hartu zuretzat garrantzitsua den zerbait, zuri gustatuko litzaizukeen begirunea ez duelako izan. Hori al da?”. Haren erantzunak horrela aztertuta eta erantzuten diguna kontuan hartuta, modu bortitz eta desatsegin horretan adieraztera bultzatu duen behar horretara iristen saiatuko ginateke.
Azterlan hori egiten dudanean eta haurra edo ikaslea ulertua sentitzen dela ohartzen naizenean, nik jakitea nahi duen beste ezer ba ote dagoen galde diezaioket. Besterik ez badago, haren jarrerak edo jokaerak niregan zer eragin duen jakitea gustatuko ote litzaiokeen galde diezaioket. Horrela, zer egin duen edo esan duen deskribatuko nuke, nola sentitzen naizen horrekin, zer behar dudan, eta zer eskatzen dudan: “Zuretzat garrantzitsua zen gauza horrengatik zure amorrua bultza egiten eta ‘tuntuna’ esaten adierazi duzula ikusi dudanean, niretzat errespetua eta pertsonekiko begirunea garrantzitsuak direla ohartu naiz; eta, batez ere, konfiantza izan behar dut, eta besteei minik eman gabe adieraz dezakegula sinetsi. Eta konfiantza eta begirune hori ez dauzkadanean, triste eta desesperatuta sentitzen naiz. Zer iritzi duzu zurekin partekatzen ari naizen honi buruz?”.

Harenaren eta nerearen arteko zailtasuna / Harenarekin eta nirearekin dantza eginez

Bi pertsonaren arteko harremanean bien beharrak aintzat hartzen badira, egoera erraza dela esan dezakegu, irekitasuna eta irtenbidea daudela. Egoera zaildu egiten da, ordea, bien beharren kontzientziarik ez dagoenean, alegia, bien beharrak kontuan hartzen ez direnean.
Irudika dezagun honako egoera hau: irakasleak gaia azaltzeko isiltasuna nahi du, haurrek ez dute inor jo behar, esandakoa bete egin behar dute… Bestalde, ikasleek ondo pasatu nahi dute, ikasten dutenari zentzua aurkitu nahi diote, aukerak egiteko autonomia izan nahi dute… Hor, aukera gutxi daude egoerak bi taldeen beharrak asetzeko, hau pentsatzen badugu: “Zer egin dezakegu zurea edo nirea kontuan hartzeko?”. Hori pentsatzen badugu, bukaeran batek “galdu” eta besteak “irabazi” egingo du, horixe izango da emaitza.
Aitzitik, gure haur eta ikasleen beharrekin eta geureekin, bienakin, lotzen bagara, errazagoa izango da denontzat baliagarria den irtenbidea aurkitzea. Denok besteen beharrak ulertzen baditugu eta enpatiaz jokatzen badugu, “Zurea eta nirea kontuan hartzeko zer egin” behar dugun pentsatuko dugu eta, beraz, denok “irabaziko” dugu, batzuena zein besteena hartuko baita kontuan.

Konexio edo lotura horretatik estrategia sortzaileak irteten dira  

Beharrak asetzeko modu askotarikoak daudela kontuan izanda, eta bakoitzari gustatuko litzaiokeen modu hori modu bakartzat hartzen ez badugu, oso baldintza onak izango ditugu denon beharrak aintzat har ditzakeen estrategia bat aurkitzeko.
Baina irtenbidea aurkitzeko estrategia egokia bilatzerakoan, helburua ez da gure ikasleak aldatzea. Helburua beraiekin lotura egitea da, gero, aldaketa ekarri edo ez (baina aldaketa ez da lehentasunezko helburu). Garbi dago lotura horrekin ez dugula ziurtatzen guk nahi dugun hori lortuko dugunik, baina ziur jakingo dugu lotura hori egin gabe baino errazagoa izango dela.
Horrek esan nahi du, ikasle batek gelan entzuten zaila den zerbait esaten badu, ikasle horrekin lotura egitera jo dezakedala, haren hitzak hitzez hitz entzun gabe. Hau da, lerro artean irakurriz eta esaldi horren edo haren keinuen atzean benetan zer dagoen ikusiz (enpatiazko entzumena). Pentsa dezaket ikusia izateko beharra daukala, arreta behar duela, taldean leku bat behar duela…, eta hor, gure zeregina gure ulermena helaraztea izango litzateke (horrek ez du esan nahi eskatzen duena onartu edo emango diogunik): “Zer gertatzen zaizue, kokoteraino zaudete, nekatuta, abailduta, eskatzen ari natzaizuena gehiegizkoa egiten zaizue, irakasleok lana, lana eta lana, besterik ez dizuegu jartzen, eta nahiago zenukete hitz egin, jolasean edo futbolean ibili?...”. Horrela, ikasleek ulertuak direla senti dezakete, eta nirea entzuteko prestasun handiagoa izan dezakete: “Aizue, ulertzen dizuet, eta badakit garrantzitsua dela hori zuentzat. Aldi berean, ziur egon nahi dut nire gaia ematen amaituko dudala. Har al ditzakegu 5 minutu erlaxatzeko, lasaitzeko, eta jarraituko al dugu gero gaiarekin?”. Horrela, haienak eta nireak elkar topatuko duten puntu batera iritsiko gara.
Irakasleen eta ikasleen artean entzumena eta ulermena lantzea hitzezko komunikazio proposamen bat da. Horrez gain, ikasleek eta irakasleek behar horiek guztiak dituztela jakinik, garrantzitsua da jarrera eta jokaera aldatzen laguntzea, eta gelako nire egunerokotasunean egiten dudana aztertzea. Hau da, zer egiten dut nik ikasleen behar horiek elikatzeko, nahiz eta haiek zuzenean horrelakorik ez eskatu? Zer leku ematen diot umoreari, ondo pasatzeari, esperimentazioari…, daukadan ikasgai honetan? Nola bultza ditzaket laguntasuna eta elkarren arteko lotura? Zer leku ematen diet haien konfiantzari, mugei, afektuari, egiten dutena aitortzeari, ikasten dutenaren zentzuari, behar duten laguntzari…? Nola barnera dezaket hori guztia, nire irakasle izateko estiloan? Zer egin dezaket irakasten diedanak oinarrian hori izan dezan?
Argi azaldu nahi dut gelako giro horri lehentasuna emateak eta hori zaintzeak duen garrantzia, horrek ekarriko baitu ikasleek beren beharrak eta gureak entzutea. Behar horiek zenbat eta gehiago kontuan hartu, lotura indartsuagoa eta ziurragoa izango da, konfiantza eraikiko dugu, ikasleen alderdi emozionala elikatuko dugu, eta, horrela, nik helarazi nahi diedan ikasgaia jasotzeko prestatuago eta hobeto egongo dira.
Eta ez dut amaitu nahi honako hau esan gabe: proposamen horiek egiten ditudanean, ez dut esan nahi modurik onena hori denik, eta, desberdin egiten badugu, gaizki ari garenik. Ez. Edonola ere, hemen esandakoek zentzua dutela iruditzen bazaizue, gonbidapen hau egiten dizuet:
Baliotsi eta eskertu, bota dudan garrasi horretaz edo askatu dudan mehatxuaz konturatu izana, eta beste era batera egiteko gai izateko gaitasun desirarekin konektatu izana.
Ospatu konturatu izana, eta beste modu batean egiteko dudan gogoa, benetan aldatzeko zerbait konkretua jartzeko dudan intentzioa, eta aldaketak egiteko (barnekoak edo kanpokoak) baimena hartzea.
Dolua egin, beste modu batean egiteko eduki ez dudan gaitasunak ematen didan tristura jasota.
Ulertu, une horretan daukadanarekin eta dakidanarekin (nire energia, nire baliabideak, nire itolarria eta nekea, nire presa, pazientzia…), ahal dudan ondoen egin dudala.
Onartu (nigan eta besteengan), izan ere, ez badut onartzen memento bakoitzean ahal dudan ondoen egiten dudala, errudun sentitzera joko dut.
Aitortu egiten dudan guztia, egiten dudan gauza bakoitzaren atzean dudan intentzioa.

Zer eredu helarazten dugu?

Gure ikasleekin ditugun interakzio askotarikoek jokatzeko eredu bat ematen diete.
Azken batean, gure hitz eta jokaerekin, hauxe erakuts eta esperimenta dezakegu, zailtasun edo gatazken aurrean: a) indar handiena duenak bestea mendera dezake; b) denok aseko gaituzten moduak bila ditzakegu.
Azken horrek lagunduko digu, ziurrenik, gure ikasleekin dugun harremanaren kalitatea hobetzen eta norberarekin eta besteekin izango ditugun loturak landatzen.
Horrekin guztiarekin, uste dut ezagueren ikasketetako bide zuzen eta eraginkorragoa izateaz gain, bizitzarako opari bat egiten ari garela. Eta horrexek motibatu egiten nau ibilbide posible gisa eskaintzera. •