Euskararen ezagutza berma dadin beharrezkoa da euskara curriculumeko ikasgai guztietan lantzea

2011-01-01

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatuta

hezkuntza arloko jardunaldiak egin ziren abenduaren 17an Donostiako Miramar jauregian.   Euskara biziago ikastetxeetan hizkuntza-normalizaziorako proiektuen bidez goiburupean egin zen jardunaldian,  
hizkuntza-normalizaziorako hainbat proiektu aurkeztu ziren. Bestalde, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Neus Sanmartík parte hartu zuen. Jardunaldian, ideia bat
nabarmendu zen bereziki:
euskararen ezagutza curriculumeko gai guztietan
euskara inplementatuz etorriko da. Kontseiluko
idazkari nagusi Paul Bilbaok azaldu zuenez, "ez da nahikoa hizkuntza bat curriculumeko ikasgai izatea hizkuntza hori eskuratzeko. Gainontzeko
ikasgaiek ere kontuan hartu behar dute hizkuntzaren irakaskuntza".

 
 

Idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, Kontseiluak ikasle guztiak euskaldun eleaniztunak izateko egina duen proposamena aurkeztu zuen. Horren helburu nagusia, derrigorrezko irakaskuntzak ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea da, 16 urtekin euskaraz gutxienez B2 maila egiaztatzea, alegia.

Paul Bilbaok, Kontseiluak egin duen proposamenaren ardatzen berri eman zuen bere hitzaldian. Besteak beste, zera aipatu zuen: "ikastereduak gainditzeko beharrezkoak diren erreforma guztiak sistema bera aldatuko duen lege baten barruan kokatu behar dira bazterrean utziz dekretu bidezko erreforma arinak". Hezkuntza sistemaren erreformaren helburuaz ere hitz egin zuen Bilbaok eta  "euskaldun eleaniztunek osatutako Euskal Herria lortzeko bidean belaunaldi berriak euskalduntzea" izan behar duela aipatu zuen. Bestetik, eskolak euskalduntzean bere funtzioa betetzen badu ere, eskola eta bere ingurune soziolinguistikoaren arteko harremana ere kontuan izan behar dela adierazi zuen. Irakasleriaren prestakuntza, gainontzeko langileen paperaren inguruan, etorkinen euskalduntzeaz... ere hitz egin zuen Paulek.  Azkenik, hizkuntza-politika berriak izan beharko lituzkeen ezaugarriak ere azaldu zituen. Ildo horretan,  hizkuntza-politikak administrazio guztiak hartu behar lituzkeena izan beharko lukeela aipatu zuen, helburu eta epe zehatzak izan behar dituena, baliabidez ongi hornitua.
Bestalde, aurten ere liburua argitaratu du Kontseiluak eta berau aurkeztu zuen Bilbaok jardunaldian. Eskolatik abiatuta euskararen erabilera areagotzeko zenbait programa  izenburua du argitalpenak. Eta izenak dioen moduan, hainbat programa aurkezten dira, eskolatik abiatuta, baina ez soilik eskolaren eremuan, euskararen erabilera gehitzea ahalbidetuko dutenak.
Bost ikastetxeren esperientziak
Bost ikastetxeetan garatzen ari diren programen berri eman zen jardunaldian. Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin garatzen ari dira  programa horiek beste hainbat ikastetxetan. Elhuyar Aholkularitzako Idoia Aldekoak eta Olatz Estensorok egin zuten horren aurkezpena. Olatz Estensorok, duela 20 urte enpresetan hizkuntza normalizazioa lantzen hasi zirenetik hezkuntza eremura iritsi arte egindako bidea azaldu zuen. Hainbat erakunderekin lan egin dute 2004tik, ikastetxeen esparruan hasi zirenetik; hala nola, EAEko Hezkuntza Sailarekin, Nafar Gobernuko hezkuntza atalarekin eta Euskal Herriko Ikastolekin. Iaz, Ulibarri programan zeuden ikastetxeek beren hizkuntza-proiektuak berritu behar zituztela eta, haietako 27 ikastetxetan aholkularitza lanetan eta laguntzen aritu ziren.
"Gogoeta prozesua ikastetxea osatzen duten guztiekin batera egitea da egokiena. Guztiok elkarrekin lan eginda, elkarrengandik ikasteko aukera daukagu-eta. Eraldaketa-prozesua denez, parte hartzen dutenen jarrera aldaketa bilatzen da", azaldu zuen Elhuyar Aholkularitzako Idoia Aldekoak. Eraldaketa prozesuak parte-hartzaileak izan behar direla ere aipatu zuen Aldekoak. “Pertsonen bizipenetik abiatu, baina eraikuntza kolektiboa oinarrian. Taldeak erabakitzen du egin behar den bidea bera”.
Bost ikastetxeetako esperientzien berri eman zuten, bertan zuzenean parte hartzen ari diren ikastetxeetako kideek; hala nola, Altsasuko institutuko Juantxu Zabalak, Zamudioko herri-ikastetxeko Belen Melladok eta Beatriz Ugartemendiak, Orioko Zaragueta herri-ikastetxeko Marije Azkuek, Beasaingo Andramendi ikastolako Arantza Sarriegik eta Tolosako Hirukide ikastetxeko Joseba Antxustegietxartek eta Maite Etxaberrik.
Altsasuko institutuko Juantxu Zabalak azaldu zuenez, beraien kasuan, irakasle talde bat izan zen horrekin hasi zena. Hasiera batean hamar lagun hasi ziren baina Zabalak azaldu zuenez, "konturatu ginen soilik guk ezin genuela gauza askorik egin. Inplikazio handiagoa behar genuela ikusi genuen eta baita baliabideak ere". Udalaren diru-laguntza bati esker hasi ahal izan ziren hori lantzen, esan zuenez eta hari esker jaso zuten Elhuyar-eko prestakuntza. Taldea osatu eta lanean hasi ziren ondoren.
Zamudioko herri-ikastetxeko zuzendari Belen Melladok “Ikasi eta gozatu euskaraz: irudimenezko bidaiak” deitzen den euren proiektua aurkeztu zuen. Proiektu hori da eskolaren motorra Melladok azaldu zuenez. Joan den ikasturtean hasi ziren Elhuyarrekoekin lanean.  Ikastetxe bereko Beatriz Ugartemendiak azaldu zuen ikasturte bakoitzean bi bidaia planteatzen dituztela jolas moduan, ikasleek egin ditzaten, frogak egiten joaten dira eta bide horretan hizkuntza zein euskal kultura lantzen dituzte.
Orioko Zaragueta herri-ikastetxeko Marije Azkuek eman zuen euren ikastetxean garatzen ari diren proiektuaren berri. Duela bi urte abiatutako proiektua da beraiena. Proiektua abiatu zutenean, eremu euskalduna izanik ez zuten horren behar handia ikusten, baina gerora, berriz, egoera aldatu egin da, etorkinen etorrerarekin, eta une honetan proiektuak duen garrantzia azpimarratu zuen. "Gaztelania dutenen kasuan, komunikatzeko euskararen beharrik ez dutenez, nabaritu dugu normalizazio proiektuaren beharra".
Beasaingo Andramendi ikastolako Arantza Sarriegik azaldu zuenez, euren ikastetxean eraldaketa egitea erabaki zuten, "ikasleak euskaldunak izateaz gain, euskaltzaleak ere izatea da gure helburua. Egiteko horretan irakasleek paper garrantzitsua betetzen dutenez, hauek prestatu egin behar dira".
Tolosako Hirukide ikastetxeko Maite Etxaberrik Tolosako hiru ikastetxe kontzertatuek bat egin zutenean antolaketa egiteko helburuarekin abiatu zutela proiektua azaldu zuen. Joseba Antxustegietxartek hasiera batean berez hasi zirela lantzen aipatu zuen, baina "lan tresna bat izan genuen esku-artean eta prozesua orduan bihurtu zitzaigun kontziente". Gainontzeko hizlariek egin zuten moduan, taldean lan egiteak duen garrantzia nabarmendu zuen, eta bide horretan, horizontaltasunez lan egitearen garrantzia.

Neus Sanmartí

Arratsaldeko saioan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle Neus Sanmartík “Konpententzia komunikatiboen lanketa ikastarlo guztien bidez” hitzaldia eman zuen. Ikastetxe batean garatu daitekeen esperientziaren adibidea eman zuen. Hizkuntza ikasketetarako tresna bat dela azaldu zuen. Hizkuntzak aparteko ikasgaietan bete behar duen funtzioari dagokionez, ikasgai horietako hiztegia eta kontzeptuak lantzeaz gain, ikasgai bakoitzak badu bere hizkuntza tekniko berezitua. Hori ere landu behar da, modu koordinatuan, zentro osoko hizkuntza irizpide bateratuari jarraituta, Neusen esanetan. •