Sakanako ikastolen komunikazio-plana Ikastoletako lana gizarteratuz
Egiten duten lana hobeto komunikatzea, horixe da Altsasuko Txioka eta Iñigo Aritza ikastolek eta Etxarri Aranatzeko Andra Marik egin berri duten komunikazio-planaren helburua. Indarrak batu, eta Sakanako hiru ikastolek elkarrekin egin dute ikastolaz kanpoko komunitateari nahiz barrukoari begiratzen dion komunikazio-plana. “Komunikazioaren gizartean bizi gara. Gauzak egin egiten ditugu, baina ez ditugu komunikatzen, eta komunikatzen ez dena, gizarteari begira, ez da, egingo ez bagenitu bezala da”, dio Txioka ikastolako zuzendari Jone Aretak. Sakanako ikatoletan egiten duten hori sozializatzeko helburuarekin, bada, komunikazio-plana sortu dute.
Lehenik eta behin, ikastola eredua bera gizarteratzeko premia ikusten zuten lanean aritu diren ikastoletako zuzendariek. “Gai horretan atzerapauso batzuk eman dira, jendeak badirudi ez dituela argi zein diren gure berezko ezaugarriak. Horregatik, lehenik eta behin ikastola eredua zabaltzeko premia izan dugu”, azaldu du Aretak.
Komunikazio planak, esan bezala, bi hartzaile ditu: bata ikastola barruko komunitatea, bai ikasle-irakasle eta langileak eta baita familiak ere. Eta beste hartzailea ikastolatik kanpoko komunitatea sakandarra da. Barrura begira, ikastolako familiei ikastola barruan egiten denaren berri emateko premia sentitu dute zuzendariek: “Gauza asko egiten dugu, eta horietako gauza asko onak eta ederrak dira, baina ez ditugu ezagutarazten, familiengana ez da iristen”. Ikastola barruan egiten den guztia familiengana iristea da, beraz, komunikazio-plan honen helburuetako bat. Kanpora begira, aldiz, komunikazio-plan berri hau jarraituz ikastolekin harreman zuzena ez duten familiengana eta oro har herritarrengana iritsi nahi dute, zabaldu, ezagutarazi.Ibilbide luzeko komunikazio-plana
Komunikazio-plan honen ezaugarria da iraupen luzekoa dela, hau da, ez dela ekintza konkretu bati begira eginiko komunikazio-plana. Hiru urterako plana diseinatu dute, 2013a arte. Hiru ikastoletako zuzendariak aritu dira lan honetan zuzenki, Txiokako Jone Areta, Esther Garaialde Iñigo Aritzatik eta Adur Goikoetxea eta Itziar Begiristain Andra Mari ikastolatik. Aurreko ikasturte bukaeran hasi eta ikasturte honen hasieran, urri partean amaitu dute plana. Zuzendariek diseinatu duten arren, ikastola barruko komunitate osoak hartu du parte familien, irakasleen eta langile ez dozenteen ekarpenekin osatu baitute txostena. Ondoren Ikastolen elkarteko Xabier Oleaga eta Juanjo Gomezekin ere elkartu eta horiek ere aholkatu dute plana, eta ikastolako klaustro eta juntetara aurkeztu dute. Orain esku arten duten komunikazio plana gauzatu ahal izateko, lehenik eta behin egoeraren diagnosia egin dute. Hiru ikastolak une honetan ze egoeratan eta ze koordenadatan dauden aztertu dute: Ze alderdi ahul dituzten ikastolek, zein indargune, non eragin dezaketen… oinarri guztiak finkatzeko azterketa egin dute lehenik eta behin. “Behin akatsak edo hutsuneak identifikatuta, non eragin genezakeen aztertu genuen”. Diagnosiaren ondoren, ekintza-plana diseinatu dute, hau ere kanpora begira eta barrura begira. Kanpoko komunikazioarekin loturik bost helburu nagusi markatu zituzten: ikastola hezkuntza eredua sozializatzea; gizarteari zabaltzea erakundeak egiten duenaren berri; zuzendaritza eta batzordeak iritzi publikoak eta komunikabideek esaten dutenaren berri izatea; komunikabideei ekimen, zerbitzu eta talde iritzien berri ematera; eta kanpo komunikaziorako protokoloak zehaztu eta bateratzea, adibidez emailak bidaltzeko garaian.Barruko komunikazioari loturik ere, ikastola hezkuntza-eredua sozializatzeko premia ikusten dute familien artean ere; erakundearen barruko pertsona guztiak informatuak egoteari garrantzia handia eman diote; eta hirugarrenik, komunikaziorako elementu berriak eta sortzaileak garatu nahi dituzte; horretarako IKTeekin eta Googlek ematen dituen baliabideekin ari dira lanean.Ekintza zehatzak
Komunikazio planak hiru urteetan jarraitu beharreko ekintza-plan zehatza jasotzen du, ekimenak sozializatzeko egingo dituzten jarduera nagusiak eta ekintza zehatzak dagoeneko diseinatuak dituzte. Adibidez, egoitzak ezagutzeko bixitak antolatu eta koordinatu dituzte, ate-irekien ekitaldiak; erakusketen bidez ere ikastolen proiektua jendetartu nahi dute, alde batetik ikastola barruko instalazioetan eginaz erakusketak, ateak gizarteari zabalduz bertara sartu dadin; eta erakusketak ikastolatik kanpo ere egingo dituzte, jendea dagoen lekuetara eramanaz ikastoletan egiten dituzten ekimenak. Ekintza berriez gain, batez ere lehendik egiten ziren gauzei komunikazio-zentzua ematea da komunikazio-plan honek jasotzen duen ideia nagusia. “Filosofian dago plan honek dakarren aldaketarik nagusiena”, azaldu du Adur Goikoetxea Etxarri Aranatzeko ikastolako zuzendariak, “lehendik egiten genituen baliabideak indartu nahi ditugu, komunikazio-zentzua eman eta plan baten barruan bideratu ditugu”. Esate baterako, lehendik egiten dituzten aldizkariei garrantzia emango diete aurrerantzean ere: Iñigo Aritzak eta Andra Marik aldizkariak dituzte, eta Txiokan hilabetekari bat bidaltzen diete familiari eta hemendik aurrera “etekin handiagoa” ateratzen ahaleginduko dira.Hala ere, komunikazio-plana irakasle taldearentzat lan karga handiagoa izan ez dadin arreta berezia jarri dute zuzendariek. “Argi genuen ez genuela irakasle-taldea zamatu nahi, lehendik ere baditu nahikoa lan. Saiatu gara egiten denari komunikazio zentzua ematea”. Dena den, zenbait ahulezi indar bihurtzeko gauza berriak ere sortu dituzte. “Batzuetan urteen poderioz egiten ditugu gauzak, baina zergatik egiten ditugun jakin gabe, orain diagnosiarekin eta planarekin irizpideak finkatu eta gauzei zentzua eman diegu”.Dagoeneko erabilgarri
Oraindik oso berria den arren, dagoeneko erabili dute tresna gisa komunikazio-plan berri hau. Hain zuzen ere, matrikulazio kanpainari begira estreinatu zuten, datek horrela kointziditu zutelako. Hala ere, berez ez da matrikulazioari begirako kanpaina bat, “baizik eta filosofia orokorragoa duena”. Bigarren urratsa Facebooken eta sare sozialetan sartzea izan da. Proba bezala, Txioka ikastolak zabaldu du leihoa Facebooken, eta 54 ume dituen ikastolak berrehundik gora lagun ditu une honetan. Aurrerantzean, hemendik eta ekainera bitartean, erakusketak egingo dituzte barruko zein kanpoko instalazioetan, eta lehendik ere ospatzen zen ikastola-egunari ere zentzu komunikatiboa emango diote. Dagoeneko lan tresna gisa martxan jarri duten arren, komunikazio-planak ekarriko dituen emaitzak zenbatzen hasteko garaizegi da oraindik, eta gainera, ikastoletako zuzendariek badakite zenbakitan neurtzen zaila izango dela, “hori ez da gure asmoa”, dio Garaialdek. Alabaina, hiru urte barru plan osoaren balorazio orokorra egingo dute.Ereduak
Diagnositik hasi, helburuak finkatu, eta helburu horiek noiz eta nola beteko dituzten zehazten duen ekintza plana diseinatzeko garaian, Sakanako ikastolek ez dute eredurik izan, ez baitute Euskal Herrian hain epe luzerako komunikazio-plan zabalik ezagutzen. Aurrerantzean, eurak izango dira beste ikastetxe batzuen eredu. “Guk une honetan sumatu dugu komunikazio plan hau egiteko beharra, baina pentsatzen dugu beste ikastetxe batzuek ere izango dituztela antzeko beharrak, gizartean komunikazioak duen garrantzi eta eragina ikusirik, ikastetxeak sartu beharra dauka hor”, dio Aretak. Eta Esther Garaialdek zehaztu du beste ikastetxeren batek eredua behar izanez gero, eurak laguntzeko prest daudela. •