PALESTINA: Okupazioa haurren begietatik
Badira bost urte Palestinako 170 erakunde sozial, politiko eta sindikalek baino gehiagok adierazpen israeldar-sionista guztiei, batik bat kulturalei eta akademikoei, boikot solidarioa egiteko deia egin ziela. Haien artean zeuden Unibertsitate Irakasle eta Langileen Palestinar Federazioa eta Maisu eta Maistren Federazioa.
Israel nazioarteko legeria betetzera edo palestinarren kontrako zapalkuntza (jazarpena, sarraskiak, hautazko suntsipenak eta Apartheid harresia, besteak beste) amaitzera behartzeko nazioarteko esku-hartze era guztiek orain arte huts egin dutela ikusita egin zuten eskaria.Euskal Herrian jaso da deia. Udan euskal kultura eta hezkuntza munduko hainbat lagun Palestinan izan ziren, egoera bertatik bertara ezagutu, eta boikotaren deiaren oihartzun izateko. Hik Hasi ere haiekin izan zen.Biladi hadi!
Biladik lurra esan nahi du Palestinan. Hemen, berriz, Biladi Hadi-k Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko kultur harremanak sustatzeko sortutako brigada esan nahi du, brigada kulturala.
Askapenaren eta Komite Internazionalisten ekimenez sortutakoa da, eta kultura eta hezkuntza munduko lagunek osatu zuten. Hala, bertsolariek, zinegileek, musikariek, kazetariek, pailazoek, irakasleek, ikasleek eta beste hainbat alorretako kideek osatu zuten. Tartean ziren ere Arbizuko, Zestoako, Alegiako eta Igorreko alkate eta zinegotzi bana.Palestinak bizi duen egoera bertatik bertara ezagutzera joan ziren guztiak hara. Hala, alorkide zituzten lagun palestinarren hitzetan ezagutu zuten palestinarren bizitzako hainbat adierazpen.48ko lurraldeetan eta Palestina okupatuaren Zisjordaniako hainbat herritan izan ziren. Gazara joateko asmoa zuten, baina Israelek oraindik ez dio erantzun haien eskariari. Izan ere, Palestinako edozein lurraldetara joateko Israeldik pasa beharra dago, ezinbestez.Bulego askotan izan ziren, eta baita sukalde askotan ere. Aginte palestinarraren eta beste hainbat erakunderen ikuspegiaz gain, kaleko jendearen ikuspegia ezagutu ahal izan zuten, beraz.Guk, gainera, Nabuluseko unibertsitatean, Balatako iheslarien eremuan, Hebrongo eta Mardako eskola bisitatzeko aukera izan genuen.Hango haurrek oparitutako marrazkiak eta irudiak bildu genituen, egunero gainditu beharreko bizimoduaren argazki pertsonalak.Zuekin partekatu nahi genituen. Horretarako, aireportuko mugako galbahea estua izaki, postaz bidali genituen etxera, bidea errazago egingo zutelakoan… Madrilen geratu dira kateatuta, ordea. Hala ere, esku artean duguna zuekin partekatzea deliberatu dugu. Gure oroimenean ez ezik, zuen irudimenean ere izan daitezen.Brigadaren asmoa Palestinako egoera etxean ezagutaraztea da. Eta, aldi berean, Israeli boikota egiteko, herrialde horretan inbertsiorik ez egiteko eta zigortzeko kanpainan parte hartzeko deia bizkortzea.Hartutako konpromisoei helduz, Palestinan ikusitakoa erakusteaz gain, Euskal Herriko ikastetxeetan jadanik egin diren esperientziak ekarri nahi izan ditugu orri hauetara.Biladi hadi! Palestinan: hezkuntza
Eztanda hotsez betetzen dira Jesuralemgo uztaileko ilunabarrak. Lehen egunetan, Biladi Hadi! brigadako kideok tiro hotsak izango ote ziren pentsatu genuen. Berehala jakin genuen, ordea, eztanda haien jatorria.
Ospakizunetan ari ziren familiek jaurtitako suziriak ziren. Seme-alabek Batxilergoaren amaierako Tauyihi azterketa gainditu izana ari ziren ospatzen.
Izan ere, hezkuntzak garrantzia itzela du palestinarrentzat. Eta familiek arreta handia ematen diote hezkuntzari familia barruan. Hala, ikasle batek ikasturtea gainditzen ez badu edo ikasketetan larri ibili bada, haren amaren eginbeharra izango da hurrengo ikasturtean seme-alabei laguntzea; horretarako, egunero, denbora dedikatuko die ikasketetan laguntzeko.Okupazioak eta Israelek palestinarren aurka egiten dituen erasoek ez dute asko laguntzen hezkuntza sistemaren antolaketan. Etxeko gazteak edo haurrak ordezkatu behar baitu hildako edo espetxeratutako palestinar bakoitza familia-buru lanetan. Egun, 7.000 preso politiko baino gehiago daude, 7,2 milioi iheslari, eta hildakoak ere asko dira. Palestinar familia gehienetan du ondorioa gatazkak.Bestalde, neskak 15 urtetik aurrera ezkon daitezke. Ohitura horren aurka lanean ari badira ere, oraindik asko dira oso gazte ezkontzen direnak. Horiek guztiek eragin zuzena dute eskolan. Ondorioz, eskolako huts egitea handia da, batez ere BHn.Lurralde okupatuetan muturreraino iristen da egoera.Gazako egoera
Gazako biztanleen erdia baino gehiago, % 53, 18 urtez beherakoa da.2009/2010 ikasturtean 640 eskola zeuden Gazan (383 Hamasen gobernuak kudeatutakoak, 221 Nazio Batuek kudeatutakoak eta 36 pribatuak). Horietan, 441.452 ikasle ari ziren.NBEren eskolen % 88 eta gobernukoen % 82 txandaka aritzen dira, ikasle kopuru handiari erantzun ahal izateko. Murrizketek eta blokeoak ezinezkoa egiten dute eskola berriak eraikitzea edo kaltetutakoak konpontzea. Urtero gora doan eskariari erantzun ahal izateko, Hezkuntza eta Goi Mailako Hezkuntza Ministerioak emandako datuen arabera, 105 eskola berri eraiki behar dira.Gazako iparraldean, kaltetutako eskoletako 9.000 ikasle, inguruko 73 eskolatan kokatu zituzten. Horietatik, 4.000 ikaslek jada gainezka zeuden bi eskolatara joan behar izan zuten. Gobernuaren eskoletako BHko 1.200 ikasle ikasturtea hastean eskolarik ez izateko arriskuan zeuden.Eskola horietan, ikasleen presentzia gero eta txikiagoa da, eta eskola arrakasta ere txikiagotu egin da, Israelek egindako operazio militarrek maiz eteten dutelako eskolako jarduna. 2007/2008 ikasturteko lehen seihilekoan, LHko azken ikasturteko 16.000 ikasletatik, soilik % 20k gainditu zituen matematikako, zientzietako, ingeleseko eta arabierako azterketa estandarizatuak.“Berun urtua” operazioak ondorio suntsitzaileak izan ditu blokeoaren ondorioz jada ahulduta zegoen hezkuntza sisteman. Gutxienez 280 eskola eta haurtzaindegi kaltetu ziren. Gainera, 6 eraikuntza unibertsitario suntsitu zituzten, eta beste 16 kaltetu.Hezkuntza eta Goi Mailako Hezkuntza ministerioaren arabera, eraso horien ondorioz, 164 ikasle eta 12 irakasle hil ziren beren eskoletan; ikasle horietatik, 98 Gaza iparraldekoak ziren. Gainera, 454 ikasle eta 5 irakasle zauritu zituzten. NBEren eskoletako 86 haur eta 3 irakasle erail zituzten.Eskola adineko haurrek, horietatik milaka familiartekoek edota etxea galdu dutenek, trauma psikologikoak eta antsietatea pairatzen dituzte oraindik. Beraz, laguntza psiko-soziala eta jolas eta aisialdiko jarduerak behar dituzte.Erasoaren une gorenean, gutxienez 51.000 lagun NBEk Gazan dituen 44 eskolatan babestu ziren. Horietatik, 28.560 haurrak ziren. Horren ondorioz, eskola horietako gelek, saneamenduek eta altzariek higadura saihestezina jasan zuten.Eskola adinean diren haurren bostetik batek, gutxi gorabehera, iodo gabetasuna pairatzen du. 9 eta 12 hilabete arteko haurren % 61,6k anemia du; haurdun dauden emakumeen artean, berriz, % 29k du anemia. Gainera, 1etik 5 urtera arteko haurren % 22k A bitaminaren gabezia du.Teilatuz teilatu eskolara
Palestinarrek, ordea, oztopoen gainetik eskolara iristeko bideak aurkitzen dituzte. Hebron zaharraren bihotzean, israeldarrek kolonia handia eraiki zuten. Palestinarrek debekatuta dute harako sarrera. Koloniaren inguruko etxe palestinarrak itxita daude. Eskolarako bidea itxi egin du koloniak. Haraino hurbildu zen Biladi Hadi! brigada.Eskola txikia da, NBEk emandako diruarekin txukun margotuta dago. Inguru hartatik, han behetik, Hebrongo teilatuak ikusten dira, kolonia eta hura babesteko arantzez jositako kontrol dorreak nabarmenak dira. Eskolako haurrek, israeldarren kontrol puntuak igaro ezinik, teilatuz teilatu egiten dute eskola arterako bidea. Noizbait israeldar soldaduek bide hori balez itxiko dutela jakinik ere.Txarrantxen beste aldean
Mardako eskolako haurrei beren herria eta familia marrazteko eskatu genien. Mahai luze bat atondu genuen; han ipini genizkien Ramalan erositako margo eta paperak. Mardan ez baitago dendarik.Berehala hasi ziren lanean, erreguren beharrik gabe, neskak zein mutilak, handiak eta txikiak.Eta txarrantxa ilarak hasi ziren paper zuriak betetzen. Txarrantxa ilara amaigabeak. Izan ere, Marda eta Palestina txarrantxez eta murruz inguratutako kartzela handia da. Txarrantxak banatzen ditu mundutik.Rawda 8 bat urteko neskatxa da. Kolore marroia aukeratu zuen orrian txarrantxa margotzeko; palestinar lurraren kolorea du txarrantxak.Txarrantxak banatu gintuen. Orriaren alde batera geratu ginen gu, mundua. Beste aldean, arrasto sendoz, garaipenaren ikurra adierazten duten bi hatzak marraztu zituen, irmo. Kolore gorriaren bila zebiltzan gehienak, Palestinako bandera marraztu nahi ziguten.Egun-pasa egin genuen haiekin. Mardako kaleetan zehar ibili ziren, gure titiriteroen atzetik kalejiran. Arratsaldean, eskolako jolastokian saioa eskaini zien Porrotxek. Txarrantxak banatutako munduak Palestinaren koloreak behar dituela kantatu zuten gurekin batera, mundua benetan koloretakoa izan dadin.Nabulusen, udalekuetan
Nabulus Bigarren Intifadan bereziki zigortutako herria da. Kale estuak ditu Alde Zaharrak, estuegiak haurrak han jolasteko. Martirien eta presoen seme-alabek aukera dute, uztailean, hiru astez udaleku berezi batzuetan parte hartzeko. Gogo onez hartu gintuzten han. Margoak eta paperak ikusi orduko lurrean eseri eta marrazten hasi ziren denak. Ibrahim ate ertzetik begira zegoen, zelati. 7 bat urteko mutikoak aita tiroz hiltzen eta haurdun zegoen ama tirokatzen ikusi zituen hilabete batzuk lehenago. Ez zigun begirik kendu, ezta guk ere hari.Azkenean, Porrotxek zakuan sartzen zituen koloretako zapiak ikustera gerturatu zen. Najik eskua sartu eta Palestinako bandera atera zuenean, barre txiki bat marraztu zen Ibrahimen aurpegian. Palestina irrien beharrean dagoela entzun genuen egun eta leku askotan. Bizitza hain zail eta krudel bihurtu duten herri horretan irriak eta malkoak banatu izanak harrotasunez bete gintuen brigadakideok.Palestina Euskal Herrian lantzen
2005eko udaberrian senidetu ziren Marda (Zisjordania) eta Arbizu (Nafarroa).
Herri txikiak dira biak: Palestinakoak 2.000 biztanle inguru ditu, eta Euskal Herrikoak, berriz, 1.000 inguru.Mardak, ordea, Israelek okupatuta duen Zisjordaniako lurraldea izanik, kolonia bat du gainaldean, Ariel. Kokaleku horretan 18.000 kolono sionista bizi dira. Ariel da, hain zuzen, lurralde okupatuetako kolonia sionista handienetako bat.
Okupazioa hasi zenetik, Mardak bere lurren erdiak galdu ditu okupazioaren apartheidaren azpiegituren ondorioz. Gainera, berez, baliabide natural asko dituen lurralde aberatsa bada ere, Israelgo gobernuak kendu egin dizkie.8 metroko murru batek eta soilik juduentzat den errepide batek inguratzen du Marda. Kartzela handi batean bizi dira, hortaz, mardarrak.Mardan, 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzako bi eskola daude: bat neskentzat eta bestea mutilentzat.Arbizuko Udalak, arlo instituzionalean ez ezik, herritarrengan sustraitu nahi du senidetzea, batez ere. Horretarako, hainbat esparrutan lan egiteko deia egin die arbizuarrei. Zizkerte Kultur Elkartearen inguruan bildu dira hainbat ekimen. Hezkuntza arloan ere, Arbizuko bi ikastetxeek, Andra Mari ikastolak eta Arbizuko eskola publikoak, aurreko ikasturtean landu zuten Palestinako gaia ikasleen artean.Arbizun, olibondo bat dago landatuta, Beriain mendiari begira, herritarrek palestinarrak gogora ditzaten.Maite zaitut, Marda!
Eskolako Guraso Elkarteak Palestinako gaia eskolan lantzeko eskaria egin zien irakasleei. Palestinako historiaren, hezkuntzaren eta uraren egoeraren gaineko prestakuntza jaso ondoren, lanean hasi ziren eta ikasleekin lantzeko materiala osatzeari ekin zioten.Proiektua, batik bat, Haur Hezkuntzako 2 eta 6 urte bitarteko haurrak buruan zituztela osatu zuten. Era berean, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako –ikasleei ere, oinarri bera erabiliz, egokitutako jarduerak eskaini zizkieten. Garapen Hezkuntzarako Vicente Ferrer Espainiako Sari Nazionaleko bigarren saria lortu zuen proiektuak.Proiektuaren abiapuntua ipuina da. Ipuinak uraren arazoa kontatzen du, irakasleek sortu zuten eta euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz dago.Jarduerak erakargarriak izan ziren, eta, ikasleen interesa bereganatzeaz gain, gurasoena ere bereganatu zuten; izan ere, oso motibatuta parte hartu zuten.Horra prestatu zituzten jardueretako batzuk:- Ipuina: proiektuari ipuinak ematen dio hasiera. Ipuina irudi orrietan aurkeztu zieten ikasleei.- Oharra etxekoentzat: Palestinaren gaia lantzen hasiko zirela jakinarazteaz gain, gaiarekin lotuta etxean zituzten liburu, objektu, informazio eta antzekoak eskatu zizkieten.- Sukalde lantegia: Ghraybeh-ak egin zituzten, gurinezko galletatxoen antzekoak.- Marda herria: Mardako argazkiak proiektatu zituzten eta, gero, argazkiak atera zituzten Arbizun. Ondoren, horma irudi bat osatu zuten argazki guztiekin, collage moduan.- Urarekiko kontzientzia hartzea: urak guretzat duen garrantzia eta zeinen beharrezkoa zaigun aztertu zuten. Horma irudia egin zuten uraren gaineko datuekin. Egunero gutako bakoitzak gastatzen dugun ur kopurua ur botila hutsekin irudikatu zuten. Amaitu zutenean, gurasoak gonbidatu zituzten horma irudia ikustera, eta landutakoarekin osatutako informazio orriak banatu zizkieten.- Maite zaitut, maite zaitut Marda: Pirritx eta Porrotx pailazo taldearen Maite zaitut abestiaren koreografia egin zuten, eta bideoz grabatu. Abestia ingelesera itzulita dago, Mardako haurrek uler dezaten.- Erakusketa: palestinar haurrek egindako eta SODePAZ GKEak utzitako marrazkiak eta Arbizuko eskolako haurrek Palestinari buruz egindakoak erabiliz osatu zuten.- Mundu osoan eskubide berberak: munduko beste herrialdeetako jendeen erretratuak eredu gisa hartuta, haurrek marraztutako erretratuz osatua.- Sentimenduen liburuxka: haurrek adierazitako sentimenduekin zerrenda bat osatu zuten. Ondoren, bakoitzak Palestinako historiak sorrarazi dion sentimendua aukeratu zuen. Sentimendua marrazki bidez adierazi zuten, gainera. Guztien marrazkiekin liburuxka bat egin zuten.- Olibondoari bisitaldia: Arbizuko San Joan ermitan palestinarren omenez landatutako olibondora joan ziren, palestinar banderekin eta pankartekin.Ammar
Ammar haur palestinar bat da. Hura protagonista duen ipuina kontatu zieten Arbizuko Andra Mari Ikastolako Haur Hezkuntzako haurrei.Ammarrek, bere historiaren bidez, Palestinari buruzko informazio osoa eman zien haurrei: historia, kokapena, beren aitona-amonek zituzten etxe motak, tankeek etxeak nola erauzten dituzten, kalera atera ezina, min hartzen dutela eta abar. Ipuina luzea da, testu labur eta argazki askokoa.Ondoren, hainbat jarduera eta fitxa egin zituzten astebetez:- Munduko mapan kokatu: Euskal Herria eta Palestina mapan kokatu zituzten. Alderaketak egin zituzten.- Palestina hitzarekin jolastu ziren, hipotesiak eginez, irakurriz eta idatziz.- Euskal Herria zer den, Espainia eta Frantzia aztertu zituzten, eta Euskal Herriko eta Palestinako mapak alderatu eta margotu zituzten.- Palestinar hizkuntza eta idazkera ezagutu zituzten, haien alfabetoa. Haurrek beren izenak gure grafiaz eta arabiar grafiaz idatzita eraman zituzten Gabonetako karpetetan.- Palestinar jakiak. Hainbat produktu palestinar dastatu zituzten: datilak, kuskusa, olibak eta abar. Janzkera, musika eta dantza ezagutu zituzten, era berean. Elementu horiekin guztiekin antzerkia egin zuten.- Eskolarekin harremana: Ammarrek kontatu zien eskolak suntsitzen dizkietela. Orduan, etxetik jostailutxo bana ekarri zuten, Mardako eskolara bidaltzeko. Gurasoek, beren aldetik, jantziak eta bestelakoak ekarri zituzten beren seme-alabek palestinarren berri eman zietenean. DBHko ikasleek jostailutxoak bidaltzeko paketea egiten lagundu zieten. Haurrek bozeramaile bat aukeratu zuten, eta Arbizuko alkatearekin hitz egitera joan ziren udaletxera. Egun haietan ikastolan ikasitakoa adierazi zioten alkateari, eta eskatu zioten prestatu zuten paketea Mardako eskolara bidaltzeko.Haurrek oso gustukoa izan zuten ipuina eta haren bidez, Ammarrek kontatu ziena, interesa agertu zuten Palestinan gertatzen denaren gainean eta zergatik gertatzen den jakin nahi izan zuten. Kezkaturik geratu ziren hango egoerarekin, eta, horregatik, paketetxoan, beraien gustukoak diren gauzak sartu zituzten, gelatik hartuta: gometxak, margoak eta abar. Maiz eskatzen omen dute, oraindik ere, ipuina kontatzea.Denok berdinak, denok desberdinak!
Etxarri Aranazko (Nafarroa) ikastolan ikasturte guztietan gai sozialak lantzen dituzte, justizia sozialaren ikuspegitik, modu berezian. Helburu behinena, beren testuingurutik kanpo dauden arazoez jabetzea da.
Orain arte, elikadura (anorexia, bulimia), talde indigenak, desagertzear dauden etniak, Hirugarren Munduko herriak (haurren esplotazioa), eta abar landu dituzte, besteak beste. Horretarako, astebetez, ikastolako ikasle guztiak, HHtik hasi eta DBH arte, gai horretan murgiltzen dituzte, hainbat jarduera direla medio; Denok berdinak, denok desberdinak kanpaina da.
Bestalde, ikasleen arteko kidetzearen bidez –txikien eta handien arteko harremana– lan asko egiten dute ikasleek. 2007/2008 ikasturtean, hain zuzen, elkartasuna izan zuten kanpainaren ardatz. Bi ideiak lotu zituzten, kidetzea eta elkartasuna, hain zuzen ere. Gai horren barruan, Marda eta Arbizu herrien arteko senidetzea hartu zuten adibide gisa.Elkartasuna, senidetzea eta Marda eta Arbizu arteko harremanaren gaia landu ondoren, Palestinaren gaia jorratzeari ekin zioten, edukiak eta jarduerak adinari egokituz.Ikasle gazteenekin Palestinako kokagunea, ohiturak, sinbologia eta abar landu zituzten, eta gureekin alderatu zituzten. Palestinako musika, ipuinak eta poesiak ezagutu zituzten.Injustizia sozialaren adibide gisa, Handala pertsonaia aurkeztu zuten. Pertsonaia horrek palestinar iheslariak irudikatzen ditu. Gogoratu palestinar biztanleen erdiak, 7,2 miloi inguru, iheslari moduan bizi direla, nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak haien gaineko ebazpenak eman dituen behin eta berriro, Israelek bere aldetik beste hainbestetan bete ez dituenak. Pertsonaia hori bizkarrez agertzen da, eta iheslariak itzultzen direnean emango omen du buelta. Egoera hori hemengoarekin alderatu zuten, Handalak zer esan nahiko ote zukeen hemen, eta gelan gertatzen diren egoerak adierazteko egokia gertatu zitzaien.Banderen, ohituren, sinbologien kidetasuna egin zen, eta gureekin alderatu ziren. Goragoko mailetan hiztegia landu zen eta kontzeptuak definitu ziren. Ikasleek zekitena bildu, okerrak zuzendu eta, azkenik, denen artean definizio egokiak osatu zituzten. Palestinako mapa ere aztertu zen, Palestinaren bilakaera ezagutzeko; hau da, nola hasi zen eta nola dagoen ikusteko.Iheslari baten kontakizuna entzun ahal izan zuten, eta DBHko 2., 3. eta 4. mailakoekin Palestinako historiaren kronologia egin zuten.Komunikabideetan Palestinari buruz agertutako prentsa artikuluak gelara ekarri, eta aztertu egin zituzten.Euskaraz dakien iheslari palestinar bat ekarri zuten ikastolara. Egun oso bat egin zuen ikastolan, eta bertako haur guztiekin egon zen, HHtik hasi eta DBHko mailetaraino. Txikiei palestinarren bizitzeko moduaz, eskolei buruz eta han ikasten dutenaz, grafia arabiarraz, haiek ez dituzten bokalez eta abarrez hitz egin zien.Handienekin, berriz, ordu arte ikasitakoa eta prentsako artikuluetan irakurritakoa egiaztatu zuen.DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek Juanma Sarasola idazle eta kazetariaren hitzaldi bana entzun zuten.Kanpaina erakusketa batekin amaitu zen; sortutako ekoizpenak izan ziren ikusgai: azalpen testuak, mezuak, argazkiak, janari dastatzea, palestinar dantza eta musika, baita Askapena erakunde internazionalistak utzitako hainbat material ere.Ikasleek oso gustura landu zuten gaia, gure eguneroko bizitzatik oso urrun geratzen bazaie ere. Etxarriko ikasleek Palestinako haurrekiko lortu zuten enpatiaren ondorioz, marrazkiak bidali zizkieten.Etxarriko ikastolan, urtero Karraka izeneko ikuskizuna edo jaia egiten dute. Karraka 09an, ikastolan beren ikasketak amaitzera zihoazen DBHko ikasleek Palestinari buruzko lan hunkigarria eskaini zuten, elkartasun kanpaina egin eta hurrengo ikasturtean, irakasleen harridurarako eta gaiak barrua eragin zienaren lekuko.Palestina, elkartasunaren bidea
Askapena erakunde internazionalistak unitate didaktiko bat prestatu zuen, Palestina eta haren egoera ardatz zituela. Unitate horretan, hainbat jarduera, ariketa eta proiektu egitea proposatzen da.
Unitatean hainbat kontzeptu lantzen dira: senidetzea, elkartasuna, solidaritatea, karitatea, okupazioa, baliabide naturalak, Palestina, estaturik gabeko herriak, Jerusalem, kultura aniztasuna, erlijioa, arabiarrak, musulmanak, islama, euskara batua, Palestina historikoa, iheslariak, kokalekuak, mundu hebrearra, mundu judua, sionismoa, mundu israeldarra eta Nakba, besteak beste.
Jarduera hauek proposatzen dira:- Senidetzea: Marda eta Arbizu herrien arteko senidetzearen testu zatien azterketa egitea.- Mardaren deskribapena: Ariel kolonia juduaren izaera ezagutzea.- Proiektua: argazkiekin eta gustuko musikarekin CD bat osatzea, eta Mardako eskolara bidaltzea aurkezpen gutun batekin.- Palestinaren historia hurbila aztertzea.- Iheslariak: kanporatuen egoera ulertu eta haien lekuan jartzeko ariketak egitea.- Kanta palestinar bat: alderaketa Benito Lertxundiren “Nere herriko neskatxa maite” kantarekin.- Bazkal dezagun: falafela mundu guztira hedatu den janari arabiarra da. Unitatean falafelaren errezeta ematen da, gelan egiteko.- Ba al dakigu baserritarrez janzten? Arte Hezkuntzako atalerako proposatzen da jarduera hori, gure jantzi tradizionaletan sakondu eta jantzi palestinarrak ezagutzea proposatzen da.- Ipuin arabiarrak: Magreb-Sahara eta Iraneko ipuinak aurkezten dira unitatean bertan, euskaraz eta arabieraz idatzita.- Jarduera osagarriak: hainbat hitzaldi, DVDak, palestinar gaia duten abestiak (euskaraz ugariak dira), Interneten gaiari buruz dauden atarien ezagutza eta lanketa, eta abar.- Musika aukeraketa: unitatean erabiltzeko hainbat abestiren audioak daude grabatuta CD batean.