Erotu egiten al ditugu gure seme-alabak eskolaz kanpoko ekintzekin
Central Parkeko eszena: Jessy Wiat (Diane Keaton) bi urte eskaseko alaba zaintzen ari da eta aho zabalik geratzen da beste ama batzuek, bakoitzak bere agenda eskuetan duela, eskolaz kanpokoei buruz diotena entzuterakoan:
- Zer moduz asteazkenetan gazte sinfoniarako?- Ez, ez, Nikolek arte dramatikoa ikasten du asteazkenetan. - Benek opera eta frantsesa du astelehenetan, xakea asteartetan... Zer moduz ostiralean, biolina eta gero, eta psikiatra baino lehen? Beste ama bat hurbiltzen zaie eta negarrari ematen dio, “curriculum” eta “erreferentzia onenak izanik ere”, ez dutelako bere umea onartu haur hezkuntzako eskola onenean, eta horrek luxuzko unibertsitateren batean ezin sartu izana ekarriko diolako.Elkarrizketak honela segitzen du: - Alex arte dramatikoan daukat matrikulatuta jaio zenetik.Charles Shyerrek, 1987ko “Baby Boom” filmeko zuzendariak, irri egiten zuen garai haietako amerikarrek umeen eskolaz kanpokoen agendekin zuten obsesioaz. Eszena berean aipatzen dira duela zenbait urtetik hona gurean sona handia hartu duten adimena “biderkatzeko” programak ere. Hurrengo eszenan, “adimen bit” delakoarekin lotutako jarduera bat ikusten da, oinarri zientifikorik ez duen programa horietakoa. Garai hartako amerikarren kezka islatzen du filmak, noraino ailega zitezkeen euren seme-alabei heziketarik onena emate arren... Beste gauza asko bezala, 1980ko hamarkadako amerikarren kezka guregana iritsi da orain. Esan behar da, “Euskal Herriak bere eskola” leloak dioen antzera, garai eta jendarte bakoitzak bere irakaskuntza prozesuak, bere beharrak asetzeko hezkuntza sistema, bere eskola, aisialdia eta, zenbaitetan, eskolaz kanpoko bere jarduerak ere sortu dituela. Azken finean, aisia eta ikaskuntza motaren bat lotzen dituzten jarduerak eskolaz kanpoko ekintzak dira. Gaur egun, eskolaz kanpokoak sistemaren zati dira, nahiz eta ez egin eskolan bertan. Begira izenei ere: kirolari lotuta daudenak “Kirol Eskolak” deitzen dira. Hori gertatzen da, orain, 2010eko Euskal Herrian, Tokion XX. mendean, Eskozian industria iraultzaren garaian, Mendigorrian egun, edo Espainian duela 50 urte. Nork ez du “El florido pensil” irakurri edo ikusi. Duela 100 urte arte Europako gizarteetako gehiengo nagusia artisau, artzain edo nekazari zen, eta horretarako ez zen eskolaldi luzerik behar, ezta haien osagarririk edo eskolaz kanpokorik ere. Are gehiago: haurtzaroaren historia beldurgarria izan da. Duela 200 urte arte inguruotan umeek bizi izan duten egoera latza izan da (eta baita gaur egun ere, munduko zonalde gehienetan). Horren harira, orain XXI. mendeko hiritarrak ditugu gure eskoletan, eta beharko duten prestakuntza erabaki behar dugu. Eta eskolan ikasten da, bai, baina aisialdiko esparruan lagunak egiten dira, nortasuna osatzen da; eragin handiko esparrua da, alegia. Gizaki hauek, gaurko umeak, etorkizuneko pertsona solidarioak, gizartean parte-hartzaile aktiboak, zuzenak, emozionalki orekatuak, teknikoki prestatuak izatea nahi badugu, erabakiak hartu beharko ditugu gure eskoletan eta baita aisialdiko esparruan ere. Nolako hiritarrak hezi nahi ditugu XXI. menderako? Eta, ondorioz, zein eskola edo zein eskolaz kanpoko ari gara eskaintzen gure ikasleei? Arlo horretan galdera asko sortzen zaizkit: etorkizunean ere orain arte ezarritako lehiakortasuna izango al da neurtzeko tresna? Zer ikuspegi eman eskolaz kanpokoei? Hau da: zertarako nahi ditugu? Gure ikasleak esperientzia didaktiko informal batez gozatzeko? Etorkizunean zaletasunak eta lagunak izateko? Mundu lehiakor honetan bizirauteko? Nonbaiten zainduta edukitzeko gu lanean ari garen bitartean? Besteen gainetik nabarmentzeko? Musika, lagun edo familiarekin gozatzeko eskainiko dugu edo ogibide gisa balio izateko? Kirola egitea, osasuntsu eta pozik egoteko edo profesional mailara iristeko? Margoketa, arteaz gozatzeko edo besteen gaineko abantaila izateko? Hizkuntzak, munduko aniztasunaz gozatzeko edo lan aukera hobeak lortzeko? Galdera horien erantzunaren arabera gauza bat edo bestea eskaini beharko genuke eskolaz kanpokoetan. Eta, horren arabera, askotariko jarduerak eskaini beharko genizkieke: irristaketa, xakea, ingelesa, biolina, txinera, atletismoa... Aztertu egin beharko genuke zein zentzutan erantzuten dieten gaurko eskolaz kanpokoek aurreko galderei, ea gizartearen edo umeen beharrei erantzuten dieten, edota ez ote dauden, oraingo gizarte konplexu honetan, beste faktore batzuk ere tartean: presa eta arrakastaren beharra, adibidez. Has gaitezen analisiarekin:Nafarroako Eskola Kontseiluak ikasle nafarren jardunaldiari buruzko txostena argitaratu du joan den urrian. Har ditzagun 6. mailakoak. Ikerketak, beste hainbat gauzaz gain, honako datuok jasotzen ditu: 6. mailako ikasleek, egunero, denbora hori igarotzen dute jardueraotan: 5,7 ordu eskola orduetan, 1,6 etxeko lanetan, 0,4 garraioan eta 1,8 bazkaltzen eta jostaldietan. Orotara, eskolan, 9,5 ordu. Horrez gain, ikasleen % 82,3k egiten ditu eskolaz kanpokoak: % 75ek eskolatik kanpo 1,1 ordu sartuz, eta % 33k eskolan bertan (batzuek handik kanpo eta barruan egiten baitituzte) 1,7 orduz sartuz egunean. Osotara, Nafarroako ikasle gehienek egunean 11 ordu inguru pasatzen ditu antolatutako jardueraren bat eginez. 11+10 orduko loa = 21 ordu. Gainerako guztietarako 3 ordu dituzte: adibidez, jolasteko (oroitzen ote gara umeek jolastu egin ohi dutela?), lagunekin egon eta jolas egiteko (DBHko titulurik gabe edonora goaz, ez, ordea, lagunik gabe), etxean laguntzeko (gehienek egiten dutelako, euren aitek baino gehiago, estatistiken arabera), anai-arrebekin jolasteko, zaletasunak zaintzeko (irakurri, bekatua ez bada; gurasoekin egon telebistaren baimenarekin; umeek badute gauza txar bat, gurasoak dituzte eta, are okerragoa, maiz egon nahi dute haiekin), pantaila baten aurrean egoteko (kontsola, telebista, ordenagailua)...Horrez gain, % 38 eskola partikularretara doaz (zer egiten dugu eskolan ikasleen heren batek baino gehiagok partikularretara joateko beharra baldin badu, 6. mailan?) Ikerketaren arabera, ikasleek dituzten ordu libreak hauexek dira: 9,7 aste barruan (1,94 eguneko) eta 13,2 asteburuetan (6,6 egunean). Zer egiten dute ordu libreetan? Telebista ikusi, musika entzun, kirola egin, familiarekin egon, ordenadorean ibili, irakurri, mugikorrarekin ibili, musika jo, aldizkariak irakurri, jokoetan jolastu, lagunekin ibili, irratia entzun, kontsolekin ibili, erosketak egin… denboraren arabera ordenatuta daude, denbora gehien igarotzen dutenetatik hasita. Lehenengo ondorioa: nortzuk joaten dira eskolaz kanpokoetara? Ikasle gehienak joaten dira eskolaz kanpokoetara (6. mailan, % 82). Ehuneko handia da, dudarik gabe. Baina bi gurasoek etxetik kanpo egiten badute lan, % 80ak egiten du eskolaz kanpoko jardueraren bat. Lanera joaten ez badira, kopurua % 56ra jaisten da. Baliteke datu hori oso zehatza ez izatea, guraso langileen eta ez langileen ezaugarriak -hori gero eta aldakorragoa den arren- eta diru iturriak kontuan hartuta. Egia ekidinezina hauxe da: umeek nonbait egon behar dute lan egiten dugun bitartean. Nafarroan jaioek, proportzionalki, parte-hartze handiagoa dute jarduera hauetan (% 84), Amerikan (% 45), Afrikan (% 55) edo Europan (% 47) jaioek baino. Hau da, kanpotarrak integratzeko tresna bat alperrik galtzen ari gara. Nire ustez, eskola inklusiboak atzerritarrak integratzeko aprobetxa zezakeen aukera hau, baina ez du gauzatzen, datuen arabera. Nafarren sare soziala aberatsagoa da, eta aberasteko aukera gehiago sortzen ditu. Populazio piramideari begiratuta, askoz ere ume gutxiago daude orain azken belaunaldietan baino. Lehen aipatu bezala, ume asko ginen eta kalean denbora asko egoten ginen. Orain, haur gutxi ditugu eta ederki zaintzen ditugu. Gaur egungo gurasoek, beraiek izan ez duten guztia eman nahi diete seme-alabei/ikasleei: irakasle onak, eskola onak, instalazio onak, programa onak, material onak... normala denez. Bestalde, gaurko umeenak jarduera zainduak izaten dira, eta ez ditugu begiralerik gabe ulertzen. Era berean, antolatuak ere badira, euren ordutegi eta baldintzekin (lekualdatzeak, eta abar). Bigarrena: zenbat denbora? Denbora asko (1,1 eta 1,7 ordu bitartean). Astean egun bat libre izan nahi badute, egunero 2-3 ordu pasako dituzte eskolaz kanpokoetan. Objektiboki, asko da. Baina ez dago irtenbide errazik. Gurasook lan ordutegi luzeak ditugu, eta nonbait egon behar dute umeek. Hori horrela, horrela jarraituz gero, “Slow movement”-ek egiten duen apustuaren antzeko zerbait egiten ez badugu, eskolaz kanpoko jarduerei, hots, “estraeskolarrei”, “stresskolarrak” deitu beharko diegu.Ez dut orain urte batzuetako daturik, baina pentsatzekoa da denboraren banaketan ere aldaketak egon direla: oraingo ikasleek lehen baino denbora gehiago pasatzen dute antolatutako jardueretan. Horren froga dugu aisialdiko lan eremua sortu eta handitu izana (badira ere helduentzako aisialdia antolatzen duten enpresak), eta garai bateko boluntarismoa (ezer kobratu gabe umeak zaintzea, entrenatzea) desagertuz doa. Halabeharrezko profesionalizazioa, normaltasunez onartu beharrekoa, iritsi da esparru honetara. Eta horrek eskolaz kanpoko jarduerak gero eta antolatuagoak direla erakusten du. Badirudi gaur egun antolatu gabeko jolasa lekua galtzen ari dela. “Plazan, kalean egotea”. Klima hotz eta hezeko txoko honetan behintzat. Halere, hau ez da gaurko umeen joeraren ezaugarria, gaurko gizartearen joeraren ezaugarria baizik. Horra hor gazteen etxabeak eta lonjak, lehen ez zeudenak, helduon teilatupeko aisialdia elkarteetan, jubilatuen klubak... horren adibide ditugu guztiak.Hirugarrena: non egiten dira? 6. mailakoen artean, % 48k eskolan bertan egiten ditu, eta % 34k kanpoan. Beraz, jarduera horiek eskolan egiten dira, baina baita kanpoan ere, horrek berak dakarren joan-etorriarekin. 1960eko hamarkadako “Baby boom” belaunaldikoak asko ginen 1970-1980an, eta orduan ez zegoen instalazio askorik. Jarduerak kalean edo eskoletan egiten ziren, nagusiki. Laugarrena: zer egiten dute? Kirola, ingelesa eta musika, hurrenez hurren, bai kanpoan, bai eskola barruan. Honetan ez da aldaketarik sumatzen, betidanik izan diren jarduerak dira, nire amak berak ingelesa, eta nire aitak musika, eskolatik kanpo ikasi baitzituzten gerra aurreko Iruñea zaharrean. Bosgarrena: eskolaz kanpokoek eskolako lanek baino bi aldiz gehiago asebetetzen dituzte ikasleak, (% 80a, % 40ren aldean). Badakit guk, irakasleok, dauzkagun baldintzak (curriculuma bete beharra, saioak prestatzeko denbora falta, administrazioak bidalitako lan neketsuak, erronka berriak agertu eta horiei inolako prestakuntzarik gabe erantzun behar izatea, ratio handiak, gurasoen eskaerak...) ez direla egokiak eskola erakargarriak egiteko, baina datu horretan pentsatu beharra daukagu, nire ustez.Hori horrela izanda, kontua hau da: eskolaz kanpokoek diren bezalakoak izan beharko lukete, edo beste zentzu bat eman beharko genieke? Hasteko, baldintza askoren menpe gaude:1. Eskoletako ordutegi luzeak: ikasleak goizeko 9:00etan sartu eta 16:30ean ateratzen dira (7 ordu eta erdikoak). Ikasleek bazkaltzeko behar duten denbora eta ondorengo jostaldia murriztuz, lehenago atera litezke eskolatik. Azken urteetan Nafarroako zenbait eskolatan ezarri den ordutegi jarraituak ez du arazo nabarmenik sortu, edo ez da ezer entzun, bederen. Zaila zen Nafar Gobernuko ordutegi hori ezartzeko baldintzak betetzea. Beraz, alda daiteke eskolako ordutegia lehenago bukatzeko, agian, lehenago sartuz, agian, eguerdiko aisialdia murriztuz, umeek arratsalde libreagoa eduki dezaten. 2. Eskoletako ordutegi zorrotzak: denontzat berdinak, bai 3 urtekoentzat, bai 12 urtekoentzat. Irudimen eta malgutasunik gabekoak. 3 urteko umeek lo egiten dute eskolan, arratsaldeko saioa gogoz hasteko. Ezinbestekoa al da Haur Hezkuntzako 3 urteko haurrak gelan egotea arratsaldeetan? Europako Haur Hezkuntzako curriculum pisutsuena omen dugu. Behar al da halakorik? Eskola antolaketari dagokionez, arratsaldez jai izatea ez da arazo handia. Lan jardunaldiari dagokionez, beste maila batzuetako laguntzak antola zitezkeen, proiektuak sakonki prestatzeko erabili. Ikasleak siesta behar badu, etxean egin eta gero anai-arreba nagusien bila joan daiteke. Eta gurasoen ordutegia... Laugarren puntuan ekingo diot gai horri. 3. Gizartearen ordutegiak: Holandak, Alemaniak eta Belgikak dituzte Europako lan ordu murritzenak, eta produktibitateari dagokionez, ez daude okerrenen artean. Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, gure lantegiak eta dendak oso berandu arte egoten dira irekita. Eta horrek pentsarazten du jendea ere oso berandu arte egoten dela etxetik kanpo, umeak bere lana bukatu baino askoz ere beranduagora arte. Horrek badu bere eragina, eskolaz kanpokoak bilatzera behartzen gaituelako; eta horrez gain, etxeko lanen gainbegiraketan ere eragiten du. Berandu ailegatzen gara etxera, eta familian, elkarrekin egoteko denbora murriztu egiten da. Alde horretatik, Espainiako Ordutegien Arrazionalizaziorako Batzorde Nazionalak eta Madrilgo Komunitateko adin txikikoen defendatzaileak ateratako dekalogoan, besteak beste, hauxe eskatzen zuten 2008an: • Helduen eta umeen ordutegia ahalik eta gehien bateratzea, elkarbizitza bultzatuz. • Administrazioak familiari laguntza handiagoa ematea (gaurko Barne Produktu Gordineko 2,7a urrun dago Europako batez besteko 8,2tik). • Babes soziala hobetzea umeak zaintzeko: amatasun baimenak, doako eskolatzea, lan banaketa malgua, familiarentzako laguntzak, kalitatezko zerbitzuak... • Eragile sozialak inplikatzea amatasuna ontzat har dadin.• Ordutegiak malgutzea, langilearen beharren arabera. • Eskolako jardunaldian kontuan izatea txikien erritmo biologikoak, horrela, gurasoek eta umeek eskolaz kanpoko jarduerak parteka ditzaten, baita komunitatean ere; modu horretan, ikaskuntzarekiko asetasuna, errendimendua eta interesa handituko dira. • ...4. Familien ordutegiak: gurasoen lan ordutegia. Belaunaldi honetan umeak izateko bi soldata behar dira, eta guraso gehienek hainbat orduz egiten dute lan. Ez dago erraztasunik malgutasunez lan egiteko: aldi baterako lana, etxetik egitekoa, distantziak handiak dira... Gurasoek umeak nonbait utzi behar dituzte, eta nonbait hori familia ez bada -horra hor amatxi esklaboaren sindromea-, eskolaz kanpokoak izan daitezke. Hona hemen zenbait aipamen honi buruz: - Gure lan esparruan gertatzen den zerbait da: presentziaren kultura. Jendea lanean egoten da nagusiak lanean ari direla ikus dezan. Europako estatistiken arabera, espainiarrak dira lanean denbora gehien igarotzen dutenak, eta produktibitate gutxien ateratzen dutenak. - Espainiarrek, gauero, Europan baino 53 minutu gutxiago egiten dute lo. Horrek siesta egitera behartzen al ditu?- Maiz esaten da telebistako ordutegiak jendearena baldintzatzen duela, jendeak ikusten dituen programak oso berandu hasten direlako. Baina ez da esaten telebistako produktuak gero eta gehiago kontsumitzen direla (batez ere gazteentzakoak, hemendik gutxira gurasoak izango direnentzakoak) Internet bidez, hau da: nahi dutenean. - Europako ekonomia bateratu horretan, Espainiako ordutegia ez dator bat beste herrikoenarekin, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu. Gure ordutegi sistema 1941ekoa da. Ordubete lehenago jaikitzea edo bazkariaren denbora ordu bete murriztea aski litzateke zailtasun horiek gainditzeko. Denok lanetik lehenago aterako ginatekeen, eta gure aisialdiak, familiak edo nahi dugunak irabaziko zukeen. Ezin gaitu baldintzatu ia bonbillak existitzen ez zirenean ezarritako ordutegi batek. Orain nahiko bonbilla badira. Arestian aipatutako lau baldintza horiek gaindituko bagenitu, kalitatezko eskolaz kanpoko egoki batzuk eskaini beharko genituzke. Eta horri helduz, eskolaz kanpoko jardueren diseinurako iradokizun batzuk doaz hemen:- Lehiakortasunaren mamua uxatu: beharbada ezin izango dugu jadanik lehiakorrak izan, ekialdekoen lan baldintzak kontuan hartuta. Beraz, egin ditzagun eskolaz kanpokoak umeen gozamenerako. Oreka afektiboan egon daiteke lehiakortasunaren gakoa, depresioa lehen mailako eritasun bihurtu den XXI. mende honetan. - Ordutegiak aldatzeko baldintzak jarri: gizonek etxeko lanetan edota gero eta gehiago diren menpekoen zainketan pasatzen ditugun orduak areagotu; lan munduan beste lanaldi eredu batzuk proposatu: etxetik egindako lan eredua zabaldu, ordutegi murrizketak erraztu...- Eskola inklusiboaren eskolaz kanpokoak diseinatu: sendoki antolatutakoak, askotarikoak, familia ereduen beharrei egokitzen direnak, jatorri askotako ikasleei egokitzen direnak, denengana iristen direnak (baita herri txikietan bizi direnengana ere), ezintasun psikikoa zein fisikoa duten ikasleengan pentsatuta egindakoak ere... - Eskoletako ordutegi jarraitua: guraso lanpetuen ordutegia eta astia duten ikasleen ordutegia bateratzeko uneak sortuko lirateke.- Benetan hautazkoak: umeak gogoz joan daitezen, horien prestakuntzarako egokiak direlako, entretenigarriak direlako. Ez gurasoek zaindu ezin dituztelako, edo gurasoek txikitan ezin izan genituelako egin.•Bibliografia
INTERNET:http://www.horariosenespana.es/index.php?module=inicio http://www.horariosenespana.es/index.php?module=publicaciones&padre=2 http://www.horariosenespana.es/descargas/pdf/DECÁLOGO%20HORARIOS%20ESCOLARES.pdf http://irati.pnte.cfnavarra.es/consejo.escolar.navarra/ http://irati.pnte.cfnavarra.es/consejo.escolar.navarra/attachments/Ikasleen%20eguna.pdf LIBURUAK:Asociación para la racionalización de los horarios españoles (ARHOE). III Congreso nacional para racionalizar los horarios españoles.Tarragona 2008FILMA: “Baby boom”. Charles Shyer. 1987. (Gaztelaniaz “Baby, tú vales mucho”)