Joko heuristikoa 3 urteko gela batean

2010-12-01

Ikasturte hasieran, asmo berriak izaten ditugu. 3 urteko gela batean joko heuristikoa egitea bururatu zitzaigun, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan ibilia zen lagun baten esperientzia interesgarria entzun eta gero. Bibliografia bilatu, gelako ezaugarrietara egokitu, eta hementxe duzue ikasturte bateko esperientzia.

 
 

Zer da joko heuristikoa?

1970eko hamarkadatik, eta, Elionor Goldschmied pedagogoari jarraituta, haur eskola askotan erabili da sistema hori, eta, gaur egun oraindik, (0-3) haur eskoletan erabiltzen da. Goldschmied eta Jackson-en liburuan honako definizio hau ematen da: “honetan datza: haur talde bati denbora zehatz batean eta giro kontrolatu batean, era anitzetako objektu eta ontzi asko eskaintzea, haurrek askatasun osoz jolas egin dezaten, helduen esku-hartzerik gabe”.
Heuristiko hitza grezierazko “heurisko” hitzetik dator, eta aurkitu eta ikertu esan nahi du hitz horrek. Horiek dira, hain zuzen ere, aurkikuntza eta ikerkuntza, egin behar diren ekintzak ikaskuntza aktiboa sustatu nahi badugu; hots, haurra bera bere kabuz hainbat gauzaz konturatzea.
Zergatik 3 urterekin?
Goldschmied eta Jackson-en liburua irakurtzerakoan (“La Educación Infantil 0 -3 años”), aurkezten duten ikuspegi irekiak animatu gintuen: “… ez dago egiteko modu zuzen bat, hainbat lekutan lan egiten duten pertsonek beren ideia propioak izango dituzte… helduen sormena askatzea da sistema horren meritu handienetako bat…”. Agian, 3 urteko haurrekin lan egitea ez da aproposena, baina argi geneukan gure ikasleen artean askok ez zutela halako esperientziarik izan       0-3ko haur eskoletan; beste alde batetik, gure gelako 2 eta 3 urteko haurrei egindako behaketak argi erakutsi zigun adin horretan haurrek gustukoa dutela askotariko materialak biltzea, manipulatzea, horiei behatzea…
Horrez gain, Alsinak bere liburuan (“Cómo desarrollar el pensamiento matemático en 0-6 años”) matematikaren arloan egiten duen atal banaketa irakurrita, ikusi genuen joko heuristikoaren bitartez hainbat gaitasun matematiko landu ditzakegula. Hauek izan daitezke arrazoiketa logiko-matematikoan landu ahal diren gaitasunak: bete eta hustu, taldekatu, lerroetan jarri, berezitu, konparatu… Zenbakien eta kalkuluaren kasuan gaitasun hauek landuko dira: kuantifikatzaileak identifikatzea (asko, gutxi, guztiak, baten bat, bat ere ez); oinarrizko kuantitatiboak (bat, bi, hiru, lau) eta gehitzeko, kentzeko eta banatzeko nozioak. Geometrian lerro zuzenak eta makurtuak; forma itxiak eta irekiak eta forma geometrikoak.

Antolamendua

Antolamendua garrantzi handikoa denez eta jokoa adinari egokitu nahian, interesgarria iruditzen zitzaigun bikoizketak egitea, are gehiago kontuan izanda taldearen kopurua handia zela. Gure eskolan hori egiteko aukera zegoen. Horrela, astean behin taldea hamaikako bi azpitaldetan banatzen genuen, talde erdia euskal jolasak egitera joaten zen, eta beste erdia gelan geratzen zen joko heuristikoa egiteko. Jolas horretan aritzeko, haurrak binaka jarri genituen, izan ere, joko matematikoaz gain, interakzioa ere landu nahi baikenuen. Jolasteko bikoteak beraiek aukeratzen zituzten. Azpitaldeak, berriz, irakasleak egiten zituen, eta irizpide nagusia heterogeneotasuna kontuan izatea zen (adina, generoa …).
Bikote bakoitza mahai baten inguruan esertzen zen, eta mahaian materialez betetako zapata kutxa bat zuten. Kutxan aurki zitzaketen materialen artean hauek zeuden: zintak, kortxoak, tamaina askotako jogurt edalontziak, puxtarriak, erruloak, jateko txinatar makilak, kafegailuko gomak, edateko lastoak, alanbre zatiak, lokarriak, harritxoak, txapak, metro-soka bat, mahuka zatiak, kartoizko zenbakiak… Material bakoitzetik nahikoa zegoen, eta, horrez gain, tamaina askotakoak zeuden. Ikasturtean material hori aberastea beharrezkoa zela ikusita, josteko metro-soka, kartoi mehez egindako zenbakiak eta koloretako kafe kapsulak gehitzea erabaki genuen.
Esperientzia hori lehenengo bi hiruhilekoetan egin genuen. Gero, materialez betetako kutxa matematikako txokoan egokitu genuen, ikasleek nahi zutenean erabiltzeko. Eta halaxe gertatu zen, txokoetan aritzen ginenean behin baino gehiagotan ikusi baikenituen haurrak materialarekin ikertzen.

Interakzioa

Bikote bakoitzari kutxa bat eman genion, eta eman genien egiteko bakarra hauxe izan zen: bikote bakoitzak bere materialarekin jolastu behar zuen, beste bikoteekin trukatu gabe. Esperientziaren lehenengo egunetan bikotekideen artean interakzio gutxi gertatu zen. Kutxan zegoen materiala banatzerakoan gertatu zen interakzio handiena. Batzuetan, bikoteko bi kideek gauza bera nahi zutenean, arazoak gertatzen ziren; edo bikoteko kide batek jarrera pasiboa hartzen zuen, eta besteak uzten zionarekin jolasten zen. Beste batzuetan, ordea, materiala banatu egiten zuten (Unai: “Uno para tí, este para mí”; kortxoak banatzen ditu eta soberan geratzen direnak berriro kutxan sartzen ditu. Aimarrek lau txinatar makilatxo hartu zituen eta, gero, bi eman zizkion bere bikotekideari), erdi eta erdi .
Ikasturtea aurrera joan ahala interakzioa gero eta handiagoa zen. Batzuek gero eta gehiago erabiltzen zuten hizkuntza beren arazoak konpontzeko (Oier: “Me lo dejas”). Beste bikote batzuek konposizio plastikoak elkarrekin egiten zituzten, saioaren hasieran hartutako materiala konposiziora gehituz eta elkar errespetatuz. Jolas sinbolikoa ere sortzen zen, gehienbat “sukaldeketan” ibiltzerakoan. Eta ikasturte bukaeran beste interakzio mota bat gertatu zen: batak besteari galderak egiten zizkion, zalantzak argitu nahian (Ikusi argazkian. Unai metro-sokan agertzen diren zenbakien izenak galdetzen ari zaio Aimarri).

Irakaslearen betekizuna

Hasieran, Goldschmied-ek aipatutakoan oinarritu gara gure esperientzia aurrera eramateko: “helduen esku-hartzerik gabe”. Eta halakoxea zen gure betekizuna, ikasleak askatasunez jolasten ziren gure esku-hartze zuzenik izan gabe, hala, ikasleen autonomia bultzatzeko. Horrek ez du esan nahi irakasleak pasiboa izan behar duenik; badu garrantzi handiko zeregin bat: behaketa. Behaketaren bitartez, gure ikasleak hobeto ezagutzen ditugu: norekin elkartzen den jolasteko (iniziatiba hartzen duen edo zain geratzen den); nola jolasten den (jolasa sortzen duen, imitatu egiten duen, zer material erabiltzen duen, ez den jolasten …); eta nola erlazionatzen den kideekin, (hizkuntza erabiltzen duen, pasiboa den, gustukoa duen jolasa banatzea…). Gure lanari buruzko hausnarketa egiteko ere erabilgarria da behaketa: materiala eta espazioa egokia den, nola bultzatu partaidetza, sormena eta abar. Ondorioz, beste hainbat erabaki ebaluatzeko eta berriz planteatzeko aukera izaten dugu.

Gaitasun matematikoak eta beste batzuk

Hasieran aipatutako gaitasun matematikoez gain, jolas modu hori lagungarria da gure ikasleekin beste gaitasun batzuk lantzeko. Ekintza irekia denez eta helburutzat interakzioa eta autonomia bultzatzea duenez, gaitasun hauek lantzen ditugu: ikasten eta pentsatzen ikastea, komunikatzen ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea, pertsona gisa garatzen ikastea, egiten eta ekiten ikastea.
Eta jolas modu horrek gaitasunen filosofia eremu guztiak inguratzen dituenez, ez dugu ahaztu nahi irakasle gisa ere beste gaitasun batzuk landu behar ditugula; hau da, lehen esan dugun bezala, sormena eta behaketa, gure ikasleei inguru aberatsena eta probokatzaileena emateko. R. Fernández Muñozen hitzetan: “Ez aldatzeko dudan eskubideak badu muga bat, nire ikasleek nire baitan dagoen irakasle hoberena ezagutzeko duten eskubidearen abiapuntua”.•

Bibliografia

- GOLDSCHMIED, E., JACDSON, S.: “La educación infantil 0-3”, Morata.
- ALSINA I PASTELLS, A.: “Cómo desarrollar el pensamiento matemático en 0-6 años”, Octaedro, 2006.