Hezkuntza aztergai latinoamerikan

2011-04-01

Habanako biltzarrean milaka hezitzailek hezkuntzak nazioen eraikuntzan eta herrien identitatean duen funtsezko zeregina azpimarratu zuten.

 
 

PEDAGOGIA 2011 bi urtez behin Habanan egiten den nazioarteko biltzarra izan zen. Bertan, besteak beste, Mexiko eta Txile arteko Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeek parte hartu zuten. Biltzar hori, duela 25 urte hasi zen antolatzen, hain justu.

Aurreko urteetako biltzarrekin alderatuz, aurtengoan nazioen eraikuntzan eta antolamenduan hezkuntzak duen funtsezko eginkizun baliotsuan ipini dute azpimarra. Munduko txoko horretan hainbat herrialdek bizi duten eraldaketaren eta hezkuntza mailako aupadaren beste adierazle bat, seguruenik.
Hezkuntza etorkizunaren eraikuntza espazioa da. Horregatik, hezkuntzak inguruarekin loturak estutu behar ditu. Izan ere, ezagutza ezin da ikasgelako lau hormen artean kateaturik geratu, liburuen mende. Ezagutzak jendartera atera behar du, haren hobekuntzan eragiteko.
Iberoamerikako Hezkuntza ministroaren arabera, adostasuna dago hezkuntza bizitzako arlo eta aldi guztietan esku hartzen duen fenomeno sozialtzat eta gizatiartzat hartzerakoan. Adostasun horren arabera, hezkuntzak bere biziko papera jokatuko luke garapen faktore gisa, pertsonen eta familien sustapen sozialaren bultzatzaile gisa, eta kohesio eta integrazio sozio-kultural gisa eta haien herrien identitatearekin lotura duten balioen babesle gisa.
Bizi ditugun garaiek horixe eskatzen dutela azaldu zuten. Izan ere, herrien eta identitateen etorkizuna izan dezakegun ahalmenaren baitan baitago, neurri handi batean. Fidel Castroren arabera, “hezkuntzaren kontzeptuak sustraietaraino iraultzeko” ahalmenean, zehazki.
Latinoamerikako eta Karibeko herriek hezkuntzaren muinaz eztabaida sakonak espero dituzte, haien herrien etorkizunaren berme diren erroetan oinarritutakoak.
Kubak Boliviarekin, Nikaraguarekin, Ekuadorrekin eta Venezuelarekin duen ALBA (Alianza Bolivariana para las Américas) programari esker lortzen ari dira analfabetismotik aske diren lurraldeak izendatzea. Horretarako, “haur bat edo ikasle bat dagoen lekuan hezkuntza egon behar du” printzipioa ezartzeko ahalegin handia egiten ari dira.
Gurean, aspaldi lortutako kontuak lirateke horiek. Hala ere, gure identitatea eta gure balioak babestu eta zabaldu nahi ditugun honetan, ikaspen interesgarriak gerta dakizkiguke Habanan milaka hezitzailek egin dituztenak. Diferentziak alde batera utzita, herri handien ondoan –eta askotan haien oinpean– bizitzera kondenatuta daude, gu gauden antzera.
Latinoamerikan eta Kariben oihartzun egiten ari den deiadarra  –“Hezitzaileak hemen! Eta beti kontsekuente”– zabaldu zen biltzarrean. Haren bozgorailua izan gaitezen Europako herri zahar honetan!